www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zeintzuk dirian kastidadiaren kontrako egitezko pekatubak.

 

        Jakin arren kristinaubak, lotsarizko pekatubak bai zeruban, bai inpernuban ta munduban daukan etxura ezaina, bildurgarrija ta gorrotogarrija, ez badaki nos jausten dan pekatu gaisto atan, palta dau biarreena. Ta ara emen, neure entzulak, ikasikizuna, nos eta zelan pekatu egiten dan kastidadiaren kontra. Onetariko pekatu batzuk dira egitezkuak edo obrazkuak. Beste batzuk berbazkuak. Ta beste batzuk nai utsezkuak. Egite, esate ta nai izate loi oneen artian batzuk dira guztiak pekatutzat daukeezanak ta errazto ezaututen dirianak. Oneen gainian ez dago asko zer esan. Baina beste batzuk ta ez gitxi dira eurenez seigarren agindubaren kontrako pekatu mortalak. Ta kristinau askok aintzat ez daukezanak, kristinautzako erakutsija edo dotrinia ez dakijelako. Ezjakin onek euki legiz sustrai asko. Geijenian izango da, edo kristinaubak euren jakin biarrak ikasten dendatuten ez dirialako, edo biar litzaatekian argijagaz ta erabagijagaz erakusten ez jakuelako. Seigarren aginduko pekatubak dirianak legez lotsarizkuak bai esateko ta bai entzuteko, jazoten da askotan, beste kristinautzako jakin biarrak kura jaunak ta predikadoriak ziatz ta argiro pulpitoti predikauta, kastidadiaren kontrako pekatubak kristinau pielai erakusteko atzerapena edo lotsia eukitia. Edo gauza naastaubak dirialako, edo berba ezainen batek aoti urten ez dagijuen bildurragaz, edo Erromako Katezismuak dinuan legez, erremedijuaren lekuban berenua zabaldu ez dakijen arduraz.

        Dan moduban dala, ezin ukatu ginai, agindu onetan txito ezjakin andija daguana kristinauben artian. Au gaiti, konpesinoe asko barristau biar oi dira. Ez umeenak bakarrik. Baita nausijenak bere. Baita zaarreenak bere. Baita gauza jakina da, onetariko ezjakinak geijenak diriala Jaungoikuaren begi argijetan pekatuzkuak. Erromako Katezismuak berak erakusten deutsku zelan austen dan seigarren agindu santuba. Ta da eginagaz, esanagaz ta nai iza nagaz. Edo, esan oi dan legez, seigarren agindubaren kontrako pekatubak dira obrazkuak, berbazkuak ta konsentimentuzkuak. Dotrina onetan esango deutsut, zeintzuk dirian kastidadiaren kontrako egitezko pekatubak. Ta geroko erakutsietan, berbazkuak ta naizkuak. Eskatuten deutsut ostera bere, kristinaubak, zeuben orazinoia, entzuteko presta eta garbija ta uste zuzena, biar dan modestijagaz ta osotasunagaz erakutsi dagizudan ta ikasi dagizun, zer dan kastidadiaren kontrako adulterijua, pornikazinoia, sakrilejijua, senikerako pekatuba ta naturaleziaren kontrakua.

        Adulterijua: Adulterijua da, ezkonduta daguanak beste bategaz aragizko pekatuba egitia. Bijak badira ezkondubak, gizonezkua ta emakumia, orduban dira adulterijo bi. Adulterijoko pekatubak injurietan ditu Jaungoikua, matrimonioko sakramentuba ta laguna. Kastidadiaren kontrako pekatuben artian ez da txikijena adulterijoko pekatuba. Seigarren aginduban Jaungoikuak leleengo eragotzi ebana da. Lapurretia baino andijagotzat ta ezainagotzat emoten dabee erakuslaak. Beragaz dakaz adulterijoko pekatubak geijenian eskandalubak, zeluak, bitzitza galduba ta umiak aita nor dabeen ez jakitia. Orregaiti legeginak begiratu deutsee beti lotsarizko pekatu oni gorroto mortalagaz. Jaungoikuak agindu eban bere legian, gizon edo emakume adulterijogina illteko. Kristinautza barrijan, ebanjelijo santubaren asieraan ez jakon eleisan sartuten isten adulterijoginari, dino Bona kardenal jakintsubak. Aurelianok agindu eban, adulterijoko pekatuba egiten ebeen gizona ta emakumia, alkarri kaderetati lotuta, arbola bateti esegita, bijak buruz bera illteko. Saxonian emakume adulterijogina ito egiten ebeen leleengo. Ta gero erre gorputz itua. Ta gero gorputz erriaren gainian urkatuten ebeen agaz pekatu egin eban gizona. Ejiton azotau egiten ebeen emakume adulterijogina. Ta gero suurra ebaten eutseen, ezagun izan zedin. Jaungoikuak lege barrijan berba gitxiagogaz amaitu eban san Paulo apostolubaren aoti adulterijoginen sailla esanagaz, adulterijoginak ez diriala zeruban sartuko. Au gaiti begiratu biar deutsee kristinaubak ezkontzako sakramentu santubari, jagokan garbitasunagaz ta lotsiagaz.

        Pornikazinoia. Pornikazinoia esaten jako, gizonezkuak eta emakumiak alkarregaz egiten dabeen aragizko pekatu loijari, bijak libriak dirianian... Persona libriak alkarregaz aragizko gauza loijak egitia pekatu mortala dana, pedeko erabagija da. Espiritu Santubak esaten dau leku askotan, emakume galdubetati alde egiteko, pornikazinoerik ez egiteko. Ta san Paulo apostolubak dino, pornikadoriak ez diriala zeruban sartuko, zeinegaz erakusten daben pekatu onen anditasuna ta ezaintasuna. Iges, bada, urrin, kristinaubak, Apostolubak dinuan legez, pornikazinoeko pekatu loijetati.

        Sakrilejijua. Kastidadiaren kontrako sakrilejijua da, garbitasunaren eskinija edo botua Jaungoikuari eginda daukan personiagaz aragizko pekatuba egitia, nai dala gizona nai dala emakumia botoduna. Baita sakrilejijozko pekatuba da edozeinentzak, eleisan edo leku sagraduban aragizko pekatuba egitia bere. Zerubak eta luurrak gorroto deutsee sakrilejijozko pekatu loijari. Bada, bein Jaungoikuari bere naiz eski[ni]tako gorputzeko garbitasuna edo kastidadia galdutia ta austia, txito gauza ezaina ta lotsari andikua da Jaungoikuaren aurrian. Baita mundukuen aurrian bere. Ez dago berbarik alako gizonak nai emakumiak Jesus, birjinen Esposo garbijari egiten deutsan injurija ta aintzat eza aitu eragiteko. Beste ainbeste, eleisaan, Jaungoikuaren etxe bedeinkatuban, leku sagraduban pekatu loijak egitia da guztiz ezaina ta zeru guztiaren gorrotokua.

        Ez dakit au dan lekuba zerbait esateko, orrako eleisapetan ta ermintapetan piesta egunetan ta beste askotan gizon ta emakume naaste egiten dituben dantza desonestubak gaiti. Gauza bat esan neike, leku askotan egiten diriala lotsa gitxigaz. Kura jaunak eta errijetako burubak kendu legijee Jaungoikuari bere etxe santuban egiten jakon desondra andi au. Kastidadiaren kontrako sakrilejijo oneek autortu biar dira konpesinoeko sakramentuban. Bada, egite bategaz austen dira lege asko; edo leku sagraduban pekatu loija egin dabelako, edo konsagrautako personiagaz egin dabelako, edo kastidadeko botodunagaz egin dabelako. Ta egite bat izan arren pekatuzkua, zeinbat lege austen dituban egite agaz, ainbeste pekatu egiten ditu. Ta esan biar dira konpesinoian, inor izentau bagarik. Beste ainbeste esaten da adulterijoko ta senikerako pekatu loijak gaiti. Oneek bere konpesau biar dira, ala ezkondubagaz edo senidiagaz edo senide ezkondubagaz egin ziriana.

        Senikerakua. Kastidadiaren kontrako senikerazko pekatuba da senidiak alkarregaz aragizko pekatuba egitia. Senikeria izan leiteke edo berez etorrija edo iraatsija. Berez etorrija da gurasuetati umetara datorrena. Aita ala bak, ama semiak, neba arrebak, loba osabak edo izekuak, leengusu leengusinak, ta alan beste ondorenguak laugarren gradu edo belauneragino. Iraatsija esaten jako ezkontzati datorren senikeriari. Koinatu koinatak senide dira. Baita koinatiaren berezko senidiak bere koinatubaren senide dira. Ta koinatubaren senidiak dira koinatiaren senide iraatsitako senikeran. Norberaren odolari jaokan lotsa ona edo errespetua gaiti eragotzita dago, seigarren agindubaren gainera, senidiak alkarregaz pekatu egitia. Bautismo santuti dator beste senikera bat batiatuten danaren, aren gurasuen ta aita ta ama besuetakuen artian jaijua. Oni esaten jako espirituzko senikeria. Seniden arteko aragizko pekatubak autortu biar dira, bada, konpesinoian. Ez bakarrik pekatu egin dana, ezbada baita senidiagaz ta ze gradutakuagaz egin dan bere. Aragizko pekatuba noberagaz egin dabenaren bigarren graduraginoko senidiagaz ezin inor ezkondu legiteke, ezkontziak balijo dabela, Eleisiak senikerako katiguba kendu bagarik. Kura jaunak euren erakutsijetan ta konpesore jaunak euren erabagijetan au goguan eukijagaz, uste dot, balijo bagako ezkontza askori atia itxiko leuskijuela.

        Naturaleziaren kontrakuak. Naturaleziaren kontrako pekatubak esaten jakue beste kastidadiaren kontrako pekatu batzubei. Ta dira iru modutakuak: 1. Noberak bakarrik bere gorputzian egiten ditubanak. 2. Ganadubagaz egiten dirianak. 3. Sodomatarren pekatuba esaten jakuenak.

        1. Noberak bakarrian gusto loijak gorputzari emotia bere naiz pekatu mortala da, bai ezkondubentzat ta bai libreentzat. Ta zeinbat bidar egin daben, ainbeste pekatu mortal egin ditu. Ta gogora ekarri al dagizan guztiak konpesau biar ditu. Onako naturaleziaren kontrako pekatu ezainen gorrotua erakutsi eban Jaungoikuak, Her eta Onan, anae bi alako pekatubak gaiti ill ta inpernura bota zitubanian. San Paulo apostolubak beste pekatu andi ezainen artian kontetan dau noberaren gorputzagaz egindako pekatu loija ta alderatuten dau zeruti.

        2. Ganadubagaz pekatu egitia da guztiz gauza deungia. Pedia ukatutiaren urrera elduten dana, esaten dabee erakusla batzuk, errazoezko arima bagako ganadubagaz bat egiten dalako. Asko da gogoratutia, lege guztiak aginduten dabeela, ganadubagaz pekatu egiten daben gizona edo emakumia illteko. Baita legegin batzuk, ganadubagaz beragaz plazaan bitzirik erreetako bere.

        3. Sodomatarrena esaten jakon pekatu loija da, gizonezkuak gizonezkuagaz ta emakumiak emakumiagaz lotsarizko pekatuba egitia. Esaten jako sodo matarrena, erri madarikatu areetako jentiak alan pekatu egiten ebeelako. Jaungoikuak onetariko pekatubak gaiti erri zorigaistoko areetan egin zituban kastigubak ta itxaso ill arre eginda erri areek geratu ziriana, esan da bostgarren ikasikizunian. Pekatu andija ta txito ezaina da gizonezkuak gizonezkuagaz ta emakumiak emakumiagaz gusto loijak artutia. San Paulo apostolubak, beste esan dirianak legez, alderatuten ditu zeruti alako errazoiaren ta naturaleziaren kontrako pekatari loijak.

        Kastidadiaren kontrako egitaden artian kontetan dira, neure entzula onak, esan dirian pekatuben gainera, mosuka loijak, eskuka loijak, oratute loijak ta beste aragijari gusto emoteko azalkerija loijak. Onako egite laban, loi ta ezainak gaiti esaten da, kristinaubak, ezauberaz ta naiz aragijaren gusto loija gaiti izan ezkero, nai egitia ta nai egiten istia pekatu diriala. Adiskidetasunaren ta usadijuaren izenagaz kristinau askok garbitu gura oi ditubee onetariko pekatu mortalak. Baina engainetan dira. Naturaleziaren legiak ta seigarren agindu santubak eragotzita daukez ezkontzati kanporako ta noberaren ezauberazko ta naizko aragijaren gusto loi guztiak. Lege santu oneen kontra ez dago adiskidetasunik. Ez dago usadijorik ta ez dago estalgirik, mosuka, eskuka, oratute ta beste azalkerija desonestubak pekatuti libretan ditubanik. Ez engainau, bada, kristinaubak.

        Esan dirian kastidadiaren kontrako pekatu modu guztietan kontuba euki biar da konpesinoian autortuteko ezkonduba dan, senidia dan, persona konsagrauba dan, edo garbitasuneko promesduna dan ta leku sagraduban dan edo ez dan. Bada, leen aitatu dan legez, onakuen pekatu loijak ta oneekin egindakuak beti daroie eurakin aparteko lege austia, luxuri[j]azko pekatubaz ostian, edo enkontziaren kontra, edo senikerako odolaren kontra, edo ordia sagrakubaren kontra, edo erlijinoeko ontasunaren kontra, edo leku sagraduko santidadiaren kontra. Au berau esaten da nai utsezko pekatu loijak gaiti. Bada, nai utsezkua edo konsentimentuzkua izan arren, pekatarija zeinbat legegaz katiatuta daguan, ainbeste pekatu egiten ditu, nai bategaz guztiak austen ditubanian. Ta esan biar dau konpesinoian zeinbat lege ausi dituban edo zeinbat legegaz katiatuta eguan, ondo konpesauko bada.

        Jaso daiguzan, kristinaubak, luurrezko gauza oneetati zerurutz geure begijak. Eldu gaitezan Ama Birjina guztiz garbijaren oinetara. Eskatu daijogun zerubetako Erreginari espirituzko atseginen ta gustuen gosia, luurreko gusto ezain oneen gogobetia ta arimako ta gorputzeko garbitasuna ta beti bere krijadu ta krijada leijal ta garbi izateko grazija. Oh, Birjina ederra! Oh, Birjinen Erregina ta Ama! Jadiitxi egiguzu bardin bagako mesede au Jesus zeure Seme matiaganik, zeure ta beraren naijan mundu onetan bitzi gaitezan. Ta gero beti zeruban maitetu daigun zeugaz Jaungoiko betikua, Aitia, Semia ta Espiritu Santuba. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa