www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—IX—

 

        Egunkari saltzaille egoki-egokia ei zan Nikanor. Ori, ondo ekian Tutuluk. Eta orregaitik, damu aundia emoten eutsan emon bere, jaozriko uskeri bategaitik, mutiko ain azkarraren lanaz aurrerantzean bere, ez baliautea.

        Tutulu, dirua kutxan sartzen gustora ibilten zan gizona izan bere-ta, bere jauntxu nagusiari mesede bat eskatu bear eutsala erabagita egoan. Guztien onerako mesedea, ganera. Obeto esan, euren alderdiarentzat. Mutiko ori, elementu ona izango yaken euren alde egonaz.

        Urrengo egunean Nikanor-ek, barriketa isil luzean ikusten eban Tutulu etxaurrean, dendako ate ondorik igaroten zan gizonezko askogaz.

        Nikanor-ek laster saldu zituan, deadar itzelak egiñaz, egun aretako albistariak.

        «Bakarrekoa» gobernuaren alde agertzen zan. Auteskundeak egitea, onuragarria ei zan beti bere, erriarentzat. Eta goian dagozanentzat beste ainbeste, batez bere, auteskundeak, goikoaren beraren eskuz ta gogara egin ezkero...

        «Bakarrekoa»ren taldekoak, Tutulu-ta zirana, Nikanor-ek leenago jakin izan ezpa leu bere, aurreko illuntzen bizartegian jaso eban txostenaren ganerako, Tutuluren dendan bertan ikusi eban zerbaitek adierazo eutsan obeto.

        Tutuluk etxaurrean barriketan ziarduan bitartean, egun aretan bere, aren alaba totoloa izan zan, paper-salduketa kontuak garbitu eutsazana. Mari Asun eban izena, ta neskatilla egiña egoan ordurako. Nikanor-ek baiño urte geitxuago zituan. Iru bat edo... Ori gorabeera, ez zan mutikoa gorri gorri eginda jarriko aren aurrean, iñoiz olakorik gertau izan arren. Bizimoduko zerak, gero ta geiago ekizan. Mari Asun txikia zanean, ume dindirritsu izan zan, mokotia, ta adurra eriola ibilten zana. Eta Mari Adur bein baiño sarriago entzuna zan nunbait, errietan ez-izenak asmauteko, jentea gertu egon oi da-ta.

        Mari Asun, dendako barrukaldean egoan tokian, garbitasun aundietan topau eban Nikanor-ek.

        —Mari Asuntxu, zetarako dituzu astiñaldi ta garbitasunok?

        —Zerbaiterako izango dira. Ezagun da gaztea zareana.

        —Bai, zu baiño, beintzat.

        —Nai izango zenduke zuk ni lako bat, daukagun aldea gorabeera.

        —Bai, ori bai. Ez zagoz txarto bere.

        —Lotsabagea.

        —Lausengu egin deutsut itxusia ez zarealako, ta orra ba! Esanak esan, entzuizu: Nikanor-entzat edozein neska ez dala egokia. Neuk dakit ondo, nor gustauten yatan.

        —Nor? Jakin negi?

        —Ez, ezin ziñegi jakin. Orreek orrelan dirala, ba dakit nik, gauza askotarako dirua bear dana, ta andrea erosteko bere bai. Baiña... naikoa da auturik. Eutsi gaurko diruok, eta emon egidazu niri dagokidana.

        Atara eban neskatoak kuadernu miaztu bat, eta artu eban Nikanor-engandik diru guztia, eta pakete-azaleko paper lodiaren zatia, egun aretan bialduriko kopurua iragarten ebana.

        —Biartik, numero geiago ekarriko ditu aitak, zeuk saldu dagizuzan.

        —Geiago oindiño bere?

        —Bai, Nikanor. Ez al dakizu ba, orain zabalkunde ta eztenketa gogorrean jardun bear doguna, auteskundeak irabazteko?

        —Nik ez daukat zer irabazirik ez zer galdurik orretan.

        —Bai zuk bere, zerbait. Zenbat eta geiago saldu...

        —Zuen aitaren teoriak dira orreek.

        —Eleziñoiak irabazteak, ardura aundiago emoten deusku.

        —Ogia merkatuteko, ala?

        —Ez zaitez kirtena izan, txotxo. Besteok aginduten jarriko balira jarri, erri onetan berton, bestelako aldakuntzak izango gendukez.

        —Besteak nortzuk dira, ba?

        —Au dago ona! Besteak... ba, besteak. Egun gitxiren buruan jakingo dituzu ainbat gorabeera.

        Kontuak egin-ala, autuan ziarduela, ondo jantziriko gazte bat sartu zan dendan. Bestela baitakoan begiratuten eutsan neskatilleari, onek Nikanor-eri txanponak emon bitartean.

        —Ederki, giputxak olakoari! —esan eutsan mutikoak Mari Asuneri, diruak eskura zituanean—. Biar arte, laztana, eta ez lan larregirik egin, alperrik galdu ez zaitezan.

        Ori esan, irribarretxua egin, eskuak patrikerean sartu, eta surra astinduaz urten eban Nikanor-ek dendatik.

        Sartu-barri zan gazteari ez eutsan grazi aundirik egin «laztana» itz orrek. Begien bistakoa da orren zegaitia. Mari Asunezaz gustaurik egoan, aurki.

        Kalean bertan, Nikanor-en belarriak eratorri eben urrengo alkar-berbeta au:

        —Ta? Noiz dira ba zerok?

        —Noiz? Guarko paperak dakar, adiskidea.

        —Baiña nik ez jakin irakurten! Ta, zertzuk egin bear dira?

        —Lenengo, errietako ziñegotziak, eta geroago, aldunak. Azkenez, uriburu nagusirakoak, antza.

        —Ta, nok irabaziko ete dau errian?

        —Lan geien egin dagianak.Eta (au, belarri ertzera) batez bere, ziri geiago sartzen jadun dagienak. Lakirio ederrak gertu zituen azkenengo aldian bere. Oraingo alkate au, badakigu, arranotan, zelan egiña izan zan. Oraingoan, ikusi egin bearko. Ez egizu aaztu, orraitiño, Olarratzek, bai errian bai auzoan daukan almen aundia. Nik ez diñot ezer, baiña, daukala gura ba dau.

        —Zeuk diñozu ba, guztia.

        —Oraingoan... aurrekaldean aurkituko dau merezi izan dauan saria.

        —Entzuten dozu?

        —Nik entzun, ez; nik esan diñot.

        —Egia orixe bere.

        —Asmau bai, zeozer egin dau: bidebarriren bat eskeiñi; ala urak ekartea; edota arako trena gure erritik pasautea edo.

        —Bestelako berba koipea dauka, orduan, zaldun orrek.

        —Orrek? Koipea, ta beste zer asko bere bai.

        —Ez dakizu zuk gitxi, gero.

        —Urteak, adiskide; urteak bizkarrean...

 

aurrekoa hurrengoa