www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VI. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zer dan juzgu gaistua edo inor gaiti deungaro pensetia.

 

        Zortzigarren agindu santubak eragozten dau, neure kristinaubak, ez bakarrik testigantza paltsua emotia, miinagaz inoren kleituba, adiskidetasun ta bake ona galdutia; ezba[da] baita errazoe bagarik inor deungatzat eukitia bere. Bada, errazoe bagarik inor gaiti gaiski pensetia da, norberari testigantza paltsua a gaiti emotia. Laguna edo proximua deungia dala noberaren burubari esatia da, inor deungatzat eukitia. Ez dago ezer bere gauza errazagorik, inor juzketia baino. Ezda asko asko ugarijagorik bere. Txito ikuste laburra ta begi illunak daukaguz geure paltai begiratuteko ta areek ezaututeko. Baina entero ikuste luzia ta begi argijak, inorenai begiratuteko ta areek juzgetako. Bada, bateti geuk gauza bat ikusi edo entzun ezkero, kasik noraezekua da aren gainian pensetia ta ondo edo txarto juzgetia. Ta besteti, alako juzgu asko dira pekatu. Ta askotan pekatu illgarrijak edo mortalak. Erakutsi biar jako, bada, kristinaubari: 1. Zeinbat modutara izan leitekian inor juzgetia. 2. Nos dan pekatu juzgu gaistua. 3. Ze pekatu ezaina ta zabala dan. Entzun egizu gogoz.

 

 

I.

 

        Juzguba da, geure adilliak edo entendimentubak zerbait ikusijaren, entzunaren edo iraguaren gainera, onan edo alan dala beragan sinistuteko, ateraten daben kontu amaituba. Kontu amaituba ez bada, ez da juzguba, ezbada izango da dudia edo sospetxia. Alan ete dan bildurra. Juzguba izateko, duda bagarik aintzat euki biar dau gauzia. Ta orain esaten dan juzguba da, geure laguna edo proximua ontzat edo deungatzat eukitia. Ta au izan leiteke modu askotara. Lelengo: Euki ginaiz lagun guztiak ontzat. Au juzgu ona da; Jaungoikuak aginduten deuskuna da. Onetara ez dogu ezer bere galduten, dino san Agustinek. Bigarrenian: Juezak, agintarijak, gurasuak ta ugazabak, euren agindupian dagozanak gaiti, areen paltak erremedijetako karidadez ta zuzentasunez, begi argijak euki biar ditubee. Ta paltiaren sustraija sentidu ezkero, juzgau daikee erremedijua imini biar dabeela, guztiz galdu ez ditezan euren agindupekuak. Irugarrenian: Agiriko pekatarija gaiti deungia dala juzgetia ez da pekatu. Ikusten badot nik edo badakit ziur logreruba dala, lapurra dala, ordija dala, loija dala, maldezinoegina dala, gaiski esalia dala, engainutsuba edo bake txarrekua dala, a gaiti ezin ondo juzgau negi, pekatari agirija dan artian. Karidadiak aginduten deust aren paltak ez esateko ta Jaungoikuari a gaiti erregututeko. Baina ez a ontzat eukiteko, agiriko pekatarija ta Jaungoikuaren arerijo ezaguna dan artian. Laugarrenian: Agiriko pekatarija izan ez arren, badakit zuzen batek egin dabela gauza deunga bat, edo lapurreta bat, edo testigantza paltso bat, edo erijotza bat, ezin a gaiti sinistu negi gauza deunga a egin ez dabela. Ez dira, bada, oneek bide bagako juzgubak, ezbada bidezkuak ta errazoezkuak. Deungiak berak bere gatx eginagaz emoten deutsku orduban bidia ta sinisgarrija, bera gaiti ondo ez juzgetako ta gatxgintza atan bera ontzat ez eukiteko. Lau juzgeta modu oneek ez dira pekatuzkuak. Baina bai orain esango dirianak.

        1. Pekatuzko juzguba da: Izanik proximuak egin daben gauzia berez bardina nai onerako ta nai gatxerako, geijagoko bagarik juzgetia gatxerako egin dabela. Bada, egin eukian onerako. Ikusten dozu sazerdote bat emakume kleitu arinoneko baten etxian sartuten. Geijagoko bagarik juzgetan dozu, agaz pekatu egitera doiala. Au juzgu gaistua da. Bada, juan zatekian etxe atara gauza on bat egitera. Ta bide geijago bagarik ez da inor deungatzat euki biar.

        2. Pekatuzko juzguba da: Arpegiko edo gorputzeko etxurati edo daukan opizijoti beste bagarik, inor deungatzat eukitia. Begijak gorrijak daukazalako, edaalia edo ordija dala. Begijak zolijak edo urdinak daukazalako, patsua dala. Miina labana daukalako, enbusteruba edo enbusteria dala. Eskribauba dalako, drogeruba ta okerra dala. Alan juzgetan ebeen Sokrates gaiti, ordija zala, arpegija ta begijak gorrijak oi zitubalako. Santa Maria Madalena gaiti juzgau eban Simon paresijuak, Jesus engainetara juan zala, Jesusen oinetan auspaztuta negarrez ikusi ebalako. Alan juzgau oi da opizijo batzubetako jentia gaiti bere. Baina geijagoko bagarik inor deungatzat eukitia, bidebagako juzgu gaistua da.

        3. Pekatuzko juzguba da, gauza on bat inok egiten dabenian, nai txarragaz edo gauza txarrerako egin dabela juzgetia. Alan juzgau eban Samuelen ama Eli sazerdotiak. Eleisan luzaro orazinoian egualako, juzgau eban ordituta eguala. Onetarikuak izaten dira juzgu gaistorik geijenak. Ikusten dozu bat limosnia egiten. Ta juzgetan dozu banidadez egiten dabela. Ikusten dozu bat bere gauzetan begiratuba. Ta dinozu zekena dala. Ikusten dozu juez bat, alkate bat edo piel bat erriko paltak kastigetan ditubana. Ta juzgetan dozu andiguria ta soberbijotsuba dala. Ta onan beste milla juzgu gaisto, lagunaren egite onak txarrera botata.

        4. Pekatuzko juzguba da, gauza deunga bat batek bein egin dabelako, beti alan egingo dabela juzgetia. Ikusten da bat, bein lapurretan egiten. Beste bat bein ordituten. Beste bat bein bere guraz meza entzun bagarik geratuten. Bada, geijagoko bagarik ez da sinistu biar areek gaiti, beti lapurretan, edo ordituten, edo meza entzun bagarik bitzi diriala.

        5. Pekatuzko juzguba da, pamelija bateko edo estadu bateko persona bat gaiski egiten ikusita, pamelija atako edo estadu atako persona guztiak deungak diriala juzgetia. Ikusten dozu etxe bateko persona bat dala lapurra. Ta juzgetan dozu etxe atan guztiak diriala lapurrak. Au pekatu da. Ikusten dozu abade bat dala zekena edo ordija edo pausu txarretan bizi dana. Ta juzgetan dozu, abadiak guztiak diriala deungak. Au pekatu da. Ikusten dozu, praile bat dala edaalia edo jokolarija edo alegeregija edo adiskide ez jagokazanekin dabilena edo lapurra edo enbusteruba. Ta juzgetan dozu praile guztiak edo geijenak diriala alakoxiak. Au pekatu da. Oneek dira, kristinaubak, ainbat berbarik gitxienagaz, juzgu gaistua ta pekatuzkua nos dan ezaututeko erregela edo neurgarrijak. Ta ze pekatu da juzgu gaistua?

 

 

II.

 

        Inor deungatzat eukitia errazoe ta bide on bagarik, beti da pekatu, neure kristinaubak. Gauza andijan badaukazu bide bagarik deungatzat, izango da pekatu andija, illgarrija edo mortala. Gauza txikijan edo gitxijan badaukazu deungatzat, izango da pekatu txikija edo arina. Juzgu gaistua bada errege jaunaren, obispo jaunaren, kura jaunen, sazerdoten, relijiosuen, juezen, kaballero edo beste persona ondrauben ta pama onekuen kontra, orduban, alako personak deungatzat eukitia errazoe ta bide seguru bagarik, gauza gitxijan dala uste izan arren bere, sarri ta laster izango da pekatu mortala. Euren estadu altubari ta ondrautasunari gitxiagogaz egiten jako injurija andija, gaiski juzgetan dirianian. Ta ez pensau, kristinaubak, zeuben inor gaiti egin dozun juzgu gaistua inori esaten ez deutsazunian, ez dozula pekaturik egiten. Bada, inori aoti atera ez arren, noberak deungatzat proximua eukitia bide seguru bagarik, pekatu da. Norberak gaiski juzgaubaz gainera, inori esaten bajako juzgu gaistua, orduban gaiski esalia da. Ta juzgu gaistuagaz ta a inori esanagaz galdutako ondria atzera biurtu biar da. Oh, zeinbat onetariko pekatu erremedijau bagarik geratuten dirian beste mundurako! Kanpo andija dauka juzgu gaistuak. Ta txito pekatu kasta ezaina da. Entzun egizu, bada, onen gainian zerbait.

 

 

III.

 

        San Agustinek esaten dau, jenterik geijena daguala prest, inor gaiski juzgetako. Jenterik geijena bitzi da inoren gatxagaz. Norbera baino bestiak deungauago diriala pensaubagaz ta sinistubagaz. Lapurrak ez deritxo ain deungaro bere lapurretiari. Baina bai inoren gaiski esatiari. Logrerubak ez deritxue ain deungaro bere tratu engainuzkuari ta kodizijari. Baina bai bestiak trago bat geijago edaatiari. Zekenak ez deritxo deungaro bere diru gordetiari ta inoren errukirik ezari. Baina bai bestiaren kastu alperrikakuai. Desonestubak ez dau gauza ezainik topetan bere ao ta tratu loijetan. Baina txito deungaro deritxo, biarra egin legijen jentiak egunian meza bat entzutiari. Onan dira beste okerrerija guztiak. Norberarenak ezer bere ez dira. Ta lagunarenak txito palta andijak. Geure begijetako zura bere ikusi ezin dogu; ta inoren begiko lasto txikija bere entero zur anditzat daukagu. Onako juzgu okerrak eragiten deuskuz, geu baino obarik ikusi ezinak. Geure soberbijak. Geure andijen izan guriak. Onek eratsi eban Luziper zeruti inpernura. Ta beronek erasten ditu aren ondorik beste asko.

        Zeinbat kristinau dagoz, auzua, laguna edo proximua, santuba bada bere, zetan edo atan deungatzat ez daukenak? Geijago edo gitxiago gaiski juzgetan ez dabeenak? Goijan edo beian paltia topetan ez deutseenak? Etorri zan Juan, dino Jesukristok, ez jan ta ez edan egiten ebala, penitenzija egitera ta pekatarijai prediketara. Ta a bere gaiski juzgau dabee ta dinue: demoninua dauka. Etorri da Kristo jaten dabena ta edaten dabena. Ta a bere gaiski juzgau dabee ta dinue: jaalia ta edaalia da. Vorax est potator vini. Zer ikusi eutseen gauza deungia san Juan Bautistari, demoninua eukala juzgetako? Zer Jesukristori, ardao zalia ta edaalia zala juzgetako? Ezer bere ez. Baina deungiak beti, danik santurik andijena gaiti bere, deungaro juzgau ta deungaro sinistu. Kain deungiak gaiski juzgau Abel bere anae erru bagia. Esau gulerubak gaiski juzgau Jakob bere anae santuba. Maria Moisen arrebiak, emakumiaren burutazinoe arinak, aixetsubak ta zelotsubak gaiti gaiski juzgau bere neba karidadetsuba ta zuzena. Jakoren seme gaistuak, okerrak ta pekatu andiginak gaiski juzgau euren anae Joseren garbitasuna, egija ta leijaltasun pina. Eli ardura gitxikuak ta ume gaiski azizailliak gaiski juzgau Anaren orazinoe santia ta prutu andikua. Saul deungiak gaiski juzgau Dabid inozentia. Paresijo soberbijotsubak, enbidijotsubak ta pekatuz betiak gaiski juzgau san Juanen barubak, penitenzijak ta sermoe itzaltsubak. Baita Jesukristo geure Jaunaren berba santubak, milagruak ta bizitza zerukua bere.

        Onan dira, kristinaubak, deungen juzgubak. Deungiaren goguan ez da inos proximuaren egitaderik, ez berbarik, danik zintzuena ta errialena izan da bere, garbiro sartuten. Ezaindu ta loituten dau bere juzgu gaistuagaz esanik ondraubena ta egitaderik santubena. Humildia gaiti dino bere artian gaistuak, sinple bat dala. Urtentxubagua gaiti, soberbijotsua dala. Bere gauzetan batubagua ta begiratu onekua gaiti, ezertako eza dala. Itzaltsubagua ta txanza gitxiren zalia gaiti, gogorra ta odol txarreko bijotza daukana dala. Irago onekua ta mansua gaiti, ardura bagekua dala. Kastu gitxikua gaiti, kodizijotsuba dala. Berbetan begiratuba ta geratuba gaiti, zaipekua ta zitala dala edo buru eritxija ta dotoria dala. Puska bat berba ugarijagokua gaiti barritsu bat dala. Premina bagarik lagun arteetan sartuten ez dana gaiti, prestu ez zekena dala. Guztiakin berba egiten ta edozeinegaz bat egiten dan gatx bagekua gaiti, txaal batek baino sustanzija geijago ez daukana dala. Errukiorra ta emonzaillia gaiti, etxe galzaillia dala. Emonian begiratuba gaiti, keia bere gorde gura leukiana dala. Murmuretan ez badau, okasinuetara juaten ez bada, lagun gaistuetati iges egiten badau, sarritxubago konpesetan bada, inoren gaiski esanak ta agiriko pekatubak ontzat emoten ez baditu, oh! ipokrita paltso bat dala. Santutzat guztiak euki dagijen, egiten ditubala areek.

        Ara emen, kristinaubak, proximua gaiti egiten dirian juzgu gaistuak ta penseta txarrak. Geijenak alan alkar juzketan dabee. Batak ezarten deutsa palta bat batari. Ta ak ezarten deutsaz bi bestiari. Nekez pensetan da ondo inor gaiti. Au guztiau dino san Juan Krisostomok: Pazienzija onekua bada bat, bildurti koitautzat dauka deungiak. Humildia bada, paltsotzat ta arpegi biko kristinautzat. Alegeria bada, nasaitzat. Zuzena ta arteza bada, sutsunzat ta ernegautzat. Guztia sinistuten daben on, aingeru bat bada, sen bagakotzat. Kontu onekua ta adin onekua bada, malezijotsotzat edo askotako gaistotzat. Sosigu onekua bada, burugintzat. Barubari ta orazinoiari jarraituten badeutsa, modu bagekotzat. Prediketiari, konpesetiari ta lagunen arimak zerura bidian imintiari ekiten badeutsa, estimazinoe zaletzat. Bere konzienzijan ondo ez juakolako isten badeutsa, bere eginbiarrari kobru emoten ez deutsan alpertzat. Jentiagaz ondo eukiteko grazija badauka, miin labanekotzat. Inoren labankerijak ta enbusterijak entzun gura ez baditu, andiustekotzat. Au guztiau da san Juan Krisostomorena. Emen agiri da ze sustrai andijak daukazan juzgu gaistuak. Ez dago lagunaren egitade bat ez berba bat, ainbat zuzenena ta santubena izanda bere, alde txarrera juzgetan ez danik.

        Ta ez da au, neure entzula onak, pekatu ezaina? Nai dozu ain errazto ta ain bide bagarik zeure esana edo egina deungatzat inok eukitia? Zeure berba ta egite guztiak beti alde txarrera ta gatxera inok juzgetia? Ezetz esango dozu. Inok juzgu gaisto bat zeu gaiti egin dabela entzun orduko, bijotzian gorrotuaren suba jagiten ja[t]zu aren kontra. Ta grazijaren indar guztia biar dozu a amatetako. Beste ainbeste gorroto deutsa, kristinaubak, juzgu gaistuari Jaungoikuak. Bera da kristinau guztien jueza. Ta ez dau gura bere ordeko ez danek, juez ez danek inor juzgau dagijan munduban. Juzgau dagijala bakotxak bere buruba. Baina ez inorena. Jaungoikuari berari esku artutia da, geure lagunen esanak ta eginak geuk juzgetia. Ez egizu inor juzgau, dino Jesukristok, zeubek juzgau ez zagijezan. Oh, zeure laguna juzgetan dozuna! Atxekija bagarik galduko zara. Inor gaiti egiten dozun juzgu gaistuagaz zeure buruba kondenetan dozu, dino san Paulo apostolubak. Nai dozu entzun, kristinaubak, Jaungoikuak zelan juzgetan dituban inoren gatx juzgalarijak? Bada, Eskritura Sagraduban kastigu gitxi irakurten dira erru gogorragorik ta bildurgarrijagorik juzgu gaistuarena baino. Kore, Datan ta Abiron, irurak juzgau ebeen gaiski Moises ta Aaron gaiti. Errazoe bagarik ta bide bagarik, eurak deungak zirialako, juzgau ebeen, sinistu eben ta esan eben deungaro Moisen ta Aaronen kontra. Ta zer deritxazu Jaungoikuak egin ebala eurakin? Zelan deritxazu juzgau ditubala? Isrraelgo jente guztiaren aurrian Kore, Datan ta Abiron egozan lekuban, luurrak edegi eban aua inpernuragino. Ta subaren ta keiaren artian bizirik iruntsi zituban luurrak irurak inpernuko ondarretara. Ara Jaungoikuak ze gorrotua deutsan juzgu gaistuari. Ara ze pekatu ezaina ta bildurgarrija dan laguna gaiski juzgetia.

        Oh Jaungoiko Santuba! Emon eiguzu zeure grazija, ezaututeko zer dan juzgu gaistua ta ze pekatu zabala ta ezaina dan. Artu daigun juzgu gaistuaren gorroto santuba ta gorde daigun zeure karidadia, zeinegaz irabatziko dogun betiko zeruko glorija. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa