www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer aituten dan gurarijaren izenagaz.

2. Zeinbat modutarakuak dirian gurarijak.

3. Nos dirian onak eta nos txarrak.

 

        Erromako Katezismuak beredatzi ta amargarren agindubetako erakutsijan txito kontu andija dauka, neure kristinaubak, geuri aituten emoteko zer dan, zeinbat modutakua dan ta zetarikua oi dan gizonaren gurarija. Au gaiti pultituetati ta ostian bere entzun oi dozu sarritan, gurari txarrak, apetito gaistuak, inklinazinoe deungak, antoju inpamiak ta beste onako geure gogoko gatx betiko bat edo sustraizko bat esan gura daben berbetia. Ez ain argija ta erreza bere, dotrina puska bat ozta baino geijago ez dakijan kristinaubak aituteko. Au gaiti pensau dot erakutsi onetan zeubei aituten emotia: 1. Zer esan gura daben gurarijak. 2. Zeinbat modutakuak dirian. 3. Zelakuak dirian.

 

 

I.

 

        Gurarija ez da beste gauzarik, neure entzula onak, orain esaten danez, ezbada gizonaren edo emakumiaren goguan sortuten dan edo jaijoten dan ez daukazan ta ondo deritxuen gauzeen eskia edo naija. Gurarijak izan biar dau, ez daukazan gauzeena ta ondo deritxuen gauzeena. Alako gauzeen naija edo eskia sortu dakijonian gizonari edo emakumiari bere goguan, bere-kauten dua gizona edo emakumia gauza aren ondorik, jadiitxi aldagijana bada goguak eskatu deutsan gauzia ta errazoiagaz atzera eragiten ez badeutsa gurarijari. Gurarija berez ez da amodijua, dino santo Tomasek, ezbada amodijuak ateraten daben, ez daukagun ta ondo deritxagun gauziaren eskia edo naija. Gurarija ez da gauza onak geure gogora dakarren poza bere. Bada, pozak urteten dau gogoti, nai daben gauzia ya beragaz daukanian, dino santubak berak. Baina gurarijaren izatia da, ez daukanaren naija edo ez daukanaren gogoko eskia. Alan, gizonaren edo emakumiaren gogua, ez daukan ta ondo deritxon gauziaren eske eta naijan, tiraka legez, biztuta legez edo abijetara legez iminten dabelako gurarijak, esaten deutsa Akilles abatak gurarijari diabrubaren aztia. Manubrium dæmonis. Bada, gurarijak bagarik etsaijak ezer bere ezin legi munduban. Gurarijetati oratuten deutsa diabrubak gizonari edo emakumiari. Berak irakoi edo sortuten ditu geure goguan gurari deungaak, batian bata ta bestian bestia. Ta andi oratuten deutsa gero arima tristiari, zaldijari kabuti oratuten jakon legez.

        Gurarija amai bagakua da, dino santo Tomasek. Bada, geure adilliaren edo entendimentubaren asmuak eldu legitekezan lekuragino eldu legitekez geure gurarijak. Gizonaren asmuak ta pensetak ez daukee amairik, ez neurririk. Beti juan leitekez geitubaz ta zabaldubaz. Bada, alan dira gizonaren gurarijak bere, dino Santubak berak. Au goguan euki biar dabee kristinaubak beti, euren gurari gaistuai neurrija iminteko. Nos aseko ete da kodizijosua diruz? Ill dedinian Nos esango ete dau aginduguriak, oraintxe ondo nago? Inos bere ez. Alexandro Andijak negar egiten eijeban mundu bat baino ez egualako. Gizonak illaz ta luurra odoldubaz, erreinu asko irabatzi zituban. Munduko guztiak irabazteko ustia eban. Ta gitxi eritxon mundu guztiari bere agindu lekutzat. Nos aspertuko ete da aragizkua gorputzaren gustoz? Zaartuta bere ez. Agura zaarrak ta juezak, lotsa puska bat euki biar ebeenak, zirian santa Susana garbija galdu gura eukeen gizon bijak. Baina zaartuta bere gurari loijak ixiota eukazan euren goguak. Nos in concupiscentia tui sumus. Zugaz pekatu egiteko amodijo loijak erreetan gaukaz, esan eutseen juez zaar biak santa Susana garbijari. Ta egiten ez badozu geugaz pekatu, geuk esango dogu beste bategaz pekatu egiten topau zaitugula ta arrika illgo zaitubee jente guztiaren aurrian.

        Oh gurari itsubak, neurri edo amai bagakuak ta kaltegarrijak! Bildurtu, kristinaubak, bildurtu erne txarreko gurarijakin. Bein jorratuten badituzu edo erregarijetan badituzu ezauberiagaz zeuben goguan, laster aziko dira. Laster artuko dabee kanpo andija. Laster itsutuko zaitubee. Ta laster izango dira amai bagakuak. Edo zeubek betiko amaituko zaitubee. Baina, aurrerago irago bagarik, ikasi biar dozu, neure entzula onak, zeinbat modutakuak dirian gurarijak. Bada, ez dira guztiak deungak.

 

 

II.

 

        Izan leitekez bada, kristinaubak, geure gurarijak modu askotarakuak.

        Lelengo: Izan leitekez gurarijak geure izatiak berez eskatuten ditubanak. Berez gura dau gose danak janarija, egarri danak edaatekua, biloxik daguanak jantzija, otz danak berotutia, lotuta daguanak askatutia, gaixuak osatutia, itsubak ikustia. Ta beste onetariko gurari asko dira, geure izatiari berez noraezian darraikozanak. Onako naturalezazko gurarijetan, dino santo Tomasek, ganadubak eta geu bardinak gariala. Geuri geurez etorten jakuzan legez gurari oneek premina orduban, alan etorten jakuez ganadubai euren premina ordubetan. Egiija da, ganadubak errazoerik ez daukeen legez, areen gurarijak beti dira naturaleza utsezkuak. Baina gure gurarijak, santo Tomasek berak esaten daben legez, errazoian ta naturalezan bijetan daukee sortueria. Orregaiti, geure naturaleziari berez jagokazan gurarijak bere, errazoiak neurtu ta zuzendu biar ditu.

        Bigarrenian: Izan leitekez gurarijak, geure izatiak berez eskatuten ez ditubanak; baina geure ustiak ontzat daukazanak. Ta geure goguan on ustekotzat sartuta dagozan gauzeenak. Alan gura ditugun gauzak ez dira guztiz biarrekuak. Ta ezda gitxiago bere, geure izatia gordetako edo geu bizi izateko. Bada, asko bizi dira ain bagarik. Baina dira geure burutazinoiak, baleukaz, ontzat artuten ditubanak. Ta burutazinoiaren ondo eristeti jagiten da goguan euren gurarija edo baleukazko naija. Emen asten da, san Paulo apostolubak dinuan aragijaren ta espiritubaren gerria. Caro enim concupiscit adversus spiritum: spiritus autem adversus carnem: haec autem sibi invicem adversantur. Aragijak daukaz bere gurarijak espiritubaren edo arimiaren kontra. Ta espiritubak edo arimiak daukaz bere gurarijak aragijaren kontra. Geure gorputza ta arimia beti dagoz gerran euren gurarijetan. Haec sibi invi cem adversantur. Bada, arimiak edo espiritubak berez beti gura ditu, Tertulianok esaten daben legez, gauza onak, zuzenak, garbijak, errazuazkuak ta santubak. Anima christiana est. Baina gorputzak berez, beti gura ditu luurrezko gauzak, ustelkorrak ta errazoeti kanporakuak. Au gaiti dino Apostolu santubak berak, jakinak diriala aragijaren gurarijak ta egitiak. Ta zeintzuk? Pornikazinoia, loikerija, berdekerija, luxurija... fornicatio, immun ditia, impudicitia, luxuria... Ta zeintzuk dira espiritubaren prutubak? Karidadia, grazijazko poza, bakia, pazienzija... Caritas, pax, gaudium, patientia.

        Emeti ezaututen da, neure entzula onak, zer dirian edo zer izan leitekezan, alako geure izaterako ez dirian ta geure burutazinoiak aintzat artuten dituban gurarijak. Onetarikuak dira dirubaren gurarija, edertasunaren gurarija, jantzi apaindubaren gurarija, entzute altubaren gurarija, janari ugarijaren ta gozuaren gurarija, edaateko gozuen ta usain gozuen gurarija, soinu ederren gurarija, gorputzerako gauza leunen ta labanen gurarija, atseeta onaren ta sarritakuaren gurarija, lagun maiten gurarija, olgeeta oneen gurarija ta beste milla onako, geure goguan burutazinoiagaz sartuten dirianak ta geu ain bagarik bizi geintekezanak. Bada, munduban asko bizi izan dira, bizi dira ta biziko dira ain bagarik. Ta gu bere bizi geintekez areek bagarik, nai bagendu. Gose danak jan nai izatia, berezkua ta geure izatiak eskatuten dabena da. Baina janarija edo edaarija gozua baino gozuagua gura izatia, burutazinoiaren asmua da. Janari gozua pozagorik jaatia, geurezkua da. Baina osasunezko janari tertzijokua eukita, aren gainera edo ari itxita, geijago ta gozuagua nai izatia ez da naturaleza utsaren gurarija, ezbada burutazinoiarena. Biloxik daguanak zer jantzi euki gura izatia, berezko gurarija da. Baina jant k ija ederra baino ederragua, apainduba baino apaindubagua ta modarik barrijena baino barrijagokua gura izatia, ez da geure izatiaren eskarija, ezbada burutazinoiarena. Ta onan beste guztietan.

        Beredatzi ta amargarren agindubetako erakutsija aituteko, erabagi edo apartau biar ditugu bada, neure entzula onak, alkarreganik, geu bizi izateko biar ditugun gauzen gurarijak ta, ain bagarik irago geintekezala, aintzakotzat burutazinoian sartuten jakuzan gauzen gurarijak. Lelenguak eurenez erru bagakuak edo pekatu bagakuak dira. Baina bigarrenak, borondatiak errazoiagaz ta Jaungoikuaren lege santubagaz neurtu ta legeperatuten ez baditu, pekatu dira. Esango neuke, kristinaubak, onetariko burutazinoezko gurarijakin daukala diabrubak itsututa mundurik geijena. Lelengo begiratuban ez dirudijen legez lege agirijaren kontra, uste dabee kristinaubak atariko burutazinoezko gurarijak ez daukeela neurririk; ta libre dala nai dabenak nai dabena, edo al dagijanak al dagijana gura izatia. Ara emen zelan kristinau askok, baita euren burubak ontzat daukeezanak bere, baita sarri konpesetan dirianak bere, baita pekatu mortaletati urrin dagozala uste dabeenak bere; ara emen, dinot, zegaiti aseetan ez dirian kristinau askoren gurarijak. Zegaiti daukeen amatau bagarik euren goguan, sarri konpesau ta komulgau arren, ondasun geijagoren gurarija, apaindurija geijagoren gurarija, jan edan geijagoren gurarija, entzute andijaguaren gurarija, olgeeta geijagoren gurarija... inos asetu bagarik ta konpesakizuntzat bere artu bagarik. Begiratu bada, kristinaubak, zetarikuak dirian zeuben gurarijak. Examinau ta aztertu zeuben goguak. Itsu itsuban engainauta galdu ez zaitezan betiko.

        Irugarrenian. Izan leitekez geure gurarijak zuzen zuzen legiaren kontra. Oneek dira ostuteko gurarija, inor illteko edo banatuteko gurarija, ordituteko gurarija, kastidadiaren kontrako gurarijak ta beste guztiak lege santubaren kontra dirianian. Legia austeko gurarija bada gauza andijan, izango da pekatu andija. Bada gauza gitxijan, izango da pekatu txikija. Lau errial ostuteko gurarija pekatu anditzat emoten da. Errial bat ostuteko gurarija berez pekatu txikitzat emoten da. Alan beste guztietan.

        Laugarrenian: Izan leitekez geure gurarijak gauza onerakuak. Jaungoikua obeto serbiduteko, lege santuba ziatz baino ziatzago gordetako ta geure arimak salbetako gurarija ona ta santuba da. Norberarentzat bizi izateko ta Jaungoikua obeto serbiduteko berez ondo dirian gauzen gurarija ona da. Erlijinoian sartuteko gurarija, kastidadiaren amodijua gaiti ezkondu bagarik bizi izateko gurarija, estadu santubagua dalako sazerdote egiteko gurarija ta beste onetariko guztiak onak dira. Ta guztia erabagiteko, esaten da berba gitxitan.

 

 

III.

 

        Legia austia dan legez gauza txarra, legia austeko gurarija bere txarra da. Legia gordetia dan legez gauza ona, legia gordetako gurarija bere ona da. Legia austeko okasinoian edo bidian sartutia dan legez gauza deungia, legia austeko okasinoiaren edo bidiaren gurarija bere deungia da. Bizitzia zaintuteko ta gordetako medijuak artutia gauza ona dan legez, bizi izateko biar ditugun gauzeen gurarija bere ona da. Au gaiti esaten dau Erromako Katezismuak, ez diriala geure gogoko gurari guztiak deungatzat euki biar. Ez da, bada, gauza txarra, dino, janarija edo edaarija gura izatia; otz danian berotu nai izatia; edo bero danian preskotu nai izatia. Bada, onako gurarijen indarra Jaungoikuak berak emon euskun geure izatiagaz. Baina, lelengo geure gurasuen pekatubagaz jazo zan, geurezko gurari oneek sarri eskatutia errazoiak eta espiritubak ontzat emoten ez ditubeen gauzak. Quae spiritui, ac rationi repugnant.

        Erromako Katezismuaren errazoe onetati ezaututen da, kristinaubak, leen esan dan guztia. Gaixuak osasuna, gosiak jana, otzak berua, bilotxak jantzija, lotubak askatutia, tristiak poza ta pobriak bizigarrija gura izatia geurezkua da, naturalezazkua da, Jaungoikuak emona da, erru bagekua da ta berez pekatu ez da. Baina, geroko ikasikizunian esango dan legez, Adanen pekatubak azkortu ta lotsa gaistokotu zituban geurezko gurari errubaga ta garbi oneek. Au gaiti sarritan ta sarritan geurezko gurarijak eskatuten deuskubez, errazoiak ta legiak eragotzita daukazan gauzak. Ta bein naija emoten bajako gurari txarrari, zeinbat geijago, ainbat naijago. Inos ez da aspertuten. Illunduten dau errazoia, makalduten dau borondatia, egiten da etxeko nausi ta darua gizona edo emakumia gurari txarrak berak nai daben edo eskatuten daben lekura.

        Ez da ezegaz bere obeto aituten emoten gurari deungak geure goguan zer egiten dabeen, Jose Lanjiok atarako dakarren mutil gazte baten jazuagaz baino. Prenubari bere obeidu gura ez eutsan zaldi ezi bage batek eroian gainian mutilla abijada baten, nun geratuko zan ez ekijala. Itandu eutsan bidezko batek, ia nora joian alan. Ta erantzun eutsan zaldi gaineti: Zaldijonek nai daben lekura. Beste ainbeste dira gurarijak, neure kristinaubak. Zaldi ezi bagako sutsubak dira. Bein artuten badabee bendian gizona edo emakumia, eruango ditubee, ez arrazoia dan lekura, ez borondatiak juan biar daben lekura, ezbada gurari txarrak eurak gura dabeen lekura. Ez deutsee gurari gaistuak orduban obeiduten, ez errazoiaren prenubari, ez borondatiaren agindubari, ezbada daroia gizona edo emakumia eurak gura dabeen lekura. Oh, zeinbat lotsarizko gauzatara! Oh, zeinbat pekatu ezainetara!

        Gogoratu bada, kristinaubak, zer dirian gurarijak; zeinbat modutakuak oi dirian; ta onak eta deungaak zelan oi dirian. Au ikasi ezkero, erraztuago aituko dozu zetati datozan gurari gaistuak, zegaiti dagozan eragotzita, ta zelan goitu biar dirian, zein dan urreengo ikasikizunaren prestaeria. Erregutu daijogun Jaungoikuari, ez dagigula inos bere paltau bere grazija santuba, errazoiaren argijagaz ta legiaren neurrijagaz, geure gurari guztiak zuzenduteko, bere bildur santuban bizi izateko ta zeruban beti gozetako. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa