www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VI. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zelan erremedijau biar dan inori aziendaan egindako kaltia.

 

        Ez da asko, neure kristinaubak, nos eta zelan lapurretan egin dan ta inori eukijan kalte egiten jakon kristinaubari erakustia, zazpigarren agindu santuba osoz gordetako. Bada, onezaz ostian noraezekua da salbetako, ostuba atzera biurtutia, ta inori eukijan edo aziendaan egin jakon kaltia jasotia. Kasik esan ezin legizan beste dira lapurreta ta inori kalte egite modubak, ta beste ainbeste izan biar dabee kalte jasote modubak. Dotrina labur baterako au kanpo andija dana bakuszu, kristinaubak. Aitatu baino besterik ezin legijue. Ostuba atzera biurtu bagarik ta inori eukijan egin jakon kaltia jaso bagarik, inundi al dedilla, pekatuba parkatuten ez dana ta lapurra ta kaltegina kondenauko diriana, Eleisa guztiaren sinistutia ta erakutsija da, neure entzula onak. Nundi pagau ezelan bere ez daukanian, (orduban bere inundi al dabenian pagetako naijagaz ta gogo osuagaz) edo jaubiak bere guraz ostuba edo kaltia parkatuten deutsanian dago libre lapurra edo kaltegina jaubiari ostuba atzera biurtuteti edo kalte egina jasoteti. Bestelan ez. Ez da parkatuten pekatuba, dino san Agustinek, atzera biurtu bagarik ostuba edo kenduba. Berau gaiti dino san Paulok, lapurrak ez diriala zeruban sartuko. Ostuba biurtuta erremedijetan ez badira, ez dira zeruban sartuko.

        Kontu bada, kristinaubak, inos diabrubak tentauta ezer ostu badozu edo inori kalterik egin badeutsazu, gitxitu lua, gitxitu jana, gitxitu soina, gitxitu kastuba, geitu biarra ta erremedijau munduban ostuba, inpernurako itxi bagarik. Guztia ezin badozu, erdija edo laurena edo al dagizuna. Au da lapurretiagaz edo inori kalte eginagaz kristinaubak bere bizkarrari ezarten deutsan kargia. Karga onetati konpesorek askatu ezin legi lapurra, ez kaltegina. Onetarako esango deutsut ikasikizun onetan: 1. Lapurrak edo kalteginak nos daukan ostuba atzera biurtu biarra edo jaubiari kalte egina jaso biarra. 2. Zelan biurtu biar daben ostuba ta jaso biar daben kalte egina. Zurtu egizuz, kristinaubak, zeuben zentzunak. Entzun egidazu gogoti. Ta ikasi egizu askotan biar oi dozun erakutsija.

 

 

I.

 

        Kristinaubari aituten emoteko nos jaso biar daben inori ostubaz edo ostian egindako kaltia, izentetan ditu Erromako Katezismuak zortzi kaltegin modu edo lapur modu. Ta dira: 1. Lapurretia agindu dabeenak. 2. Konseju emon dabeenak. 3. Lapurretia ontzat emon dabeenak. 4. Lapurretaan oneria edo probetxuba euki dabenak. 5. Lapurretia eragotzi biarrian, eragotzi ez dabeenak. 6. Lapurrak azaldau biarrian, azaldetan ez ditubeenak. 7. Lapur estalzailliak. 8. Inorena ostu dabelako lapurra alabeetan edo abonetan dabeenak. Oneek guztiok, bakotxak bere moduban, ezarten deutsee euren burubai ostuba biurtuteko zorra. Ostu dabena bera da lelengo atzera ostuba biurtu biar dabena. Ta aren urrengo dira beste esan dirianak. Kalte egite edo lapurreta modu bakotxa esanagaz aituko dozu, kristinaubak, obeto dotrina au.

        Lapurretan egiteko aginduten dabenak. Aginduten deutsa aitak umiari, senarrak emaztiari, ugazabak otseginari nai edozeinek bere agindupian daguanari lapurretan egiteko. Bada, ostu dabenaren paltan, agindu deutsanak pagau biar dau ostuba.

        Konseju emoten dabeenak. Lapurretan egiteko agindu ez arren, konseju emoten badeutsa inori ostuteko edo eragiten badeutsa lapurretan, ostu dabenaren paltan, konseju emon deutsanak edo eragin deutsanak biurtu biar dau ostuba bere jaubiagana.

        Lapurretia ontzat emoten dabeenak. Bakizu zuk inoren kalteko gauza bat egitera duazana edo lapurretara duazana beste batzuk. Areen artian bat egi ten zara zu bere. Ta, edo zeure esanagaz, edo zeure eritxijagaz, edo berba eginda, inoren kaltia eragotzi biar zenduban lekuban ixilik egonagaz ontzat emon zenduban besteen kalte egitia edo lapurretia? Bada, areen paltan, zeuk biurtu biar deutsazu jaubiari edo jaso biar deutsazu kalte egina.

        Ostutako gauzetan parte izanagaz. Ekarten deutsubee gauza ostuba. Ta erosten dozu ostuba dana dakizula. Bada, lapurraren paltan, zeuk pagau biar deutsazu jaubiari edo biurtu atzera bere gauzia. Zaintuten dozu atia, etxia edo bidia, inok ikusi bagarik bestiak lapurretan egin dagijen. Bada, nai pagau deutsubeela ta nai ez deutsubeela zeure nekia lapurrak, zuk pagau biar dozu areen lapurretako kaltia, parte izan zarialako lapurretaan.

        Lapurretia eragozten ez dabenak. Oneek dira lapurretaak eragozteko karguba daukenak, al izan ezkero. Juezak, gurasuak, ugazabaak ta aloberian inoren gauzak zaintuteko arduria artu dabeenak. Juezaren ardura ta lotsa txikija gaiti, erremedijau legizala, jazoten dira errijan lapurretaak. Bada, juezaren paltia da ta berak zorko ditu. Gurasuen edo ugazaben paltaz egiten ditubee seme alabak edo otseginak lapurretaak. Bada, areen paltan, gurasuak ta ugazabaak pagau biar ditubee. Letraubak, eskribaubak, prokuradoriak, medikubak edo barberak euren eginbiarretan zor dabeena egin ezaz luzetuten da edo galduten da auzija ta geituten dira kastubak, luzetuten da gaixua ta geituten dira kaltiak ta kastubak. Bada, izentau dirian opizijuetakuak, bakotxak noberari jagokana, pagau biar dabee inori egin deutseen kaltia.

        Lapurretia azaldetan ez dabeenak. Oneek dira lapurrak nun dagozan ta gauza ostubak nun dagozan dakijeela, juezak juramentubaren beian itanduta, ukatuten dabeenak edo autortuten ez ditubeenak. Oneek, lapurrak orduban azaldau ez ditubeelako juezaren aurrian, pagau biar dabee lapurretako kaltia. Otseginak ugazabari kontu emon biar deutsa lapurretan egiten deutseena, jakin ezkero. Baita beste edozein, inoren gauzak gordeetako karguba bere kontura artuta daukanak bere. Ta egiten ez badau, lapurraren paltan, berak pagau biar dau kalte egina.

        Lapur estatzailliak. Oneek dira lapurrai egon lekuba, armak, janarija edo sokorruba emoten deutseenak. Justizija lapurren ondorik dabilenian, etxian edo kanpuan lapurrak ta gauza ostubak ezkutetan ditubeenak. Gauza ostubak, dakijeela, erosi edo salduten ditubeenak. Logrerijako tratuben eskriturak edo paperak egiten ditubeenak. Guzurrezko testigantziagaz inori kalte egiten deutseenak. Ta beste edozein esanagaz edo eginagaz inori lapurretarako bidia emoten deutseenak. Oneek guztiok, lapurraren paltan, jaso biar dibubee areek egindako kalte guztiak.

        Lapurrak alabetan ditubeenak. One[e]k dira, nai dala laurretia, nai dala inori beste kalte bat egitia, egitadetzat ta ezertakotzat nor baiti alabauta a kalte egitera ekarten dabeenak. Edo inori kalte egiten ez deutsalako koitautzat ta ezertakoeztzat burla eginda, kalte egitera inor jireetan dabeenak. Bakuszu auzuak daukala bildots on bat ortu on bat edo beste alako gauza on bat. Ta esaten deutsazu bati, ezertako danak, axe ostu biar leuskiola. Ostuten dau zure esanaren gainera. Bada, zuk onerarik euki ez arren lapurreta atati, pagau biar dozu, lapurraren paltan, ak ostuba. Bakuszu egitade doiloor bat zeure lagun bati beste batek egin deutsana. Ta esaten deutsazu ezertako eza dala, koitau epela dala, alako prestu ezari alan isten badeutsa. Bestelan egingo ez ebala, zure esana edo burlia dala medijo, banatuten dau bere arerijua. Bada, jo dabenaren paltan, zuk jaso biar dozu aren kaltia.

        Ara emen, kristinaubak, esanda nok daukan ostuba atzera biurtu biarra. Ta inori egin jakon kaltia jaso biarra. Lelengo da ostu dabena edo kaltia bere eskubakin egin dabena. Baita gauza ostuba daukana bere. Oneen paltan dira, lapurretan egiteko edo kalte egiteko agindu dabeenak; konseju emon dabeenak; eragotzi biarrian, galarazo ez dabeenak; azaldau biarrian, azaldau ez dabeenak; atzeratu biarrian, aurreratu ditubeenak; zaintu biarrian, larga ditubeenak; agertu biarrian, ezkutau ditubeenak; ta, dan moduban dala, lapurretiari ta inoren kaltiari aurrera bidia ta laguntasuna emon deutseenak. Onegaz aaztu bagarik aitu egizu, neure entzula onak, zelan egin biar dan kalte jasote au edo zeubek errestituzinoia esaten deutsazuna.

 

 

II.

 

        Entzun dozu leen, kristinaubak, al dedilla, ostuba biurtu bagarik edo inori alan egindako kaltia jaso bagarik ez daguala pekatuben parkazinoerik, ez arimako salbazinoerik. Onen ondorik berba gitxitan esaten da, bada, zelan jaso biar dan kalte egina. Lagunari aziendaan edo eukijan egin jakon kaltia jaso biar jako osorik. Ez jako bakarrik atzera biurtu biar ostuba, ezbada baita ostubagaz egin jakozan kaltiak bere. Ostu deutsazu norbaiti zaldi bat. Zaldi aren billa jaubiak kastau ditu eun errial. Bada, zaldija ta eun errialak biurtu biar deutsazuz jaubiari. Zuk konseju emonda artu dau batek, bestelan artuko ez eban auzi bide bagakua. Kastau dau auzitan asko ta kastau eragin deutsa bere auzi lagunari. Bada, auzilari bijen kastubak ta kaltiak jaso biar dituzu zuk. Zuk guzurrezko testigantzia emonagaz galdu dau batek auzija ta auzijagaz solua edo basua edo etxia edo diruba. Bada, guzurrezko testigantzia emon zendubalako jaso biar deutsazuz auzija galdu ebanari, daukazan kalte guztiak. Zuk ostu deutsazu auzuari anega bat arto soloti, artuak berrogei errial balijo zitubanian. Aren jaubiak pagau biar dau anega arto aren ordia etxerako irudogei errial. Bada, irudogei errial pagau biar deutsazuz, ostu zeuntsan anega artua gaiti. Zuk ostuta urrinera eruan dozu inoren gauza bat. Bada, bere etxian edo artu zenduban lekuban imini biar deutsazu jaubiari, berari ezer kosta bagarik. Onan, kristinaubak, beste lapurreta ta kaltegintza guztietan. Esan dan modu batera nai bestera, ezauberaz ta naiz lagunari kalte egin deutsanak aziendan edo eukijan, berak dauka erruba. Ta bereti adabau biar dau egin daben kalte guztia, salbauko bada.

        Topautako gauzak ez dira topau ditubarenak, ezbada galdu ditubarenak. Alan, zerbait topau dabenak dendatu biar dau jaubia topetako. Agertuten bada jaubia, emon biar deutsa jaubiari osorik. Topau ezin badau jaubia, konpesoriak esango deutsa gauza topaubagaz zer egin biar daben. Bada, beretzat geratuten badau gauza topauba, geijagoko bagarik, ostuba legez da. Edo ostuba da, dino san Agustinek. Topau badozu ta biurtu ez badozu, ostu dozu. Si invenisti, et non redidisti, rapuisti. Topautako gauza batzuben gainian erreinuko legiak gorde biar dira konzienzijan.

        Basuetan egiten dirian lapurretak ta kaltiak gaiti dotrina luze bat imini legi, neure entzula onak. Ta menturaz euskal errijetarako ez litzateke izango errazoeti kanpora. Baina onako baso kaltiak errazoezko zuzentasunak eskatuten daben legez erabagiteko, nire aitutia txikija da. Jakiturija geijago daukeenak esango dabee zietzago ta argiruago.

        Uts egite bi, deritxat, alderatu biar diriala gauza onen gainian, errazoezko zuzentasunari jarraituteko. Bata da estubegi izatia. Ta bestia da nasaijegi izatia. Baso jaube batzuk ta monteru esaten jakuen baso-jaole batzuk txito dira estubak. Oneek zotz baten paltia arbola bati ikusi orduko, multa gogorrak ezarten deutseez bati edo bati; al dagijenari. Bizkayko basuai ta jentiaren gizatasun prestubari begiratu ezkero esan legi, alako baso jaube ta baso jaolak bijotz gogorra ta kodizija sikuba aituten emoten dabeela. Karga bat orri edo biurgei bi basuan palta ditubalako, urren danari ezarri bost eskudoko bat edo amarreko bat multa. Eurai ain lege estuba ta kontu estuba artuten badeutsee Jaungoikuak, ez dakit zelan ibiliko dirian azkeneko kontuban.

        Bigarrenak dira konzienzija nasaikuak. Euren etxeetan edo basuetan zotz bat ez daukeela, urte guztian etxian biar dabeen egurra, orrija ta materijala inoren basuetati ostuta daukeenak. Onetariko baso lapur asko dagoz. Ta menturaz konpesakizuntzat bere artuten ez ditubee onetariko lapurretaak. Uste dot, bitzubak uts egiten dabeela. Ez dala ain estu izan biar basoko egurraren gainian, baso jaube ta baso-jaole asko dirian legez. Ta ezda ain nasai bere, beti inoren basoti ostuta etxian biar dana ekarteko.

        Gauza batzuk dagoz kasik jakinak sail onetan: 1. Larria geituteko, basuari su emotia eragotzita dago Bizkayko legian. Ta subak egiten daben kalte guztia jaso biar dau su emailliak edo aren lagunak. 2. Inoren basoti ostutia egurra, iketza edo materijala inori salduteko, lapurretia da, oi danez. Baita egurra ostutia bere, agaz iketza eginda iketza salduteko. 3. Lapurretatzat kontetan da, etxetarako izan arren, asko balijo daben ta auzo guztiak saldu oi dabeen eriko materijala ostutia inoren basoti. Zura, ola, latia... ta beste materijal nausitzat baserritar ondraubak kontetan ditubeenak. 4. Lapurretia legez da, nai egurra, nai orrija, nai beste gauza bat kendubagaz, inoren arbolak galdutia edo arboletan kalte jakina egitia. Onezaz gainerakua erabagiko dabee basoko lapurreta ta kalten gainian, obeto aituten jakuenak.

        Gogoratu egizu bada, kristinaubak, zazpigarren aginduko eginbiar santua. Zeinbat arte ta modu asmau dituban alperrerijak, gulerijak ta kodizijak, inorena ostuteko. Ze lege gogorragaz ta zamai asarriagaz eragozten daben Jaungoikuak inori ostutia ta inori aziendan kalte egitia. Ta ze karga astuna ta pisutsuba ezarten deutsan bere burubari, inorena ostuten dabenak edo inori kalte egiten deutsanak. Au da, atzera biurtu biarra. Kaltia osorik jaso biarra, salbauko bada. Bildurtu ta ikaratu zaite bada, kristinaubak, lapurretiaren beraren izenagaz. Ez inori egin zeubei inok egitia gura ez dozunik. Ez galdu zeuben izerdija; ta ez tiratu inorena. Estimau zeuben eukija; baina ez txupau inoren odola. Alan izango dira zuzenak zeuben tratubak, artu emonak ta pausubak. Ta Jaungoikuak emongo deutsu zeuben izerdijaren ta biar zintzubaren sari ugarija bizitzan ta betiko ditxia zeruban. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa