www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

VIII. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Berbaz nos austen dan seigarren aginduba.

2. Nai utsez edo konsentimentuz nos austen dan.

 

 

I.

 

        Lotsarizko pekatuba egitiari darraiko geijeenian, neure kristinaubak, leenago edo geruago berba nasaijak ta indezentiak esatia. Alan egiten dira pekatu mortal asko berbaz kastidadiaren kontra. Berba desonestubak eurakin daroie beti eskandaluko pekatuba. Ta zeinbat lagun geijagoren aurrian esaten dirian, ainbat egiten dira pekatu geijago. Ezin ukatu ginai, ta lastima gorrijan edo negargarri andijan laarregi dakusgu, kristinauben auetan atertu bagarik dabilela lotsarizko pekatubaren berbia. Zaar ta gazte, ezkondu ta ezkontzaka, gizon ta emakume asko, zein garbijago dirian esan ezin legi, euren miin loijai begiratu ezkero. Batak dino, barre eragitiarren esan ebala. Bestiak, gatx bagarik esan ebala. Bestiak, txantzan esan ebala... Baina beti berdekerija ta berba lotsarizkuak auan. Baina beti amodijo loizko jazuak, adiskidetasun lotsarizkuak, ipoin berdiak, burla desonestubak, txantza edo iten aragizkuak ta kastidadiaren kontrako panparrerijak auan. Esango dogu oneek gaiti bijotz garbijak daukeezala? Kristinau garbijak diriala? Kastidadia maite dabeela? Ezin esan ginai. Bijotzeti urteten dabee berba desonestubak. Ta sarritako berbak erakusten dabee zelakua dan bijotza. Berba garbijak erakusten dabee bijotz garbija. Ta berba loijak bijotz loija.

        Ta konpesetan ete ditubee kristinaubak euren berba loizko pekatu mortalak? Zeinbat bidar esan ditubeen? Zeinbat lagunen aurrian esan ditubeen? Umen aurrian esan ditubeen? Gazteen aurrian esan ditubeen? Zeinbat urtian berba loijak esateko ekandu galduba daukeen? Gogoratu ete jakue, dinot, alako kristinau ao loidunai konpesinoeko sakramentu santuban euren konzienzijak azaldetia ta berba loizko pekatubaz ziatz ta sustraiz autortutia? Eurak jakingo dabee. Oh! Ez ditezala juan, Jaungoikua dana dalako, betiko subagaz ta negarragaz inpernuban autortutera. Nik san Paulo apostolubagaz esan negijuena da, euren berba loijakin kristinauben arteko oitura garbijak ezaindu ta galdu egiten ditubeela. Nik esan negijuena da san Basiliogaz, pozura arri bat botetan dabenak pozuko ur guztiari eragiten deutsan legez, berba loija edo desonestuba esaten dabenak, entzuten dabeen arima guztiak berez loituten ditubala. Alako ao loija daukanari nik esan negijona da, diabruben opizijua egiten dabela. Diabruben zeregina da inor pekatuban jausteko eria prestetia. Bada, berba loijak esaten ditubanak, aurrian daukazan guztiai emoten deutsee era presta, gauza desonestubak gogora ekarrijaz, kastidadiaren kontra pekatu egiteko. Berba loija entzun dabenak pekatu egin ez badau, ez eskerrik a esan dabenari, ezbada Jaungoikuaren grazijari, zeinegaz goitu daben ao loijak imini deutsan tentazinoia edo pekatuko eria. Au gaiti esaten dau Aita Burdalue jesuita zelotsubak, berba loijak esaten dituban kristinauba, deungago dala etxe baten edo erri baten, inpernuko demoninua baino.

        Berben artian sartuten dira kantak. Kantak batzuk dira onak. Beste batzuk ez deungak. Ta beste batzuk txaarrak eta pekatuzkuak. Jaungoikuaren, Jesus maitiaren, Ama Birjiniaren, santuben ta Eleisiaren kantak onak, gozuak ta grazijosuak dira. Zeruban bere kantetan dira. Eleisan bere bai. Belengo Portalian edo ganadu lekuban bere kantau zituben aingerubak Jesusen jaijotzan. Kantau, bada, zubek bere, kristinaubak, onako kantak, nai dozunian. Ojala, zeuben miinak onetan kansauko balira! Kanta, eurenez ez on ta ez deunga dirianak esatia edo kantetia, inor gatxera ekarteko uste bagarik, ez dago eragotzita. Ta askotan izan leiteke gauza ona. Onen gainian ez dago zer esanik.

        Baina kanta ezainak, eragotzijak ta pekatuginak dira, arako amodijo ta karino loizko berbak daukezanak. Adiera askotako esanez, ipoin ta jazo loiz, berarijaz asmauta ta jantzita dagozanak. Onetariko berbaz ta esanez, luxurijaren ixiogarriz ta arimen illgarriz gaixotuta dagoz denpora triste onetan kristinau askoren bijotzak eta miinak. Inpernuko espiritu loijak agertu dituban astuzijak dira oraingo jentiaren kantarik geijenak, pekatuko sarian asko igarri bagarik arimak sartuteko. Kanta loijak esaten dituban auak, dino san Ziprianok, basilisko berenotsu batek baino bereno geijago zabalduten dabela, entzuten dabeenen bijotzetara. Pekatu andija ta askori pekatu eragiteko bidia da, neure kristinaubak, kanta desonestubak kantetia. Ta onen ondorik ez da lotsari andija izango, abemarija ez dakijen ume konduai kanta indezentiak eta loijak entzutia? gurasuak esaten istia euren umiai? Edo eurak pena bagarik, barre eginda, kantetia? Au guztiau jazoten da. Onan su emoten jako luxurija inpamiari. Ta onan lotsatuten da lekuban lekuban geure sinistute ta kristinautza garbija ta santuba. Jakin bada, kristinaubak, sarri pekatu mortala egiten dala berbaz ta kantaz kastidadiaren kontra. Baita nai utsez edo pensamentuz bere. Ikusi daigun zelan.

 

 

II.

 

        Pensamentuba edo burutazinoia edo gogorazinoia guztia da bat. Gogora edo burura edo pensamentura jatorkon gauzia ona bada, a goguan eukitia, pensetia ta nai izatia bere ona da. Baina bada gauza eragotzija, txaarra ta pekatuzkua gogora jatorkona, a pensetan ta agaz gusto artuten ezauberaz ta bere naiz egotia bere, txaarra da ta pekatu da. Ara emen pensamentuzko edo konsentimentuzko pekatu guztien sustraija. Ara emen milla konzienzijako duda ta kezkaren asipena. Adanen ume, pekatu egin dabenek, munduban ondo ezaututez amaitu ez daben gatxa da au, neure kristinaubak. Burutazinoia dan legez guztiz arina, ain laster zeruban nai inpernuban, etorkizunian nai iraguan, aginduban nai eragotzijan, gauza onian nai txaarrian dabilena, inok bere guztiz esirik imini ezin legijo burutazinoiari edo pensamentubari. Askotan, geu kontuban jausi orduko dua gure pensamentuba uste ez dogun lekura. Beste askotan, nai ez dogun lekura. Ta ez gitxitan, biar ez dan lekura ta pekatu dirian gauzetara. Ta au jazoten jaku edozein aginduren kontra. Emeti dator kristinau askoren penia ta arduria, ia pekatuzko pensamentu edo burutazinoe ari ezauberaz goguan leku emon deutsan eta nai izan daben; ala kontuban jausi danian, kenduteko alegina egin daben. Bada, ezauberaz nai izan badau pekatuzko pensamentuba, egin dau pekatu. Ta kontuban jausi danian kenduteko alegina egin badau, ez dau egin pekatu. Zelan ezautuko dogu, bada, alako lasterreko burutazinoe pekatuzko bat ezauberaz nai izan dan ala ez dan? Goguan noberaren naiz leku emon jakon ala ez jakon? Konsentidu dan ala ez dan? Zelan jakingo dogu nai utsezko pensamentuz nos pekatu egin dogun edo ez dogun?

        Oni erantzuteko esaten da, neure kristinaubak, kastidadiaren kontrako pensamentu edo burutazinoetan gauza batzuk dagozala erabagijak, ta beste batzuk dudakuak edo destajukuak. Erabagijak dira:

        Leleengo: pensamentu edo burutazinoe loijak gogora etortia ez daguala askotan noberaren eskuban. Nai ez dabela bere etorri legijozala kristinaubari gogora.

        Bigarrenian: alako pensamentu ta kastidadiaren kontrako tentazinoiak sarri etorri arren gogora, jazo leitekiala pekatu mortalik ez egitia Jaungoikuaren grazijagaz ta laguntasunagaz, santu ta santa askoren bitzitzetan irakurten dan legez.

        Irugarrenian: Noberak askotan berarijaz ekarri oi ditubala gogora gauza desonestubak, eurak pensetan ta gusto artuten egoteko. Beste batzubetan, noberak erruba daukala ta noberak etorbidia emonda oi diriala alako penseta ezainak ta aragijaren tentazinoiak. Aragizko gauza ezainak goguan erabiltia gaiti ta areetan gusto artutia gaiti beste bagarik, nobelak, komedijak ta liburu loijak irakurten ditubanak; onestidadia mantxetako ikusgarrijetan ardura bagarik begijak zabalik daukazanak; kanta ta berba desonestubak gustoz esan ta pozik entzuten ditubanak; komedija ta nasteko dantzetara bere guraz doianak; apaindurija laarregija ta dezenzija gitxikua bere gorputzari iminten deutsanak; onako kristinaubak, dinot, nai andikijak, nai nekezarijak, nai ezkondubak ta nai libriak, berak dakaz bere burura pensakizun loi guztiak. Berak dauka guztien erruba. Berak etorbidia emon deutsee. Berak nai ditu dirianak. Baita arei darraikuezan pekatubak bere.

        Laugarrenian esaten da, dirurijanez ta teolojija sagradubak Eleisako Gurasuakin esaten dabenez, alako kristinau nasaijak, kastidadia galduteko okasinoe jakinetan premina bagarik ta pena bagarik gorputzaren gustoz ta atseginez dabilenak, bere bakarreko pensamentu ta burutazinoe desonestubetan edo, eurak esan oi dabeen legez, aragijaren tentazinoetan egingo dabela pensamentuzko edo konsentimentuzko pekatuba kastidadiaren kontra. Alako kristinaubak ez dabee diabrurik biar, tentazinoe loijak gogora ekarteko. Eurak dira euren aragijaren biztugarrijak ta arimiaren illgarrijak. Beti nai dabee alakuak, luxurijaren maija prest egon dedin, lotsarizko gauzak edo esateko edo entzuteko edo egiteko edo penseetako. Orregaiti daukez egitezko, berbazko ta nai utsezko pekatu mortal asko kastidadiaren kontra. Begiratu, kristinaubak, zelan egiten dozun examina konzienzijakua. Ta zelan konpesetan zarian. Edertuta, gitxituta, dudakotuta, apainduta, nai ez dituzun tentazinoe batzuk balira legez konpensau oi dituzu zeuben pensamentu ezauberazko ta naizko pekatu loi ezainak. Ta ez gitxitan, izango dira egunian asko. Oh, zorigaistoko desbenturaubak! Su onduan gura zenduke egon berotu bagarik? Basatzan sartuta loitu bagarik? Ibaijan sartuta busti bagarik? Au ezin leiteke. Ezda zubek bere alako pensakizun loi jakinetan gogoagaz ibili, pekatu egin bagarik.

        Bostgarrenian esaten da beste arima batzuben konsuelorako, kristinauba bizi bada Jaungoikuaren bildur santubagaz, pekatubaren gorrotuagaz ta arimia salbetako ardura andijagaz; gordetan baditu beste agindubak ainbat ziatzen; deskuiduan pekatu mortal baten jausten danian laster badua konpesetara, arimia garbituta Jaungoikuagaz bakiak egitera; pena geijago ta bildur geijago emoten badeutsa bijotzian pekatu mortalian egotiak, munduko gauzak galdutiak baino; ta bada bere berbetan, jantzijan, egotian ta lagun arteko ibili eretan garbija, jasua, modestijazkua ta okasinoe gaistuetati alde egiten dabena, sinistu daikegu au gaiti, pensamendu loi ta itxusi asko ta sarri etorri arren gogora, ez dala beinguan pensamentuzko pekatu mortalian jausiko. Ta deskuiduan jausten bada, jagiko dala laster. Alako arimak Jaungoikuak bere eskuti daukaz. Tentazinoiagaz emoten deutsee bere grazija a goituteko. Ta bestiak galduten dirian lekuban, alako arima Jaungoikozkuak ta pekatubaren bildurtijak irabatzi egiten dabee. Onei esaten jakue, ez dagijezala itxi inos bere konpesau bagarik euren burutazinoe edo tentazinoe desonestubak. Ez ditezala sartu pekatuko okasinoetan euren guraz premina andi bagarik. Ta eskatu dagijuela Jesus maitiari ta Ama Birjina guztiz garbijari tentazinoiak goituteko grazija.

        Seigarrenian esaten da: Pensamentu loijak noberak berarijaz burura ekarri ez arren ta etorbiderik noberak emon ez arren, etorten jakozanian kontuban jausita, ya pekatuko tentazinoia dana ezaututa bere naiz badago gauza loijak pensetan, aragijari gusto emoten ta atsegin artuten, denpora gitxijan izan arren, egin dau pekatu. Tentazinoe gaistua etorri jakola ezautu dabenian, laster Jaungoikuari, Ama Birjiniari, aingeru onari edo santuben bati eskatu badeutsa grazija ta sokorruba; edo egin badau beste gauzaren bat buruti a kenduteko ta tentazinoia goituteko, esaten da ez dabela pekaturik egin izango. Baina oneek guztiok dirian legez txito laster bijotzian irago leitekezanak ta irago oi dirianak, esaten jakue kristinau piel guztiai, autortu dagijezala argiro konpesoriaren oinetan kastidadiaren kontra etorri jakuezan burutazinoe ta tentazinoe guztiak. Isten baditubee konpesau bagarik, edo lotsaz edo pekatu ez dirialakuan, sarri engainuko ditu etsaijak alako kristinaubak. Bada, erakusla askok dinuen legez, egija bada seigarren agindu santubaren kontra berez pekatu benialik edo gauza gitxirik ez daguana, edozeinek dakuts ze arrisku andijan daguan geure arimako grazija pensamentuzko pekatubetan bertan. Ta au asko izan dedilla oneen gainian.

        Erromako Katezismuak iminten ditu agindu onen azkenian luxurijaren sugarrijak. Ta dira: Alperrerija, ardao laarregija, begijetako libertadia, emakumen apaindurija armatuba, berba ta kanta desonestubak, dantzaak, pintura indezentiak ta irakurte loijak. Bakotxak erakutsi bana biar leukee oneek, kristinaubari aituten emoteko ondo kastidadiaren kontra eurak dauken indarra ta berenua. Baina ya orduba da lotsarizko sail oni giltza emoteko. Jaungoikuak zuzendu dagizala agindu onetako berba ta esan guztiak bere ondrarako ta geure arimen onerako. Au eskatu biar deutsagu, neure entzula onak, Jesus geure Salbatzaille maitiari, bere Ama egijazkuaren, garbijaren, birjiniaren ta santiaren erraija bigunak ta amodijo santuba gaiti. Emon daigula kastidadiaren doia. Emon daigula garbitasunaren gurari sutsuba. Emon daigula pekatu ezainaren, lotsarizkuaren, loijaren, aragizkuaren, zerubak gorroto nausija deutsanaren, inpernuko erregarri nausijaren ta mundu ondazailliaren, luxurijaren gorroto biarrekua. Emon daigula miineko, begijetako, jantziko, eskubetako, gorputzeko ta bijotzeko onestidadia, kristinautasuna, eldutasuna ta garbitasuna. Emon daigula, kastidadia galduteko okasinoe inpametati, ordikerijetati, emakume dantzaarijetati, kantarijetati, nasaijetati, komedijetati, dantza naastaubetati, irakurte desonestubetati, jantzi indezentetati ta lagun txaarreti alde egiteko grazija. Au gura izan dagijala zerubak. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa