www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

I. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan lapurretia.

2. Zeinbat modutakua dan.

3. Ze pekatu dan.

 

        Inok bere ukatu ezin legi, neure kristinaubak, geure Jaungoiko andijaren ontasuna ta zuzentasuna, bere agindu santubai puska bat begiratu ezkero. Zaintu dau bere ondra santuba ta altuba. Zaintu dau guraso ta nautsijen lotsa ona. Zaintu dau gizonen bitzitzia. Zaintu dau gizonaren sortuera ta azi biarrekua onestidadiaren ta garbitasunaren legiagaz. Ta orain zazpigarren lekuban edo aginduban zaintuten dau geure eukija edo aziendia, lapurretia eragotzijagaz. Non furtum facies. Guztiok dakiguna da edo jakin biar doguna, lapurretia Jaungoikuak eragotzita daguana. Baina lapurreta modu asko dagoz; edo inok aintzat ez daukazanak; edo, aintzat euki arren, lapurretak ez balira legez ontzat emoten dirianak. Kodizijak sustrai andijak daukaz, neure entzula onak. Dirubaren edo eukijaren gurari andija dago kristinauben bijotzetan. Ta topetan dira egiijaren etxurako gezurrak, inoren gauziagaz geratuteko, atzera jaubiari ez biurtuteko eta ostuteko. Nire erakutsikizuna ta zuben ikaskizuna da bada, kristinaubak, zazpigarren agindu santuba austen dabeen lapurreta moduba aituten emotia.

        Onetarako esango deutsut agindu santu onetan: 1. Zer dan lapurretia... 2. Zeintzuk dirian Logrerubak. 3. Zeintzuk dirian lapurretako tratubak. 4. Zeintzuk dirian neurri ta pisuko lapurretak. 5. Zeintzuk dirian gurasuen, umeen ta otseginen lapurreta modubak. Guztiai asipena emoteko, aitu egizu dotrina onetan, oi dozun prestaera zintzuagaz ta ikasteko gogo onagaz: 1. Zer dan lapurretia. 2. Zeinbat modutakua dan. 3. Ze pekatu dan. Nai dakijola Jaungoikuari, nik zubei ondo adituten emotia.

 

 

I.

 

        Lapurretia ez da beste gauzarik, neure entzula onak, ezbada, jaubiaren errazuazko naijaren kontra ta ez jagokala, inoren gauzia artutia. Diruba, laboria, ganaduba, soinekua edo beste balijoko gauzaren bat artuten danian jaubiaren errazoezko naijaren edo borondatiaren kontra, egiten da lapurretan. Ta ez bakarrik inoren gauzia artuten danian, ezbada baita egiten da lapurretan, nai inori emon biar jakona emoten ez jakonian, nai jatorkona kenduten jakonian, nai irabazi biar leukiana, deungaro edo bide bage eragozten jakonian bere. Emen sartuten dira, nai juezak, nai letraubak, nai eskribaubak, nai auzilari bide bagakuak, nai testigu paltsuak, nai zor pagazaile atzerak, nai beste edozeinek, dakijeela edo jakin biar leukeela, inori aziendan egiten deutseezan kaltiak. Oneek guztiok, nai modu batera ta nai bestera, inori euren erruz kalte egiten deutseenian austen dabee zazpigarren agindu santuba. Ta dira Jaungoikuaren aurrian lapurrak, munduban atxekija askogaz ezkutau arren euren pekatubak ta lapurretak.

 

 

II.

 

        Modu askotarakua da lapurretia. Biziera guztietan kasik bat topetan ez da, lapurretiaren berenua iraatsita ez daukanik, dino Poujet jakitunak. Itsumendi andija da, kristinaubak, lapurretiaren zabaltasuna. Ta penagarri andija da geijenak ez pensetia lapurrak dirianik. Milla lapurreta modu gero zerbait esango dirianai itxita, orain zubei jagotzunez, iru modutakua da lapurretia: 1. Ostuten bada jaubiak ez dakijala, esaten jako lapurretia. Menditi ganadu bat ostuten danian legez. 2. Ostuten bada jaubiak dakusela edo ostuten bajako derrigorrian patrikarati edo etxeti edo nunnai, esaten jako atzamarretatiko-ostutia edo rapina. Lapurrak orduban egiten ditu pekatu bi: Bata ostutia ta bestia, derrigorrian jaubia injurijaubaz ostutia. Ta esan biar dau konpesinoian, zelan oostu eban. 3. Ostuten bada eleisan edo eleisati kanpora gauza sagraduba, esaten jako sakrilejijozko lapurretia. Ta esan biar dau konpesinoian eleisan lapurretan egin beeban edo eleisan edo eleisati kanpora gauza sagraduba ostu beeban, zan moduban. Bada, orduban lapurretiaz ostian egiten dau pekatu erlijinoiaren kontra, edo bat edo geijago.

 

 

III.

 

        Lapurretia pekatu da. Ta berez pekatu mortala. Alan erakusten deutskubee Eleisiaren Gurasuak san Paulo apostolubagaz, zeinek esaten daben, lapurrak ez diriala zeruko erreinuban sartuko. Jaungoikuak ez deutsa ukatuten inori zeruba, pekatu mortala edo illagarrija gaiti baino. Jesukristo geure Jaunak beste ainbeste esan eutsan, zerura juateko zer egingo eban itandu eutsanari. Beste eginbiarreen artian esan eutsan Jesus maitiak, lapurretarik ez egiteko, zeinegaz erakutsi eban Jesukristok, lapurretia pekatu andija edo illgarrija dana. Lapurrari kontuba artuko jakola ta kondenauko dala, lenago esanda daguan legez, dino Zakarias propeta santubak. Etorriko dala lapurraren etxera maldezinoia ta ondatuko dabela lapurraren etxia, baita etxiaren zurak eta arrijak bere.

        Oh, zeinbat bidar au jazoten jakuen lapur desditxaubai mundu onetan bere! Geijenian munduban bertan bere probetan dabee lapurrak, Jaungoikuak euren pekatubai deutseen gorrotua. Bada, gitxika gauzia ostuten dabeen lapurrak badira, bizi dira triste errukarrijak bildurrez ta ikaraz. Euren lapurretak jentiak aotan darabiltzana dakijeela. Beti zorpian. Geijenian erdi biloxik. Sarri gosez. Sarri lua galdu. Inok errial bat pijau gura ez deutseela. Ta beti ostuteko usijan. Ta azkenian, edo eskian edo karzelan, inok asko erruki ez ditubala. Au oi da munduban lapur txiki txaarren amaija. Badira lapur andijak. Seguruti (mundurako) kolpe onak egin ditubeenak. Gizon ondrauben etxuran inorenagaz aberatstuta dagozanak. Izan leiteke urte batzubetan zer jan ondo eukitia, ebanjelijoko aberats zorigaistokuak legez. Baina ostutako ondasunak andijak eta ugarijak ta isilak izan arren, lapurrari edo ondorenguai despeida errukarrija emoten deutsee munduban bertan bere. Oh, zeinbat laster aberatstutako etxe, laster pobretuta ikusi oi dirian!

        Akan lapurraren jazo tristia da asko, Jaun[goi]kuak lapurretiari deutsan gorrotua ta lapur tristen amai bildurgarrija ezaututeko. Egin eban Akan eritxuen gizon batek lapurreta andi bat Isrraelen. Ta lapurreta a gaiti, Jaungoikuak aginduta, erriko edo Isrraelgo jentiak arrika ill ebeen Akan. Ta guztiz erre zituben subagaz bere emaztia, umiak eta ganadubak. Zelan jausten dan maldezinoia lenago edo geruago lapurraren etxera! Zer atera eban Akak erregiak, Nabot gizon garbijari solua ostubagaz? Antiokok zer atera eban, Jerusalengo eleisati ondasunak ostubagaz? Zer, Judasek bere lapurreta txiki ta andijakin? Entzute txaarra ondorik; bizitza larrija, bildurrezkua ta penazkua munduban; erijotza inpamia ta desesperauba azkenian; ta betiko inpernuba orain. Au oi da lapurren azkena ta euren lapurreten prutuba.

        Jaungoikua guztiz zuzena ta arteza da. Berak daki nos nori ondasunak emon biar deutsazan ta ez deutsazan. Nos nori kendu biar deutsazan edo ez deutsazan. Ta ez dau gura Jaungoiko santubak ordena onetan inok esku artu dagijon, ezbada nai dau Jaungoikuak, bide oneti emoten deutsanagaz kontentu izan dedin mundu guztia ta inoenari osorik geldi itxi dagijon. Zer eginten dau, bada, lapurrak? Guztiok dakizuna. Jaungoikuak bere ordena santubagaz bati emon deutsan ondasuna, ari kendu ta beretu. Ausi Jaungoiko zuzenaren ta jakitunaren aginduba. Okertu ta naastau eukijaren edo ondasunen ordena errazuazkua. Ta galdu giza arteko leijaltasuna, zuzentasuna. Au da lapurraren pekatuba. Ez da miraari andija, guztiak lapurrari gorroto izatia. Eskritura Sagradubak zeruti erbestetuten ditu lapurrak. (Aitu biar da, erremedijeetan ez bada). Errazoiak ta naturaleziaren legiak gorroto deutsee lapurrai. Erreinubetako legiak kastigetan ditubee lapurrak, probau ezkero lapurretia. Batzuk karzeliagaz. Beste batzuk destierrubagaz. Baita askotan urkatubagaz bere. Ta beti, desondriagaz. Au da lapurraren prutu inpamia, ez zerubak, ez luurrak ikusi ezin dabena. Oh ze kasta gaistoko pekatuba!

        Pekatu onetati ez dira libretan lapurrak, aberatsai ostu deutseela esanagaz. Atxekija au txaarra da. Uts egite asko daukazana ta arimak galdutekua dala dino Erromako Katezismuak: Misera sane, et pestifera defensio. Ostu ezkero, nai aberatsari ta nai danari dala, beti da lapurretia ta beti da pekatu. Inos bere limosnarik egiten ez daben aberatsari ostuta, bere ostu guztia pobriari emongo baleutsa bere, beti da pekatu lapurretia, dino san Agustinek. Diabrubaren astuzijak gogoratuten ditu onako lapurretarako asmuak, dino Santubak. Ez dago, bada, atxekijarik, neure entzula onak, jaubiaren errazuazko naijaren edo borondatiaren kontra inori ezer kenduteko, edo aziendan kalte egiteko. Isrraeltarrak ejitoarrei artu beutsezan euren gauzak atzera ez biurtuteko ustiagaz pekatu bagarik, Jaungoikuaren agindubagaz izan zan. Ta Jaungoikuak, azienda edo euki guztien jaubiak emon ezkero, edozeinek beretuten dau gauzia, inoren eskubetan egon arren.

        Lapurretako pekatuba izan arren pekatu inpamia ta berez andija edo illgarrija, ez da lapurretan egiten dan guztian pekatu mortala edo illgarrija egiten. Lapurretako pekatuba ezaututeko, begiratuten jako, oi danez, gauza ostubari. Ta izan leiteke gauza gitxi bat ostutia ta kalte andirik agaz ez egitia. Orduban izango da lapurreta txikarra ta pekatu txikarra edo beniala. Baina, gauza gitxija bera bada jaubiak asko maite dabena edo jaubiari palta andija egiten deutsana, dakijala edo jakin biar leukiala a ostutia, izan leiteke ta askotan izango da pekatu mortala. Beste ainbeste esaten da, gauza gitxi bat baino ostu ez arren, geijago ostuteko gogua lapurrak daukanian. Orduban ez jako begiratuten lapurretiari, dino san Jeronimok, ezbada lapurrak ostuteko daukan goguari. Gogua andija bada, ostuba txikija izan arren, egingo dau pekatu andija. Errial bat edo aren balijua ostubagaz, askotan egin legijo jaubiari kalte andija. Bada, dakijala a artutia da pekatu andija. Ostu legiz batek lau quarto ta geijago ez ostu. Baina ez geijago ostu gura ez leukialako, ezbada geijago zer ostu ez daukalako. Bada, orduban lapurraren ustia ta gogua zetaragino dan, aragino izango da lapurretako pekatuba.

        Bardin esaten da, ta gero argiruago esango da, puskaka gauza gitxija lantzian ostuten dabeenak gaiti. Lapurreta bakotxa txikija izan arren ta bakotxian geijago ostuteko nairik euki ez arren bere, puska asko ostuteko ustia badaukee ta puska guztiak alkarri ezarrita andira elduten badira, egiten dabee pekatu andija. Bada, oneen gogua ta naija da, lapurreta txiki askogaz gauza andija ostutia. Ta au pekatu andija da. Ezin imini legi, kristinaubak, onako erakutsi txiki baten erregela edo ezaungarri guztirako bat, lapurretiagaz pekatu andija egiteko nos zeinbat biar dan ordu guztietarako erakusten dabena. Asko da jakitia, arimiari ondo gura deutsan kristinaubak beti kontuz ibilteko ta inoren gauziari inos ez ikututeko: 1. jaubiak errazuaz nai ez dabela, gauza gitxija bere inok ostu dagijon. 2. Sarritan egin legijala ta egiten dala pekatu andija, gauza gitxija ostubagaz. Bakizu zure auzuak aza bat nai porru bat ostu deutseelako, egingo ditubana luurrari ikara eragiteko bidauak ta maldezinoiak. Au dakizula ostuten deutsazu. Bada, esango dogu ez dozula egiten pekatu andija? Ez, aza bat edo porru bat gauza andija dalako. Baina bai, dakizula, gauza gitxija ostubagaz, bidao andijak eragin deutsazuzalako. Onegaz aituten dira, neure entzula onak, beste onetariko egitade asko.

        Egiija esateko, penagarrija da noberak nekez bere izerdijagaz irabatzita edo eginda Jaungoikoz daukan gauzia, alper batek, burugin batek edo kodizijoso batek artuta eruatia. Kodizijak ta alperrerijak dakaz lapurrak. Kodizijosuak ezin ase edo naikotu dira inos diruz edo ondasunez. Baina oneen kontra da Espiritu Santuba Eskritura Sagraduban, kasik isildu bagarik, ez dakit zeinbat gatxegaz ta zamaigaz. Tentazinoe asko, ardura asko, probetxu bagako gurari asko, diabrubaren engainu asko, pekatu asko ta azken edo illte desditxauba dira, Espiritu Santubak dinuanez, kodizijosuaren irabatzi guztia. Errazago da kamelu bat orratzaren zuloti iragoten, dino Jesukristok, kodizijoso aberats bat zeruban sartuten baino. Ze poza, pobriaren odola txupetan diarduben lapur aberatsentzat! Alperrerija da besteti gatx ta okerrerija guztien ama. Alperra jaalia, alperra edaalia, alperra jokolarija, alperra asmotsuba, alperra kastalarija, alperra burugina ta alperra zorpagazaile txaarra. Au guztiau estalduteko, alperrak asko biar. Ta beria kastau edo galdu dagijanian, inoenera, lapurretara. Bai, kristinaubak, kodizija ta alperrerija dira lapurretiaren ama.

        Gogoratu bada, neure entzula onak, zer dan lapurretia, zeinbat modutakua dan ta ze pekatu ezaina ta desondragarrija dan, bai mundurako ta bai Jaungoikuaren aurrerako. Artu asmo sendo bat, inoren gauziari, ez gitxijan ta ez askuan, inos ikuturik ez egiteko. Euki konpijantza osua Jesusen berbetan, zeinek agindu deutskun bizitzarako biar doguna, bere agindu santubak gordetan baditugu. Naikotu edo kontentau, Jaungoikuak bide zuzeneti emoten deutsunagaz. Dendatu biarra egiten bakotxa bere estaduban edo bizieraan, zer jan ta zer jantzi eukiteko. Ta erregutu Jaungoikuari, emon daigula zeruba irabazteko biar doguna munduban bizi izateko. Au eginagaz urrinduko da kristinauba lapurreta desondraubetati. Alan gura izan dagijala Jaungoiko onak eta zuzenak, bera dana dalako. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa