www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

V. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

ze gauza txarra dan, miinagaz lagun arteko bakia ta adiskidetasuna galdutia.

 

        Zorroztu zitubeen euren miinak sierpiarena legez; ta euren ezpanpian daukee aspijaren edo erubiaren berenua, dino Dabid erregiak gaiski esalaak gaiti. Acuerunt linguas suas, sicut Serpentis; venenum aspidum sub labiis eorum. Menturaz geijago ezin esan eukian berba gitxiagotan miin deungen kontra. Zorroztu, dino, miina, sierpiarena baixen zorro[t]z egin artian; sicut serpentis. Ta zetako? Proximuaren pama ona, kleitu ona ta ondra ona ebagiteko, ezainduteko ta ostikopetuteko. Onetarako biar dabee gaiski esalak sierpiaren miin zorrotza. Ta aspijaren berenua ezpanpian edo miinian. Aspija da pristija txito bereno gaistokua, guk erubia esango bagendu legez. Aspijaren berenuak ez dauka osatuterik, erubiarenak ez daukan legez. Entzun dozu bada, kristinaubak, miin gaistuaren berenuak zeinbat kalte egiten daben lagunaren kleituban, ondran ta paman. Ta ze nekez osatuten dan miinagaz lagunari kleituban egiten jakon epaija. Baina oraindino san Agustinek erakusten deusku beste miinaren berenuak iraasten daben gatx bat, leen esan dirianen aazgarrija. Ta da, miin gaistua izatia adiskidetasunaren ta bake onaren galzaillia. Venenum amititiae. Adiskidetasuna ta bake ona galdutako ta ilteko, berenuak daukaz miin gaistuak ezpanpiam. Venenum aspidum sub labiis eorum. Begiratu daijogun bada, neure entzula onak, miin gaistuari aldia onetati. Ta ikusi daigun ze etxuria daukan. Onetarako esango deutsut: 1. Zer dan adiskidetasuna. 2. Zelan galduten daben miin gaistuak. Ojala denpora puska bat geijago baneuka, sail onei jagokuen erakutsija sustraiz zuben burubetan sartuteko! Entzun egizu, bada, ainbat gogorik oneenagaz.

 

 

I.

 

        Adiskidetasuna da, santo Tomasek dinuanez, leen danazko bata bestiaren ezauberati urteten daben alkarri ondo gura izate pirmia. Edo da, san Agustinek dinuanez, arimako ta gorputzeko edo zerurako ta mundurako gauza guztietan alkarri ondo gura izatia ta beti alkar artutia karidadez. Adiskidetasunak zabaltasun andija dauka berez. Munduko guztiak adiskide izan biar ditugu edo maite izan biar ditugu Jaungoikua gaiti ta karidadez. Baina ez da ainbeste zabalduten orain aita dogun adiskidetasuna. Ezagunen artian ta alkarregaz artu emona daukenen artian edo euki dabenen artian batuten da erakutsi onetan aita dan adiskidetasuna ta andi dator[r]en bake ona. Auzuen artekua, seniden artekua, pamelijaren artekua ta artu emona daukenen artekua da orain esaten dan adiskidetasuna. Au bere ez adiskidetasun txarra, alkar galdutekua, pekatuzkua, edo pekatu eragitekua. Bada, pekatuzko ta pekaturako adiskidetasunak ta alkar artutiak galdutia gauza ona da. Ta ojala ainbat lasterren guztiak galduko balira! Esaten da, bada, adiski detasun ona, Jaungoikua serbiduteko ta alkarri munduban lagunduteko balijo daben adiskidetasun zintzua, leijala, pirmia ta Jaungoikozkua dala egijazko adiskidetasuna.

        Onetariko adiskide alkar artubak, guztiak daukeez gitxiago edo geijago errijetan, auzoeretan, senidetan edo pamelijetan. Alako adiskidiak alkar maite dabee, alkar zaintuten dabee, alkar jasoten dabee ta alkarri lagunduten deutsee. Ez deutsee, dakijela, inos alkarri atsekabarik emoten, ez eginagaz ta ez miinagaz. Preminan ikusi ezkero adiskidia, inok esan bagarik dua lagundutera, asko kostata bada bere. Alkarregaz luzaro egon arren, ez dira kansetan. Alkarregaz dagozanian, ez dabee berba geija inos bere palta. Batak daukan gauzia, bijak daukee. Bataren onak, bijeenak dira. Batak daukan gatxian, bijak artuten dabee penia. Ez dago gauza zatiturik adiskide egijazko biren artian. Ez dago engainurik euren berbetan alkarrentzako. Ezda toluzturarik bere euren bijotzetan. Batak dakijana, bestiak bere baki. Batak entzun gura dabena, bestiak esaten dau. Ta alkarri pena emongo deutsana, batak bere aitatuten ez dau. Legiak edo Jaungoikuak eragozten daben gauzarik alkarri eskatuten ez deutsee, ez esateko ta ez egiteko. Batak deskuiduan esaten badau edo egiten badau pekatu dan gauzia, bestiak penia artuten dau. Ta gogoratuten deutsa karidadez bere pekatuba, erremedijau dedin ta ostera egin ez dagijan. Ara emen, kristinaubak, adiskide egijazko bi. Bijak daukee nai bat, bijak uste bat, bijak asmo bat, bijak gogo bat. Edo, esan legi, bijak daukeela bijotz bat ta arima bat. Ze gauza ona au! Ze poz andija bijotzarentzat alako adiskide bat edo geijago eukitia! Zeinbat estimetan dan!

        Baina zegaiti ez dira alan adiskide alkarregaz, edola bere auzoerako guztiak? Edola bere senide guztiak? Edola bere etxe bateko guztiak? Edola bere gurasuak ta umiak? Ez dira, bada, kristinaubak. Ta izango bere ez dira guztiak ez senide artian, ez auzo artian, ez pamelijan alako adiskide alkar artu, bat eginak. Ama izango da alaba bataren adiskidiago, bestiaren baino. Aita izango da seme bataren adiskidiago, bestiaren baino. Senarra izango da auzo baten adiskidiago, emaztiaren baino. Ta onan beste guztiak, oi danez. Zek egiten dau, bada, au? Ez beste gauzak, ezbada geure eritxijak, geure ustiak, geure goguak, geure aitutiak, geure umoriak edo jenijuak bardinak ez dirialako. Orregaiti nekez topetan dira bi, alako gauzetan alkar bat eginak. Ta bik alkar topetan dabeenian, berez legez alkar maite dabee. Alkarri berba gitxigaz goguak aituten deutseez. Ta errazoiaren ta karidadiaren neurrijagaz errazto adiskidetuten dira, kasik zelan ez dakijela. Ez dogu askotan topetan geure karga astunen arintasuna ta peneen konsuelua obeto atze bati kontaubagaz, geure senidiai edo etxekuai kontaubagaz baino, guztiakin ondo egonarren ta guztiak maite izan arren? Edozeinek esango dau baietz. Au gaiti esaten dau san Anbrosiok, adiske bagako pensetia tristezia dala; adiskide bagako biar jenero guztia penia dala; etxia bere adiskide bagarik erbestia dala; bizitzia bere adiskide bagarik tormentuba dala; ta adiskiden laguntasuna bagarik bizi izatia bera bere illtia dala. Au gaiti esaten dau Salomonek bere, adiskide on bat topetan dabena ditxosua dala... Adiskide on bat topau dabenak, ondasun andija topau dabela. Ezer bere ez daguala adiskide onaren balijokorik. Adiskidetasun onak beragaz dakar bake ona. Zer egiten dau, bada, miin gaistuak? Adiskidetasuna ta adiskiden arteko bakia, bijak galdu. Ta leen adiskide zirianak arerijo egin. Ikusi daigun zelan.

 

 

II.

 

        Miinaren egitadiak andijak dira, neure kristinaubak. Zerbait gaiti esaten dau Espiritu Santubak, kutxiluak asko ill ditubala; baina miinak geijago galdu ditubala. Miina erabilten ez dakijanaren sinistutia, alperrikakua dala. Alemanija kasta guztiak ezi ta dometan diriala, baina miina inok bere ondo dometan ez dabela. Ta beste onako berbeta asko, zeinegaz aituten emoten deuskun Jaungoikuak miinazko pekatubai deutseen gorrotua. Pekatu gitxi egingo dira munduban, leenago edo geruago, asieran edo amaijan miina parte ez dala. Gaiski esatiaren edo murmurazinoiaren gaineko kaltiak zerbait esan dira leengo ikasikizunetan. Au oi da kleitubaren ta pama onaren kontra. Baina kleitubaz ta pamiaz ostian galduten dau askotan miinak adiskidetasuna ta bake ona zortzigarren agindu santubaren kontra.

        Alako adiskidetasuna ta jentiaren arteko bake ona galdutiari esaten jako enbusterija. Ta a darabilenai, enbusteruba edo enbusteria. Esan legijo berbeeta onian alako miin galdubari, adiskide on galzaillia, bake on galzaillia. Ta zetan dago okerrerija inpame desondragarri au? Ez beste gauzatan, ezbada batari ondo gura baleutsa legez, bestiagaz errukituten balitz legez, bestia kontuban imini gura baleu legez, bestiari konseju on bat emoten baleutsa legez, adiskiden, auzuen ta seniden artian nok zer esan daben ta zer egin daben alkarren kontrako berbak edo egitiak esatian. Au da enbusterija. Au da miin berenotsuba. Au da adiskide galtze madarikatuba. Ezer bere ez juakola, baztarretako guzur ta saltsa guztiak batuta, areek bakotxari bere erara, ta guztiai min emongo deutseen modura kontetia da, adiskidetasun ta bake on guztiak galdutia. Batari esaten deutsa alako enbusterubak edo enbusteriak: Zu gaiti urlijainak au zinuan. Bestiari: Zure lepoti zelan olgau zan urlijaina! Beste bati esango deutsa: Zure senarra (edo emaztia) urlijainagaz egon zan atzo. Beste batzubetan esango dau: Ona daukazu urlijaina... Oraindino ez ei deutsu atan itxiko... Jesus, ze miina daukan... Neu lotsatuta egon nintzan, ak zubek gaiti esan zitubanak entzunda... Jesus, gauza arima gaistuaren jaubia da... Nik alakuari axe egingo neuskijo...

        Ara emen, kristinaubak, enbusterubaren, adiskide galzailliaren ta bake on galzailliaren berbetia. Guztia berenoz betia. Batzubetan esango deutsuz onako berba minberak zeure senarraren kontra. Beste batzubetan emaztiaren kontra. Beste askotan, edo otseginaren kontra, edo ugazabaren kontra, edo senidiaren kontra, edo auzo ondrau baten kontra. Zeuk artu emona edo ezauberia edo konpijantzia daukazun ta aintzat ez zeunkan baten kontra. Askotan izango dira alako enbusterubaren berbak asmaubak. Ez gitxitan erdi entzunak. Ta beti geitubak ta etxura guztia galdubak, adiskidia geijago penetako. Onako enbusterak ta enbusterubak izaten dira, edo inoren adiskidetasuna ikusi ezin dabeelako enbidijaz, edo batari edo bestiari edo bijai ezkutuko gorrotua deutseelako bengantzaz, edo guztien ederra eukiteko banidadez, ta ez gitxitan, zerbait emon dagijuen euren miin gaistuaren ta enbusterijaren saritzat. Zuri esango deutsuz zeure adiskidiaren kontra gorrotua irakoiko deutsubeen gauzak. Ta zu aren gorrotuan iminita zuri entzuten deutsuzanak, laster esango deutsaz bestiari. Ez esan dituzun legez, ezbada geituta, ezainduta, dauken etxura guztia galduta, obeto sinistu dagijozan ta sari barrija emon dagijon.

        Ta zeinbat onetariko enbusteru ta enbustera? Endamas erri txikijetan? Nok dauka etxian bakia seguru euren miin gaistuetati? Zeinbat matrimonio alkarren gorrotuan iminten ez ditubee otsegin enbusteru batek edo auzo miin gaistodun batek? Batian senarrari emaztiaren kontra ta bestian emazteari senarraren kontra milla guzur kontauta? Zeinbat ezkontza galduten ditubee miin gaistuak, Jaungoikoz egingo zirianak? Nok dauka seguru enbusteruben errijan edo auzuan adiskide bat? Nor azartuten da etxe baten sartuten enbusterubak zelatari ez diriala? Euren sospetxak leenak ta gerokuak aotan artuta, laster adiskidiari edo juakonari arin kontetan ez deutseezala? Zeinbat denporan ta zeinbat, leen adiskide zirianak egon oi dira alkarren gorrotuan, enbusteru baten miin gaistua dala medijo? Batak deskuiduan esan eban berba bat, edo ondo pensau bagarik esan eban bat, edo txanzan esan eban bat, enbusterubak geituta, berenotuta bestiari belarrijetara eruan deutsalako?

        Oh, miin enbusterubaren esan ezin legizan kaltiak! San Basiliok esaten beeban, gaiski esaliak ta gaiski entzuliak, bijak merezidu dabeela errijetati ta jente arteti erbestetutia: Exterminandi sunt a reliquorum societate ambo, zeinbat geijago merezidu dabee enbusterubak ta enbusterak? Gaiski esaliak ta gaiski entzuliak galduten dabee lagunaren kleituba. Baina enbusterubak, kleituba ta ondria lagunari galdu, ta areen gainera galduten deutsa adiskide ona ta bake ona. Diabrubaren beraren opizijua egiten dau enbusterubak. Luziperrek berak galdu eban lelengo Jaungoikuagaz aingeruben arteko adiskidetasuna ta bakia. Berak galdu eban Abel ta Kain anae bijen arteko bakia. Baita Jakob ta Esau anae bijena bere. Baita Jakoren semeena bere. Baita Dabid ta Absalon aita semeena bere. Baita beste millarena bere. Bada, beste ainbeste egiten dau enbusterubak edo enbusteriak. Berak galduten dau laster aita semen, senar emazten, neba arreben, auzuen, kura jaunen, relijiosuen, edozeinen, guztien adiskidetasuna ta bake ona. Zer esan ginaijo, bada, enbusterubari edo enbusteriari? Bere benenozko miin zorrotzagaz, labanagaz ta epelagaz galdu dabela askoren ondria ta kleituba. Galdu dabela askoren adiskidetasun ondrauba ta artu emon onekua. Galdu dabela etxe askotako, pamelija askotako ta auzo askotako bake santuba. Ta leen Jaungoikua ta alkar maite ebeenak imini ditubala Jaungoikuaren ta alkarren gorrotuan. Esaten jako enbusterubari, dana dala, egin ditubala bere miinagaz aspijaren berenozko epai andi illgarri asko. Nekez edo inos ondo osatuko ez ditubanak. Enbusterubaren berbak eztija dirurijela ta saeta zorrotz illgarrijak diriala. Au esaten jako enbusterubari, jakinda egon dedin.

        Ta geratuko dira bere pekatubak kastigu bagarik? Ez. Gorroto deutsala, dino Jaungoikuak, miin embusterubari; eum, qui seminat discordia inter fratres. Ta ez edozein modutan gorroto, ezbada aparteko gorrotua deutsala. Bada, ez da geratuko kastigu bagarik. Enbusterubaren kastiguba bera bere Espiritu Santubak esaten deutsku. Ez bakarrik gerokua, inpernuban eukiko dabena, ezbada baita munduban izango dabena bere. Ta ze kastigu? Enbusteruba edo enbusteria artu dagijela guztiak gorrotuan, euki dagijela arerijotzat ta izan dedilla desondrauba edo desondradia, dino Espiritu Santubak. Susurratori odium, et inimicitia, et contumelia. Alan oi dira enbusterubak ta enbusterak munduban. Ez dago bat, eurai ondo gura deutseenik. Ez dago inor, enbusterijaren kontra bijotzian suba ta zelo santuba jagiten ez jakonik. Ez dago inor, enbusterija desondragarritzat ez daukanik. Kendu, bada, urrin zeuben miinetati enbusterijak.

        Ta zubek, etxian senikeran ta auzoeran bake ona daukazunok, alkar jasoteko ta alkarrri lagunduteko adiskide leijalak daukazuzanok, inos etorten bajatzu ez juakona, ondo gura baleutsu legez, miin zorrotzagaz ta berba labanakin enbusterijak kontetara? Edo senarrak, edo emaztiak, edo aitak, edo umiak, edo senidiak, edo auzuak, edo adiskidiak, edo artu emona zeugaz daukanak, au edo bestia zure kontra esan dabela edo egin dabela? Alako enbusterijak, dinot, belarrijetara dakarzuzanian, ez egijozu entzuterik emon. Lotsatu egizu. Esan egijozu enbusteru bat dala ta begijen aurreti juan dedilla. Ez egijozu sinistuterik emon. Ezbabere illgo zaitu bere miineko berenuagaz. Bada, geijenian guzurra da esaten deutsuna. Ta beti geituba. Ta egiija balitz bere, ari ez juakona. Ta esan biar ez deutsuna. Enbusterubari entzuterik emon ezagaz ta sinistu ezagaz gordeko duzu bake santuba ta adiskidetasunaren lege sagraduba. Alan gura izan dagijala Jaungoikuak bere neurri bagako ontasuna gaiti ta geuri deuskun amodijo santuba gaiti. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa