www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zeru-menditik
Xabier Iratzeder
1941-1946

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zeru-menditik (1941-1946), Iratzeder. Ezkila, 1959

 

 

aurrekoa hurrengoa

GOLGOTA

 

                        Gela ixilean lagun bakar bat:

                                kurutzea.

 

Zuhamu batek dilindan auhenez dauka Jainkoa,

        Dena zarrapo ta zauri,

        Hezurrak oro ageri,

Eta jendea, aserik, irri-karkailaz badoa...

 

Burua apal badago gaixtagin beltzen pareko:

        Buluz, estekan, bakarrik.

        Harentzat ez da nigarrik,

Eta odola purrustan zain orotarik doako...

 

Lurrak goitika du bota, zeruak uko dagio:

        Burrunba, hedoi ta sistu...

        Nork du hainbertze pairatu?

Zartatzen zaio bihotza, oihuz diola: «Sitio!»

 

Belauniko ta nigarrez dut oihu hori entzuten,

Mendez-mende ta gainez-gain hoin samin heldu zaitana!

Bihotz-begiak urturik, nihor ez ote da joaten,

Kurutze-pean biltzeko Jaunaren azken auhena?

 

Oi! ni ez nauke, heldu naiz eskuak luze, ahuspez,

Zango odoltsu horier fereka eta musuka...

Barnea zauri, heldu naiz min-minez urtu beharrez,

Zuhamuperat doazkon odol-xirrixter nigarka!

 

Trufaka zoazten jendeak, entzun nere dei kartsua.

Dena urriki ta dolu, zatozte zelai hoitarik:

Jaunaren odol sainduan eman bihotzmin-musua,

Eta aitor ba, munduan, baden holako gozorik...

 

Tuen, trufen ta kolpeen azpitik noa oihuka,

Zango-hezurrak higatu eta nerone hil arte,

Harek odola emanik, ez baitezaket nik uka:

Besoak zabal goait dago... Zatozte otoi! zatozte

 

Nor ote dut ba, heldu den hantxeko andre gaixoa,

Beztia ilun, nigarrez, urrats guzian erortzer?

Oi gain huntarat ez eror, ez ikus zure haurtxoa,

Ez beha egin daizkoten izigarriko zaurier!

 

Hedoiak eta galerna, gorde ba hezur horiek;

Gau-ilunbeak gorde ba, semearenak baititu.

Ez dezotela so egin Amaren begi eztiek;

Oi, Ama minez asea, otoi ta otoi barkatu!

 

Bai, han nindagon ni ere hiltzaileekin orroaz!

Bainan dolu dut, baitakit egin dutala bekatu.

Ileak harro ta errauts, gorputz guzia daldaraz

Kopet-hezurraz lurrerat, minki derrautzut: barkatu!

 

Ditazken azantz, burrunba, karraskak oro banitu,

Munduko aize ta suek bularrak barna beterik,

—Bihotz bat duten guzier nahiz horiek aipatu—

Hil arte oihuz nindauke Golgota mendi huntarik.

 

«Amatto baten altzoan goxatu zaizten guziak,

Uhainak bezen nasairik, etor oro gain huntara.

Etor urrun-lur hetarik, ez utz Amaren begiak

Haurraren odol beroan nigar hipaka urtzera...»

 

8-12-41

 

aurrekoa hurrengoa