www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMATTO BIHOTZ ZABALA

 

                        Bortz haurride:

                        Lehena gerlan hila, bertze bi etxetik kanpo bizi,

                        laugarrena fraide, bortzgarrena komenturat abian

 

Amatto bihotz zabala, oi zure bihotz hori,

Zure bortz haurren bihotzen bortz minez dena zauri,

Gogoan dut gaupe huntan, oi zure bihotz hori.

Eta Jauna otoizten dut gozoz nigarka ari.

 

Hain duzu neurigabea eta ezti gozoa,

Hain zabalik ez baita deus baizik eta Jainkoa.

Hari beha nago, beha, ezin asez gogoa,

Amodioz, zeru-gozoz eta eztiz zoroa.

 

Ene bihotz barne huntan nik dudan on guzia

Zuk dautazu sortzez ala haurrean ixuria.

Urdin-urdin eta amets dut nola zuk begia.

Ai! banu, ama, zuk duzun bihotzaren eztia!

 

Hara, amatto nerea, hau bizitze dorpea!

Nahi-t'ez barreatua zuk ontu ohantzea.

Hara bakotxak hartzean gure bizi bidea,

Bortz puxketan zure bihotz bortzen maitez betea.

 

Puxketan duzu gu gatik betikotzat odoltsu;

Eta zuk fedez onartzen, izan gaiten dohatsu.

Belauniko nauzu, Ama, oro nigar eta su:

Jainkoz betea zare ta...Hura bezein amultsu.

 

                        * * *

 

Bagoazi gu zu utziz, Amatto gaixoa,

Bainan ezin ahantziz haur etxe xokoa,

Hango afal-ondoen goxoen goxoa

Eta nigarrez bete zure behakoa.

 

Ai! itzul ahal banitz gauez-gau etxera,

Zurekin egiteko, zurekin, baxera!...

 

Atetik nindagoke doi bat xeletaka;

Gero aiko nitzaitzu ahapetik deika,

Eta irriz jauziko...elgarri besarka!

 

Aitarekin emanik zerbeit errepika,

Lehenago bezala, zuk garbi, nik xuka,

Biek egine dugu baxera otoizka.

 

Ai! itzul ahal banintz gauez-gau etxera,

Zurekin egiteko, zurekin, baxera!...

 

Aita, ezti amari bere bihotzmina;

Ahalaz goxa zazu, ez dadin una,

Goxa plazer egiten higatu zaitzuna...

 

Ezti ba zure mina, eztituz harena;

Orroit Jaunari buruz sutu gaituena,

Zure odol kartsuak dugula emana.

 

Ai! itzul ahal banintz gauez-gau etxera,

Zurekin egiteko, zurekin, baxera!...

 

Amari hurbil zauden anai dohatsua,

Gure amodioaz bihotza hantua,

Emozu maiz kartsuki bortz haurren musua.

 

Xuka zozu, fereka, matel dolutsua;

Pitz haren irriñoa: pitz etxe hustua;

Pitz andreño baten ta haurñoen kantua.

 

Ai! itzul ahal banintz gauez-gau etxera,

Zurekin egiteko, zurekin, baxera!...

 

Joan gare, gu, zu utziz, Amatto gaixoa,

Bainan ezin ahantziz haur etxe-xokoa,

Hango afal-ondoen goxoen goxoa,

Eta nigarrez bete zure behakoa...

 

                        * * *

 

Oherat gabe, gaupean eta ixil ixila

Mudu bana emaiteko bazoazi gelaz-gela;

Eta hara, gaixo Ama! lehenago bezala,

Ohetan ez buruñorik, ez xurrungik ez dela!

 

Zure gela ilunean ilun sartzen zare zu,

Eta hor ezin lokartuz griñak jiten zaizkitzu...

Lo egizu, lo, amatto, ez izan ba hoin kexu:

Zureak zuri ameska aspaldi lo dituzu.

 

Zureak gaituzu beti, joanik ere hoin urrun.

Bazinaki urtez-urte nola zaintzen gaituzun,

Etsitzera goazilarik nola senditzen dugun

Zure behako urdina guri so, gure lagun!

 

Zure begiek urrundik zaintzen, pizten gaituzte,

Hain ditutzu zeru-argi, ezti ta garbiz bete!

Hets begi hoik, lokar eta ametsez xora zite,

Ni zure Xan gau-otoizka kantuz aditu arte.

 

Kantuz ditut zure griñak eskaintzen Jainkoari,

Zure zeruko loriaz jada nigarka ari.

Amatto bihotz zabala, oi zure bihotz hori,

Zure bortz haurren bihotzen bortz minez dena zauri!

 

Ez ote dauku emanen, zure nigarren sari,

Jaunak emanen, oi Ama, zuri eta bortzeri,

Betiere egoitea, zure bortz minen sari,

Zure bihotz Zerutan amodioz kantari?

 

1-2-45

 

aurrekoa hurrengoa