www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

nos eta zelan pekatu egiten dabeen agindu onen kontra gurasuak, umiak ta otseginak.

 

        Jaungoikuak emoten deutsku, neure entzula onak, munduban bizi izateko biar doguna. Onen artian kontetan da ondasuna edo eukija. Jaungoikuak emon deuskun ondasuna bakotxari zuzen gordetako da zazpigarren aginduba, zeinek eragozten daben lapurreta guztia. Ta emon deutskuz Jaungoikuak ondasunak, eurakin jaubiak gura dabena egiteko? Ez, kristinaubak. Ondasunak jaubiarenak izan arren, ez dira alperrik galduteko. Ez dira borondate gaistuari ta gurari txarrai naikua eragiteko. Ez dira Jaungoikuak emondako ondasunak, Jaungoikuaren ondriaren kontra pekatubetan kastetako. Uts egite bi dagoz gauza onetan. Bata, ondasunak larregi maitetutia. Au kodizijotsubena da. Bestia, Jaungoikuak eragotzitako gauzetan ondasunak kastetia. Au ardura bagako kastalarijena da. Bijak dira pekatu, gitxiago edo geijago. Ta geijenian bitzubak austen dabee zazpigarren agindu santuba. Areek, inorena ostubaz. Ta oneek, inori emon biar deutseena eurak gaiski kastaubaz. Lelengen lapurretak zerbait esanda geratu dira lengo erakutsijetan. Bigarrenak dira orain azaldauko dirianak. Aituten emongo deutsut bada, kristinaubak, dotrina onetan: 1. Gurasuak nos pekatu egiten dabeen, euren pamelijaren kaltian ondasunak kastaubagaz. 2. Umiak zelan pekatu egiten dabe een etxeko eukijaren kontra. 3. Otseginak zelan paltetan dabeen agindu onen kontra. Entzun egidazu ainbat gogorik oneenagaz.

 

 

I.

 

        Guraso baten zereginak bere seme alabetarako andijak ta asko dira, neure entzula onak. Gurasuak umiari zor deutseena amaren sabelian sortuten dirianeti, euren aginduban dagozan artian, bai bizitzari jagokazan gauzetan ta bai arimakuetan, erakutsita geratu da laugarren agindu santuban zati bat. Beste zati bat esango da bautismoko sakramentuban. Ta orain bakarrik esango deutsut, gurasuak zer egin biar dabeen euren umiai emoteko munduban zegaz bizi izan.

        Sinistu biar dabee, bada, guraso guztiak euren zeregina dala, ez bakarrik seme alabai exenplu ona, dotrina ona ta konseju onak emotia zerurako bizi ditezan, ezbada baita euren eukijak ta aleginak eskatuten daben eduban, zegaz bizi izan umiai emotia bere. Naturaleziak berak eskatuten dabena da au. Orregaiti esaten da umiak zor deutseela gurasuai obeidutia; ta gurasuak umiai zegaz bizi emotia. Berau gaiti gurasuak artu biar dau arduria ta euki biar dau kontu ona, biarra egiteko, bere etxiai, soluai ta basuai edo aziendiari begiratuteko, Jaungoikuak emon deutsazan ondasunak alperrik ez galduteko ta berak, errazoez ta Jaungoikuaren legia ta konsejubak gordeta, irabatzi al dagijana aurreratuteko. Au umiak daukazan guraso guztien zorra da. Eginbiar onen kontra pekatu egiten dabee gurasuak.

        1. Alperrerijan denporia iragota irabatzi biar leukeena irabatzi ezagaz, pamelijak kaltia daukanian. Nekezarijak nekezarijaren moduban, opizijokuak opizijokuaren moduban ta kaballeruak berari jaokan moduban, guztiak biarra egin biar dabee, euren etxiak janduteko, soinak janzteko ta pamelijari zegaz bitzi emoteko. 2. Pekatu egiten dabee gurasuak, (batez bere emakumiak ta baita gizonak bere emaztiari edo umiai parkatuten deutseelako) egunian eguniango modetan ta etxeko eukijari ez jaokazan jantzijetan, pamelijarentzat biar leukeena kastetan dabeenian. Dendan zorra, konpiterijan zorra, zapatarikuan zorra, leku guztietan zorra, areek pagetako modurik ez ta beti moda barrija ta ez jagokan jantzija soinian. Au pekatu da. 3. Pekatu egiten dabee gurasuak, alperrak izan ez arren, ordikerijetan, joko larregijetan, pekatuko adiskidetasunetan ta bide bagako auzijetan euren dirubak kastetan ditubenian.

        Ebanjelijoko seme kastalarijak legez, lagun gaistuakin ta luxurijan kastetan dabee, seme alabentzat gorde biar leukena askok. Zeinbat onako etxegalzaille nasai! Beste batzuk gau bateko jokuan galduten dabee urte guztiko irabatzija edo errentia. Beste askok ordikerijan ta tratu gaistuetan jaaten ditubee euren etxiak. Ta ez gitxik temazko ta bide bagako auzijetan. Zeinbat kaballero, okerrerijetan pobretuta, zorrez beteta, arpegija giza artera ateraten lotsa biar leukeela? Zeinbat opizijoko, alober ona irabazten dabeela ta osasuna daukeela, beti arlote ta beti nekez, peseta bat dabeeneko jokuari emoten deutseela ta emaztia ta umiak gosez ta biloxik daukeezala? Zeinbat etxagun ordi, etxiak konkursauta, umiak eskerako bidian isten ditubeela? Geure errijetan onetarikuak diriana edozeinek daki. Bada, esaten jakue guztiai, zazpigarren agindu santuba austen dabeela, alperrerijan, jokuan ta okerrerija gaistuetan pamelijak biar leukiana kastetan dabeenian. Ta ez daukee zetan pensau, ondasunak eurenak ditubeela nai dabeena eurakin egiteko. Ondasunak nai gurasuetati etorrijak, nai inok emonak, nai norberak irabatzijak, ez dira pekatuko bidetan ta gaiski eginetan kastetako, ezbada errazoiak ta ebanjelijo santubak aginduten daben moduban zabalduteko. Etxia ta etxeko pamelija jagokan moduban serbiduta, gainerakua pobriari emoteko. Ta umiak daukazan gurasuak, bere eginbiarrai kobru emonda, errazoezko ta eukijagazko aginzarijak ta limosnak eginda, gainerakua umiai zor deutsee. Jakin bada, kristinaubak, alako gurasuak austen dabeela zazpigarren aginduba ta egiten dabeela pekatu mortala, gauza andira elduten dirianian. Baita seme alabak bere austen dabee zazpigarren agindu santuba. Ikusi daigun zelan.

 

 

II.

 

        Gurasuakin ta gurasuen aginduban bizi diran seme alabak modu askotara pekatu egin legijee zazpigarren agindubaren kontra. Lelengo: Alperrerijari emonda, gurasuai biarrian ta euren lanetan lagunduten ez deutsenian. Gurasuak etenaz biarrian, umiak azteko; ta ume azijak alperrerijan, gurasuen odola txupetan. Zeinbat seme ta alaba alper ta burugin ikusten dira azita orreetan? Zelan ta nundi bizi dirian inok asko ez dakijala? Ta auzuak deungaro esaten dabeela? Izan leiteke au gurasuen erruba ta umen pekatuba. Baina gurasuen erruba ez bada bere, umen pekatuba da. Ta ez sustrai txikikua. Bigarrenian: Pekatu egiten dabee seme alabak, gurasuak agindu deutsen opizijuan edo ikastian aleginaz ta errazoez dendatuten ez dirianian. Geijago ikasi legijela ta ikasi biar leukela, ikasten ez dabeenian. Kastau eragiten deutsee gurasuai euren nagitasuna ta ardura gitxija gaiti, biar leukeen baño geijago. Ta au gurasuai ostutia legez da. Irugarrenian: Pekatu egiten dabee seme alabak, jan edan larregijetan, joko gaistuetan ta pekatuko ibiltetan ta lagunakin kastetan dabeenian. Laugarrenian: Gurasoen ixilik, etxeti laboria, diruba edo beste gauzak ostuten ditubeenian. Gauza jakina da, kristinaubak. Gurasoen ixilik edo gurasuaren errazuazko naijaren kontra umiak etxeko gauzak artu edo kastetan ditubanian, egiten dau lapurretan. Ta gauza andira eldu ezkero, atzera biurtu biar dau. Aitari eta amari zerbait ostuta pekatu ez dala esaten dabenak, illten dau bere arimia. Particeps est homicidae, dino Espiritu Santubak. Beste ainbeste esaten da, senarraren errazuazko naijaren kontra gulerijetan, joko txarretan, moda gaistuetan ta pekatuzko tratubetan kastetan daben emaztia gaiti.

        Egiija esateko, penagarrija da ta ez etxe gitxitan jazoten dana. Aita bat izerdija darijola dabil bere bizi moduban zerbait irabazten, emaztia ta umiak jandu, jantzi, jaso ta lagun artian bizi izaten iminteko. Ta menturaz, erosita ekarri daben laboreti, edo zorra pagetako ozta batu daben diruti, edo urterako nekez egin daben okela puskati ostu dagijola emaztiak edo umiak burugintzarako, gulerijarako, tabernarako edo jokorako? Oostu dagijuela plazarako ta piestarako ta saraurako soineko barrijak egiteko, etxian daukan laboria, diruba edo irabatzija? Ez da au gizon bati jazo lekijon penagarririk andijena? Asko dira bada, kristinaubak, alako seme alaba lapurrak. Ta ez gitxi emazte buruginak ta etxe galzaillak. Sitsak soina jaten daben legez, kasik sentidu bagarik, etxia pobretuten dabeen amaak ta umiak. Lapurrak dira oneek guztiok Jaungoikuaren begijetan.

        Ta ezaututen ete ditubee eurak euren pekatubak? Ez dakit. Gauza bat esan negi. Ta da, guraso alperrak ta ordijak, jokolarijak, tratu gaistuetan emakumekin urte askotan ibili dirianak ta okerrerija inpametan etxia saldu, aziendak zorpetu ta umiak pobretu ditubeenak; premina bagako txokolate, ardao, merijenda, mizkinerija, adiskidetasun ondo pagau ta jantzi sobraubak gaiti etxiari luur jo eragin deutsen edo kastu andijak egin deutseezan emaztiak; ta gurasuen naijaren kontra, edo ostuta, edo alperrerijan, edo beste maina txarretan gurasuai kastau eragin deutseen umiak; oneek, dinot, nekez konpesau oi dabeela etxeko aziendiari ta eukijari egin deutseen kaltia. Jokolarijak ez dau konpesauko pamelija pobretu dabena. Emakume ordijak ez dau esango, etxian ostuta edaaten dabena. Semiak edo alabiak ez dau esango, urtia ezer ikasi bagarik irago jakona ta gurasuai alperrik kastau eragin deutseena. Ta ezda etxian ostutako jan gauziagaz, adiskide ez onari merijandia sarri emon eutsana bere. Bada, jakin, neure entzula onak, (onako gauzarik jazo bajatzu, nai aitari, nai amari ta nai umiai) aparteko pekatuba dala zazpigarren agindu santubaren kontra, esan dan moduban etxeko ondasunak kastetia. Pekatu mortala nos dan ta zetaragino dan ta zelan erremedijau biar dozun, esango deutsubee zeuben konpesore jaunak.

 

 

III.

 

        Seme alaben ondorik dira otseginak ugazabai egin oi deutseezan lapurretak ta kaltiak. Otseginen ordekuak legez dira aloberekuak. Baita moduren baten errenterubak bere. Guztientzat balijo daike dotrina onek. Bada, bata gaiti esaten dana jaoko bestiai bere. Otseginen lapurretak aitatu zirian laugarren aginduban. Baina ez da errazoeti kanpora izango orain barriro esatia.

        Onetarako pensau biar dozu, neure entzula onak, begi illunak eta bista laburra daukaguzala, geure paltaak ikusteko. Ta txito zolijak ta argijak, inorenak ikusteko. Itsutasun au gaiti uste dogu bestiak obeto bizi diriala geu baino. Ta artu emona badaukagu inogaz, uste dogu geuk mesede geijago egiten deutsagula ari geure tratubetan ta artu emonetan, berak geuri baino. Alan, otseginak uste dau ugazaba obeto bizi dala, bera baino. Ta bere otsegintzako biarragaz ugazabari obeto juakola, soldatiagaz berari baino. Besteti, ugazabak uste dau mesede egiten deutsala otseginari, etxian eukijagaz. Ta bere etxian legez, ez aurreratu ta ez bizi egingo leukiala beste leku baten otseginak. Aloberekuak uste dau, biar geijago egiten dabela alobera emoten deutseen baino. Ta aloberekuak daukazanak uste dau, aloberik erdija bere irabazten ez dabeela. Errenterubak uste dau, errenta andijegija daukala; ta errentiaz gainera bere ugazabak sarri kansetan dabela. Ta ugazabak uste dau, etxia merke daukala; ta bere errenterubak ondo bizi diriala edo bizi leitekezala ondo, biarra egin ezkero.

        Ara emen, kristinaubak, ugazaba, errenteru, alobereko ta otseginen lapurreta askoren asieria. Ta ez kasta onekua. Bada, geijenian ostuten deutsee alkarri konzienzijako pena bagarik. A baino geijago berari eruaten deutsalako. Alan aloberekuak ta otseginak pekatu egiten dabee zazpigarren agindubaren kontra: 1. Jagokuen beste biar egiten ez dabenian. Ta jagokuena izango da, eurak deritxuena? Ez, ezbada euren etxian eurentzat egingo leuken edo egin biar leuken tertzijua. Au da errazuazko jagokona. Urtiaren asierati amaira otseginak ta aloberekuak lapurreta andija egin legijee onetan. 2. Lapurretan egiten dabee, soldatiaz ta aloberaz gainera etxeti ixilik gauzak artuten ditubenian, soldata edo alober txikijaren atxekijan. 3. Pekatu egiten dabee otseginak, etxian euren kontura dagozan gauzak euren paltaz galduten dirianian. Edo ardura bagarik laarregi kastaubagaz, edo ugazabaren naijaren kontra inori emonagaz, edo inori ostuten itxijagaz. Maiordomo edo etxeko gauzen kontuba daukan otseginak kalte andijak egin legijoz onetan ugazabari. Ta bere erruz egin jakozanak jaso biar deutsaz otseginak.

        Ugazabak pekatu egiten dau zazpigarren agindubaren kontra: 1. Etxiak merezidu daben baino errenta andijagua errenterubari pagau eragiten deutsanian. Ta nok daki etxiak zeinbat balijo daben? Dakijeenak esango deutsee etxe jaubiai, errenterubaren izerdija ostu gura ez badabee. Luurrak neurtuten ta mojoiak ezaututen jakitia edo geure errijetako peritu izatia uste dot ez dala asko, baseerrijetan etxiai errentak iminteko. Etxe batek luur modu asko daukaz, oi danez. Biar bardinagaz ta onera bardinagaz bere prutu bardina emongo ez dabeenak. Oneek zeintzuk dirian ta zeta[ra]ginokuak dirian peritubak ez daki, oi danez. Auzuan luzaro bizi izan dan nekezari on aitubak obeto daki. Dinot au, kristinaubak, ugazaba askok konzienzija baketuten dabeelako, peritubak etxia tasau edo balijotu dabela esanagaz. Ta auzetako nekezari jakitun guztiak dinue, errenta goria daukala ak etxiak. Bada, balijoti gainerakua ez da ugazabarena. Oh, zeinbat ugazaba, errenteruben odola txupetan dabeenak. Bada, egunen baten pagau biarko da. 2. Ugazabak pekatu egiten dabee, errenteruba errentiaz gainera ta alober bagarik biarrian ta beste balijo gauzetan kansetan dabeenian. Errenteruba ez da eskatuten azartuten. Ta ugazabak, sarri kansau arren, ez deutsa emoten. Ugazaba askok uste dabee, Aprikati erosita ekarrijak diriala euren errenterubak. 3. Pekatu egiten dabee ugazabaak, errentia pagau ta etxiari begiratuten deutsan errenteru ona errazoe edo premina andi bat bagarik etxeti ateraten dabenian. Kalte andija egiten jako errenterubari. Ta kalte andija egiteko, etxia beria izan arren, errazoe edo premina andija biar da. Ugazaben prestuezkerija oneetati dator errenterubak ugazabai lapurretan egitia geijenian.

        Egiija da, bein tratuba egin ezkero, errenterubak pagau biar dau errentia zuzen. Ta ez deutsa ugazabari ezer ostu biar. Alan, lapurretan egiten dau errenterubak: 1. Tratubetan ta ugazabagaz beraren arteko artu emonetan ugazaba engainetan dabenian. 2. Ugazabaren basoti iketza, materijala edo egurra salduteko edo inori emoteko artuten dabeenian. 3. Etxiari, soluai, basuai, arbolai ta beste ugazabak errenterubaren kontura daukazan gauzai, beriak balira legez, begiratuten ez deutsenian. Onan ugazabai egindako kaltiak jaso biar deutsaz errenterubak. Errenteru asko dira txito ardura bagekuak ugazabaren gauzetan. Soluak gijau ez, pruta arbola bat imini ez, leen dagozanak galdu, basuak triskau, ikezgeijak ta materijalgeijak erre edo saldu ta etxe barruba birrindu egin oi dabee errenteru askok konzienzijako pena bagarik. Alako errenterubak ez dabee etxerik merezietan. Alkarri egin oi deutsee sarri lapurretan ugazabak ta errenterubak. Batak modu batera ta bestiak bestera. Baina Jaungoikuak batarenak bere ez ditu ontzak emongo.

        Gogoratu bada, kristinaubak, dotrina onetan entzun dozuna. Ez aaztu, gurasuak, ze ardura andijagaz kontu egin biar deutsezun zeuben umentzat Jaungoikuak emon deutsun eukijari. Ez da emen esaten kodizijoso izateko, (bostgarren aginduban esan zirian onen kaltiak) ezbada esaten da, alper ta kastalari ez izateko. Begiratu, umiak, zelan lagundu biar deutseezun gurasuai, alperrerijan ta bide gaistuetan areek daukena kastau bagarik. Ikasi, ugazaba, errenteru, alobereko ta otseginak, zeubenagaz naikotuten, zintzo izaten, inoren gauzijari begiratuten, biarra egiten ta inoren izerdijaren bildur izaten. Orduban gordeko dozu guztiok zazpigarren agindu santuba. Eskatu daijogun Jaungoiko zuzenari emon daigula guztioi bere grazija santia, erijotzako orduban bere aurrian agertu gurako dogun zuzentasunagaz munduban bizi izateko. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa