www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

QUAM DILECTA...

 

Zoin goxo den ba, zoin goxo, zure ondoan, Jainkoa;

Ez nauke gozoz: hau bihotzeko bozkarioa!

Noiz duket, Jauna, zutaratzeko goiko zorion osoa?

 

Usoak badu bere xokoa,

Ainarak ere umen-ohantze beroa;

Nere errege, nere Jainkoa, ez ote duket zure altzoa?

 

Zure ondotik dabilan hura, dohatsu!

Ez baitakusa bidea zoin den elorri eta uritsu,

Zure lehiaz arinik doa, bihotz-gogoak oro su.

 

Zu ganik badu argia nasai, laguntza usu;

Nigar-zelaian dabilalarik, zer zaio dorpe, zer pisu?

Gero baitzaio Jaun Goikoari beha egonen,

                        zorionaren zorionean dohatsu.

 

Otoi, Jainkoa, entzun zerutik oihuz dagitan otoitza:

Ez dezazula kanpo huntan utz hautatu duzun bihotza,

Zurekilako bozkarioaz nadien, Jauna, ni ere goza.

 

Bertzekilako mendeak baino

                        egun bat hobe zutarik hurbil.

Bertzetan nausi, jaun handi baino,

                        nahiago dut mutilen mutil;

Oro dauzkitzut, oro emaiten,

                ez baititake zure etxean gabeziaz hil.

 

Dohatsu, zinez dohatsu! zure dagona, Jainkoa,

Gau-egunaz ta, menderen mende kantari

        bihotz gaindika baitoakio Zorionaren gozoa!

 

15-12-41

 

aurrekoa hurrengoa