www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITATXI

 

                        Osaba eta aitatxi zuen

                        fraide xahar bat hil

 

Zuk ninduzun bataioan besotan atxiki.

Zuk ninduzun Jainkoari eman amultsuki.

Bihotz hunek zer dautzun zor, Aitatxi, balaki!

 

Ez dautazu nehoiz egin prediku handirik:

Otoitz kartsuz nauzu ontu guzien ixilik,

Jainkoraino erakarriz, zora-bidetarik.

 

Zure apez-bisaiaren ximur lañoeri

Begiratuz zait haurrean gogoratu niri

Noizbeit saindu izaitea eta zu iduri,

                Oi ene Aitatxi!

 

                    * * *

 

Zoin zen urdin, zoin garbia zure behakoa:

Guzietan zen zuretzat pilpitzen Jainkoa,

Guzietan Haren bihotz neurrigabekoa.

 

Bainan zoin zen galernatzen ikusiz gaizkia:

Bekatua hain zinaukan ikaragarria...

Nor nahitan sumaturi, zure larderia!

 

Zoi zen tanpez begi hori goxatzen, argitzen,

Elgarri so ginelarik ixilik agurtzen;

Zure bihotz gorde hura hain xamurra baitzen,

                Oi ene Aitatxi!

 

                    * * *

 

Azken aste ilun hartan zaitut ezagutu,

«Agur Mari» kartsu hoien kantuñoak baitu

Zure barne saindu hura ni baitara urtu.

 

«Zer duzu ba, hola pleinuz? zer nahi, Aitatxi?»

«Jainkoaren amodio!» duzu ihardetsi,

Amodioz hatsantua behatuz Jesusi.

 

Arrats batez hitzik gabe, ez lazturik ere,

Aldarean suak urtu xirioen pare,

Otoitzean nindagola, extiki hil zare,

                Oi ene Aitatxi!

 

                    * * *

 

Zurea zen gorputz hori ereman dautate,

Hartaz-eta baininduzun behatzen ta maite...

Haitz handien pean dago berritz piztu arte.

 

Ai! nigarrez nagokizu nola haur gaixo bat.

Zenbat nauzun zuk maitatu, jakin banu zenbat!

Zuri esker bainaiz igan Aldare saindurat.

 

Ai! nigarrez nagokizu doluz eta...gozoz!

Hain da gozo, bihotz minez eta amodioz,

Zeru-alde oihutzea, han zaudenaz geroz:

                Oi ene Aitatxi!

 

15-12-45

 

aurrekoa hurrengoa