www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

MAYI...

 

                        bere arreba Begi-urdin

                        ezkongai zela erraterat jin ondoan

 

Oi ene bihotzak ontu euskal-lore maitea,

Zerurat zabal zaudena, euskal gozoz betea...

 

Ttipidanik zoin dugun bat zuk eta nik bihotza!

Pil pil berek xoratuak urtez urte gabiltza.

Ttipidanik zoin dugun bat zuk eta nik bihotza!

 

Zer irriak, zer jauziak nere ñiñi-ohean!

Ezkilak entzun orduko gu hasten ginenean

Dilin-dalan, dilin-dalan nere ñiñi-ohean.

 

Gure urriki-otoitzak paisolaren azpian

Ximist karrasken arteko haur-piai lazgarrian,

Elgarri tinki josiak paisolaren azpian.

 

Ttipidanik zoin dugun bat zuk eta nik bihotza!

Pil pil berek xoratuak urtez urte gabilza.

Ttipidanik zoin dugun bat zuk eta nik bihotza!

 

Zoin duten elgar aditzen gure begi urdinek!

Behexi gaitu ondikotz! bizitze hilkor hunek:

So bera dute beti gure begi urdinek!

 

Luzaz gaude amets-kantuz etortzen zarenetan;

Eta, Jainkoan galdu ni utzirik gain huntan,

Behakoa lano zoazi urruntzen zarenetan.

 

Ttipidanik zoin dugun bat zuk eta nik bihotza!

Pil pil berek xoratuak urtez urte gabilza.

Ttipidanik zoin dugun bat eta nik bihotza!

 

                      * * *

 

Oi nere bihotzak ontu euskal-lore maitea,

Zerurat zabal zaudena euskal-gozo betea...

 

                      * * *

 

Agertu dela, diozu, guk amestu bihotza;

Dena amodio-pindar, dena zeru-ihintza,

Agertu dela, diozu, guk amestu bihotza;

 

Elgar xoraturik zauzte zu eta bertze hura.

Jin dakizun zer otoitzak egin ditut zerura.

Eta doatsu bazoazte zu eta bertze hura.

 

Zoazte, bai, zoazte biak bat, amodioz ur zaizte.

Izar-zeru zabalerat zirimolan joan arte.

Jaun-Goikoan zoratuak amodioz ur zaizte.

 

Agertu dela, diozu, guk amestu bihotza;

Dena amodio-pindar, dena zeru-ihintza,

Agertu dela, diozu, guk amestu bihotza;

 

Eta nik, zertako ote? nigar egin dut, nigar.

«Magnifikat» nuelarik kantari hasi behar,

Bihotz-minez, zorionez nigar egin dut nigar.

 

Hara! maite hura maitez, nigar-kantuz nauzula:

Zure ta nere bihotza pil pil berak dabila:

Maiteki zain dagozue nere fraide itzala...

 

                      * * *

 

Ez egin niri begi beltz, larderi eta oihu:

Euskal-lorerik lorena hortako dudan ontu?

Arbasoak niri, otoi, ez egin hola oihu!

 

Barka zadazue, barka, sobera dut, bai, ontu.

Zoakonik ez du Jaunak urrun baizik aurkitu.

Goi-ametsez eta zeruz sobera dut, bai, ontu.

 

Arbasoak, niri otoi ez egin hola oihu!

 

Oi zu Jainkoak hautatu gazte bihotz zabala.

Zurekin zoriontsu besoz-beso doala,

Goi-amorez bete duzun gazte bihotz zabala.

 

Tinki zaizten arimaz bat, ikas doi bat Euskara,

Lorearen fuña eta arima bat den hura.

Euskal-gozoz goxa zaizten ikas doi bat Euskara.

 

Biak elgarren ariman barneraino sar zaizte.

Elgar barnago iduri, elgar barnago maite.

Amodioz-amodio Jainkoraino hel zaite.

 

Oi zu Jainkoak hautatu gazte bihotz zabala,

Maite zaitut jada, maite, harek maite bezala.

Agur, orai anai garen gazte bihotz zabala.

 

Zuek biek han, nik hemen, maita dezagun, maita;

Eta Maitasun osoa zuek egin, nik kanta:

Bertzen bizi hartaraino maita dezagun, maita.

 

Eta gorets eta beha eta sutan gutara,

Betierez-betiere munduetarik gora,

Betiko Amodio sortzen duen Jaun Hura.

 

25-1-45

 

aurrekoa hurrengoa