www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zelan pekatu egiten dan inoren paltak esanagaz edo inor gaiti deungaro esanagaz.

2. Nos ez dan pekatu inoren paltak esatia.

 

        Salomonek esaten dau, neure kristinaubak, erijotzia ta bizitzia dagozala miinaren eskuban. Mors, et vita in manu linguae. Esan gura dau, miinagaz emon legijola gizonari bizitzia ta baita erijotzia bere. Miina ongilla andija da, ondo erabili ezkero. Baita gaiskin andija bere, gaiski erabili ezkero. Askori mesede andijak ekarri deutsaz miina ondo erabilijak. Apostolu santuben miinak duda bagarik izango dira zeruban glorijaz apaindubak. Beste askori ekarri deutsaz kalte andijak. Lingua imprudentis subversio illius. Esan begije inpernuban dagozan hereje ta gaiski esalak, ze sarija ekarri deutseen miinak. Juezaren aurrian testigantza paltsua emotiak ta guzurra esatiak ze etxura ezaina dakeen entzun dozu, kristinaubak, leengo erakutsijetan. Bada, orain esango deutsut: 1. Zelan pekatu egiten dan inor gaiti deungaro esanagaz. 2. Nos ez dan pekatu inoren paltak esatia. Ez dago inor bere, kristinaubak, muturen bat ez bada, miina erabilten ez dabenik. Berau gaiti, ezda dotrina onen ikasi biarra ez daukanik bere. Alan eskatuten deutsut guztioi, imini dagizula ainbat eutzunerarik oneena zortzigarren aginduko erakutsi oneetan. Batez bere gaurkuan ta geroko domeekakuan, zeintzubetan berba egingo deutsudan zeubek murmurazinoia esan oi deutsazun pekatu inpamiaren gainian.

 

 

I.

 

        San Juan Krisostomok esaten deutsku, neure entzula onak, ate bigaz itxita emon eutskula Jaungoikuak miina, lasterregi edegita, berbaren bat gaiski esan ez daigun. Begijak zabalik emon eutskuzan Jaungoikuak, ikusteko. Belaarrijak bere bai, entzuteko. Suurra bere bai, usain egiteko. Eskubak ta oinak bere bai, oratuteko ta pausu egiteko. Ta izanik miina ainbeste bidar biar doguna, au emon eutskun ate bigaz itxita, aginakin ta ezpanakin barrututa. Ate bijak edegi biar dabee lelengo, miinak berba egingo badau. Ojala au asko balitz, miina ondo erabilteko!

        Miinaren egite txarretati bat da, ta ez oneena, lagunari pamia galdutia. Inor gaiti deungaro esatia. Pama onak eta kleitu onak asko balijo dabeena edozeinek daki bere burubagaz. Ta zerbait esan zan onen gainian bostgarren agindu santuban. Lagunaren edo proximuaren pamia galduten da, bada, miinagaz, inor gaiti deungaro esaten danian. Ta au jazo leiteke modu askotara.

        Lelengo: Lagunaren kleitubaren kontrako guzurra norberak asmauta esaten dabenian. Esaten dozu inor gaiti (guzurra dana dakizula edo zeuk edo bestiak asmautakua) ostu ebala, orditu zala, zorra ukatu ebala, lagun txaarrekin ikusi zendubala... Bada, orduban galduten deutsazu proximuari miinagaz pamia.

        Bigarrenian: Lagunaren paltia egiija izan arren, ixilik eguaneti zeuk azaldau dozunian, edo zeu zariala medijo azaldau danian. Egin dau batek erijotza bat. Baina ez dakije txito gitxik baino, nok egin daben. Ta ixilik dagoz. Esaten deutsazu zuk bati, nok egin daben erijotza a. Ta zabalduten da zure esaneti. Bada, zuk zeure miinagaz galdu deutsazu ondria. Ta jakin, neure entzula onak, edozein lagunaren paltatan dala au. Nai lapurreta baten, nai orditute baten, nai joko eragotzi baten, bai juramentu paltso edo blaspemija baten, nai logrerijako tratu txar baten, nai kastidadiaren kontrako pekatu ezain baten, nai beste edozein pekatuzko errutan. Nai dala gizona, nai dala andria, nai dala mutilla, nai dala neskatillia, nai dala jueza, nai sazerdotia, nai relijiosua, nai gurasua, nai senidia ezkutuban gaiski egin dabena. Aren ezkutuko paltia zeure miinagaz zeuk azaldetan badozu, lagunaren ondria zeuk galdu dozu. Ta ez pensau, kristinaubak, lagun batek edo bik jakin ezkero, ez dala ezkutuko paltia. Ez pensau aopian bati edo biri esan ezkero, pekatu azaldauba ta jakina dala. Ez dago onako legerik, proximuaren kleituba aotan erabilteko. Gogoratu zeubek zer naiko zendukian, deskuido bat edo lotsagarri bat jazoten jatzunian. Egiija da, bagoz gatx egite batzuk ezkutukuak izan arren, agertu biar dirianak. Ez edozein modutan, ezbada gatx eginaren sailari jagokan moduban, ondo pensauta, azaldau biar da gaiskina, gatxa erremedijetako, al dedin moduban. Onako gatx egite andijak zeintzuk dirian esango deutsut laster.

        Irugarrenian: Inoren paltak geituta esaten dirianian galduten da proximuaren ondria. Ikusten dozu auzo bat jai baten meza entzun bagarik daguala bere guraz. Ta esaten dozu, a ez dala eleisara bere juaten. Au inoren paltia geituta esatia da. Ta ondria galdutia da. Ikusten dozu eleisa gizon bat bein bere estadubari ez jagokan moduban. Ta esaten dozu, a beti dabilela okerrerijetan. Au geituta esatia da.

        Laugarrenian: Proximuaren esan onak edo egite onak txartzat juzgauta kontetan dirianian, galduten jako lagunari ondria. Judegubak alan galdu gura izan ebeen Jesusen ondra santuba. Ikusten da gizon bat, bere etxiari kontu egiten deutsana, tabernetan ez osteranzian kastu alperrikakorik egiten ez dabena. Ta esaten da a gaiti, zekenkerijak eragiten deutsala. Ikusten da persona bat, mundutarren okasinoetati alde egiten dabena ta biar dan ondo izatiagaz eleisara sarrijago juaten dana. Ta esaten da a gaiti, mundubak santutzat euki dagijan egiten dabela. Au inoren ondria galdutia da.

        Bostgarrenian: Proximuaren ondria galduten da inoren ona bestiai entzunda, noberak ontzat emon biarrian, gaistoz entzuterik ta sinistuterik emoten ez deutsanian.

        Proximuari ondria galduteko, bost modu oneek erakusten ditubee Eleisiaren Gurasuak santo Tomasegaz. Ondria galdu ezkero, atzera biurtu biar jako proximuari, al dedin moduban. Bestelan ez dago salbetarik. Zelan biurtu biar dan ondra galduba esango deutsa konpesoriak galdu dabenari. Onezaz ostian, lagunaren paltak agirijak, jakinak ta azaldaubak izan arren bere, premina bagarik inor gaiti esatia beti da pekatu. Baina nos egongo da preminia inoren paltak esateko, pekatu egin bagarik? Sarritan egon leitekez, kristinaubak, atarako premina ordubak. Ta entzun egizuz batzuk.

 

 

II.

 

        Gauza bitarako, dino san Basiliok, esan legizala inoren paltak, pekatu egin bagarik. Bata da, norberak zer egin biar daben jakiteko. Ta bestia, erru bagako ez jakina galdu ez dedin. Santo Tomasek geituten deutsee onei bijoi bere ordu bat. Ta da, paltia egin dabenaren onerako danian. Alan esaten da, neure entzula onak, ez dala pekatu inoren paltia esatia: 1. Ebanjelijo santubak aginduten dabenian. Bestelan erremedijetan ez bada gaiskina, juezari edo agintarijari aren paltak esanda erremedijau dedin. Au beraren onerako da. 2. Noberak zer egin biar daben jakiteko. Bakizu lagun batek gauza deunga bat egin dabena edo egitera doiana; edo pedeko gauzen kontra, edo errege jaunaren kontra, edo errijetako bakiaren kontra, edo erru bagako baten kontra. Ta ez dakizu zer egin. Bada, orduban esan zinagijo ta esan biar deutsazu aren pekatuba ta gatx egina konpesore bati edo gizon eldu bati, sail atan zer egin biar dozun jakiteko. 3. Erru bagako ez jakin bat galdu ez dedin. Bakizu deunga batek inozente edo ez jakin bat engainetan dabena. Ta ariman edo bizitzan kaltiak ekarteko sailetan sartuten dabena edo sartu gura leukiana. Bada, orduban deungiaren paltak ez jakin erru bagakuari esatia, aren engainubetan ta pekatubetan sartu ez dedin, ez da pekatu. Au gaiti, gurasuai esatia umen okerrijak, okasinoiak ta adiskidetasun peligruzkuak; ugazabai esatia otseginen lapurretak ta kondezinoe inpamiak; errijaren burubai esatia gabetako gizonen batzar txarrak; kura jaunari esatia pamelijetako eskandalubak; otsegin ez jakinai esatia lagunen ta ugazaben pekatugintzak ta pekatu-eragintzak... Onako paltak esatia, dinot, jakinak ta ziertubak izan ezkero, erremedijau legizanari ta erremediju biar ditubanari edo juakonari bakarrik, ez gaiskinaren gorrotoz ta bengaiz, ezbada nai onagaz ta uste zintzuagaz paltak geitu bagarik, erru bagiak galdu ez ditezan, oi danez, ez da pekatu. Ta askotan agertu biar dira gaiskinak, norberak baino bestek jakin ez arren pekatubak. Batez bere pedeko gauzen kaltian, Eleisa santiaren kaltian, erlijinoe santuben kaltian, errege jaunen kaltian, erreinubaren ta errijen kaltian, guztien onaren kaltian... egin dirian edo egin gura dirian pekatubak eta paltak azaldau biar dira, konseju ona artuta, batek baino jakin ez arren. Alako ordubetan ez dauka gaiskinak eskubiderik, inok guztiz bere pekatu ezkutukua ixilik euki dagijon. Alan bere, kristinaubak, gauza astunak dira onetarikuak. Ta inos jazoten jazunian edo gatxa erremedijetako zer egin ez dakizunian, itandu laster konpesore bati edo aituten jakon bati. Ta aren esana eginagaz ez dozu utsik egingo.

        Onezaz gainerako inoren deungaro esatia edo inor gaiti murmuretia, nai dala guzurra, nai dala egiija, nai dala ixilikakua, nai dala azaldauba edo publikua esaten dana, beti da pekatu, kristinaubak. Beti da, edo karidadiaren kontra, edo zuzentasunaren kontra. Ta ez gitxitan bijen kontra. Ojala denporiak lagunduko baleust, inoren gaiski esate madarikatubaren ezaintasuna zeubei ondo aditu eragiteko! Ojala pekatu inpame ta desondragarri onen zabaltasuna, erreztasuna ta gatx berenotuba zeuben bijotzetan sustraiz sartu al banei! Artu dagizun beraren gorroto mortala. Ta inos aorik edegi ez dakizun laguna gaiti gaiski esateko. Baina zer esan legijo murmuradoriari edo gaiski esaliari? Batian gorrotuak, bestian enbidijak, bestian bengantziak, bestian buru eritxijak, bestian esanguriak, inor gaiti deungaro esateko baino aua edegi eragiten ez deutsanari? Zer esan ginaijo gaiski esaliari, miina zuzen erabilten ikasi dagijan?

        Esango deutsagu, bere aua gaiski esatiaren atsa darijon sepultura edegi bat dala? Esango deutsagu, gaiski esaliaren kastia Jaungoikuaren begijetan gorrotokua dala? Detractores Deo odibiles sunt. Esango deutsagu, Espiritu Santubaren esanian, gaiski esaliagaz ez dabela inok bere bat egin biar? Esango deutsagu, otso batek artegijan baino kalte geijago egiten dabela gaiski esaliak erri guztiko jentiaren ondraan? Gatx andija da, dino san Juan Krisostomok, miin gaiski esalia. Demonino okergin bat da. Gizonari baketan inos bere isten ez deutsana da. Miin gaiski esaliak irakoiten ditu asarriak, sortuten ditu gorrotuak, geituten ditu auzijak, galduten ditu bakiak, okertuten ditu bijotzak, zabalduten ditu sospetxak, egiten ditu erijotzak, oraintxe adiskide dirianak puntuko iminten ditu arerijo, nastetan ditu pamelijak ta urratuten dau errijetako bakiaren ta battasunaren lotugarrija, zein dan karidadia. Gaiski esaliak diabruba serbiduten dau. Ta orre gaiti guzurtitzat ta lapurtzat erbestetu biar da. Tamquam mendax, et fur est propellendus. Au guztiau da san Juan Krisostomorena. Miin gaiski esalia, dino san Bernardok, dala suga biboriaren eztena. ¿Nunquid non vipera est lingua ista? Zer egiten dau sugiak? Inor akordau orduko, ixilik eztena sartu, berenua ezarri ta gaisotu edo ill.

        Ta zer egiten dau miin gaiski esaliak? Sugiaren beraren egin egina. Batian, au entzun dabena; bestian, au ei dinuela; bestian, alan ei zala; bestian, zanak emon eutsala; ta bestian, alan dala esanda, beti inoren paltak, guzurrak edo egijak esaten ta bere miin zitalagaz inoren kleituba gaisotuten edo illten diardu gaiski esaliak. Odol aterazailliarena edo barberubarena, dino Aita Prai Luis beneragarri Granadakuak, egiten dabela gaiski esaliak. Zer, bada? Barberubak gaisuari odola aterateko, lelengo ondo igortzi, labandu ta leundu egiten deutsa besua. Ta gero sartu lantzetia erruki bagarik ta odola atera. Ah, miin gaiski esala madarikatubak! Zeinbat bidar au egiten dozu? Asten zara norbait gaiti lelengo ondo esaten. Jasoten dozu zeruragino. Igorztuten dozu, labanduten dozu ta leunduten dozu txito ederto. Ta andi laster, ez dakit zelako erruki bat edo ondo gura bat bazeuntsa legez, asten zara dakizun ta ez dakizun, entzun dozun ta sospetxa egin dozun guztia zeuben aoti miin zorrotzagaz aren kontra esaten. Ordu erdijan edo ortu betian proximuaren azur guztiai, odol guztiai, laugarren belauneraginoko senikera guztiai eraginda, guztiak gaiti gaiski esanda, aren kleitu guztia ostikopetuta, azkenian zeure gaiski esaaldijari ezarten deutsazu txaplatia, barberak sangriari legez, proximuaren pamiari egin deutsazun epaija osatuteko, esanagaz: Neuri mesede baino ez deust egin. Neuretzat persona ondraubak izan dira. Eurak jakingo dabee zer egiten dabeen. Ni baino kristinau obia da. Ez daigun inor gaiti murmurau. Emen esan dodana, emen geratuko da...

        Ara emen, kristianaubak, gaiski esaliaren azkeneko txaplata osagarrijak. Ta ez da onen miina suga biboriarena baino gaistuago? Berenotsubago? Kaltegarrijago? Bildurgarrijago? Ez dago ordu guztietan miin zorrotsagaz lagunari kalte egiten gaiski esalia? ¿Tota die injustitiam cogitavit lingua tua? Nori parkatuten deutsa gaiski esaliak? Nok dauka ondria seguru bere ao atsituti? Inok bere ez. Gaiski esaliak bere etxia kobernetako ez bada bere, esaminetan dau erregia, juzketan dau obispua, tatxetan ditu abadiak, deungatuten ditu prailiak, lapurtuten ditu juezak, logrerututen ditu kaballeruak, guzurtituten ditu predikadoriak, zekenduten ditu ugarijak, zitalduten ditu baketsubak, zelotsotuten ditu ezkondubak ta lotsagarriz estalduten ditu libriak. Ez ordenautakok, ez andik ta ez txikik, ez errikok ta ez auzok, ezda bere zeldan edo koru baztarrian belaunbiko daguan monjiak bere, ez dauka seguru bere ondria erriko gaiski esala baten ao galduban.

        Ta zeinbat onetariko ao gaistoko? Zeubek dakizu, neure entzula onak, ze ugarija dan inor gaiti gaiski esatia. Lagun bi edo iru alkarregana batu ezkero, berba aldi gitxi izaten dira lagunari gitxi edo asko ondran ikutu bagarik. Eurak gaiti inok esatia gurako ez leukeen edu norbait gaiti esan bagarik. Errazto txito gaiski esaten da. Ta nekez gaiski esanaren epaija osatuten da. Laster ta sarri inoren kleitubari luur jo eragiten jako. Ta geijenian ez da inos bere odo jasoten. Ez da ondra galduba atzera batuten beinguan. Au gaiti esan eutskijon miin gaiski esaliari Jeremias propeta santubak saeta zaurilarija. Sagitta vulnerans. Zegaiti au? Saetiaren epaija osatuten txito gatxa dalako. Geijenian ondo osatu bagarik ill oi dalako saetiaz zaurituba. Beste ainbeste. Miin gaiski esaliak egiten daben epaija osatu bagarik ill oi da. Bein galdutako ondria, galduba oi da. Geijenian miin gaiski esalaak beste mundura joan oi dira, emen inoren ondran ta kleituban egin zitubeen epaijak osatutera edo pagetara.

        Bakigu Eskritura Sagraduti, Jaungoikuak gorroto deutsana inoren kontrako gaiski esatiari. Ta irakurten dogu ze kastigu ikaragarrijak egin dituban, gaiski esalaak kastigetako. Maria Moisen arrebia, bere nebia gaiti gaiski esan ebalako, lepra loi astun batek estaldu eban gorputz guztian. Irakurten da gaiski esalia erijotzako ordu tristian konpesau gura ezda, daguala. Esan konpesoriak, dei egin dagijola Jaungoikuaren miserikordijari ta konpesau dedilla. Ta erantzun gaiski esaliak: Ezin dot. Esan ostera bere, jaso dagizala begijak Jesus kurutzekuagana ta damu egijazko bategaz konpesau dedilla. Ta erantzun gaiski esaliak: Miin deunga onek kondenauta nauka ta ezin negi. Ta konpesau bagarik ill. Irakurten da, gaiski esala bat inpernuti agertu jakola bere lagun bati ta erakutsi eutsala ze sarija eukan inpernuban bere gaiski esatiak gaiti. Miina eukan sututa, aoti lurreragino luzatuten ebala. Ta kondenaubak berak zulotu ta zatituten ebala bere miina. Baita atzera sartu bere bere lekura. Ta esan eutsala azkenian: Miin onegaz askoren ondria galdu neban. Ta pena au irabatzi neban betiko. Baita irakurten da, miin gaiski esalak arrak jan ditubeena ta usteldu diriana bere. Baita neska gaiski esalaak ta guzur ezarlak, seinik egin ezinda luzaro egonda, egin bagarik errebentau dabeena bere. Panuzio monje inozentiari erruba ezarri eutsan neskia egun askotan seina egin ezinda egon zana bakigu. Azkenian, ala seina egin eban, ala inoren kleitu galdubaren sarija artutera egin bagarik, beste mundura juan zan ez dakigu.

        Oh, Jaungoiko zuzena! Zeinbat kastigu egin dituzu miin gaistuak erremedijetako? Euki egizu, bada, gugaz errukija. Ta erakutsi egiguzu geure miinak zuzen erabilten, zeu munduban alabetako ta beti zeruban gozetako. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa