www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zetati datozan geure gogora gurari txarrak.

2. Zegaiti dirian deungak edo eragotzijak.

 

        Kanpo andija ta illuna daukeenak dira, neure entzula onak, gurari txarrak edo pekatuzkuak. Eurak gaiti oi dira geure konzienzijako duda asko. Bijotzian mina ta arduria sarri emoten deuskubeenak. Berebiziko esanak eta eginak zerbait gogoratu ta ezaututen ditu kristinaubak, astiro bere arimiari begiratuten asten danian. Baina gurari utsezko pekatubak nok ezautu zer diran ta zeinbat dirian? ¿Delicta quis intelligit? Onako gurarizko, ondo ezaututen ez zituban pekatuben parkazinoia, esan legi, eskatuten eutsala Dabid errege santubak Jaungoikuari, esaten eutsanian: Ez egizuz gogoratu, Jauna, neure ez jakinak. Ignorantias meas ne memineris. Garbitu nagizu, Jauna, neure ezkutuko pekatubetati. Ab ocultis meis munda me, Domine. Bada, Dabid errege santubak ta Jaungoikuaren bijotzaren neurrira eginikuak, ondo ezautu ezin bazituban bere gogoko ta konzienzijako gurarijak, zelan guk sinistu ginai, errazto ezaututen ditugula? Dabid santubarentzat bazirian beriak ez jakinak ta ezkutukuak, nos izango dira guretzat geure gurarijak ezagunak ta jakinak? Duda bagarik, txito bildur izan biar dogu, kristinaubak, gurari gaistuak ta okerrak betiko galdu ez gaijezan. Berau gaiti, gauza onetan kristinaubari emon al dakijon erakutsi guztia, uste dot, ez dala inos bere larregi. Alan, bildur santu bategaz esaminau daizuzan zeuben goguak ta begiratu dagijezun gurari deungai, esango deutsut erakutsi onetan: 1. Nundi dakarren gurari deungiak sustraija. 2. Zelan dirian deungaak. 3. Zelan goitu biar diran. Entzun egizu ainbat gogorik oneenagaz.

 

 

I.

 

        Onetarako gogoratu biar dozu, kristinaubak, leen esan dana. Gurari gaistuetati datozala pekatubak guztiak. Nundi gerrak? Nundi bake txarrak? Nundi auzijak, dino Santiago apostolubak, ezbada zeuben gorputz zatijetan dagozan gurarijetati? Bijotzeko gurarijetati urteten dabee, dino Jesukristo geure Jaunak, pensamentu txarrak, gizon illtiak, adulterijuak, pornikazinoiak, lapurretak, paltso testimonijuak ta blaspemijaak. Gurarija da pekatu guztien sustraija, dino san Paulok. Ta gurarijaren edo aragijaren egitadiak kontetan ditu Apostolubak berak modu onetan: pornikazinoiak, desonestidadiak, Jaungoiko paltsuak serbidutiak, gatxgintzak, asarriak, gorrotuak, odijuak, ordikerijak, jaate andijak ta onetarikuak. Au gaiti esaten dau Santiago apostolubak bere, Jaungoikuak ez dabela inor tentetan; bakotxa bere gurarijak tentetan dabela. Gurarijari gatxa sortu dakijonian, pekatuba jaijoten dala; ta pekatu jaijuak betiko erijotzia erneetan dabela. Onan berba egiten dau, neure entzula onak, Espiritu Santubak geure gurari gaisto, beredatzi ta amargarren aginduban eragotzita dagozanak gaiti. Ta nun daukee gurari gaisto oneek euren asipena edo sustraija? Ete dago inor libre gurari galduben sail deungeetati? Ez, neure kristinaubak. Euren azija bijotz guztietan ereinda dago. Euren sustraijak gogo guztietan erneta dagoz.

        Adanen pekatuban daukee asipena ta sustraija geure gurari pekatuzkuak. Adanen pekatuba zabaldu zan legez gizon eta emakume guztietara, alan zabaldu zirian gurari gaistuak gizon eta emakume guztien bijotzetara. Leenago aragija ta aragijaren gurari guztiak egozan borondatiaren esanian ziur ta zintzoro. Begijak obeiduten eutsan borondatiari. Belarrijak obeiduten eutsan borondatiari. Miinak, eskubak eta oinak obeiduten eutseen borondatiari. Esaten da, Adanek pekatu egin baino leenago, geure gogua, geure burutazinoiak, geure asmuak, geure ustiak ta geure gurarijak, bai asarrezkuak ta bai naizkuak, guztiak egozala ziur, zintzoro ta prest geure borondatiaren edo nailliaren esanian ta aginduban. Ez eguan orduban, san Paulok dinuan gerrarik aragijagaz espiritubaren artian. Borondatiari obeiduten eutseen zuzen gorputzak ta arimiak ta gorputzeko ta arimako alzailla ta sentizailla guztiak. Ta borondatiak zuzen ta ziur obeiduten eutsan Jaungoikuari berari. An eguan bake santu baten gizona bere gogoko gauza guztietan.

        Baina zer jazo zan? Ah negargarrija! Adanen borondatiak urten eban Jaungoikuaren esaneti pekatu egin ebanian. Baita Adanen aragijaren guralaak ta asarrelaak bere urten ebeen bere borondatiaren aginduti. Adanen borondatiak ez eutsan obeidu Jaungoikuaren borondatiari. Ezda Adanen gurarijak bere Adanen borondatiari. Adanen borondatia jagi zan pekatubagaz Jaungoikuaren borondatiaren kontra. Ta Adanen asarrelako ta guralako zati edo parte bijak, nundi urteten dabeen pekatuzko asarre ta gurari guztiak, jagi zirian Adanen borondatiaren kontra. Adanek ez eban egin Jaungoikuaren aginduba edo naija. Bada, Adanen gorputz zatiko asarreginak ta gurariginak bere ez dau egingo Adanen espiritubaren ta borondatiaren aginduba edo naija, borondatiak edo espiritubak peliauta, goituten ez badau aragija. Ara emen, kristinaubak, nundi datorren espiritubagaz aragijaren arteko gerria ta alkar artu ezina. Ara emen geure gurari txar guztien sustraija ta asipena. Ara, geuk geure aragijagaz inos amaitu ezin dogun, ta bizi garian artian, guztiz amaituko bere ez dogun gerria. Ara, aragijaren asarreen ta gurarijen kontra beti kontuban ta beti peliadan egon biarra. Ara, Jesukristo geure Jaunak erakutsi euskun, ta salbauko bagara, beti egin biar dogun gerra santuba. Ara, geure salbazino[i]aren arerijo nausija. Ara, geure aragi ustelkorra, gurari pekatuzko ta lotsarizkoz beteta, espiritubari obeidu gura ezda, beti gatxerako edo pekaturako gogua zabalik ta eragotzijen eskia diadarka daukala. Oh, nire desditxauba! diadar egiten eban san Paulo apostolubak bere buruba gaiti, aragijaren gatxgintza bildurgarri oni begiratuta. Oh, nire desditxauba! Nok librauko nau erijotza onen gorputzeti?

        Sustrai onetati bertati sortuten dira, arako zazpi pekatu kapitalak esaten deutseezun gurari galdubak. Ta ez dira beste gauzarik, ezbada zazpi pekatu aldra andiren burubak edo amaak. Andiguria ta oni darraikon gurari aldra aixetsuba. Ondasun guria ta oni darraikon gurari aldra okerra. Aragizko gusto guria ta oni darraikon gurari aldra loija. Inoren onaren naija ta oni darraikon gurari aldra sikuba. Neurribagako asarrija ta oni darraikon gurari aldra sutsuba. Jan edan guria ta oni darraikon gurari aldra koipetsuba ta eztitsuba. Arimako nagitasuna ta oni darraikon zerurutz igon ezineko gurari aldra luurtsuba. Oneek dira zazpi pekatu burubak, Adanen pekatuba zala medijo, geure goguan sartu zirianak. Oneek dira pekatuzko gurariginak ta asarreginak: Soberbija, kodizija, luxurija, enbidija, asarre gaistua, gulerija ta nagitasuna Jaungoikua serbiduteko. Esaten jakue onei pekatuben burubak. Pamelija andija edo jente andija bere agindupian daukanari esaten jakon legez pamelijaren buruba, alan zazpi pekatu oneek, bakotxak bere aldran pekatutegi andija ta guraritegi andija daukeelako imini jakuen pekatu buruben izena. Begiratu bada, kristinaubak, ze gerragintza andija jausi zan geure gainera Adanen pekatubagaz.

        Nor dago libre gerragintza onetati? Nor da gurari deungaginak ta pekatuginak ez daukazana? Nor da gurari deungak ta pekaturakuak aragijaren naijak eskatuten ez deutsazana? Nor da, dinot, gurari gaistuen ta aragijaren kontra peliau biar ez dabena? Inor bere ez, kristinaubak. Adanen semia edo alabia izatia da asko, aragijak ta gurari txarrak pekatu dirian gauzak eskatuteko. Ez deutsa aragijak lotsarik ekarten ez zaarrari ta ez gaztiari, ez aberatsari ta ez pobriari, ez andijari ta ez txikijari, ez gizonari ta ez emakumiari. Aman erregeen seme gaztiari ez eutsan parkatu. Dina Jakoren alaba neskatilla gaztiari bere ez. Dabid santubari bere ez. Sanson indartsubari bere ez. Judas apostolubari bere ez. Jezabel erreginari bere ez. Jiezi, Eliseo propeta santubaren eskolaubari bere ez. Bati bere ez. Daguan lekuban daguala gizona nai emakumia, aragija ta gurari txarren gatxa beragaz darabil beti. Ta gitxien uste dabenian irakoiten deutsa espiritubari gerria.

        Alan, zeregin andija emoten eu[t]seen san Jeronimori, Palestinako mendijan zilizijoz, azotez, gosez ta otzez gau ta egun kansauta eukan aragijak irakoiten eutsazan, gaztetan Erromako komedijetan ikusi ta entzun zituban gauza deungen gurarijak. Alan, Ejitoko mendi astunetan bere bizitzarik geijena irago eban san Anton abatari, aragijaren gurari gaistuak zeregin andija emon eutseen ainbeste urtian. Alan, santa Klara ta santa Maria Madalena Paziskuari, birjina ta santa andi bijai ainbeste urteko gerria irakoi eutseen aragijak, konbentu estubetan egozan lekuban, pekatuzko gurarijak eskatuta. Alan... Baina zeinbat onako? Nok negar egin ez dau aragi deungiaren gerria? Nok sentidu ez ditu gurari deungen kaltiak bere ariman? San Paulo apostoluba bildur bajakon bere aragijaren akulu ganari, nor bildur izango ez jako beriarenari? Bildur izan bada, kristinaubak, bildur izan aragijaren ta gurari gaistuen. Baina esango dozu, ia zegaiti dirian ain deungak aragijaren gurarijak. Endamas gogoti kanpora urteten ez dabenak. Errazoe asko gaiti, dino santo Tomasek.

 

 

II.

 

        Ara erakusla santubaren beraren berbak, zegaiti daguan eragotzita gurari txaarra. Gurarija eragotzita dago, dino Santubak. Lelengo: Neurri bagakua dalako. Bada, gurarija bere moduban amai bagakua da. Ta zentzuna daukan kristinaubak neurrijagaz bizi biar dau bere gauzetan. Espiritu Santubak dino, bada, kodizijosuba ez dala diruz aseko. Ta Isaias propeta santubak: Oh, zori gaistokuak! Etxiak etxiai ta basuak basuai geituten deutsezuzanak; nun agiri dan gurarijak ez daukala neurririk. Au gaiti gizonaren gogua ta gurarijak Jaungoikuak berak baino bestek naikotu ezin legi. Alan esaten eutsan san Agustinek Jaungoikuari: Zeuretzat egin ginduzuzan, Jauna; ta nire bijotza gosez dago zeugaz naikotu artian.

        Bigarrenian: Eragotzita dago gurarija, geure gogoko bakia ta sosiguba galduten ditubalako, zeintzuk dirian txito balijo andikuak. Guraridunak beti dagoz sosigu bagarik, daukeena gordeetako ta ez daukeena eukiteko. Alan dino Eklesiastikok: Aberatsari eukijak ez deutsa isten lo egiten. Ta Jesukristok dino: Nun daguan zure poltsia, an dago zure bijotza. Orregaiti esaten deutsee san Lukasek ondasunai eztakaak.

        Irugarrenian: Eragotzija dago gurarija, eukija alperrikakotuten dabelako. Bada, euki utsak ez norberari ta ez inori mesede egiten deutsa. Ez dau beste balijorik ateraten, gordeetia baino. Au gaiti dino Eklesiastikok, diruzaliak ta zekenak alperrik daukeela gauzia.

        Laugarrenian: Eragotzita dago gurarija, zuzentasuna okertuten dabelako. Au gaiti dino Espiritu Santubak Exodoko liburuban: Ez egizu artu erregalurik. Bada, zentzundunak bere itsutu egiten ditubee ta zuzenaren berbak bere okertu. Ta Eklesiastikok dino, urriaren gurarija daukana ez dala zuzena izango.

        Bostgarrenian: Eragotzita dago gurarija, Jaungoikuaren ta proximuaren karidadia illten dabelako. Au gaiti dino san Agustinek, zeinbat karidade geijago daukan kristinaubak, ainbat daukala gurari gitxiago. Ta zeinbat gurari geijago, ainbat karidade gitxiago. Ta Eklesiastikok esaten dau: Ez egizu urria gaiti desprezijau zeure lagun estimauba. Bada, urriaren gurarijak illten dau Jaungoikuaren karidadia. Ezin inok bere serbidu legiz ugazaba bi, Jaungoikua ta dirubak, dino san Matio apostolubak.

        Seigarrenian: Eragotzita dago gurarija, pekatu guztien ama dalako. Bada, da gatx guztien sustraija. Orregaiti bijotzian jarten bada gurarija, gizon illte, lapurreta ta beste pekatu guztiak eragiten ditu. Au gaiti esan eban Apostolubak, aberatstu gura dabeenak, diabrubaren sare ta tentazinoe askotan jausten diriala; kaltezko ta mesede bagako gurari asko etorten jakuela; ta gurari areek erijotzia ta betiko desditxia gizonai ekarten deutseela.

        Errazoe oneek guztiok dira, neure entzula onak, santo Tomas eskoletako aingerubarenak, aituten emoteko guri zeinbat errazoe andi gaiti Jaungoikuak eragotzi eutskuzan gurari deungak azkeneko agindu bijetan. Gurari txaar guztiak iru ordenatan sartuten ditu san Juan ebanjelistiak. Ta eureetara batuten ditu munduko gatx guztiak. Alan esaten dau Apostolu santubak: Ez egizu amau munduba; ezda munduban daguan gauzarik bere. Bada, mundu ban daguan guztia da aragijaren gurarija, begijen gurarija ta bizitzako soberbija. Aragijaren gurarija esanagaz, aituten emoten ditu Apostolu santubak, luxurijari darraikozan pekatu guztiak, dino san Agustinek. Begijen gurarija esanagaz aituten emoten ditu, kodizijari edo ondasun guriari darraikozan pekatu guztiak, dino Santubak berak. Ta bizitzako soberbija esanagaz aituten emoten ditu, banidadiari edo andiguriari darraikozan pekatubak, dino san Agustinek berak.

        Iru gurari oneek izentetan ditu san Juanek, munduko pekatu guztien burutzat. Ez beste asko ez dagozalako, leen esan dan legez, ezbada eurak dirialako pekatu buru guztietati nausijenak ta zabalenak. Andiguria, aberastu guria ta luxurija dira, edo leenago edo geruago, geijenian edo beti munduko pekatubak eragiten ditubeenak. Au gaiti ez ditu eurak irurak baino izentetan san Juanek munduko gatxgintzat. Santo Tomasek imini dituban errazoiak, Jaungoikuak gurarijak zer gaiti eragotzi deuskuzan aituten emoteko, gurari txar guztienak izan arren, geijen dira kodizijarenak, borondate luurtsubarenak ta andi guriarenak. Emeti ezaututen da, neure entzula onak:

        1. Beredatzi ta amargarren aginduban eragotzita dagozala gurari deunga guztiak.

        2. Gurari txar guztietati nausijenak, zabalenak, sustraitsubenak ta pekaturik geijen eragiten dabeenak diriala andiguria, ondasunguria ta aragizko gusto guria.

        3. Aparteko legiagaz eragotzi euskuzala Jaungoikuak beredatzigarren aginduban aragijaren gurarijak edo kastidadiaren kontrako gurari loijak, esanagaz: Ez dozu inoren emazterik desiauko.

        4. Lege onetan sartuten diriala, ez bakarrik inoren emazterik edo senarrik ez desietia, ezbada baita pornikazinoeko, senikerako, noberagazko, naturaleziaren kontrako, sodomijako, ganadubagazko, berbazko ta kantazko pekatu loi guztien desiua ta gurarija bere. Seigarren agindu santuban pekatutzat erakutsi zirian gauza loi guztien gurarija dago beredatzigarrenian eragotzita.

        5. Amargarren agindubak eragozten deuskula, zazpigarren agindu santuban pekatutzat erakutsi zirian gauza guztien gurarija, esanagaz: Ez dozu desiauko inoren etxerik, ez basorik, ez krijaurik, ez krijadarik, ez idirik, ez astorik, ezda beste inoren gauzarik bere. Inoren kalteko gurari edo desio oneek kristinau guztiai eragotzita dagoz. Baina Erromako Katezismuak onako gurari gaistuetan arriskurik geijen daukeentzat kontetan ditu: 1. Jokalarijak. 2. Tratalarijak. 3. Soldaubak. 4. Medikubak edo osaarijak, nun sartuten dirian barberubak bere. 5. Letraubak ta eskribaubak. 6. Opizialiak. Ta azkenian enbidijoso guztiak. Oneetati geijenok edo guztiok daukeen legez etxian ogija sarri inoren negarragaz ta kaltiagaz, sarrijagotan jausten dira, desbenturaubak, amargarren agindubak eragotzitako guraarijetan.

        Gogoratu bada, kristinaubak, bakotxari juatzun moduban, zetati datozan gurari gaistuak ta zelan dagozan eragotzita. Ez sinistu libre zagozala euretati. Sinistu bai, indartsubak, lotsa gaistokuak ta okerrak diriala. Bein bijotzian leku emon ezkero, gizon nai emakume guztia darabilela airian, eurak gura dabeen lekura ta beti pekatuko lekura. Oh, Jaun zerukua! Argitu egizuz geure adillak, ezautu daigun geure gatxgin nausija, zein dan geure aragija. Bada, gatxa ondo ezautu ezkero, lasterrago ta zuzenago artuko ditugu a osatuteko medijuak. Bialdu egizu, Jesus maitia, geure bijotzetara zeure bildur santubaren kolpe indartsuba, zeinegaz goituko ditugun gurari txaar guztiak, gordeko dogun zeure agindu santuba, geituko dogun karidadia ta irabatziko dogun betiko zeruba. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa