www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zetan daguan logrerijako lapurretia.

 

        Ez dago inor bere, neure kristinaubak, biar daben guztia beti prest etxian daukanik. Aberatsa izan arren, ardura andikua izan arren, gitxigaz iragoten ikasija izan arren, nosbait izango dau preminia zerbait edosteko edo salduteko edo inori eskatuteko. Geurezko premina onetati dator gauzak saldutia, edos tia, emotia, truketia, aurraz itxaanian inori prestetia, lagunari pijetia ta beste tratu ta artu emon guztia. Onako tratu ta artu emonetan inor engainu bagarik, ebanjelio santubak aginduten daben legez, bakotxari jagokana zuzen emotia da zazpigarren aginduba gordetia. Baina, oi dirian lagun arteko tratu, saldu, edosi ta artu emonetan, nai isilik ta nai agirijan, nai bestiak dakijala edo igarrita, nai estalgi guzurrezko bategaz engainauta kenduten badeutsa zerbait, egiten dau lapurretan ta austen dau zazpigarren aginduba. Onetara oi dirian lapurreta modu guztiak esaten amaitu ezin legiz, neure entzula onak. Neurri bagarik ta txito asko dira lapurretak lagun arteko artu emonetan. Guztien artian logrerija esaten jakonak dauka jarleku nausija. Au da lapurreta jasua, ondo jantzija ta apainduba azaleti. Baina desondrauba ta kondenauba bere izatian, azal ederragaz lapurreta andijak egiten ditubalako. Esango deutsut, bada, dotrina onetan: 1. Zer dan, inori gauzia aurraz emotia. 2. Aurraz emotia gaiti emon dan baino geijago artu legijan edo eskatu legijan. 3. Zegaiti ta zeinbat artu legijan. Entzun egizu gogoz ta zuzen. Menturaz balijoko deutsu, kristinaubak.

 

 

I.

 

        Itaunduten dau Poujet jakitun pamaubak, ia zetan geijen lapurretan egin daroien aberatsak ta eukijan ondotxu bizi dirianak. Ta erantzuten dau berak: Leleengo, pobriak larregi kansaubagaz. Aberatsak uste dau, pobriak zor deutsala berari mandatubak egitia; etxeko biar txikiak egitia; erbeste batera nosbait juatia; ta onako, andijak esan oi dabeen legez, ezauberazko ta mesedezko biarrak duarik egitia. Ara emen trago bat ardao nosbait edo bazkari bat urtian emonagaz, betiko krijaduba edo krijadia erosita aberatsen etxian. Errenteruba bada, oh! errenta andija pagau arren, bera, emaztia, umiak ta ganadubak bere euren aparejubagaz prest egon biar dabee beti ugazaba askoren krijadutzat. Trukauko ete ditu Jaungoikuak egunen baten aberatsen ta pobren era edo suerte oneek? Eurak ikusiko dabee. Au da aberatsak pobria larregi kansaubagazko lapurretia.

        Aberatsen bigarren lapurretak, dino izentau dan erakusliak, diriala, edo diruba, edo laboria, edo soineko geija, edo artubaz kastetan dirian gauzak aurraz inori emon deutsezalako, emon dabeen baino geijago eskatubagaz ta kendubagaz. Au da logrerijako lapurretia, Erromako Katezismuak dinuan legez, txito sustrai andijak ta zabalak daukazana. Jesukristo geure Jaunak esandako karidadia ta mesedia da, preminan daguanari edo eskatuten dabenari biar orduban, edo diruba, edo laboria, edo soineko geija, edo beste gauza bat plazuban edo ordiazkuan aurraz emotia. Au lagun arteko eginbiarra da. Au proximuari mesede egitia da. Errazoiari, gizatasunari ta ebanjelijo santubari darraikona da. Esan oi dan legez, gaur zuri ta bigar neuri jazoten da, edo ogeiko bat, edo eun dukat, edo anega bat labore, edo beste preminako gauza bat proximuari plazura emonda, mesede egitia. Au da kristinaubak biar orduban alkar estaldutia, alkarri lagundutia ta alkar maitetutia, ebanjelijuak aginduten deutskun legez. Itanduten da, bada, ia alan proximuari diruba edo beste gauzaren bat aurraz emonagaz egin deutsan mesedia gaiti, emon deutsan baino zerbait geijago eskatu legijon edo artu legijon.

 

 

II.

 

        Erantzuten jako bada, kristinaubak, itaune oni siku sikuban, ezetz. Aurraz emon deutsulako, ezin eskatu legijola ta ezin artu legijola emon deutsan baino geijago. Emon deutsazuz itxanian eun dukat proximuari? Eun dukatak atzera artuta, kitu. Emon deutsazuz anega batzuk labore? Areen balijua edo ordia atzera artuta, kitu. Plazura emon jakolako edo mesede egin jakolako geijago eskatutia edo artutia, lapurretia da. Birritan gauza bat pagau eragitia da. Edo ez dan gauzia saldutia da, dino Erromako Katezismuak.

        Ez engainau, kristinaubak. Onako emonaren gainerako irabatzijari, aurraz emonaz lagunari mesede egin jakolako, mundubaren asierati ona beti begiratu jako lapurreta utsari legez. Giza aldi guztietako erakuslak ta aintxinako jentilak, Platonek, Aristotelek, Plutarkok ta beste Jaungoikuaren ezaubera bagako askok bere eragotzi gura izan ebeen logrerijako irabatzi tristia ta desondrauba. Jaungoikuaren lege santubak beti ta guztiai eragotzi deutsee. Dino Jaungoikuak leku baten: Ez deutsazu zeure lagunari edo anaiari emongo ez diruba, ez laboria, ez beste gauzarik logrerijan. Dino beste leku baten: Nor sartuko da zeruban? Bere diruba edo gauzia logrerijan emon ez dabena. Dino beste leku baten: Logrerijan ezer emon ez dabena ta emon daben baino geijago atzera artuten ez dabena justuba da ta biziko da zeruban; vita vivet. Jesukristo geure Jaunak dino: Emon egijozu lagunari edo proximuari aurraz, emon deutsazun baino geijago atzera artuteko uste bagarik. Jesusen berba oneen gainian dino santo Tomasek: Ez da noraezekua, proximuari eskatuten dabena itxanian edo plazuban beti emotia. Baina noraezekua da, itxanian emon jakolako, emon jakon baino geijago ez artutia. Jazoko da edo jazo leiteke, pekatu egin bagarik, itxanian eskatuten dabenari ez emotia; baina ez da jazoko, lapurreta bagarik, aurraz itxanian emon jakolako, emon jakon baino geijago kendutia. Eleisaren batzaarrak eta gurasoak ta errege jaunen legiak guztiak era batera diadar egiten dabee logrerija desondraubaren kontra. Ta eragozten dabee arimako ta gorputzeko pena andijen beian.

        Ta zer biar da inok esatia, neure entzula onak, logrerijaren lapurretia ezaututeko? Ez da berez guztiz agirija? Auzo bat dakar jan biarrak edo preminiak zu gana, diru zati baten eske itxanian. Ez deutsazu emoten, zerbait geijago atzera artuteko ez dala. Bada, zure zorra pagetako plazuba danian beste bati eskatu biar badeutsa, oi dan legez, zuri pagetako, ak bere zerbait eruan dagijola emonaren gainera, zuk legez. Urrengo plazuban bestiak bere bai. Ta onan, emoten deutsen guztiak. Ara emen, denpora gitxi barru pobriaren eukija nun daroian, ez zor garbijak, ezbada logrerijako irabatzi ostubak.

        Logreru guztiak lotsatu ditezan, (lotsatutekuak badira) iminiko deutsut neure eskubetati iragotako kontu bat, lelengoti azkenera euren pirmiagaz sillututa daguana. Onetariko gizon batek emon eutsazan aldizka bost ogeiko beste preminako gizon bati. Bost ogeikuen alderako artu zituban logrerubak zatika, lelengo plazuti asita bi milla ta ogei errial. Lelengo ogeikua emon eutsaneti bostgarren urtian batu zirian kontubak egitera. Kontu areetan bost ogeiko utsak gaiti artuben gainera, logrerubak artzeko egin eutsan bestiari iru milla zazpireun ta larogei errial. Bost ogeikogaz bost urte baino gitxiaguan ostu zituban logrerubak irureun ta berrogeta iru dukak ta lau errial ta bost ogeikuak osorik. Bijak zirian nekezarijak. Ara emen logreruben mesedia. Oneen gainian dino san Anbrosiok: Oh, aberatsak! Oneek dira, zubek pobriari egiten deutsazun mesediak. Puska bat emoten deutsazu; ta geijago kenduten deutsazu. Jantzten dozunian, biloxtuten dozu... Erremedijua eskatuten deutsu; ta berenua emoten deutsazu. Libretan dozulakuan, katiatuten dozu. Ogija eskatuten deutsu; ta ezpatia jaurtegiten deutsazu. Zer izan legiteke, au baino deungago? dino santubak.

        Esango dozu: Jauna nik ez dot ainbeste e[r]uaten. Bada, nai ainbeste ta nai gitxiago, logrerijan eruaten dozuna lapurretia da. Jauna, mesede andija egin neutsan emonagaz, dino beste batek. Justizijak etxian eukana jan biar eutsala ta negarrez etorri jatan eske: Berak esan eutstan zerbait geijagogaz erantzungo eustala... Bada, nai mesede andija egin zeuntsala, nai txikija egin zeuntsala. Nai justizijak jan dagijola guztia, nai ez da[gi]jola. Nai berak eskini deutsula, nai zeuk eskatu deutsazula, emon deutsazunaren gainera aurraz prestetia gaiti artuten dozuna, ostuba da, lapurretia da. Zuk ezin mudau zinai ebanjelijoko legia. Kodizija naikotuteko atxekijak dira orreek. Aberatsa aberatsago egiteko modubak dira orreek. Apapuban bizi dana eskera bialduteko bidiak dira orreek. Inorena ostuta arimak kondenetako legiak dira orreek. Oh, logrerubak! Ez daukazu mendi bakarretara juan biarrik lapurretarako.

        Baina, jauna, dino beste batek, menturaz ez deust pagauko. Ta inori emonagaz, guztia galduteko arriskuban jarten nas. Edo kobrau ezinda ibili biarko dot. Bada, ez egijozu emon. Ez emotia pekatu dan edo ez, esango deutsubee konpesoriak. Baina, aurraz itxaanian emotera ezkero, emon biar deutsazu geijago artute bagarik. Ta ari emon deutsazun dirubak edo laboriak edo dendakuak... ez dauka zeure etxian arriskurik? Ez dago lapurrik zuri a ostuteko? Ez dago surik zure etxia edo eukija erreetako? Ez daukazu eskubidia juezaren aurreti eskatuteko? Ez deutsu pijadoria aginduten? Zer nai dozu, bada, geijago arriskuba kenduteko? Jauna, baina isilik nai dau. Bada, ez emon, gizon ondrauben aurrian nai ez dabenari. Orduban kenduten da arriskubaren bildurra. Gauzia aurraz emonak berez beti dakarren arriskuba gaiti, maraberi bere eruan ezin legi, emon dan baino geijago. Ez dago atxekijarik ebanjelijuaren kontra. Logreruben asmuak dira oneek. Euren logrerija edo lapurreta desondrauba edertuteko asmetan ditubee alakuak. Ogei dukat baino emon bagarik, ogeta lau emon dituben papera egin ta... beste onetariko lapurretako asmuak.

 

 

III.

 

        Baina, Jauna, neuri kalte egiten jatala emon neutsan. Ta au gaiti zerbait geijago eruan legijala esaten dabee, dino beste batek. Oni erantzuteko, jakin biar da kaltia zelakua dan ta zeinbat dan. Egija da, noberak popuertza eskubetan biar dabena emoteko ez dau Jaungoikuak aginduten, ezbada orduban nobera ainbagarik irago leitekiana. Neuk zentsuan iminteko neukan diruba emon neutsan, dino batek. Traturako neukana emon neutsan, dino beste batek. Etxerako neukan laboria emon neutsan ta gero geijago pagau biar izan neban, dino beste batek. Zentso bat aterateko neukan diruba emon neutsan; ta a gaiti egon zan neure kontra zentsua...

        Onetara joten dabee, kristinaubak, proximuari zerbait itxanian emonagaz euki zinaizan kalte guztiak. Edo da irabatziko zendukiana ez irabatztia. Edo da galduko ez zendukiana galdutia. Beste atxekija gaiti ezin artu legi emoten dana baino geijago, lapurretan egitiaren beian. Baina noberak eskubetan biar daben gauzia inori itxanian emon deutsalako badauka kalte jakina, ziartuba ta zuzena, orduban zerbait eruan legi emonaren gainera. Dinot, badauka kalte jakina, ziartuba ta zuzena. Ustezko kaltiak, menturazko kaltiak, zer egingo neban ez dakidaneko kaltiak ez dira, ez kalte jakinak, ez ziartubak, ez zuzenak. Logrerubak esatia: Ari emon neutsan diruba, menturaz zentsuan iminiko neban. Menturaz tratu puska bat artuko neban. Menturaz beste konbenienzija bat izango neban; ta beste onetariko menturazko irabatzijak edo kaltiak, ez dira, ez kalte jakinak, ez ziartubak, ez zuzenak. Eritxikuak, destajukuak, menturazkuak edo galdu gordekuak dira. Ta onako menturazko kaltiak edo irabatzijak gaiti ezin eruan legi ezer bere emonaz gainera, lapurretiaren beian.

        Esan legi logrerubak: Ari emon neutsanagaz zentso bat aterako neban, edo etxian palta neban laboria merkiago erosiko neban, edo solo barri bat ausiko neban... ta onetan kalte jakina daukat ari emonagaz. Ta bazeunkan beste dirurik zentsua atarateko, laboria erosteko edo solo barrija austeko? Bai, jauna, ainbeste modu baukat. Bada, ari emonaz ostian badaukazu zegaz erremedijau orreek kaltiok, ez da proximuari emon deutsazulako. Ta orregaiti ez da ari emoneti zuzen datorren kaltia. Ta ezin eruan zinagijo ezer bere, emonaz gainera. Etxazu ari emonagaz kalterik etorri, asmo orreek zegaz erremedijau ostian daukazunian. Esan legi logrerubak: Jauna, tratuban edo zetan edo atan irabatziko neban ari emon neutsan dirubagaz, emon ez baneutsa. Baina onek bere lenago diruba daukala traturik egin ez badau, tratuko arriskubetan sartu bagarik etxian edo kanpuan diruba gordeta geldi euki oi badau, kasik ezagun da ustezko kaltia dala onena, menturazkua dala. Ez kalte ziartuba. Preminako bat eske etorri ez balitxako negarrez erreguka zerbait geijo agindubaz, traturik gogoratu bagarik ari emon eutsan diruba gordeta eukiko eban. Bada, onan izan ezkero, ezin eruan legijo emon deutsan baino geijago, lapurretiaren beian.

        Baina, Jauna, kalte jakina neukala emon neutsan. Eskubetan palta egiten eustan diruba emon neutsan. Neuk gero etxian biar neban laboria errukituta emon neutsan. Ta kalte andija daukat, zuzen irabatziko nebana irabatzi ezagaz. Ta galduko ez nebana galdubagaz, ari emon neutsalako. Egiija esateko, dirautsut, neure entzula onak, ikara egiten dodala azkeneko oni erantzuteko. Irabatzi biar neukiana ez irabaztia: lucro cesante. Ta galduko ez nebana galdutia: damno emergente, dira berba batzuk, esan ezin legijan beste logreruren arima inpernura eruan ditubeenak, dino juizijozko Aita Jose Pranzisko Isla jesuita jakitunak. Esaten jako, bada, botikako onegaz, alan kalte jakinagaz ta zuzenagaz inori itxanian zerbait emon deutsanari, artu legijola atzera zerbait geijago emon deutsan baino, daukan kalte jakina ta zuzena gaiti. Ez, aurraz emotia gaiti. Ez, egin deutsan mesedia gaiti. Ez, alan emonak galduteko berez daukan arriskuba gaiti. Ez, atzera kobretiak berez dakarren zeregina gaiti. Ezbada zuzen ta egijaz, illgo danian legez, daukan kaltia gaiti. Ta orduban kondezinoe bigaz: Bata da esatia aurraz gauziaren eske juakonari, ari emonaz daukan kaltia gura badau bere kontura artu dagijan edo itxi dagijon. Bigarrena da, emonaren gainera ez artutia kalte jakina ta zuzena baino geijago. Eleisiaren edo errege jaunen legiak iminita badago zeinbat eruan legijan emonaz gainera, ainbeste. Ta ez geijago. Ez badago legez senailauta zeinbat eruan legijan, juizijozko ta konzienzijazko konpesore edo jakitun batek esaten dabena. Ta ez geijago. Beste eruate guztiak, emonaz gainera, lapurretak dira. Logrerijak dira. Eskatu daijogun, kristinaubak, Jaungoikuari, egiija oneek ezaututeko argija ta arimako grazija, zeinegaz jadiitxiko dogun zeruko ondasun betikua. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa