www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren amar agindubeetako azkeneko bosteen ikasikizunak
Frai Bartolome
1817

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. IKASIKIZUNA

 

zeinetan erakusten dan

pisu ta neurri gaistoko lapurretia.

 

        San Agustinek esaten deutsku, neure entzula onak, inpernubaren modukua dala kodizijotsuba. Inpernubak inos esaten ez daben legu[e]z naikua egin dot edo asko da, ezbada beti daguan legez eske ta tiraka, alan, dino santubak, daguala kodizijotsubaren bijotza inos diruz naikotu bagarik, beti eske ta beti tiraka. Salomonek lenago kodizijotsubari emon eutsan markia bere berau da. Inpernuba baino geijago ez naikotutia. Beti geijago eukijaren gosez egotia. Kodizija naikotu ezin dan onek topetan ditu milla asmo, oker edo zuzen, ondasunak geituteko. Batzubetan itsu itsuban dua lapurretara mendira edo bidera edo inoren etxera, al dagijan lekuban ostutera, bere buruba, pamelija, ondria ta bizitzia arriskuban iminita. Baina au lapur gitxik egiten dabee. Ta onetariko lapur lapurrak denpora gitxijan iraun oi dabee bakotxak. Seguruti ta esker onian ostuten dabeenak dira lapur jakitunak, obeto irauten dabeenak ta ez txikijenak. Oneek, inori seguru ostuteko keizgarritzat ekiten deutsee tratubari. Batak andijaguari, bestiak txikijaguari, ta al dagijanak bere duinari. Alan ikusten dira erririk txikarrenak bere tratalariz beteta. Batzuk, errijak ondo dituban tratu edo opizijuetan. Beste asko, euren buruti artutako ta nai utsezko tratubetan. Tratu utsa bere, lagundu bagarik, sobre da liorra lapurrari naikua eragiteko. Lagundu biar jako, bada, tratubari, lapurretan seguru ta luzaro egiteko. Baina zelan? Berbetako modubagaz. Tratubak geitutia ta berbeta eder etxura oneko paltsuak bere orduban esaten jakitia, tratalarijak lapurretan seguru ta luzaro errijetan egiteko kanpo andija.

        Bijak dira, neure kristinaubak, Espiritu Santubak esanak. Alako tratubak ta traturako asmo barrijak geituten ditubeenai esaten deutse Espiritu Santubak zer egiten dabeen. Baita euren tratu txaarretan larregi pijau ez ditezan, azkenian zer jazoko jakuen bere. Zeruban izarrik daguan baino tratu geijago egin dozu, esaten deutsee Jaungoikuak. Esango baleutsee legez: Tratubaren asmo ta arte guztiakin balijau zara zubek, diruba batuteko; baina eltxua edo arbolako kokua legez egaa eginda, laster ezkutauko da zuben irabatzija. Bruchus expansus est, et avolavit. Tratalarijaren berbetako modu labana ta paltsua gaiti dino Jaungoikuak, euren miinak ez diriala garbi egongo pekatubetati. Au da guzurra ta engainuba sarri miinian darabilelako tratalarijak. Berau gaiti esaten dau Ezekiel propeta santubak arima tratu gaistokuen gainian: Tratu askoren artian zeure bijotza pekatuz beteta daukazu. In multitudine negotiationis tua plena sunt cisteriora tua iniquitate.

        Au jazoten jakue arako neurrijan ta pisuban gauza gitxijan edo tratu txikijetan artu emona daukenai. Ta oneen lapurretak dira nik dotrina onetan azaldau gura deutsudazanak. Neurri paltsoko ta pisu gaistoko lapurretak. Pisu paltsua Jaungoikuaren gorrotokua da, dino Espiritu Santubak, ta neurri zuzena bere gustokua. Pisu paltsua da arina eukitia, gauzia emoteko; ta astuna, artuteko. Neurrijari beste ainbeste jazoten jako. Au gaiti esaten dau Espiritu Santubak berak: Ez dituzu eukiko zeure etxian pisu bi, bata andijagua ta bestia txikijagua edo arinagua. Ezda neurri bi bere. Bata andijagua ta bestia txikarragua. Non erit in domo tua modius major, et minor. Neurri ta pisu paltsuagaz kasik igarri bagarik egiten dira lapurreta asko. Ta gauza gitxijan izan arren aldi bakotxian, sarritakuak dirian legez, laster iragoten dira lapurreta andira ta pekatu mortalera. Alan, duda bagarik lapurretan egiten dabee ta pekatu mortalian bizi dira:

        Lelengo: Dendakuak salduten ditubeenak kanaka ta ontzaka gauza gitxika, lantzian puska bat pisuban edo neurrijan gitxiago emoten dabeela. Oneek neurri edo pisu aldi bakotxian egiten dabee lapurretan. Ta lapurreta bakotxa gauza gitxija izan arren, egunian eguniangua edo sarritakua dan legez, alkarri dautsez lapurreta txiki areek. Ta guztiak alkarri iraatsita gauza andira eldu ditezanian, egiten dau lapurretazko pekatu andija. Oraindino geijago: Alako tratalarijak badauka gogua lantzian puska bat neurri edo pisu bakotxian ostuteko, ostuteko uste edo gogo galduba bera da pekatu mortala. Bada, zein era batera ta bati izan, zein puskaka ta askori izan, gauza andija ostuteko ustia edo gogua daukana, borondatez lapurra da ta pekatu mortalian dago.

        Ez dakit zelan dan, kristinaubak. Errial puska batzuben balijua dendakotan artuta sartuten dira asko kale zulo baten. Tratu puska arena baino beste irabazi bagarik mantenidu edo janduten dira, apainduten dira, dendaak geituten ditubee, tratu andijagetan sartuten dira ta guztiai kobru emoten deutsee. Ez dakit, tratalarijak, zetan daguan au. Baserriko biar garbijagaz ez dot nik inor alan aberatstuten ikusten. Bildur nas, zeuben pisubak ta neurrijak asko balijo ete deutsuben. Esan da lengo dotrinan, engainuzko tratubak, prezijo okerreko tratubak ta logrerijako tratubak zer dirian. Baina geijago ta geijago esan arren eurak gaiti, ez da inos bere larregi izango. Bildur nas, dinot, alako tratalari laster aberatstu gura dabeenak, kodizijak itsututa ete daukazan ta modu guztietara lapurretan egiten ete dabeen. Batian, plazura dendako puskia emoten dabeelako; bestian, kobrauko ezin dabeelako. Batari salduten deutsee prezijuan gorago ta bestiari neurrijan ta pisuban gitxiago. Beste bati emoten deutsee dendakua, abuztuban garijagaz pagetako ta korriduten daben prezijuan garija izateko. Bestiari egiten deutsee nai dabeen kontuba, pagazaille txarra dalako. Ta onan, kasik euren tratu guztietan.

        Ara emen, kristinaubak, ate asko zabalik alako tratalarijak lapurretan egiteko, kasik eurak aintzat artu bagarik. Pobria dalako ta ezin dabelako bada pagazaille txaarra, ezin ari emon zinagijo gitxiago ez pisuban ta ez neurrijan. Ezda prezijuan bere gorago. Ardura bagakua dalako bada pagazaille txaarra, ari ez emon plazura, arduria artuten ta zorra pagetan ikasi dagijan. Baina zer jazoten da? Ah! Tratalarijak ondo dakijee. Gauzia saldu biar dabeenian, ez da pagazaille txaarrik. Txito bigun ta gozo berba egiten deutsa salzailliak erosliari, tratuba egin artian. Plazura bere emoten deutsa, ain paga zaille ziurra ez dana jakin arren. Ta orduban engainetan dau onduen erolia. Pagatzaille txarra dalako emoten deutsa prezijuan gorago ta neurrijan edo pisuban gitxiago. Abuztuba oi da alako zorrik geijenen plazuba. Orduban biarko dau salzailliak popuertza diruba edo garija. Garitan oi da alako zorren paguba. Ta ze prezijotan? Balijo daben baino merkiago. Ara emen tratu asko. Ta guztietan lapurretia. Orregaiti tratalari askok naijago dabee nekezarijari plazura gauzia saldu diru eskukora baino. Kanpo zabalagua dauke ta atxekija geijago daukez orduban, lapurretan egiteko.

        Ya aitatu dan ezkero laboriaren prezijua, esan biar jakue tratalarijai, ez bakarrik errijetan dendako puskaak daukezanai, ezbada zorraren aldera laboria artuten dabeen guztiai. Esan biar jakue, kondenau ez ditezan. Ez dala, eurak uste dabeen legez, laboriaren prezijo korrientia. Preminiak edo bizijo gaistuak imina bat labore saldu eragiten daben prezijua ez da korriduten daben edo korridu biar daben prezijua, zor aldera laboria artuteko. Emakume ordi batek eruango dau, etxian ostuta, gari puska bat saldutera. Amar balijo baditu, itxiko dau zortzijan edo zazpijan. Beste batek salduko dau beste ainbestian, zorrak estututen dabelako. Ta areek saldu dabeen prezijua izango da korriduten daben prezijua? Ez jako geijago kontu egingo, zorra pagetako garija edo artua dakarrenari? Tratalari askok ez. Berba ederrakin leen gauzia saldu eutsanak esango deutsa orain, laboria prezijo atan artuten dabela; ta gura badau, atan itxi dagijala, ta ezbabere diruba ekarri dagijola. Zer egingo dau, zegaz diruba egin ez daukan zordun tristiak? Larga labore zati bat zorraren alderako emakume ordi batek imilaun bat saldu daben prezijuan, tratalari paltsuak atara ekarri dabelako. Ta ez dagijala gura izan Jaungoikuak alako tratalarijak konpesinoian esatia, pagazaille txarra bere bazala ta puska bat goratxuago saldu eutsala; ta laboria korriduten eban prezijua kontu egin eutsala. Au alde guztietati ostutia da. Ta ojala gitxiago balira onetariko lapurrak. Ta endamas erri txikijetan, jentiak nora ezian legez euretara, gauzak erostera, juan biar daben lekuban. Pisuba ta neurrija, prezijua ta berbetia, guztia da engainuzkua alako tratalarijen etxian.

        Bigarrenian: Pisuban ta neurrijan ostuten dabee, popuertzako edo lelengo biarreko gauzak salduten ditubeenak, zeintzuk dirian ogija, okelia, orijua, ardaua ta beste premina nausikuak. Ta ez modu batera, ezbada askotara: 1. Neurrijan edo pisuban gitxiago emoten dabenian. Au gaiti eutzun dozu leen, pisu aldi edo neurri aldi bakotxian gitxi izan arren, alkarri dautseela egunian egunianguak edo sarritakuak dirianian alako lapurreta txikijak. Ta puskak bat eginda gauza andira eldu ditezanian, egiten dala pekatu illgarrija dan beste lapurreta. Ogi bakotxari kenduten jako ontza erdi bat. Libra okeliari beste ontza erdi bat. Libra orijuari beste puska bat. Quartillu ardauari edo azunbre ardauari beste puska bat. Bada, nai ontza laurenak, nai erdijak, nai puska txikijak, guztiak leku batera duaz. Ta, nai ogijan, nai okelan, nai beste edozein pisuko edo neurriko gauzan gitxiago bada, ostuba da.

        Onetariko tratalarijak, euren konzienzijen zotinak ta diadarrak isilduteko, nos bait ateraten dabee meza bat edo beste. Baita emoten deutsee arimai argitakua bere. Baita, zerbait geitxubago dakijenak, konposizinoeko buldatxu bat nosbait artu bere euren buruti, eurak esan oi dabeen legez. Alan bizi dira urte askotan lapurretako tratuban. Bada, jakin biar dabee desditxaubak, ez euren buruti atarako edo ostu alderako mezaak ateriak, ez argitakuak, ez buldiagaz erremedijetako ustian ostuta gero buldia artubak ez ditubala libretan pekatuti ta lapurretan egiteti, alan bizi dirian artian. Edo saldutiari itxi edo neurrijan ta pisuban emon bakotxari beria. Gainerakua lapurretia da.

        Baita lapurretia da, erriko agintari. edo nausi batzubei neurri ona, pisu ona ta azienda ona emonda, bestiai komuna ta neurri txaarra emotia bere. Aragirik oneena ta pisu ona errijan aginduten dabenen etxera; ta okelarik komunena ta pisu arina, pobren etxera. Orijo ona ta neurri ona, abazerubak nai dabenarentzat. Orijo komuna ta neurri arinona bestentzat. Ogi salzailliak ta ardao salzailliak erregalu lodijakin juezagazkua eginda, bestiai nai dabeen pisu ta neurrikua emonda, burla egin. Au guztiau lapurretia da. Ta sarri geure errijetan jazoten dana.

        Oneek esatia, galdu egiten dogu; geuriagaz ezin urten dogu; askok pagau bagarik, iges egiten deutskubee; geuri bere ostu egiten deutskubee... ta beste nako atxekijak bapere ez deutsee balijo Jaungoikuaren aurrian. Ez deutsa Jaungoikuak inori aginduten tratubagaz bizi izateko. Baina bai, tratubagaz bizi arren, ez ostuteko. Orregaiti salbau gura daben tratalarijak egin biar dabena da, tratuban zuzen ibilita galduten badau, itxi tratubari ta artu beste bizi modu bat.

        Irugarrenian: Lapurretan egiten dabee, ez bakarrik esan dirian opizijuetakuak, ezbada baita beste edozeinek bere, neurri ta pisu okerrak daukezanak. Kana laburragua, pisu arinagua ta endamas imina txikijagua laboria emoteko ta andijagua artuteko. Onako neurriko engainubak andi etxetan bere badira. Baserrijetan bere bai. Oleetan bere bai. Errotetan bere bai... Esaten jakue guztiai, neurrijan edo pisuban inori ezer kenduten deutsenian, lapurretan egiten dabeela. Ta aintzat Jaungoikuak juzgauko ditubala.

        Begiratu, bada, neure kristinaubak. Geijago edo gitxiago guztioi jazoten jatzuna da, nosbait neurtuta edo pisauta gauzia saldutia. Sinistu, pisuba ta neurrija zorrekuak diriala ta osorik emon biar diriala. Gorroto deutsa Jaungoikuak pisu paltsuari. Statera dolosa abominatio est apud Deum, dino Salomonek. Oraindino agirijago erakusten dau Jaungoikuak, neurri paltsuari deutsan gorrotua Mikeas propeta santubaren aoti. Suba dago, diadar egiten dau Jaungoikuak, lapurraren etxian. Baina ze su? Neurri txikarra gorrotoz beteta. Mensura minor iræ plena. Ta ontzat emongo dot, dino Jaungoikuak, neurri okerra ta pisu paltsua? ¿Nunquid justificabo stateram impiam? Esango baleu legez Jaungoikuak bere asarriaren subagaz neurri ta pisu paltsoko tratalarijen kontra: Miin labanagaz, lingua fraudulenta, enbusterijagaz ta guzurrak esanagaz, loquebantur mendacium, pisu ta neurri paltsuagaz batu dituzu pekatuzko ondasunak, thesauri iniquitatis. Orrelako lapurretakin aberastu zara diruz ta pekatuz, in quibus divites ejus repleti sunt iniquitate... Bai, au guztiau egin dozu tratalari gaistuak, dino Jaungoikuak. Baina asi neban zeuben pekatuben kastiguba. Jango dozu ta ez zara aseko; batuko dozu ta ez dozu gordeko; ta gordetan dozuna, zeuri gatx egiteko izango da; ereingo dozu ta ez jatzu elduko. Tu seminabis, et non metes. Ta azkenian izango zara jentiaren burlagarria. Opprobium populi mei.

        Ara kristinaubak, zer dirian ta zetan geratu oi dirian neurri ta pisu paltsoko lapurrak. Beti ostuten ta inos aspertu ez. Beti lapurretan ta beti geijagoren guran. Beti inorenari tiraka ta beti inorenaren biarrian, inos medrau bagarik. Urte baten edo bijan tratu paltsuakin dirubak batuten ditubee. Ta beste ainbestian, nundi ta zelan ez dakijela, keia legez, guztia ezkutetan jakue. Ta geratuten dira azkenian pobre ta desondrau jentiaren barregarri. Au oi da lapur guztien azkena, Jaungoikuaren ordena nausijan. Egiija da, tratalari logreru, paltso, lapur batzuk itxi oi ditubee ondorengentzat ondasunak munduban. Baina areek bere oi dira euren ta ondorengen gatxerako; quos salvaveris, in gladium dabo. Lapurraren ondasunak auzitan ta alkarren gorrotuan kastau oi ditubee umiak edo senidiak. Norbera illteko ezpatia dira ostutako ondasunak.

        Artu bada, kristinaubak, gogo santu bat, inor engainau bagarik ta inori ezer ostu bagarik, pisu zuzenagaz, neurri zuzenagaz ta kontu zuzenagaz beti bizi izateko. Orduban Jaungoikuak emongo deutsku mundu onetan biar doguna ta gero betiko zeruba. Alan gura izan dagijala bere ontasun amai bagakua gaiti. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa