www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

zer egin biar daben kristinaubak inor gaiski ez juzgetako.

 

        Santo Tomasek erakusten dau, neure kristinaubak, juzgu gaistua dala lagunaren kontrako deungaro esate ta kleitu galtzeen ama. Ta juzgu deungiaren ama oi da geijenian, edo enbidija, edo andiguria, edo gorrotua. Okerrerija edo bizijo inpame oneen lelengo umia da, inor gaiti deungaro juzgetia. Ta juzgu gaistuaren umia da laster barruban daukan berenua, nai guzurra ta nai egija, nai ziartuba ta nai dudakua, nai entzuna ta nai ikutsija, nai asmauba ta nai eritxikua, lagunaren paltia inori esatia. Proximuaren kleituko gauzia bada, zanak emon deuts esanda, beriala kontau lagunari. Ara emen, kristinaubak, lagun bik edo iruk edo batek, kleituban eurai ez juakuenak, bein jakin edo sospetxa egindako proximuaren paltia zegaiti edo inos bere ez edo txito gitxitan geratuten dan azaldau bagarik. Lastima gorrijan, nekez topetan da persona ixil bat edo saiatu bat, lagunaren paltak ezkutetako. Berau gaiti erakutsiko deutsut dotrina onetan, zer gogoratu edo pensau biar daben kristinaubak, inor deungaro ez juzgetako. Ta oni darraikona, inor gaiti deungaro ez esateko. Uste dot, balijoko deutsun erakutsija dala. Ta eskatuten deutsut entzuteko gogo ona.

        Lelengo: Inor gaiski juzgetara orduko, gogoratu daike kristinaubak san Juan Krisostomok dinuana. Ta da, kristinau onak nekez inor gaiti gaiski juzgetan dabela; ta kristinau deungiak nekez inor gaiti ondo juzgetan dabela. Emeti ezautuko dituzu, neure entzula onak, zeuben burubak: Ontzat daukazuz zeure proximuak edo lagunak? Ez aoz esanda bakarrik, askok soberbija pin bategaz esan oi dabeen legez: Neu baino obia da mundu guztia, ezbada zeuk alan sinistuta ta guztiak ontzat zeure goguan eukita? Bada, kristinau ona zara. Zeure goguan ta zeure bijotzian, inori esan ez arren, deungatzat daukazuz lagunak? Bada, seguru seguru zeu kristinau deungia zara. Ta euki daikezu zeure buruba lelengo deungatzat. Ez dozu au gurako. Bada, ez inor juzgau.

        San Gregorijok esaten dau, gaiski esalia (ta bardin da gaiski juzgalia) dala autsari auagaz aixe emoten deutsana legez. Ta zer egiten dau autsari auagaz aixe emoten deutsanak? Bere begijetara autsa bota. Onegaz esaten deutsku Santubak, gaiski esaten dabenak ta gaiski juzgetan dabenak, min emoten deutseela bere begijai. Au da arimako kaltia. Ta itsututen ditubala bere begijak. Au da egiija ez azertetia. Au da bere juzgu txarrak ta esan gaistuak uts egitia. Au da guzurrian ibiltia, itsututa dagualako. Ta autsez betetako begi illunakin besten burlagarri geratutia. Gogoratu bada, kristinaubak, inor juzgau baino leenago, juzgu txarginak deungak diriala, itsubak diriala, guzurrian dabilzala ta arimako begijak autsez beteta daukezala, egiija ezaututeko.

        Bigarrenian: Gogoratu, inor juzgau baino leenago san Buenabenturak dinuana, ta da, inoren gogoko barri jakin ezina. Inoren bijotzian ta goguan ze uste ta zer nai daguan Jaungoikuak berak baino bestek ez daki. Ezda aingerubak bere. Ez badaki, bada, kristinaubak lagunaren goguan zer daguan, zelan juzgauko dau laguna deungia dan ala ona dan? Ez badakizu inoren goguan zer daguan onako edo alako gauza esaten dabenian edo egiten dabenian lagunak, zelan azartuten zara aren esana edo egina deungia dala juzgetara? Ta zuk deungatzat daukazuna bada ona Jaungoikuaren begijetan, zetan geratuten da zure juzgu gaistua? Geure bijotzian, geure naijan edo borondatian dago, bada, gure on izate ta deunga izate guztia. Au ezaututen ez dogun artian, ezin juzgau ginai errazuaz geure laguna ona ala deungia dan. Zeruban agertuko dira argiro guztion borondatiak, guztion naijak ta guztion bijotzak, dirian moduban. An ikusiko dozu nor dan ona ta nor dan deungia. Ordu artian, ezin inor zuzen juzgau ginai. Oker juzgetako, oba da ez juzgau.

        Ta esaten badozu, jakinaren gainera juzgetan dozula? Seinalle agirijak daukazuzala laguna gaiti gaiski pensetako? Ez sinistu, kristinaubak, goguak esaten deutsun guztia. Uts egite asko jazoten dira gauza onetan. Nos oi dira senaille agirijaguak inor deungatzat eukiteko, Jose Jakoren seme erru bagiaren kontra azaldau zirianak baino? Ejitoko señora guztiz nausi bat zan, Joseren pekatutzatzua azaldau ebana. Seinoriak berak esan eutsan bere senarrari, derrigorrian berari pekatu eragin gura izan eutsala Josek. Nekez, kapiaren zati bat atzamarrakin urratuta librau zala gizon gaistuaren eskubetati. Erakutsi eutsan seinoriak senarrari Joseren kapa zati urratuba. Kexau jakozan juezari Joseren kontra. Jose sartu ebeen karzelan. Ta azaldau zan bere pekatutzakua. Nok juzgauko ez eban Jose deungatzat? Nok sinistuko eban Joseri jaso eutseen guztia guzurra zala? Bada, guzurra zan. Joseri alako gauza deungarik gogoratu bere ez jakon. Seinoriak berak gura eukian pekatu egin Josegaz. Ta Josek pekatu egin gura ez ebalako gorrotoz ta bengaiz seinoriak, andijak ta nobliak jaso eutsan Joseri guzurra, kendu eutsan ondria ta sartu eban karzelan. Ez, bada, inor juzgau denporia baino leenago.

        Nos senalle segurubaguak inor deungaro juzgetako, Susanaren kontra jagi zirianak baino? Errijaren buru ta juez zirian gizon bik, ez umiak, ez gazte buru arinak, ezbada edadekuak ta zaartubak esan eben bijak batera jente guztiaren aurrian. Ta zer esan ebeen? Esan ebeen, eurak topau ebeela Susana gizon bategaz pekatu egiten. Nok sinistuko ez eutsen edadeko juez arei? Nok juzgauko ez eban deungatzat Susana? Guztiak juzgau ebeen, Daniel santubaz bestiak. Bada, Danielek azertau eban ta beste guztiak uts egin ebeen. Susana deungatzat euki eban erri guztiak. Ta juez zaarrak gizon ondrautzat, eldutzat ta zuzentzat. Bada, oker pensau ebeen dirianak, Danielez bestiak. Susana zan ona ta garbija. Ta agura zaar erriko juezak zirian loijak, Susanagaz pekatu egin gura ebeenak. Ta Susanak areekin pekatu egin gura ez ebanian, guzur andija jaso eutseenak ta erri guztiari Susana santia arrika ill eragin gura eutseenak. Ez, bada, inor juzgau denporia baino leenago. Egon leitekez senalle agirijaguak inor deungatzat eukiteko, Santa Marinaren kontra egozanak baino? Bere Aitak eruan eban Marina, neskatxa txikija, mutil jantzita beragaz praile konbentu batera. Aita ta alabia bijak geratu zirian konbentuban praile. Marinari atarako imini eutsan Marino izen. Marino zan txikitati praile zintzo bat. Ta zeinbat azijago, ainbat zintzuago, esanekuago ta humildiago. Bere ontasuna gaiti konbentuko nausijak bialduten eban uri urrinera, agindubak egitera. Ta geratuten zan gabetan lo egiten uri ondoko etxe baten. Etxe atako neskiak batu eban seina norbaiteganik. Ta ezarri eutsan erruba Prai Marinori. Neskiaren aita asarre ta gogor kexau jakon konbentuko nausijari Marinoren kontra. Kontu artu eutsan nausijak Marinori. Onek ez ukatu egin eutsan nausijari ez autortu, ezda bere buruba agertu bere, ezba da ixilik egon. Juzgau eban nausijak Prai Marino erruduna zala. Azaldau zan beriala kanpuan ta kobentuban Marinoren eskandalu andija. Ta Marino ixilik eguan. Kendu eutseen abitu santuba ta bota ebeen konbentuti kanpora. Baina ez eban esaten Marinok seina beria ez ebanik. Nok sinistuko eban ez ebala? Neskiak, seina eginda, bialdu eutsan seina geroko baten Marinori, beria ebala ta atzteko. Ta artu eban isilik seina. Nok juzgauko ez eban Prai Marino seinaren aitatzat?

        Geijago uts egin ebeen oraindino alan juzgau ebeenak. Prai Marino errubagia urte askotan bizi izan zan konbentuban ta ingurubetan emoten eutseen limosniagaz seina atzten ebala, konbentuko ateetan parauta prailiai parka eskatuten. Ta leen baino aurrera oba izango zala aginduta, barriro negarrez abitu santuba eskatuten eutseela. Nok pensauko eban beragaz erabilen seina ez ebala beria? Ez zan, bada. Errukitu zirian prailiak Marinoren bost edo sei urteko ate ondoko negarrakin ta erregubakin. Milla aurrera on izateko zamaigaz ta kontu gogorregaz artu ebeen barriro konbentuban. Ez eutseen ostera konbentuti urteten isten, leen legez lotsatu ez egizan. Ill zan Prai Marino konbentuban. Ta meztituten ezautu ebeen, emakumia zana. Errubagia zana. Santia zana. Zer esango dogu au gaiti? Ez, bada, inor juzgau denporia baino leenago, Jaungoikua guztiok juzgetara datorren artian.

        Baina zeinbat onako uts egite ta juzgu jazo ez dira ta jazoten ez dira egunero kristinauben artian? Eleisiaren jazuak beteta dagoz onako onak deungatzat juzgautako uts egitez. Aita san Pranziskuba bere aitak eukan deungatzat ta etxe galzailletzat. San Ignazio Loijolakua karzelan euki ebeen ; ez herejiak ta jentilak, ezbada euren burubak zuzentzat ta kristinau ontzat eukeezanak. Ene Ama santa Teresari ta ene Aita san Juan Kurutzekuari beste ainbeste jazo jakuen. Euren lagunak ta anaiak juzgau zitubeen oneek deungatzat. Uste ebeen senalle agirijak eukeezala alan juzgetako. Baina engainau zirian. Ez, bada, inor juzgau denporia baino leenago, Jaungoikua guztiok juzgetara datorren artian.

        Esango dozu menturaz: Jauna nik ondo dakit a deungia dana. Neuri ostu deuts. Neuri ukatu deust. Neuri erruba guzurragaz ezarri deust. Neuri kalte andijak egin deustaz. Neuk entzun deutsat. Neuk ikusi neban. Guztiak dinue a deungia dala... Oneek oi dira, kristinaubak, zeuben errazoe nausijak inor deungatzat eukiteko ta gaiski juzgetako. Ta izan dedilla alan. Baina gogoratu:

        Irugarrenian: Nor zara zu, zeure laguna edo proximua juzgetan dozuna? esaten deutsu san Paulo apostolubak ¿Tu quis es, qui judicas alienum servum? Gogoratu egizu zeu nor zarian. Aztertu egizu zeure bijotza. Examinau egizu zeure konzienzija. Konturatu egizuz zeure biziko egun guztiak. Pisau egizuz zeure berbak, zeure gurarijak, zeure ustiak, zeure asmuak, zeure burutazinoiak ta zeure naijak. Bai agirira atera dituzunak ta bai zeure bijotzian barruban ezkutauta Jaungoikuak ta zeuk baino bestek jakin bagarik euki dituzunak. Ta zer ikusiko dozu? Nor zara zu? ¿Tu quis es? Zeinbat lepra edo ezkabi, zeinbat sarna, zeinbat materija atsitu, zeinbat usteltasun, zeinbat ur berde ta mingotx ta zeinbat lizuntasun ez dakuskuz or zeure ariman, zeure konzienzijan ta zeure bijotzian? Zeinbat suga ta zapori leku emon deutseezu ta, menturaz zeure laguna juzgetan dozunian, emoten deutseezu zeure bijotzian? Nok kontauko ditu zure pensamentu lotsarizkuak? Nok zure intenzinoe prestu ezak? Nok zure andi gura aixetsuba? Nok zure berba desondragarrijak? Nok zure egite engainuzkuak? Nok kontauko ditu, dinot, zure pekatubak? Nor zara zu, zeure laguna gaiski juzgetan dozuna? ¿Tu quis es?

        Lagunak egin deutsu lapurretan ta zuk diarduzu murmuretan. Ak kendu deutsu aziendia. Ta zuk kendu deutsazu lagunari ondria edo kleituba. Bada, zu deungago a baino. Lagunak kendu deutsu miinagaz kleituba. Zuk kendu gura zeunskijo gorrotoz bizitzia. Zu deungago a baino. Laguna da lapurra, etxetan, soluetan ta basuetan al dagijana ostuten dabena. Zu zara logreruba, engainuzko tratubak al dagizunian egiten dituzuna. Zu zara pobren kontra beti deungaro esaten diarduzuna, arei limosna txiki bat ez emotia arren. Zu zara zekenkerijaz ta kodizijaz bijotza liortuta daukazuna. Bada, zu ez obia lapurra baino. Zuk juzgetan dozu laguna, bidaotija dalako ta miin gaistuaren jaubia dalako. Ta zu juzgauko zaitu Jaungoikuak, alperra edo jokolarija edo kastalarija zarialako. Zuk juzgetan dozu proximua, ordija dalako. Ta zu juzgauko zaitu Jaungoikuak, desonestuba, loija ta atsituba zarialako. Zuk juzgetan dozu laguna, zitala dalako, patsua dalako, zor pagazaille txarra dalako, ardura bagia dalako, agindu guria dalako, bijotz gogorrekua dalako, enbidijosua dalako, batu guria dalako, esker txarrekua dalako... Ta zu juzgauko zaitu Jaungoikuak, pekatu areek guztiak daukazuzalako, zeuk ezautu bagarik. Ta areen gainera, juzgazaille gaistua zarialako. Nor zara, bada, zu, laguna juzgetan dozuna, aren paltaak jakinak ta agirijak izan arren? Obia zara zeu zeuk deungeentzat daukazuna baino? ¿Tu quis est?

        Aintxinakuak lamia esaten eutseen emakume bat pintau edo irudituten ebeen begi askogaz. Baina zelan? Bere etxian sartuten zanian, begijak artu buruti ta kutxaan sartuten zitubala. Ta bere etxeti urteten ebanian, begijak artu kutxati ta buruban iminten zitubala. Ez eban gura bere etxerako begirik. Kanporako nai zituban dirianak. Ez eban ikusi gura bere etxian zer iragoten zan. Ta kanpokuak guztiak ikusi gura zitukian. Gaiski juzgalarijak ta gaiski esatiak dira lamiaren modukuak. Euren paltak ta pekatubak, agirikuak ta ezkutukuak ikusteko, ez dabee gura begirik. Ta inorenak ikusteko juzgetako ta esateko, milla begi gura litukee. Emeti dator geure burubak ontzat eukitia. Ta bestiak deungatzat juzgetia. Ta geijenian, geuk deungatzat daukagunak dauka bere buruba ontzat ta geu gaukaz deungatzat. Alan dagoz engainauta kristinaubak negargarri andijan, euren burubak santutzat ta bestiak deungatzat sinistuta.

        Oh! Inor juzgeta bakotxian esango baleutsa kristinaubak bere burubari san Paulo Apostolubak dinuana: Nor zara zu, laguna juzgetako? juzgu gaisto gitxiago egingo litzatekez. Jesukristoren aurrera eruan ebeen judegubak adulterijoko pekatuban topau ebeen emakume bat. Legiak aginduten eban, alako emakumia arrika illteko. Judegubak esan eutseen Jesukristori, arrika a ill biar zala, legia gordetako. Jesukristok esan eutseen judebugai, pekaturik ez daukanak jaurtegi dagijola, bada, lelengo arrija. Au esanda, atzamarragaz luurrian eskribiduten eban Jesukristok. Emakume pekatarijari arrika asi biarrian, zaarrenetati asita, banaka ta binaka ixil ixilik jente guztiak alde egin eban andi. Geratu zirian Jesukristo ta Emakumia, bijak bakarrik. Nun dira, esan eutsan Jesukristok, zu akusau edo juzgau zaitubeenak? Ez zaitu inor kastigau edo kondenau? Bada, nik bere ez zaitut kondeneetan. Zuaz ta ez egizu geijago pekaturik egin. Pekaturik ez daukazunok juzgau egizuz, bada, lagunak deungatzat. Ez pekatu egin dozunok. Gaiski esan dot. Pekaturik egin ez dozunok ta aurrera bere egingo ez dozuna dakizunok, juzgau egizuz gaiski lagunak. Bestek ezin juzgau zinai zeuben proximua.

        Oh, Jaungoiko juez zuzena! Deungaro inos inor juzgetan ez dozuna! Zeuk ezaututen gaituzu nor zelakuak garian. Emon egiguzu bada, Jauna, grazija, geure burubak ondo ezaututeko ta proximo guztiak geu baino obatzat eukiteko. Orduban birrinduko ditugu negarragaz geure pekatubak. Errukituko gara inoren paltiagaz. Maitetuko ditugu lagun guztiak. Ta irabatziko dogu zeruba. Alan izan dedilla Jaungoiko ona gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa