www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

DEUS, DEUS MEUS...

 

                Jainkoa, nere Jainkoa,

Zertako zaude, nitarik urrun, zertako nauzu ahantzi?

Auhenez eta marrumaz nago, atsekabeek itoa.

Egunaz deika, gauaz oihuka behar ote dut nik bizi?

                Jainkoa, nere Jainkoa.

 

Ez ote zare beti bezala gure artean egoki?

Aintzinekoak oihuz baitzauden, zuri baitzauden osoki,

Hekien lagun xutitzen zinen;

                        eta etsaiak ez ditu ez jo, ez unki,

 

Eta ni, aldiz, ez naiz geiago ez gizon, ez deus;

                                        bainan zizari,

Orori higuin, orok utzia,

                        oro, zaizkitet trufaka ari.

«Jaunari zagon, lagun dezala,

                        libra dezala, bego Jaunari».

 

Sortuz geroztik gaitz orotarik zaintzen ninduzun

Nere Jainkoa, otoi ta otoi!

                        ez zaitela gaur nitarik urrun,

Atsekabeak hurbil baititut

                        eta alden nihor-ez lagun.

 

Adarrak luze, dena hortz eta dena harrapo,

                        zezen azkarrak datorzkit niri;

Ondoan ditut su-errabian,

                        lehoin gaitz batzu iduri:

Agoa zabal neri behaka agoa zabal, orroaz ari.

 

Deslotzen zaizkit hezur guziak, urtzen ari zait gorputza;

Eta, ezkoa balitz bezala, xorta-xortaka

                        hertzetaratzen bihotza...

Indarrak joanak, mihia idor,

                        hil-errautsean urturik natza.

 

Zer nahi zakur oldarka zaizkit salbaiki ari:

Gaixtagin-oste izigarriak,

                oro aztapar, jazartzen zaizkit, jazartzen niri:

Horra nun naizen, eskuak eta zangoak zilo,

                        hezur guziak ageri!

 

                              * * *

 

                Jainkoa, nere Jainkoa,

Zertako zaude nitarik urrun, zertako nauzu ahantzi?

Auhenez eta marrumaz nago, atsekabeek itoa,

Egunaz deika, gauaz oihuka behar ote dut nik bizi?

                Jainkoa, nere Jainkoa!

 

12-41

 

aurrekoa hurrengoa