www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IX. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Birjinidadiaren edertasuna. 2. Kastidadiaren balijua.

 

        Ya urten dogu, neure kristinaubak, leengo egunetako izungura atsitubetati. Ya ez dauke belaarri garbijak berba ezainak ta lotsarizkuak entzun biar dituben penarik. Ya ez daukee zetan kansau geure adilliaren begijak, luurreko gauza naastaubai ta itxusijai begira. Ya estalgi baten azpijan ezkutauta geratuten dira aragizkuentzat, seigarren agindu santubak eragozten dituban ustelgarri, esaten ta entzuten gatxak. Ya ez dauka miinak nekerik, aragizko egite lotsagarrijen ta esan zatarren ezaubera biarrekua kristinaubari emoteko, berba ez ezainak billatuten. Ya itxi ditugu atzera lengo erakutsijetan, patari guztiak edatera juanda, loitu dituben pozu berdiak; ganadu guztiak sartuta, mutxikauta, zapalduta, zikinduta itxi dituben ortubak; ta aragijaren preso guztiak lo eginda, atsituta dagozan lezaak.

        Zabaldu begijak, zurtu belaarijak, alegrau bijotza, poztu gogua ta begiratu zerurutz, neure kristinaubak, txaloka, birjineen kanta barrijak entzutera. Lora eder utsezko ta usain gozoko jardin edo ortu itxi bat da birjinen etxia. Ez da kale aldetan, erreka aldetan edo erbereetan iminija. Ez da birjinen hortuba jentiaren arnasiak, bidetako autsak edo basiak edo ur onduetako lausuak eta laino astunak zetakatuba, zimelduba edo orri igartuba. Siongo mendijaren gainian, eguzki ederrak ta aise preskuak eskina guztietati joten dabela dago birjinen ortu alegere, eder, enkantagarrija. Zeruko euri gozua ta iruntz biguna baino beste erragarijorik ez daukee birjinen loraak. Kanpo santu grazijoso onetara jaso biar dogu bada, neure kristinaubak, geure gogua erakutsi onetan. Ojala baneuka nik san Anbrosio baten, san Jeronimo baten, san Basilio baten, Krisostomo baten edo Agustin baten zeruko espirituba, argija ta grazija, gorputzetzko aingeruben andiarijak ta ondo esankizunak zubei aituten emoteko. Liburu andijak eskribidu zituben areetati bakotxak, birjinidade santa ederraren ondo esatez aspertu ezinda. Aingeruben miinak biar litzatekez gorputzezko aingeruben, birjina egijazkuen egitadiak esateko. Pensakizun batzuk gogoratuko deutsudaz bada, neure entzula onak, erakutsi onetan birjinidade santiaren gainian neure moduban, alabau dagizun Jesus, zeruko Errege Jauna bere esposa garbijetan. Prestau zaitez entzunera onagaz.

        1. Leleengo jakin biar da, zer dan birjinidadia. Birjinidade egijazkua ta ondo esatia merezi dabena da, neure kristinaubak, Jaungoiko Santubaren izenian ta ondran gorputza osorik ta garbirik gordetia; arimako ta gorputzeko garbitasunaren ta osotasunaren amodijua gaiti beti birjina iragoteko ta bizi izateko uste osuagaz. Ez da orain aita dogun birjina egijazkua, bere aldeti gorputza osorik gordetan ez dabena. Ez da birjina egijazkua, gorputzeko osotasuna gorde arren, gogo garbija ta arima garbija ez daukana. Ezda gorputz ta arima oso ta garbi bitzi dan artian gordetako gogo edo uste betia ez daukana bere. Ezda Jesus birjinen Esposo egijazkuaren ondria ta amodijua gaiti bakarrik birjina ez dana bere. Au da birjinidade egijazkuaren ezaungarri edo izate noraezekua, bai emakumentzat ta bai gizonezkuentzat.

        2. Birjinidadia gordetako agindurik edo legerik ez deutsku imini Jaungoikuak. Au gauza jakina da ebanjelio santuban, san Pauloren kartetan ta Eleisako Guraso guztien erakutsijan. Geure eskuban itxi dau Jesus maitiak birjinidadia gordetia. Konbidau gaitu Jesusek birjina izatera. Esan deusku, geu atara dendatu ezkero izan geintekezana. Baina ez gaitu ain lan gatxeko legepian imini. Estimetan dau Zerubak birjinidadia. Nai dau guk gordetia. Baina ez berak aginduta, ezbada bere amodijua gaiti geuk nai dogula. Geuk aukeratuta.

        3. Jaungoikuaren naijagokua da birjinen bizieria edo estaduba, ezkondubena ta alargunena baino. Au bere gauza erabagija da Jobiniano ta beste erejen kontra. Gorputzeko ta arimako osotasunagaz ta garbitasunagaz bizi dan artian, Jaungoikua gogoz ta bijotz osoz serbidutia da kristinautzako biziera edo estadurik altubena, lelengua, ederrena, estimaubena, grazijotsuena ta zeruko Erregiaren gogokuena.

        4. Birjinidade egijazkua ez da topetan kristinautzati edo Eleisa santati kanpora. Jentilak, moruak, ateistak edo Jaungoiko bagakuak ta erejiak ez dabee ezaututen ta ez dabee gordetan birjinidade egijazkorik. Egija da, jentilen artian topetan dira asko, gorputzeko osotasuna edo birjinidadia enpeinu ta estimazinoe andijagaz gorde dabeenak. San Jeronimok kontetan ditu onetariko gizon eta emakume asko arrigarrizko jazuakin. Baina oneen birjinidadia edo zan naturaleza utsezkua edo zan puntuzkua edo zan mundubak aginduba. Palta ebeen Jaungoiko egijazkuaren sinistutia. Ta ez eban euren birjinidadiak zerurutz igoten. Arritu ebeen munduba, euren gorputzai naturaleziaren gustuak ukatubagaz. Baina ez ebeen irabazi zeruko amodijua, zer gaiti edo nor gaiti gorde biar ebeen ez ekijelako. Au gaiti esaten da, Eleisa egijazkuaren ezagungarri agiri bat dala birjina egijazkuak eukitia Jesusen ondra ta amodijua gaiti. Ez da, bada, gauza andija, erejiak ta Eleisa santiaren arerijuak birjinidade egijazkuaren arerijuak izatia. Loijak dira gorputzian ta ariman Eleisa santati kanpora dagozanak. Ta loitu gura litukee guztiak. Baina Jaungoikuaren semiak, gizon egitera mundura etorri zanian, dino san Jeronimok, ornidu eban munduban pamelija barrija, zeruban aingerubak adoretan dabeen legez, bere anditasuna luurrian adorau dagijen. Oneek dira Jesusen birjina ederrak, munduko gorputzezko aingerubak.

        Baina zer da birjinidadia? Edo, zer da birjina izatia? San Paulo apostolubak esaten deusku, neure kristinaubak, birjinen ardura ta kontu guztia dala, zelan zeruko Esposuaren, zeruko Erregiaren, Jesus maitiaren naija egingo dabeen gorputz ta arima garbi ta santu beti izateko. Oh, ze pensakizun maitegarrija! Oh, birjinen egikizun zorijonekua ta betikua! Zer geijago egiten dabee aingerubak zeruban? Begiratu bekijo birjina egijazkuari luurraren gainian. Ta guztia da garbija, guztia santia, guztia zerutarra. Arimia Jesusen eskubetan itxi dau bere nai ta adiera guztien giltzagaz. Penetan bada, Jesus bere Esposo maitiarentzat gauza gitxi daukalako penetan da. Nai lituke euki milla bijotz garbi ta bijotz bakotxerako milla lore eder, guztiakin usain gozoko sorta bat eginda, Jesuseri eskura emoteko. Tristetuten bada, bere Esposo zerukuari nai leukian nai guztia egiten ez deutsalako tristetuten da. Pensetan badau, Jesus nor dan, Jesusek zer esan daben, zer egin daben, zer erakutsi daben, zer agindu daben, zer eskini daben ta zer eskatuten daben pensetan dau. Jesusegaz ta Jesusek esan, egin, erakutsi, agindu, eskini ta eskatuten dabenagaz, uda ta negu, gau ta egun beti bere arima gosia janduteko, adin lausotsuba argituteko, Jesusentzat daukan nai gogotsuba edo borondate presta geituteko ta Jesusen jazo ta egite gozuakin bere bijotza indartuteko, zolituteko ta amodijo santubagaz urtuteko.

        Jesus zeruko Jaun andija da birjinen pensakizuna, maitekizuna ta gomutakizuna. Jesusek daukaz lotuta birjinen bijotzak ta arimak amodijo santu, garbi, gozo baten katia senduagaz. Euren gurarijak, euren zuzpirubak, euren naijak, euren erregubak ta euren kexa karinosuak guztiak duaz zuzen Jesusen Bijotz Sagradura. Zelan Jesusen naija obeto egingo dabeen ta arimia ta gorputza santu ta garbi gordeko deutseezan da birjinen ardura guztia.

        Begiratuten badeutsagu, bada, birjina egijazko bati bere agiriko egitadetan, oh, ze gitxi oratuten jakozan munduko aixe gaixuaren autsak eta lausuak! Ariman ta bijotzian daukan amodijo santu ta garbijaren ispillu argija da bere agiriko egite guztia. Jesusen birjiniak miina isilik. Berba gitxi ta eurak ondo pensaubak, zuzenak, goguagaz batekuak, Jesusen ondrarakuak ta arimaak santututekuak. Begijak sosiguz, geijenian luurrerutz. Ta beti onestidadiaren ta modestijaren aixe lotsa oneko grazijotso bategaz. Belaarrijak zur ta prest Jesusen berbak, jatzuak ta naijak entzuteko arpegiko poz ta atsegin argi agiri bategaz. Baina tapauta edo gortuta, Jesusek nai ez dituban ta karidadiari min emoten deutseen berbak entzuteko bekoki triste, illun, itzaltsu bategaz. Arpegijan berezko lotsia, ontasuna, eldutasuna, grazija ta moduba, guztiak enbidija deutsena ta adiskidetzat gura leukeena. Soinian prestaera andi bagako jasotasuna, asetasuna, zintzotasuna ta bere goguan ta bijotzian daukan birjinidadia ta Jesusen amodijua berekauten autor dabena. Pausubetan zuzena, begiratuba, bildurtija, kontuzkua, pisutsuba. Kaletan nekez, plazetan nekezago, bentanan gitxitan, ta orduban bere Jesusen billa edo Jesusen ondorik. Zaata ta builletan, barre ta algara andijetan inos bere ez, aixe txaarraren gaixua oratu ez dakijon. Bakarrian sarri, eleisetan ez gitxitan. Eskubakin biarrian, berak biar ez badau, gose tristiak janduteko ta bilox pobriak janz[t]eko ta espiritubagaz, arimiagaz, bijotzagaz ta goguagaz Jesus ala betan ta guztiak gaiti Jesus bere Esposo maitiari erregututen. Au da birjinen ezaungarrija.

        Baina zer da edo zer aituten dogu birjina egijazkuak gaiti, dirurijela, zeruti begiratuta? Ez dakit, kristinaubak, onetan zer esan. Gauza bat esan negizu: Luurrezko gustorik gura ezda, zeruko Erregiagaz eskubak emon ditubeela birjinak. Jesus da birjinen Esposua. Jesusen munduko pamelija barrija dira. Birjinak Jesusek zaintuten ditu, gordetan ditu, jantzten ditu, apainduten ditu ta, bere ortu santuban sartuta, atseginez ta pozez naikotuten ditu birjina bere esposa leijalak. Jesusek jorratuten dau ta erragarijetan dau birjinen ortu samurra ta loratsuba. Batian, bere jaijotza gozoko negarragaz. Bestian, bidetan kansauta gu gaiti emon eban izerdijagaz. Bestian, bere arantza, azote, kurutze ta ultzezko jorraijagaz. Bestian, bere biztuerako eguzki alegeriaren berotasunagaz. Bestian, Espiritu Santubaren su indartsu, argitsu, azigarri gozuagaz. Bestian, altarako mana bitzijagaz. Bestian, zeruko eztegu santubetako konbit ugarijagaz ta betikuagaz.

        Ze lora ederrak jaijoten dirian ta azten dirian birjinen ortuban gau ta egun, uda ta negu! An humildade, orrijak beerutz ta sustraijak gorutz daukazan, ondotsuba. An, guztiak lo balegoz legezko isiltasun, asko dinuana. An, bijotza beti esnaatuta daukan, Jesus galduko ete daben bildur gozo arduratsuba. An, sarri begijak negar gozoz bustiten dituban ta bijotza urtuten daben Jesusen amodijo samur, itsu, lotsa oneko, amatau bagarik beti ixiota daguana. An, bedar txaarrai jaijoten isten ez deutseen modestija, onestidadia ta garbitasuna. An, orri igar guztiak biztu, preskotu ta loratuten dituban penitenzija gozatsuba. An, odeijak iragota, zeruragino igoten daben orazinoe ta erregu garbijen prutu bedeinkatuba. An, bijotz guztiak atseginez daukazan ta ortu guztia alegeretan daben bake pozgarri zorijonekua. An, zeruko iruntz ederraren zain kansau bagarik ta asarratu bagarik, beti zur ta leijal egoteko pazienzija. An... Baina zer? Zerubak maite dituban lora eder guztiak topetan ditu birjinen bijotzetan Jesusek. Euren amodijo garbizko, humildezko ta prestezko lanparaak orijo santubagaz ixiota, arimako garbitasunaren ta gorputzeko osotasunaren lora ederrakin apainduta dagoz beti birjinak prest, Jesus, zeruko Esposo maitiaren deijaren zain, betiko eztegubetara beragaz juateko.

        Ikusi ezkero aragija, odola ta jausgarrijak bestiak legez daukezan, ta munduko autsaren ta basiaren artian bestiak legez bizi dirian birjinen irudi santia, bai mundukuen ta bai zerukuen begijetan, ez da gauza andija Jesusek esatia, ezkontzarik gogoratuten ez jakuen zeruko aingerubak legez diriala birjinak munduban. Ez da asko, san Juanek esatia, inok bere bestek zeruban kantau ezin eban kanta barrija, birjinak bakarrik kantau eutsee la Jesus Bildots manso, garbijari. Ez da asko Jesusek berak birjina bere esposak zaintuteko ta osorik gordetako, lege guztiak urratutia ta mundubari ta inpernubari burla egitia. Katiak eten dira, kaltzaidubak bigundu dira, subak oztu dira, otsuak mansotu dira, agintarijak goitu dira, borregubak kansau dira, orijo ta berun urtu gorijak iruntz preskotu dira, ta laba ixiuak bainu epeldutu dira, birjinen gorputz garbi osuak ausi ezinda, zatitu ezinda, penau ezinda, galdu ezinda. Ez da asko Jesus maitiak birjina argalai, bigunai, azal meekuai, eurenez bildurtijai, ta askotan umiai ta gaztiai, indarra ta espirituba emotia, mundu guztia ta penagarri guztiak goituteko ta iragoteko, tristetu bagarik. Oh, Jesusen birjina argal senduak! Zeinbat bidar egon zara pozez ta atseginez bijotzak zabalduta, arpegi alegeriagaz Jesusen kanta barrijak esaten laba ixiuetan, karzela illunetan, galdautako burdina saretan, orijo urtuzko galdaretan, kandela garretan erretan, azotez eratzita, alanbrezko orrazi zorrotzez urratuta ta katiaz estuta? Zeinbat bidar itxi deutsezu, birjina ederrak, berdigubai pozik eta gustoz Jesus gaiti, zeuben bularra ebaten, begijak ateraten, aginak austen ta birrinduten, gorputza erretan ta samaak ebaten? Oh! Konturik ez daukee birjinen lora oneek.

        Ez da asko Eleisiaren Gurasuak ta erakuslak berbarik topau ezinda ibiltia, birjinen edertasuna ta balijua jasoteko. Birjinidade egijazkua esaten da dala seinoren artian erregina, dameen artian lelengua, izarren artian eguzkija, metalen artian urria, perlen artian rubies, txorijen artian usua, aberen artian bildotsa, loren artian lirijua, zaarren ondria, gazten edertasuna, bijotzen alegrija, arimako bakia, Eleisiaren ama, apostolugina, martirijogina, santugina. Munduko mirarija ta gorputzezko aingeruba da birjinia. Amaitu daigun esanagaz: Zeruban bere birjina ederrak jarraituten deutseela Jesus Esposo maitiari, doian leku guztira. Ezer bere esan bagarik luzatu jat, kristinaubak, dotrina onetan, oi dodan baino geijago. Ez dakit zelan.

 

 

II.

 

        Kastidadiaren gainian asko luzatu bagarik berba bi esango deutsudaz. Kastidadia izan leiteke ezkondu bagakuena edo ezkondubena edo alargunena. Ezkondu bagakuen kastidadiak, Jaungoikuaren begijetan balijokua izateko, euki biar dau uste osua, aurrera bizi dan artian gorputz ta arima garbi bizi izateko, nai dala botozkua, nai dala ain bagakua. Ta au biziera edo estadu obia da Jaungoikua serbiduteko, ezkondubena ta alargunena baino. Ezkonduben kastidadia da euren bizieraan garbi iragotia. Au da kristinautzako estadu edo biziera guztietati atzerengua, gitxien balijo dabena. Alargunena da, alarguntzan gorputz ta arima garbi bizi izatia. Ezkontzan bizieraz beeratu zana alarguntzan jagiten da puska bat, Jesusen amodijua gaiti alan beti bere naiz bizi bada.

        Eskatu daijogun, kristinaubak, Jesus maitiari ta bere Ama beti Birjinari, bakotxak bere estaduko edo bizierako garbitasunaren ta kastidadiaren doia. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa