www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XIII—

 

        Nekez beterik dago goizalderantz Nikanor. Bira ta bira darabil bere burua.

        —Zelan autortu-erazo deustez ainbeste zeetasun, ainbeste isilleko, ene morroe oneek?

        Ez daki asko Nikanor-ek, polizi-gizonok orretan emoten dituela euren bizitzako ordurik asko; gaizkiñen izaera ta aiurria ikasten; oneen egitaden erroak eta ondorenak, barrukoeragindurak eta kanpoko zirkiñak; begi zorrotzez, gizaseme oso ta geisoak, sendoak eta zoroberaak, eta abar, aztertu, zelatau ta bakotxaren zer ona ta ez egokia alde-erreskan jarriaz.

        Ezekielegazko gomutea bere, ba dau. Dardakadea sentiduten dau gorputzean. Adiskide aregaz batean bizi zaneko gazte-asierako urte atsegiñak. Noizean bein, zaparrada ta asarre-aldiak izaten zituan. Langillean alde egin bear ziran eztabaida ta txiripiñak datorkioz burura. Gogoan ditu «Gabontza» ta aren emazte «Mauts» zabala, katu baltza ondorik beti bere. Burdin-zale onen menpean, lana izan eban egiteko lakoa, baiña neketsua iñoiz, lana nekea dalako. Gosea, lenengo egunetik kendu izan eban, ta etxapea ta teillapea bere izan zituan. Ez eukia izan zan, baiña zoriontsua bere bai, moduen batean.

        Utzi eban erritxu maitea; utzi eban uri aundia; utzi, langilleen aldez neurritsuago, zuurrago ta burutsuago jarduten eban sozialista alderdia, ta buru-belarri jarraitu asmo barriai; agintaritzarik nai ez dauan talde ausartari.

        —Zer dala-ta, jarri ete dot nik neure burua lazka onetan?

        Gorputz et arima, ondatuta dago. Gorputza, makal ta indarbage, geisorik. Gogoa abailduta, adorea galduta.

        Lurraren ganean lo, ainbat gizonezko. Guztiak, aurki ez ezagunak. Bear bada, anarkistaren bat. Adi-adi dago inguruko gorabeerai. Iru bazter dira munduan Nikanor-eri barru-barruan kirrisk-eragiten deutsenak, entzunaz bakarrik: soldau-etxeak, geisotegiak eta kartzelak. Lenengotik, askatu zala uste dau. Bigarrenik ikusi bear izango ete dauan zalantzaz dago. Baiña irugarrena, aborik eskura ezagutzeko zoritxarra izan dau; eta espetxean dago, barruan, morroillope atxilloturik.

        Soiñean soiñekoak, ez burusi bat gorputzaren berogarri, ez tabakurik erreteko. Edaria nun eta zelan izango ete dan, arean ez daki.

        Agintarien aurrean egin ditu autorpen bi. Eta orain, kideko dituan gizarajoentzat bere, egin bearko dau azalpen luzea. Zegaitik eta zelan eldu dan egoera lotu orretataiño. Nungoa dan, zenbat bidar egon dan «gerizpetan». Barreak egin deutsez an dagozan batzuk. Oraindiño presokume bat baiño ez dala, dirautse; atxillotu kakanarru bat; narru-gorrian dagoan txoria, artean lumatu bakoa. Nikanor-en entzun-bearrak! Zaarrenak, ostera —burugiña berau, gorputzeko medikua, alper zuria!— ara eldu barri dan gazte oneri geisokia deritxa, eta leen esana diño barriren barri, zera, an dagozanak Nikanor-engandik izango dabela laster arin, erikutsua sortuteko txertua, onen eztul eta gorroen bidez.

        Orduak aurrera doaz, ta lagun barrien artean, zoritxar bardintsuaren erkide ta tarteko dirala igarririk, zertxubait azkortu da Nikanor-en adorea. Tabaku erreten dakusaz an bertan bere, norbaitzuk. Nundik nora lortu ori?

        Betiko leloa. Morroillopean egonik bere, dirua euki ezkero eskuratu leiteke tabaku-bedarra. Ta, edaria ta ardaua edan bere bai.

 

        Kanpoko aizetara doaz geroago, erreskada luzeetan. Bide estuetan geldi daukez, ta gero, barla zabalean, orma luze luzeak esi dituelarik, an dabiltz zeru-aldearen urdiña ikusi nairik, eguzkiaren epeltasun gozoa gorputzera erakarri guraz. Kaiolan dagoan txoriaren antzeko bizimodua. Barruan ostera, gizona; eta kanpoan, aren zain, gizona ortxe bere. Artegian dagoz, ta artzaiñak oi dauan lez, banan banan zuur zenbatuak, bada ezpadan bat edo bat faltau ez daiten.

        Ainbat gizon batu dira barlan, egutera. Bere gelan ikusi dituanan ez dira ezer, oneen ikusian. Ikusgarrizko taldea, gizon mordo ikaragarria. Egundo olakorik ez dau jakin mutillak. Zaar eta gazte, luze ta txapar. Emakumeak beste alderdi baten ei dagoz. Espetxeratuok, batzuk ba dauke nok lagundu, diruz, jantziz, janariz eta abar. Beste asko, deslai dagoz, okerreria lagun eta besterik ez...

        Bakotxak dauka bere istoria. Bakotxa berak daki jazoera muturra eta asierako sustarra. Askok, amaika bidar egin dabe egotaldi ederrik morroillopean. Lenengoz eldu barriak ba dau zer ikasi bizimodu makur ta errukarri onezaz. Kirten asko, ementxe zuurtu izan da, eta zintzoak bere, mordoka usteldu ta alperrik galdu. Biurri diran askok, antxe egiten ditue ezagupide sakonak, eta alkarrengandik amarrukeri ta txarkeri barriak ikasi.

        Gertakizun baltz eta itzalak. Odolez zikinduriko esku ta barr4u zital asko dago. Gorrotoak eta ikusi-eziñak ara eroandakoak bere, ba dira. Baiña, lapurrak dira geienbat, ara eroanak. Baita laterriak dituan milla legeen artekoren batean, uts egindakoak. Iñoiz, errubakoak bere bai, zuurtasunaren ta zuzentasunaren kontra, antxe dagokez.

        Epai onaren itxaropenak, biziteko adorea anditzen deutse batzuei. Astun ariñean ez dira bardiñak angoen erruak. Ezta urrik emon bere. Baiña jagolen kontrako sentimentua bakarra da guztiengan, gizonaren askatasun-egarria, bardinkoia dan lez.

        Batzuk ba doaz gela berezietarantz, burdiña ta sare bitarteetan, kale-jentea ikusteko eretia ta baimena daukelako. Batzuk berogarri ta janaria ta eskuartea bere lortuko dabe, kanpokoengandik. Doakabe izanaz batean, ba dabe gizon askatuekin artu-emon bizigarria. Eta asmo ta itxaropen barria, igurtzi gozoz dabil edonoiz gizonaren biotzean, laguntasun apurtxua izan ezkero. Baiña bakartadea ez da iñoiz guragarri, edu onetan egonik...

        Nikanor-en soin eta barrua makalaldiak jota dagoz. Geiso dagola siñisturik bizi da. Nekea nekearen ondorik, bearrizana, ezune zitala. Bazter batean lenbailen ilgo balitz, ezer galduko ete leuke berak, eta munduak, arean?

        Espetxe-jagola batek aren izena aitatu dau. Nikanor-ek zigor barriaren ordua dala uste izan dau, eta urrengo itzak entzun baiño ez entzun naiago dau.Jagolearen aurrean, atxillotu langille batek burusi bat emon deutsa, kaletik bialdurikoa. Eta baita diru apur bat bere.

        —Nok emon deutsula uste dozu?

        —Ez dakit.

        —Emakume bat izan da.

        —Beronike Fontanet, ala?

        —Berbera.

 

        Egun illuna. Euria da barlara aizetara joateko. Baiña gaur Nikanor-ek ibituta, arinduta daukala uste izan dau bere zorigatxa ta gorputzaldi txarra. Beronike berazaz gomutau da, eta alegin egin dau nun eta zelan dagoan jakiteko. Presondegian dagona ba daki, eta edozeren men izango dana, edozeren bearrizana izango dauana, ta manta lodia ta txanponak eskeiñi deutsa!... Emakumearen arima eder ta errukitsua.

        Diru apur orregaz tabaku-orria erosi dau ainbat egunen ondoren. Eta edari pitiña bere urdailleratuaz, jaso ta erneragin deutsa adorea ezagunean; arturiko laukotxuak dirala bide.

        Beronike maitagarria! Zoritxarreko una gaiztoan ez dau bertan beera laga mutil gizaisoa emakume onek.

 

        Akerraren adarrak okerrak dira. Eta epaillearen bizarra ez izan ortik emendikoa. Onegaz izan dau Nikanor-ek, bere azbegiak, azi-orraziak, joan-etorri ta okerreriak esan bearra. Ainbeste itz eta pitz, sariaren antzekoa barik, zigorraren erakutsia iabazteko! Beti da gorrotagarri, iñoren itaunei erantzun bearra. Berba bakotxean aringarri dan lumea, ala ondoragarri dan berun astuna ezarri oi dau epaipetuak. Bai dala bestelakoa, arimeari buruz, errudunak autor-entzuleari egiten deutsan agerpen sakona, zikin, oben, utsegite ta ugarrak guztiak zintzo zintzo azalduaz...

        Bildurrarren esan ditu Nikanor-ek, esan dituanak. Zer dauka zer esan aundirik, erri txiki bateko mutiko sostorrak, uri aundi batekomutil bizar urten-barriak eta uri zabal edatsuan sei illabete eskas besterik egin ez baldin baditu?

        Lapurreta ez larregia, eta gero ameslarien artean buztarturik, iñoiz ikusi ez dan agintaririk bageko erritaldeen egoera ta ibilpidea. Ameskeri orrek, dagoaneko, zer bat izan dau txarra. Iñor ilteko gei diran iskillu bitartez, lagun urkoaren bizia arriskuan ipintea. Arako soldautzatiko igespidea, norbaiten saldukeria diru ugerraren bidez, ori ez dau beintzat kontauko Nikanor-ek, iñok zirikatu ta eraso eragin ezpa legio! Noren kaltegarri al da ba, norbera soldau ez joana?

        «Andutz Mendi» sartu da kai ederrean. Laster dabil Matxin, untzitik legorreratuta, ango maletaria ta antziñako adiskidea idoro nairik. Alperrik. Ezin aurkitu dau Nikanor. Joan da arako «Montseny» edangurantz. Ez dago an, ez aren antzeko tokietan. Kaleak kale ikusi ditu, aztarren billa. Saltzaille ibiltaun bakotxa, axe bera dala uste izaten dau. Bertara, eta, ez, ez da agiri txikitako lagunik.

        Gero, bere ontzi aundian dagoala, Matxineri zerbait adierazo deutse. Zera, nonor dabillela onen galdez, an kai-ganean, legorrean. Emakume bat ain zuzen bere.

        —Emakume bat nire galdez, emen?

        Zalantza orrek, ostera, arnasa laburra izan dau. Antxe dagoan emakumea da, jakiñerazo deutsenez.

        —Ene! Beronike, izan bere.

        Aren arpegi itun eta itzalean igarri dagike Matxinek, ezbearren bat izan dana. Orra, zeatz eta labur, jazorikoa: Nikanor giltzapean dago, poliki poliki...

 

        Bular-baruan sua eta daukan uste dau Nikanor-ek. Txiñurritegia bere, ba dala deritxa. Berotasuna, errea, sukarra, garraztasun nai minberaa antza dauka. Larri dago. Eztul erasoak ez dau amairik ezagutzen, bare samar baiña ekin sarrian, neguko eurite isituaren araura.

        Egun sentia eldu da, nekez eldu bere. Ez darabil oraingoan mutillak, bere askatunazko buru-austerik. Gorputza dauka jausia. Ta adorea, galdu. Itobearraren seta ertsian loturik dago. Zerbait datorkio samara; eztarria orrikak estutuko ba leuskioe lez. Arnas estua, izerdi larria, bero ta otzikarea, dana batean.

        Gorazkoa yatorko, ezin egon geiago. Eriotza lupua ete da? Ene, ene! Aokadea irauli dau. Lurrean dago etzanda, ta lurrera botau dau aokada nardagarria. Zer da, afaritako jatekoa? Ez. Odola da. Odola jaurti dau aotik. Istil iguingarria dakus begien bistan, eta beste aldera bira egin dau.

        Zaparrada izugarria sortu da gelatzar illunean. Beste presoak, goragoraka asi dira. Ba diño, esan bere, arako zaar arek, lotsabaga ta erruki pitiñenik barik:

        —Gazte au bularretik dago. Bularretik! Ez dago onetarako eskubiderik. Ortxe dagoz lurrean pisti ta zomorroak. Ortxe ditugu gatxaren koko guztiak.

        An dabiltz atxillotuak zarataka eta zemaika. Kartzela jagola bi agertu dira, ta ateko burdiñetaz zear, itandu dabe.

        —Emen dagoan gazte au, idorberi dago; bularretik. Aspaldi esan neban, baiña iñork jaramonik ez egin. Odolez ondatu dau beia. Kutsutuko gaitu, eta galduko gaitu guztiok! Lotsagarria da au!...

        Alan bere, ordu batzuetan bardin iraun dau ango egoereak. Guenean, nagosiaren baidura zeatza lortu ondoren, bere lagunak uzteko unea eldu yaka, geisotegira daroelako. Burusiaz estaldu, ta ba doa, oiñean gain, erdi zanbuluka. Beronikek bialduriko burusi barria!...

        Eguerdi alderantz ikusi dau osatzailleak. Entzun deutsa birien zurruka naastaua.

        Bazter batean ezarri dabe, oe estu baten neurripe. Beste iru dagoz gelatxuan bertan, maskar ta oriak oneek bere.

 

        Etxe orma andi ingururantz, lagun bi datoz. Gazteak dira biok; bata, gizonezkoa; emakumea, bestea. Eldu dira ate nagusiraiño. Etxe aundi au, kartzelea da. Ez da agiri an inguruan iñor, soldau jagolak izan ezik.

        Artezkaritzan itz egin nai leukee. Zerzelada batzuk jakin ditue, eta taxi batean sartu, ta an doaz Epaitegira, 3garrenekora. Epaikaria ez dago bere tegian. Menpeko arduradunaz berba egin dabe. Aldeztzaillerik ordaintzeko iñor gertu ezik, legezkoa izango da laguntzaille ori. Auzi-eguna noiz? Jaungoikoak daki! Naaste orretan sarturik asko ta asko dagoz. Ortik ganera, salakuntza berezia dauka Nikanor-ek, diru-etxean egindako sasi-firma onuratsua... Leengo bizierako zeaztasunak? Onak baldin balira, beti litzakez utsegiñaren aringarri. Nundik asi billa? Norengana jo agiri onak lortuteko?

        —Noren galde asi? —diño Berok—. Zera, ba eukan onek nagusia, «Gabontza» ez-izenekoa, txatarraduna bera, ona etorri baiño leenago bizi izan zan urian. Baiña, ain zuzen...

        —Bai, eta ori orrenbestean utzi bearrez, an, gure erritxuan, badaukagu gizon aundia, almen zabalekoa, jaun garai ta jasoa, Olarratz jauna. Onen txakurra, Nikanor-ek erabilten eban txikitan. Onen eragiña egokian izan leiteke, jadetsi ezkeroan, jakiña.

        Matxinen arpegiak bizitasun joria erakutsi dau, asmo au agertzean. Baiña Beronikek ez dau orrelako poz-antzik. Bizialdian, nekea ta gorrotoa ta ondore urri ta muritzeko ezagupidean, besterik izan ez ditualako kaiolan dagoan txoriak; Beronike berberaren taiuan.

 

        Kartzelako bere gelan baiño geisoen lekuan obeto dagoana, zer esan bakoa da. Alan bere, makal eta jausi-egoeran dagola dirautsa Nikanor-ek bere buruar.

        —Nireak egin dau, dirudianez. Sukarrak erre-bearrean nauka sarri. Ta gorputzean neukan gizen apurra, koipe gazea lez urtuten yoiat. Egunean eguneango izerdi likin onek, azur eta azal biurturik utziko nau, agiri danez.

        Orraitio, an jagola dituan lekaimetxuak ondo baiño obeto zainduten dabena, egi biribilla, nunbait bere. Amagandik alde egin ebanik ona, ez dau mutillak orrelako txera ta jagolatza gozo samurrik izan. Ba dau alakogomutatxua, ostera, arako «Mautsa» andra totolo arentzat; ez eukan, baiña, emakume mokor zabal arek, monjatxu oneen jas eta eragiñik.

        Eztabaidan ibilten da, alan bere, goizean eta arrastian. Sukarra ibituta gogozago dagoanean. Munduko lipizta eta arloetan ez dabe lekaimeak, aurki, larregi jakingo, baiña arimearen biziaz berezko ta landuzko ezaguera ta doaia dabenak, ba dira izan.

        Nikanor-en barruan alako sentimentu samurra sortu-erazoteko alegiñak alegin egiten ditue, zori eskasez nai itxaropen obez, batzuetan.

        Gai eder oneri buruz, egundoko jardunak izaten ditue. Gorputzeko makaltasunaz batean, arimako gabezia ta ezunea, esker-igurtziz aberastu ta joritu naian lez.

        —Nikanor, kristau umetxu aldendua: epailleak esku-artean zaukaze. Badakizu gizonen zuzentasuna ez dana beti orixe; zuzena, arteza, tamalaren aundiz. Akatsak ditu; oker-ikusteak, eriste argalak, gogorkeria ta biurri-sundea sarri askotan.

        —Zertzuk diraustazuz, Arrebatxu?

        —Ba dakit nik, ondo jakin bere, Epaille arteza nor izango litzakean. Aren eskuan bai ez dagoala larregikeririk ez izterbegirik. Zuzena da izan baiña, zelan esan negi, Aren artez-bearrak beti erabilli oi dau, buztarturik lez, maitetasuna, parkatu-naia.

        —Monjen kontuak dira orreek. Zu zeu, Arreba, egon al zara iñoiz onelan, auzipean, epaille ta polizi ankerren eskuetan? Zerbait egin dodalako, zigor biurria jasan bearrean! Azkatasuna galduta, oinperatuta gizon gaztea. Zuk olakorik ezer iragan? Bai zera...! Monjak beti dabiltz libre.

        —Bai, e? Emen berton, ez al dakizu lekaimeen kaltez ezkerraldeko gizonak egin dituen geiegikeriak? Lekaime guztiak ama, aragizko semeen ama biurtu bear giñala-ta, gure kaltean egin dituen bidebakokeriak?

        —Ez nik.

        —Ez ba, jakin nai ez danik ez da jakiten.

        Onetan, beste lekaimetxua dator gela zurira. Zerbait dakar eskuetan, eta berealakoan goira jaso, ta erakusten deutsa mutillari.

        —Ona emen zuretzat, Nikanor. Karta bat da. Igarriko al zenduke nok idatzia?

        —...?

        —Ez al dozu munduan iñor? Orren umezurtza al zara alde guztietatik? Emakumearen letrea dirudi. Ba dozu oraindiño, zera.

        —Emon egidazue aguro.

        —Orain arte gugaz naikoan egon zara, baiña kanpokoren bat naiago zenduke.

        —Jakiña.

        Artu dau gutun-azala eskuetan ta urratu dau, urduri, gogatsu, azal ori. Ganean ez dauka bialtzaillearen izenik. Edegi dau beingoan. Eta goitik beera arrapaladan ikertu ostean, amaian aurkitu dauan izenak, poz-antzean jarri dau.

        —Beronikerena da.

        —Bai izen polita bere! Orretxek garbitu eutsan arpegi zikindua, bere zapi zuriaz, Kristori. Odolez ta izerdi ta lurreko autsez loturik yoianean, kale medar latzean, gurutza aztuna bizkar sorbaldan.

        Lekaimeak itz beratz amultsoak esan bitartean, Nikanor-ek itzok entzunaz batean, irakurten diardu. Onen begitarteak bareago dirudi.

        —Zera... emakume au, emengoa da. Aspaldion ezaguna dot.

        —Ezaguna bakarrik?

        —Ez. Ori ostera, neuk aiña jakitea da, Arreba.

        —Ondo da. Zeuk esan gura zendukeana esan ziñegi, soil soillik. Ez gara asarratuko.

        Munduan bakar, zabar ta deslai ez dagola jakin barri dago Nikanor. Berok leen eta orain barriro, agertuten deutsa maitasarrea, biotz-eragiña, samurtasuna.

        Amets-utsezko maita-ikutua, bear bada. Lillura gurizko zertxubait, aurki. Egia ta benetan ezin izan leitekean gurari gordiña. Joandako unea, barriro biurtu eziña. Biotzaren amesak osoroan betetea gatx danean, betor, orraitiño mundu lakarreko buruauste ta eguneroko kezkak legundutea ta biribiltzea.

        —Nire alde jardungo dabela eurek, diñost.

        —Nortzuk dira?

        —Beronike ta Matxin. Au, txikitako neure laguna da. Ementxe ikusi neban azkenengo. Itxasgizona da. Gure errian ba da aberats bat, gobernuko kargu aundia daukana.

        Monjak alkarreri begiratu deutse.

 

        Epaikariak burutu dabe azterren-lana, eta goiz illun samar batean, auzitegira daroe Nikanor, atxillotu talde bategaz naastean. Neke aundia izan yaka ordu sail auxe. Oetik jagi ta oztan lez dabil, kartzelako mailletan gora ta beera, ta beste orrenbeste epaitetxekoetan zear. Apurtxu bat lodiago emoten dau itxura batean, baiña bear ba da, andituta ala puztuta ez ete dagoan, esan leiteke.

        Azalez zurbil ta kolorga, buruko uleak bere, meatzago ta makalago daukaz, geisokiaren eredu berbera izanaz. Ezta ez zio bakoa, ain zuzen, taiu ori.

        Bere okerrak ekarri deutse zigorra, monjatxuen esatez. Jaungoikoaren aginduen aurka, egun ta eguzki jardun legi gizonak, sarri askotan, ezetariko kalterik leporatu bage, agirian beintzat. Gizasemeen erabagiai irri ta barre egitea, orraitio, ez da txantxetako zera. Gizasemeak eskua gogorrago dauka, Egille altsuak baiño. Eta izaki txatxarren setakeria ta zital-ikutua beti da doillorrago, gizakumeetan.

        Alan bere, lege egoki ta zuzenak, beitez edonun ta edonoiz betegarri, iñoiz edo bein samurtasuna ta beratz-zirkiña ondorengo guri izanik.

        Lau urte ta egun bat izan da Nikanor-entzako zigorra. Lau urte ta egun bat, morroillopean egon bearreko. Txori okertua kaiola barruan, jagolen begi zuurra, ta iñpoiz gogorkeria ta esku zolia zigortzaille dituala.

        Kartzelako eritegira danean, bai Nikanor-ek esan bere, lekaime jasankorrai:

        —Lau urte egingo ei ditut emen. Ene azurrok ainbeste iraungo ete dabe, ba?

        —Siñismena galdu zenduan antzera, itxaropena bere, galdu egingo ete dozu, Nikanor?

        —Ez jakin ba.

        —Toki bakar bakarra dago, gizonak itxaropena galdu legiana.

        —Zein toki?

        —Inpernua. Atea, barrurantz joateko soil-soillik edegiten dana.

 

aurrekoa hurrengoa