www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

II. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan:

1. Zer dan guzurra esatia. 2. Ze pekatu dan.

 

 

I.

 

        Zortzigarren agindu santuban eragozten deutsku, neure entzula onak, Jaungoikuak guzurra esatia. Guzurra esatia, dan moduban dala, beti da testigantza paltsua emotia. Ta au eragotzita dago Jaungoikuaren legian. Zer da, bada, guzurra esatia? Guzurra esatia da, dino san Agustinek, inor engainetako ustiagaz, goguaz bestera gauzia esatia. Zerbait oker esatia ta guzurra esatia ez dira bat. Gauzia oker esan arren, esaten bada noberak deritxon edo uste daben moduban, ez da guzurra esaten. Baina gauzia esaten azertau arren, goguaz bestera edo noberak deritxonaz bestera esaten badau, guzurra esaten dau Jaungoikuaren aurrerako. Berbia ta gogua edo jakina bat egiten ez dirianian izaten da guzurra. Baina ez, berbak ta ustia bat egiten dirianian. Au ondo ezaututa euki biar dabee kristinau gitxi jakinak. Bada, askotan guzurrik esan bagarik, uste dabee, guzurra esan dabeela. Gauzia oker esan ezkero, pensetan dabee beti dala guzurra. Uste dau batek gaur jai eguna dala. Ta esaten dau: Gaur meza entzuteko eguna da. Bada, aste eguna izan arren gaurkua, ez dau ak pekatuzko guzurrik esan, bere orduko jakinagaz ta ustiagaz berbak bat egin ditubalako. Ta berbiagaz zuzen esan arren gauzia, eritxijaz ta goguaz bestera esaten badau, guzurra esaten dau. Uste dau batek gaur meza entzuteko eguna dala. Ta berak ainzat euki arren, esaten deutsa beste bati ez dala meza entzuteko eguna. Bada, aste eguna izan arren gaurkua, esaten dau guzurra, goguaz ta ustiaz bestera berba egin dabelako inor engainetia gaiti. Egiija da, alan ez jakinez gauzia orker esaten danian, balijoko gauzia bada, jakin ezkero, atera biar da laguna uts egiteti. Esan deutsazu ez jakinez ta uste onian lagunari meza egunian, ez dala meza eguna. Ez dozu pekaturik egin. Baina kontuban jausten bazara meza eguna dana, bestiak mezia entzun legijan tertzijuan, atera biar dozu uts egiteti, meza eguna dala esanda. Onan beste balijoko gauza guztietan, erremedijau al dedin artian, kontuban jausi ezkero oker esan ebana.

        Iru guzur kasta erabagiten ditubee erakuslak. Ta dira: Lelengo: Barre egiteko edo eragiteko guzurrak. Beste atsekabarik edo kalterik inori ekarten ez deutseenak. Bigarrenian: Noberari edo inori mesede egitia gaiti beste gatx bagarik esaten dirianak. Etxeko bakia gaiti, inoren palta bat eskutetia gaiti, norberaren premina ordu bat ez autortutia gaiti, daukan gauza bat ez emotia gaiti... ta onan beste guzur asko esaten dira zerbaiten onerako, inoren kalte bagarik. Irugarrenian: Inoren kaltiagaz esaten dirian guzurrak. Edo kleituban, edo ondran, edo aziendan, edo karidadian lagunari kaltia egiten jakola ta gatxa baino ez daukala esaten dirian guzurrak dira irugarren kastakuak. Ez aaztu bada, kristinaubak, iru guzur kasta oneekin, guzurra ze pekatu dan ezaututeko. Ta entzun egidazu gogo onagaz.

 

 

II.

 

        Ezin ukatu ginai, neure entzula onak, guzurra dala errijetako ta lagun arteko sinistute ona galduten dabena. Sospetxa gaistuak geituten ditubana. Giza arteko artu emonai kleituba ta prestutasuna kenduten deutseena. Esan guztiak dudan ta eritxijan iminten ditubana. Gorrotuak ernetan ditubana. Ta jente guztia naastetan daben okerrerija da guzurra. Au gaiti dino Espiritu Santubak, desondra ezaina dala guzurra kristinaubaren auan. Aoko berbiaren bitartez alkarri aituten emoten deutsagu geure goguan daukaguna, geuk dakiguna edo ez dakiguna, nai gendukiana edo nai ez gendukiana. Bada, geure laguna engainauko ez badogu ta testigantza paltsua lagunari emongo ez badeutsagu, nai ta nai ez esan biar dogu gauzia dakigun moduban. Edo ez badakigu, ez dakigun moduban. Nai dogun moduban. Edo nai ez badogu, nai ez dogun moduban. Onan geure ariman, geure goguan edo bijotzian daguan moduban gauzia esaten ez deutsagunian lagunari, engainetan dogu laguna.

        Ara emen guzurraren malezija edo gatx guztia. Ta zeinbat geijago esaten dirian guzurrak, ainbat engainu geijago lagun artian. Ta guztiak esaten badabee guzurra, guztiak dagoz engainauta ta guztiak alkar engainetan. Orduban bizi dira gizonak eta emakumiak, alkarren berbak eta goguak inos bat egiten ez diriala. Inos alkar aitu ezin dabeela. Ara guzurragaz ze injurija egiten deutsagun, berbia emon eutskun Jaungoikuari. Ta zelan engainetan dogun laguna. Au gaiti Jaungoikuak eragozten dau guzurra esatia. Baita errazoiaren argijak berak bere. Bada, bere agiriz da oba izango zala gizonak eta emakumiak berbetan ez jakitia, berbetan jakinda berbiagaz alkar engainetia baino. Berbetan ez bagenki, ez gendukez geure lagunak berbazko guzurragaz engainauko. Esan biar dogu bada, kristinaubak, berba egiten dogun guztian egiija.

        Badakizu, neure entzula onak, nundi datorren guzurra? Ta zein dan guzurraren aita? Bada, san Juanek esaten deutsku, diabruba dala guzurtija ta guzurraren aita: Diabolus es mendax, et pater ejus. Diabruba da guzurtija beti guzurra esaten ta inor engainetan diardubalako. Diabruba da guzurraren aita, lelengo guzurra berak esan ebalako. Diabrubak esan eban lelengo guzurra. Esan eutsan Eba, guztion amari: Jaungoikuak paradisuban Adani ta berari eragotzi eutseen prutia jan arren, ez ziriala illgo. Ta ez zirian ill? Bai. Bijak jan ebeen prutia. Ta bijak ill zirian. Diabrubaren eskolakuak dira, bada, guzurti guztiak. Diabruba da guzurraren ta guzurtijen aita. Eskola madarikatu atari urten dau giza artera guzurraren azi gatxtsubak. Ta zabaldu da mundubaren baztar guztietara. Ya esan legi Oseas propeta santubagaz, ez daguala luurraren gainian egiijarik. Non est veritas in terra. Berba deungaak ta guzurrak ondatu dabeela guztia. Maledictum, et mendacium[...] inundaverunt. Aberatsak ta pobriak, andijak ta txikijak, gurasuak eta umiak, zaarrak ta gaztiak, jaun dirianak ta ez dirianak, ume konduetaraginoko guztiak, esan legi, lelengo ikasten dabeena dala guzurra esatia ta inor engainetia. A propheta usque ad sacerdotem cuncti faciunt mendacium. Oh, okerrerija inpamia! Ze gorrotua izan biar deutsagun!

        Ta itanduten badau inok, ia beti dan pekatu guzurra esatia, erantzuten da baietz. Ez dabela inok inos guzurrik esan, Jaungoikuaren ta naturaleziaren legia ausi bagarik. Berez da gauza txaarra guzurra esatia. Ta beti da pekatu. Ezin guzurra esan legi pekatu egin bagarik, ez kleituba gaiti, ez ondasunak gaiti, ez bizitzia gaiti. Ezda erru bagako bat urkati libreetia gaiti bere. Ezda kondenau guztiak salbetia gaiti bere. Ezer gaiti bere ezin esan legi guzurra, pekatu egin bagarik Eleisa Ama santiaren sinistutian ta santuben erakutsijan. Emeti agiri da, kristinaubak, orrako berban berbango guzurtegijori guztiok ta bakotxa diriala pekatubak. Alperrik da esatia: Guzur txikijak esan nituban; ez zirian inoren kaltekuak; bakia gaiti esan neban; barre egiteko esan neban; txantzaan esan neban... Dan moduban dala, guzurra da? Bada, pekatu da. Baina ze pekatu da guzurra esatia?

        Gitxienaz pekatu txikarra edo beniala beti. Ta sarritan pekatu andija edo illgarrija. Izango da guzurra pekatu txikarra edo beniala: 1. Jaungoikuari ta pedeko gauzai injurijarik egin bagarik ta lagunari edo proximuari ezetara bere kalterik egin bagarik ta egiteko uste bagarik esaten danian. 2. Guzurragaz lagunari egiten jakon kalte agirija eskina guztietati txikarra edo gitxija danian. Dinot, eskina guztietati begiratuta gauza txikarra danian. Bada, guzurrak gauza gitxija iruri arren, emon legijo guzur txikijagaz lagunari lotsari andija edo susto andija edo nai bage andija. Orduban izango da txiki dirudijan guzurra pekatu andija, ezauberaz bada.

        Alan, txantzan ta barre egiteko izan arren bere, pekatu mortala da, geijenian, guzurra esatia pedeko egijen kontra, Jaungoikuaren, Jesukristo geure Jaunaren ta Ama Birjina guztiz santiaren ontasunen kontra, meza santubaren, komuninoeko ta konpesinoeko sakramentuben, zerubaren, arimiaren ta beste gauza santuben kontra. Onako gauza altuben ta sagraduben kontra guzurra esatia, inor engainetako edo gauza santubai barre egiteko, Jaungoikuari berari injurija andija egitia da. Bigarrenian: pekatu mortala da guzurra esatia, proximuari nai aziendan, nai kleituban, nai ondran, nai bakian, nai adis kidetasunian, nai osterantzian kalte andija edo atsekaba andija egiten jakonian. Kalte andija inori etorri legijon guzurra esan ezkero ezauberaz, gero kalte a jazo ez arren, izan leiteke guzurra pekatu mortala. Ezkontza bat egitia jazoten da. Esaten dozu zuk ezauberaz guzur bat nobijo edo nobija gaiti, zein dan asko eskontzia galduteko, juakonak jakin edo entzun ezkero. Bada, ezkontza a galdu ez arren, egin dozu pekatu mortala. Zure partez galdu zan ezkontza a. Ta egin zeuntsan kalte andija lagunari guzurra esanagaz.

        Irugarrenian: Guzurra berez gauza andija izan ez arren, izan leiteke pekatu mortala, edo personiaren parteti, edo guzur geijaren parteti. Juez ondrau baten, kura jaun baten, sazerdote baten edo relijioso baten kleitu onaren kontra guzur bat esatia berez andija irudi ez arren, izan leiteke pekatu mortala. Bada, alako persona sagraduben ta ondraduben pamia guzur gitxiaguagaz gauza andijan galduten da, beste edozeinena baino. Ta lasterrago guzurragaz pekatu egiten da, alako personen kontra esaten danian. Beste ainbeste, asko lotsatuteko guzurra esaten bajako arpegijan persona lotsa ta kleitu oneko bati, txikija iruri arren, izan leiteke pekatu mortala, lotsaari andija emon jakolako guzurragaz. Onestidadiagaz ta kleitu onian bizi dan emakume edo neskatilla bat gaiti esatia guzurragaz koloriak arpegira ateraten deutseezan azalkerijaak ta lotsagarrijak, burlaz ta txantzan izan arren, askotan izango dira pekatu mortaleko guzurrak, lotsari andija emoten jakolako guzurragaz persona ondraubari.

        Alan oi dira lagun artian gizon ta emakume kleitu andi bagako asko. Alkarri kinu eginda, aurrian dagozan persona ondraubai guzur minberak ta lotsarizkuak esaten deutseezanak. Geijenian eurak dira berdiak ta eltzakak. Eurak dira alako palta agirijak daukeezanak. Ta badago euren artian norbait, euren palta jakinak ez daukazanik, ari ekiten deutsee milla lotsarizko guzurregaz, jentiari barre eragiteko. Onako jentia ez da bakarrik konzienzija nasaikua, ezbada baita bijotz doilorrekua ta erne prestu ezekua bere. Oh, zeinbat onetariko, lagun artian egotia merezidu ez dabeen daukazan luurrak bere gainian! Endamas denpora triste oneetan. Asko da kristinau batek zuzen bide puska bat artutia, pekatubari ta pekatuko lagunai ta okasinoiari largatia, nosbaitako baten sarrijago konpesetara, sermoetara edo eleisaruz juatia, lagun arte baten milla guzur lotsarizko ta burla minbera ari esateko ta ezarteko. Zegaiti au? Larga dagijon salbetako bidiari ta biurtu dedin guzurtijen bide ta biziera nasaira. Ez da au diabrubaren beraren zeregina? Duda bagarik, kristinaubak.

        Jakin bada, neure entzula onak, zeubek gauza gitxitzat daukazuzan guzurrak askotan izango diriala pekatu mortalak. Ez pensau barre egiteko dala. Ez dau Jaungoikuak ontzat emoten lagunaren lotsarizko ta santidadiaren kontrako barrerik. Guzurra esaten daben auak illten dau arimia, dino Espiritu Santubak. Guzurtijai gorroto deutseela Jaungoikuak. Guzurtijen amaija azuprezko laba gorija izango dala. Oneek ta beste onako esanera asko dagoz Eskritura Sagraduban guzurraren ta guzurtijen kontra. Pekatu mortalezko guzurrak gaiti dira oneek. Baina entzun dozu, danik guzurrik txikarrena bere pekatu dala. Ta ezer gaiti bere esan biar ez dala.

        Begaz, esango dozu, beti esan biar dogu egija? Begaz, esan biar ez dan gauza bat inok itanduten badeusku bere, esan biar deutsagu? Ez, neure entzula onak. Ez dozu olan aitu biar dotrina au. Gauza bat da guzurra esatia. Ta beste bat da egiija ez esatia. Guzurra esatia beti da pekkatu. Egiija ez esatia askotan da biarrekua. Kristinau asko dira txito jakin gurak. Ezer bere ez juakuen gauzak jakin artian, beti itanduten dagozanak. Alako ez juakon itaunliari ez guzurrik erantzun; baina ezda egiijarik bere, berak nai leukian moduban. Dakiguna dakigun moduban beti esateko legerik ez daukagu. Askotan ixilik euki biar dogu dakigun gauzia. Orduban inok itanduten badeutsku alago gauzia, ez erantzun. Jesukristo, geure Jaunari gauza asko itandu eutseezan Anasek, Kaipasek ta Pilatosek. Baina ez eutseen erantzun areen itaune guztiai. Samuelek, Dabid errege egitera juan zanian, zer egitera joian itandu eutseenai ez eutseen erantzun, Dabid errege egitera joianik, ezbada Jaungoikuari sakripiketara joiala. Dabid Errege egitia zan orduko Samuelen zeregin nausija. Baina a ixilik eukita, bidezko zeregina egitera joiala esan eutseen. Mo[i]sek ez eutsan inos esan Paraoni, Ejitoti jentia aterata atzera biurtuko ez zanik, bere uste ta lan guztia atarako izan arren. Iru eguneko bidian juan biar ebala bere jente guztiagaz Jaungoikuari mendijan eskinija egitera, esaten eutsan Paraoni. Ta atzera biurtuko ez zana ixilik euki. Juditek beste ainbeste egin eban Olopernesagaz. Oneek guztiok egija erantzuten ebeen. Baina ez batek bere itaunlak jakin gura eukeena. Areek jakin gura eukeena ixilik euki; ta arei balijo ez eutseena erantzun, egin ebeen Moisek, Dabidek, Samuelek, Juditek ta beste askok.

        Au berau esaten da bada, kristinaubak, egin biar dala alako ordu estubetan. Guzurrik esan ez, egiijarik bere ez, ez juakonak nai leukian moduban edo egiija esaneti gatxa etorriko dan orduban. Erantzun orduban beste gauza bat, egiija dana ta gatxik ez dakarrena. Ta ez guzurrik esan ezer gaiti bere. Nec prodam, nec mentiar, dino san Agustinek. Juezak itandu ezkero, beti esan biar da egiija dakijan moduban, bigarren agindu santuban erakutsi zan legez. Gogoratu bada, neure entzula onak, zer dan guzurra esatia ta ze kasta gaistoko pekatuba dan. Artu zeuben bijotzetan guzurraren gorrotua ta egiijaren amodijo bizija. Oitu beti egiija esatera, zeuben kontra bada bere. Eragotzi txikitati zeuben umiai ta otseginai guzurra esateko ekandu galduba. Ez barre eginda ontzat emon lagunen burlazko ta lotsarizko guzurrak. Gomutatu, bijotz ondraubaren ta prestubaren senailia dala beti egiija esatia. Ta bijotz erkindubaren, luurtubaren ta ondra bagakuarena dala guzurra esatia. Gomutatu diabruba dala lelengo guzurra esan ebana ta guzurraren aita. Ez aaztu, guzurragaz etsaijak atera zitubala paradisuti geure gurasuak. Ta guzurraren arerijua dala egiija, zein artu eban Jesus geure Salbazaile maitiak bere izentzat. Neu nas egiija, dino Jesukristok. Ego sunt veritas. Izan gaitezan, bada, guztiok Jesusen semiak, bautismoz garian legez, egiija esaten bere. Erakutsi daigun geure berba guztietan, egiijaren semiak gariana. Orduban duda bagarik librauko gara pekatu askotati, bai txikijetati ta bai astunetati. Orduban maitetuko gaitu Jaungoikuak geure berbetako zuzentasuna gaiti ta bialduko deutskuz bere grazija ugarijak. Orduban Jesusek ezautu ta autortuko gaitu bere semetzat Aita zerukuaren aurrian. Orduban geure lagunak emongo deutskubee entzute ona ta sinistute ona giza artian. Orduban, azkenik, miinagaz pekaturik egiten ez dogunian izango gara santubak, san Juanek dinuanez. Alan gura izan dagijala Jaungoikuak bere zuzentasun neurri bagakua gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa