www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

pekatu loijak mundubari ze etxuria emon deutsan.

 

        Ikasi ezkero kristinaubak kastidadiaren kontrako pekatu ezainak munduban daukan agindutia, Jaungoikuak zeruti deutsan gorrotua, ta inpernuban daukan sari suzkua ta betikua, pekatu zorigaistoko oni begiratuteko merezi daben gorroto ta odijuagaz, biurtu daikee kristinau piel guztiak euren gogua ta gomutia, luxurijak mundubari berari edo mun[du]ban bertan, bera maite izan dabeenai emon deutseen etxuria ikustera. Au obeto aituteko gogoratu biar dozu lelengo, neure entzula onak, Eskritura Sagradubak ta Eleisa Ama santiaren Gurasuak, alako jazo dirian egitade negargarrijen erruba, batzubetan ezarten deutseela gorputzaren gustuai, beste batzubetan aragijari ta beste askotan emakumiai. Baina guztiak lotsaarizko peka[tu]ba gaiti, kastidadiaren kontrako pekatuba gaiti, luxurijazko pekatuba gaiti, orain esplikeetan dan pekatu madarikatuba gaiti. Mundubari pekatu zorigaistoko onek emon deutsan (ta emoten deutsan) etxuria guztiz da galduba, ezaina ta bildurgarrija. Dotrina labur baten aitatu baino besterik ezin legijo. Ta ez dira luxurijaren egitade oneek giza aldi batekuak, ezbada denpora guztietakuak. Ez erri edo erreinu batekuak, ezbada mundu guztian zabaldu dirianak. Leenagoko giza aldijak saltoka iraguaz gogoratuko ditut batzuk, nundi ezautuko dozun pekatu loijaren erru madarikatuba. Prestau zaitez guztiok, entzuteko gogo onagaz.

        1. Mundubari pekatu loijak emon eutsan etxura ezaina ikusten da lelengo dilubijo edo mundu guztiko usaletan. Ezin ukatu ginai, kristinaubak, Eskritura Sagradubak ta Eleisiaren Gurasuak esan ezkero, luxurijaren kastigurako berrogei eguneko ta gabeko eurijagaz mundu guztia urez estaldu zana; ezda, zortzi persona Noeren utxaan bitzirik geratuta, beste munduko gizon ta emakume guztiak orduban ito ziriana bere. Oh, egunak! Oh, gabak! Oh, lotsarizko pekatubaren egitade gomutagarrija ta negargarrija! Berrogei egunen barruban or duaz sustraiti etxiak eta palazijuak, errijak eta ziudadiak, gizonak eta emakumiak, ganadubak eta pristijaak, guztiak. Ze ikusgarri ikaragarrija izango zan, gizonak eta emakumiak, al egijenak, uraren igesi ta ura euren ondorik atxituten. Batzuk igongo ebeen teilaatubetara; an bere atxitu luxurijaren zigorrak. Beste batzuk arbola altubetara; an bere atxitu. Beste batzuk torren puntara; an bere atxitu. Beste batzuk mendi gaineetara; an bere atxitu. Batzuk igoten ta beste batzuk igon ezinda. Batzuk bidian ta beste batzuk goijan, guztiak, atsuak eta aguraak, ume txikijak eta nausijak diadar baten, uluba baten, negarrez ta sokorru eske, dirianak atxitu luxurijaren zigorrak ta ito urak berrogei egunian. Oh, larrijak eta penaak! Oh, pekatu madarikatuba! Oh, mundubaren etxura ezaina! Zer geratuten da munduban Noeren utxako zortzi lagunentzat? Gizon ituen, andra ituen, ume ituen ta zaar ituen gorputz ustelak leku guztietan urak itxita. Alemanija ta pristija ituen ta etxe birrinduben zatijak alkarren artian. Oh pekatu gaiskina! Nok ez deutsa gorroto? Ta amaitu zan luxurija, berak alan munduba amaitubagaz? Ez, kristinaubak. Noeren ondorik laster zabaldu zirian Jebuseotarrak, Amorreotarrak, Hebeotarrak, Kananeotarrak, Moabitaarrak, Kaldeotarrak ta Ejitoarrak. Kasta oneek guztiok leku emon eutseen pekatu loijari euren bijotzetan ta gorputzetan. Ta irakurten dogu eurak gaiti, zeinbat lotsarizko gauza bildurgarri egiten zitubeen. Eurak illundu ebeen errazoia, lotsatu ebeen naturalezia, desondrau ebeen gizatasuna, ukatu ebeen Jaun zerukua, ausi zitubeen geurezko argijaren lege ezagunak, kondenau zitubeen euren arimaak ta ez eutseen itxi ondorenguai, zegaz lotsatu ta zegaiti negar egin baino beste onik munduban. Zer geijago egin eukeen munduban zorigaistoko luxurijotsu areek, Jupiter, Marte, Apolo, Zeres, Bako, Benus ta beste gizon ta emakumerik galdubeenai ta nasaijenari Eleisak jasota, Jaun zerukotzat adoretia baino? Zapuai, sugiai, ugaasijuai, sierpiei, oillaarrai ta berakatzai inzensuba emonda, Jaungoikotzat eukitia baino? Oh, luxurijaren munduko egitade itsubak eta negargarrijak!

        2. Noeren ondorik bere semen artian laster ikusten dira ostera bere luxurijaren negargarri barrijak, lengo munduban ezer egin ez baleu legez. Sodoma, Gomorra, Adama ta Seboin Pentapoliko ziudadiak, ogetaz legua bidiak luze eukezanak, dira testigu onak. Zer jazo zan? Lot justuba ta aren pamelija ziudadeetati kanpora aterata, aingerubak zeruko subagaz begijaren itxi edegi baten erre zitubeen lau ziudadiak jente guztiagaz. Ez zan gorputz bat erre bagarik geratu. Ezda etxe bat bere. Ezda gauza bitziren edo eginen errasturik bere. Ta zegaiti? Lotsaarizko pekatuba gaiti, esaten deusku Espiritu Santubak. Ta geratu zan onetan Sodomako luxurijaren errastu madarikatuba? Irakurten danez, ondatu zirian ziudade loi areek. Agertu zan ur arria euren lekuban. Baina ain atsituba ta pestetsuba, ze eguno ez arrainik, ez gauza bitzirik emon dau. Ezda bertara bota dirianak bitzirik euki bere. Alan geratu zirian luxurijotsuben ikasgarritzat leku inpame areek ur arre ill geldiko itxasobaltz. Oh, ze gomutagarrija, kristinaubak! Errazoiaren puska bat bageunka, berau litzaateke asko lotsarizko pekatubak guztioi ikara eragiteko.

        3. Ejiton imini eban beste etxura bat ondo tristia ta errukarrija luxurijak, kasik denpora areetan bertan. Baina zelan? An ikusi zirian katigu egozan andraak, illak beteta bere, seinak egiteko traza bagarik penaz, alaz ta minez.

        An ikusi zirian sein bagako andraak era batera soilduta, ama izateko ustiak galduta.

        Ze luxurijaren egitadia au! Ez dago seinik jaijoterik. Sortuta dagozanak sabelian egon biar dabee ta sortu legizan sabelik ez dago, Abraanen erregubak gatx bildurgarri ta penagarri a erremedijau artian. Etxura onetan Ejiton imini eban Abimelek erregiaren lotsarisko pekatubak bere palazijoko jente guztia. Kananeako ziudade nausijan, errege lekuban eguan jente guztija, txiki ta andi, geijeenak ill ta bestiak preso eruan zituban ta ziudadia erreta itxi eban Sikenen pekatu loijak. Setingo ziudadian ogeta lau milla isrraeltar ill zituban beste egun baten. Ze odol errekaak? Ze lorrotz karinosuak egiten dituban munduban pekatu ezainak? Beste era baten Benxaminen tribu edo kasta osua galdu eban gau bateko luxurijak. Ta ill zirian pekatu a zala bitaarte iru edo lau egun barru eun ta ainbeste milla gizon. Oh, pekatu inpamiaren egitade negargarrijak! Ta nun dira Kan, Ruben, Juda, Aner, Onan, Absalon, Amon, Zanbri ta beste askok aintxinako legeko denporeetan luxurija gaiti eragin zituben negarrak ta euren errijetara ekarri zitubeen naibagaak? Ah, kristinaubak! Ez daukee konturik.

        4. Jesukristo geure Jaunak gizatasuna artuta, geure naturalezia edo gorputzak santutu zituban ezkero, ezainagua ta erru gaistuagokua da luxurijako pekatuba leenago baino, ta endamas kristinaubetan. Baina au onan izan arren, lege barriko denporan edo Jesus maitia, arimak ta gorputzak Espiritu Santubaren egonlekutzat garbitutera ta santu egitera etorri zan ezkero, ez deutsa lotsarizko pekatubak mundubari asko etxura obia emon. Bada, san Jeronimoren esanian, jentiltasuna ta erejija edo Jaungoikua ta ebanjelijua ukatutia, luxurijak ekarri ditu mundura. Luxurijak ixiota, luxurijak itsututa, zoratuta pekatu loiz zetakatuta, ukatu dabee gizonak Jaun zerukua. Batzuk guztiz ta beste batzuk erdiz erdi euren ustez. Baina balijorako dirianak guztiz. Ezin bat egin zituben aragijaren lotsarizko gusto eragotzijak ta Jaungoikuaren lege santuba ta garbija. Itsutu zituban diabrubak, engainau zitubeen emakumiak, goitu zitubeen aragijaren gusto loijak ta naijago izan ebeen, luur rezko gusto ezainai larga baino, Jaungoiko egijazkua ta aren lege santuba ukatu, zerubagaz desesperau ta arimaak kondenau. Ez dago kontau baino, zer zirian Simon Mago, Nikolas Antiokiakua, Marzion, Zerdonio, Arrio, Eutikes, Nestorio, Phozio... Baina zeinbat? Ta zer zirian eurak ta eurak engainau zitubeen gizon ta emakume desditxaubak? Erejeen burubak, nasaitasunaren erakuslaak, kastidadiaren arerijuak, emakume deungen adiskidiak, aragijaren otseginak, gorputzeko gustuen kri[j]adubak... Enpin luxurijak galdubak. Orijenes ta Tertuliano topeetan dira, pedian uts egin ebeenak, onako tatxa agiri bagakuak. Ta euren salbazinoia dago dudaan jakitunen artian. Beste ereje buru ta Jaungoiko-ukazaleen asieria da lotsarizko pekatuba ta amaija inpernuba. Ta zeinbat onako itsu, errukarri, zoro, zorigaistoko mundu zabalian?

        5. Aprikako erreinu zabaletan kasik alkoran loijaren sinistutia baino ez dago. Asiako ta Europako erreinu askotan bere ez. Zegaiti ainbeste jente alan itsututa? Maoma madarikatubak ta desonestubak onestidadia, modestija ta kastidadia gordetati librau zitubalako bere eskolaubak. Maomaren lege inpamian ez dauka inok zer kansau luxurija goituten, gorputza dometan, aragijari gurari gaistuak ukatuten, penitenzija egiten ta kastidadia gordetan. Oh, naastau desbenturaubak! Oh, errukarri tristiak! Oh, inpernuti urtendako luxurijaren su madarikatuba! Ainbeste arima, Jesukristoren erijotziagaz ta odol santubagaz irabatzitako, daukaz bendetuta, luurtuta, loituta, inpernurako prestauta, irago dirian amabi giza alditan! Eurak edo euretati askok esaten ei dabee, kastidadia gordetako aginduko ez baleu ebanjelijo santubak, biurtuko litzaatekezela Jesukristo geure Jaunaren Eleisara ta sinistute egijazkora. Ah, lastima gorrija! Erregutu, kristinaubak, Jaungoikuari, geure lagun edo proximo triste areek arimako begijak edegi dagijezan ta pede santura biurtu ditezan.

        Ta zer jazo zan geure España ditxosuan ta zeruko ortuban? Oh, kristinaubak! Bijotza tristetu bagarik ta negarragaz begijak busti bagarik, ezin gogoratu ginaiz bosteun, edo seideun urteko geure erreinuko jazo tristiak. Adios pedia, adios eleisak, adios sakramentubak, adios sazerdotiak, adios kristinautzia, adios birjinak, adios kastidadia Españan. Bizkaiko, Gipuzkuako ta Montaineetako baso artetan sartuta ezkutau ez zirianak, galdu zirian. Moro loi ta odoltsuz estaldu zan geure erreinu guztia bertatiko baten. Zeinbat gerra? Zeinbat gizon illte? Zeinbat odol erreka? Zeinbat errijai su emote? Zeinbat matrimonio galdute? Zeinbat Birjinen negar triste? Oh, ezin pensau legi! Ta zegaiti ainbeste urtetako negargarri oneek guztiok Espainan? Luxurija gaiti. Lotsarizko pekatubaren egitadiak dira, kristinaubak, oneek guztiok Espainan. Oh, zeinbat gauza ikaragarri, lotsagarri, ta arrigarri egin dirian munduban bizijo edo okerrerija inpame au gaiti!

        6. Begiratu daijogun Lutero bati. Ezin esan ginai garbija zala. Ez bera ta ezda bere lagunak bere. Bada, euren kastidadiaren kontrako pekatubak eskandalizau ebeen Eleisa guztia. Luterok urratu zituban lotsa onaren legiak, eten zituban onestidadiaren katiak, ukatu zituban kastidadeko boto santubak, idegi eutsazan luxurijari atiak, atera zituban prailiak ta monjaak euren etxeetati, birrindu edo erre zituban eleisak eta konbentubak, eragotzi zituban mezia ta sakramentu santubak, artu eban demoninua bere maisu edo erakuslatzat, ezarri eutsazan Jaungoiko santubari pekatubak ta irakoi eban Europarik geijenian oraindino amatau ez dan gerria. Ta bera kondenauta, itxi zituban bere eskolaubak edo ondorenguak ainbeste erreinutan aragijaren gustuetan, gerra odoltsubetan ta inpernuko ateetan.

        Nun da Inglaterrako Jaungoikozko sinistute egijazkua? Nun dira santu erreinu atako eleisak, altaraak, mezia, sakramentubak, koruko Jaungoiko alabetia, kastidadiaren ta kristinautza egijazkuaren eskini santubak Jaun zerukuari egitia? Ah, kristinaubak! Gizon baten ta emakume baten luxurijak ondatu zituban dirianak. Ta bitzi dira Inglesak, ya irago dirian iru giza aldijetan Eleisa bagarik, pede bagarik, sakramentu bagarik ta Jaungoiko bagarik, inpernurako bide jakinian luxurija gaiti. Onezaz gainera Espainian bertan, erreinu oneetan, irakoi dituban naibagaak ez daukee neurririk. Kontetan dira peliadaak Espainian bertan, eun milla moro gerraan era batera ill dirianak. Baita Espainaren urrian irudeun ta irudogeta amabost milla egun baten ill zitubenak bere. Bada, luxurijaren asieria izan arren amodijo loija, amaija ta azkena geijenian oi da gorrotua, suba, gizon illtia ta odol boteetia. Oh, ze illuna, naastauba, larrija ta bildurgarrija imini daben lotsarizko onek Europarik geijena bera!

        7. Zer egin ez dau Pranzijan? Zeinbat zorakerija negargarri ikusi ez ditugu geuk egun oneetan Pranzija tristian ta albo erreinubetan? Oraindino Pranzes odolezko errekak ta pozubak kasik lurruna darijuela dagoz orreetan. Ze gaiti negargarri oneek? Ah! Gauza jakina da. Ta ujala jakin ez bagendu! Orrako Voltaire, Espinosa... ta beste Pranzijako jakitun kantaubok barristau ditubee aintxinako Epikuro, Zenon, Pirro... ta beste gizon loi, desonestu guztien arima bagako ta espiritu bagako aragi utsezko lege madarikatubak ta eskola atsituba Pranzijaren erdijan lotsa bagarik. Ta atzo kristinau zan erreinuba, imini dau gaurko, esateko moduban, luxurijak ta libertadiaren amodijuak eleisa bagarik, altara bagarik, sazerdote bagarik, Jaungoiko bagarik, luurtuta, aragituta, odoltuta, ikusi legijanik tristeena, errukarrijena, lotsarizkuena ta negargarrijena.

        Ez dituzu ikusi pranzesak pede bagarik, Jaungoiko bagarik, errege bagarik, lege bagarik, alemanijen gisaan alkarregaz naastuta? Ez dituzu ikusi, ardi artian sartutako otso gosiak legez, alkar zatituten, illten ta amaituten? Ez ditugu ikusi, abadiak, prailiak eta monjaak Pranzijako libertadiaren igesi erreinuti kanpora eskian, euren burubak librau ezinda edo ezkutau ezinda? Ez dozu ikusi, albo erreinubetan zer egin dabeen? Izan da arri gaistorik edo elementurik pranzesak edu negar errijetan eragin dabenik? Zeinbat guraso ume bagarik? Zeinbat ume guraso bagarik? Zeinbat emazte senar bagarik? Zeinbat matrimonio loituta? Zeinbat birjina galduta? Zeinbat palazijo ta etxe inor bagarik? Zeinbat pamelija etxe bagarik? Zeinbat etxe, erri, eleisa oostuta, sakeatuta, erreta, birrinduta? Zeinbat porma konsagrau (oh, Jesus!) ostikopetuta, zapalduta, eleisetan ta kaletan zabalduta? Zeinbat urte bi edo iruko jirabirako ezkontza loi uts? Zeinbat erru bagako gizon illte? Nok eukan seguru pranzesetati ez aita ta ez ama, ez senarra ta ez emaztia, ez semia ta ez alabia, ez etxia ta ez bitzitzia? Nor oian sartu da, irago dirian urtetan, pranzesen bildurrak ikara eragin bagarik? Nok ames egin dau beste gauzarik? Nor geratu da negargarri bagarik? Zer egingo ebeen pranzes orreek egin daben baino oker ezain geijago, inpernuko purija utsak izan balira bere?

        Ta guztia lotsarizko gusto eragotzijak gaiti, aragija nai erara serbidutia gaiti, konzienzijako libertadia gaiti, luxurija gaiti. Oneek dira, neure entzula onak, luxurijaren egitadiak giza aldi guztietan ta mundubaren baztar guztietan. Au da pekatu ezainak mundubari emon deutsan etxuria. Egunero erri bakotxian ta lekuban lekuban kasik iminten ditu pekatu loijak, auzijak, eskandalubak, zeluak, matrimonio galtzeiak, derrigorreko ta pekatuzko ezkontzak, gorrotuak, bengantzaak, erijotzaak, gaisuak, zer esanak, bake txaarrak ta kondenaubak. Oh, pekatu madarikatuba! Oh, desondrauba! Oh, atsituba! Oh, mundu-galtzailia, gizon-illzaila, arima-galtzailia, zeru ustuzailia, inpernu betezailia! Nok ez deutsa gorroto!

        Oh, Jesusen Ama garbija! Oh, zerubetako Erregina! Jadiitxi egiguzu zeure Seme maitia ganik onestidadiaren ta kastidadiaren amodijo santuba. Gorputzeko ta arimako garbitasuna eskatuten deutsugu zeure erraija bigunak ta errukizkuak gaiti, Ama zerukua. Argitu egizu geure itsutasuna, biztu egizu geure sinistute otza, jaso egizuz geure bijotzak luurreko gurarijetati zerukuetara, urrin iges egin daigun kastidadia galduteko peligru guztietati. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa