www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

AZKEN ORENA

 

Aspaldi dute ahantzi haren izena:

Nork daki ere munduan orai haren izana,

Eta huna jina dela haren azken orena.

 

Zerumeak bi lerrotan gelarat heldu zaizko,

Begiak zeru-ameska, gau-hegalak soineko,

Anaiaren azken hatsa otoitzez apaintzeko.

 

Bere bizi hoin luzea joan du ixil ixila,

Gau eta egunaz ariz Jainko Jaunaren bila

Eta huna gaur berean agertuok zaiola.

 

Gaztedanik hortarako guziak utzi ditu

Egun oroz garbiago otoizka du bilatu

Eta barneko begiez aspaldian sumatu.

 

Lurkeriez gabetu da, bere buruaz ere:

Ezaunik ez du geiago, hilak direnen pare:

Bainan harentzat guziak haren anaiak dire.

 

Betiko amodioa gau egun alatu du,

Bere bihotzetik nahiz muga guziak kendu:

Jainkoaren zabalerat zaio zabal-zabaldu...

 

Ezin gehiago egonez bere gorputz hertsian,

Sartzerat doa betiko, baketsu ta lorian,

Hemen ilunpean hasi sekulako bizian.

 

Begiak hetsirik dago Jaunaren aintzinean,

Zerurat kartsuki doan anaien otoitzean,

Arima ezti-eztiki Jainkoraino urtzean.

 

                    * * *

 

Hil da bakean. Gaua da. Eta haren gorputza,

Bi eskuak juntatuak, ohe gainean datza,

Hil soineko duelarik zerume jauntzi beltza.

 

Zenbat aldiz, musukatuz eman du jauntzi hori,

Anaiekin airatzeko otoitz-kantuz Jaunari

Ala sutan ibiltzeko jendetan predikari!

 

Hor da, airaldiz ase hegaztin bat bezala:

Hegal kartsu hoik bilduak, hor ezindurik hila,

Begitartean atxikiz zoraldien itzala.

 

10-2-45

 

aurrekoa hurrengoa