www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VI—

 

        Egun gitxi barru dira auteskunde barriak. Laterri-burura joango diran aldunak izentauteko. Pelotatokian izan da bart, liberalen itzaldi mordoa. Langilleen alkartasunak, jai egitea erabagi dau arratsaldean, zezen-plazan egingo daben billera zaratatsura lagunak eurrez joan daitezan.

        Nikanor-ek bere, jai egingo dau, ugazabak gura ezarren. Arako lapurrak eldu ziranetik, aloger itxurazkotxuagoa eskeintzen deutsa «Gabontza»k. Baiña ez dau mutillak, ezkur orregaz,praka barri askorik egingo. «Gabontza»ren gogoa, orduan, bero berotan, eskuzabal agertzekoa izan zan. Baiña, sarri askotan, biotzetik eskuetaraiño bide luzeegia edo.

        Zezentoki inguruan, ba da laguna ugari. Aldrak eta aldrak datoz, kanta soiñuz, deadarka ta zarataka; oial zuriak letra baltzez beteak, makilla artean buruen gain zut eta lerden dakarrezala.

        «Langille ta umeen gurasoak! Batu guztiak!». Edota: «Onean ala txarrean, lanari bere ordaiña emon bearko deutse». «Gora Laterriz-ganekoa».

        Ikurrin gorri aundiak aizetan zabal erakusten ditue, eta «Marselletarra» ta «Internazionalen» doiñuak entzun-erazo.

        Konkortuta dago Nikanor. Bere begientzako edertasun jatorra dan ikuskari orrek, odola berotzen deutsa; ta ames-zorabioz beteten deutsez buruko garunak, an tribuna luzean, urrengorik urrengo itz egiten daben gizonak.

        Ango entzuleak, erriko semeak, jende apala dira geienbat, beargiñak, ogipekoak, emakumeak bere bai. Aundikirik bat bere ez, egin egiñean. Aberatsik ez da urretan bere. Beartsuen batzarra da, ez-eukien billera griñatsua.

        Eukitsuen gain joango dira lepokadarik mamintsuenak. Oneek, txiroen odola edanaz bizi dira. Landerraren izerdiak gizentzen ditu aen gerrontzeak eta aen seme alaba guri ta alperrenak. Langilleak eskubiderik ez dauke, betekizunak baiño, ta euron osasuna ta indarra ezezik, izaten dituen seme ta alabak bere, ondasunez atsiturikoen serbitzurako izango dira, ogi gogorraren apurrekin biziteko soillik. Antziñako jokuak barriren barri sortu ditue gizartean; eta gizonak, gizona dauka menpeko ta otsein garbi, abere bai litzan. Siñismenik ez dau bear gizon askeak. Siñesmena aomiiñetan arturik, goikoak, beekoak lo jarteko baiño ez darabille. Gizartean gudu ikaragarria eratu bear da, nora ezean, buztarri lotsagarria bein betiko birinduteko...

        Andik urteieran, Nikanor-en burua, lilluraz gonburu dago. «Laster dator eguna...». Amaika bidar amesturiko egun eldu-ezin antzekoa.

        Ezekielen ondotik urten dau, jente-arte izerditsuan. Bapatean, emakume gazteak oratu deutse besondotik, eta saillak eta aldrak asi dira kaleetan zear oiuka ta deadarrez, pilloka ta pilloka; uiolaren antzean doa kaleak betean gizon-ibaia.

        Agintarienganantz, nunbait, batzarreko asmo ta erabagiak ezagutu-erazoteko ustez. Zabalkundea egiteko alegiña ta erakusketea, langille makal eta bildurtiai deia, alkartasun osoko indarra lortu narik. Txiñelak eta laterri-jagolak or dabiltz inguruetan, zispa motzak sorbaldetan zintzilik dituela. Arik lasterrean, zaldi ganekoak bere agertu dira, ta kale ertzetan dagoz seiñan seiñan, erne, artega, urduri.

        Kale estuagoak iragan, eta zabalagoetara eldu da jente sail gero ta mordoagoa. Ikurrin gorri gorriak eurrez agiri dira euren eskuetan. Kanta zoliak ta deadar entzungarriak aizetan.

        Bapatean, erdi geratu egin da uiol bizia. Norbaitzuek, etxe aundi bateko mailladiak gora asi dira. Altsuen biltokia da, liberalen leku guri ta erosoa. Balkoira agertu dira ta an ikurrin gorria ezarri dabe. Barruan, tirotsak entzun dira. Eta berealakoan, kalean bertan bere, su ta danba.

        Zaldiganeko ertzaiñak emen datoz lauazka. Batzuk mauserrak gertu, besteak sable sendoak aidean, zirti zarta asi dira, jentea burutik beera joten. Gorantz tiruak, beso zartadak beerantz, orko aienean ta ango biraoa.

        Lagun metea bakanduten asi da; emaztu dira gizonezkoak eta emakumeak igesari emon deutse. Txiñel geiago dator, oiñez eta zaldiz. Txingurriak lez egoan taldea, ara ona sakabanatu da aguro. Tranbia zatar ba, eperdiz gora irauli dabe ta iru edo lau automobil sutan jarri, gasoliñaz igurtzirik.

        Lurrean, lagun bi datzaz illik. Ainbat, zauriturik daroez osatetxera. Asko ta asko, atxilloturik.

        Al dauanak al dauana, Nikanor-ek bere, ospa egin dau, erdi bildur, erdi durduri, illunpean dagoan kale estu zaar batean zear.

        Urian, itxaso asaldauaren marru asarrearen antzekoa sentidu da, ta aizea burruka-sundaz ta oiartzunez bete da.

        Nikanor-en amesaren birlora-atal lenengoa, laburra izan da, ta damurik. Langille-sailla ez da, argi asko, oraindaiño beintzat, munduko ardatz eta nagusi.

 

        Ala ta bere, bigaramonerako aolku mingotsak, agindu barriak zabalduaz zabalduaz doan urian. Oporketa nagosia egingo da. Langille guztiak —orixe da guraria, beiñipein— ezer ez dabe egingo, kaleetan ibilli baiño. Agintari liberalak ikusi bearko dabe, azpikoen indarra ta batasuna.

        Oporketa nagosi ori, ostera, laburra izan da. Ta baketsua; orrelan nai izanik, ala bildurrak esitua? Egun bakarra laster da joana. Urrengo egunean, ogia erosteko-ta bear dan diruaren eske antzean, joango dira beargiñak, etxeko premiñak bultzeragiñik.

        Eta Nikanor-ek, ikusten dituanak ikusirik, bere erritxuan mutiko bardingoa zanean eukan egote nasai baketsuaz gomutak gomuta egin ditu oeratzean.

        Adiñak eta bizitzeak, ezkutuan egon oi diran zerik asko azlaeratzen ditue. Eziña da gizona atzerantz joatea; ez adiñean, ez barruko beste izakai askotan. Astiaren alabearra, ankerra ta errukibagea izan.

        Askatasun-egarria asetzeko, buru-jabetasuna gero ta beteagoa izango da. Esker onaren agiritzat, «Gabontza»k, egia, aloger mengela geitu eutsana Nikanor-eri.

        Baiña, gizona, ogiaz bakarrik bizi ez, eta... Nikanor-ek aren menpeko, lanean jardun arren, aurrerantzean, ez dau bizilekutzat «Gabontza»ren etxea bera izango. Urira doa, adiskide ta lagunengandik urreago egoteko, etxerako erretiru orduetan askatasuntsuago izateko, eta, egia au bere, «Gabontza»ri matorduetan-eta, ezetz esan bear deutsanean, makaleriz baietz ez esateko.

        Ez da Nikanor, «Gabontza»ren etxera sartu zanekoa. Ez. Ori, ondotxu daki onek. Eta arako mutiko zintzo ta esaneko zirudiana, ez da orain eztabaida zalea baiño. Ez dau alegin larregirik egiteko gogorik agertzen aspaldion. Zetan geiegi lanik egin, ugazaba aberastuteko, ala?

        Ganera, ba daki Nikanor-ek, ugazabandreak ez dakiana. Ala, beintzat, erakusten emoten ez dauana. Zera... «Gabontza»ren ate-osteko emakumea, Irune neska zuntzuna dana.

        Neskatilla auxe, begiko yakan, bai Ezekieleri, eta baita Nikanor-eri bere. Zaarraren diruak, orraitio, errez erosi dau, antza, arrain merke ori. Orregaitik bere, ezin ikusia gero ta sakonagoa, txatarreru zikotxari.

        Irune gaztea, ostera, udako odeiaren irudikoa izan da agurearentzat, eta gozotasun lar eskeiñi orduko, egalak bizkortu ei ditu. Beste morroe bat aurkitu ei dau, ta aregaz egan joan ei da aguro ta pozik, «Gabontza»ren garramura asi-barriari, barau-egun opaturik.

        Au jakiñik, baretu da zerbait Nikanor-en gorrot isillekoa, ta ba diardu, ba diardu. Ganera, oraingo aldian, goraldi ezaguna egin dau «Gabontza»ren garatzak. Beste mutil bi artu ditu menpean eta lanik astunenak, oneek egiten ditue; eta orra nundik nora, Nikanor ogipekorik zaarrena etxean. Ez ori bakarrik; etxekandrea, umoreak edo ubilleriak jota dago, ta neskato surmotz bat etxeratu dau, lagungarri.

 

        Liberal egin da, gizona, «Gabontza» bera! Ta zelan ez ba, garatza ta dirubidea egunean baiño egunean mardoago ta emonkorrago jadetsi ezkero? Eta garaitzailleen burdira igotea, gizon geienentzat munduko zerua izan...

 

        Bidebagakeriak dirala-ta, agintari nagosiak neurri estu gogorrak ezarri ditue politika bizitzan, gizarte-arazoan.

        Lan egitea dagokio beartsuari, ta Nikanor-eri bere bai, beraz. Buruko asmoak, ostera, umotuaz ta egosiaz daroaz. Beargiñaren eskubidea geienbat aintzat artu bakoa...

        Ezekielez gañera, beste adiskide batzuk bere ba ditu Alkartasunekoen artean. Bere lanbideaz, barriz, aspertuten asita dago. Burdiñak gora, txatarrak atzera-aurrera; onenbeste ekarri, orrenbeste eroan; ainbeste pixuan jarri, neurri ta eretxi batean —norentzat dan—, salneurri bereziak izaten ditu nagosi jaunak. Eta Nikanor-ek, gaiok eta zerzelada guztiak, apuntau ta idatzi. Egia esan, aspaldion ez dau izerdirik ataraten, eta Ezekielek bai sarritan esan bere:

        —Errefiñau egin zara, Nikanor, eta moduetan gero! Zuk bere, aldi onetan, langille zakarraren eskuak baiño legunagoak daukazuz, laguntzarra, kaillu ta azal gogorrik bage.

        Baiña Nikanor-ek, barre egiten deutsa, ta gozaro ta lotsabaga egin bere. Izerdiaz gorputza bustitzen dabenak soillik egiten al dabe lan? Esku, beso, gerro ta bizkar-lanak ba dira, abere indarrez egin bearrekoak. Baiña, buruz, adimen-argitasunaz jokatuaz eta... paperak erabilliaz, ez al da arazorik goitarrena egiten? Iñoren menpe ta aloger orde jardutea, beti da aberatsaren eta nagusiaren onerako.

 

        Ez deutsa, ostera, gizarte-auziak beti galduerazoten baretasuna Nikanor-eri. Egiten ditu bai dantzaldi luzeak bere, domeka ta jai egunetan, gaberantz ardau edaten ibilli orduko. Auzoko erri txiki batean, erromeri guztizkoak izan dira, ta antxe, dantza ta barriketa, eta barriketa ta dantza, ezagupidetxua egin dau neskatilla morroskana bategaz. Trenean bere, alkarregaz etorri dira. Ezekiel-eta, beste neskatilla batzukaz autuan; baiña, Nikanor, bere potolo begi aundiagaz.

        Langillea da Nikanor gura dauanean, beargin lan astunekoa jopua, bere izerdiz, ugazaba gerrieder ta okitu biurtzen dauana.

        Morroskaneari, ostera, ez deutsa olakorik esan. Ofizinistea dala esan deutsa.

        Neskatilla gaisoak, edegi deutsa bere barrua, eta naikoan, ain zuzen. Au, koziñaria da; jateko onak egin eta jaten ei ditu, serbiduten dagoan etxean. Zizili deritxa, ta erri koskor bateko alabea da. Dagoan etxea, oso ona da; an egunero batzen ditue kankarrukada gizenak, txarrientzako-ta, ondakintzat; aragia dala, ortuariak, nai ogi zati itzelak direla...

        Urrengo jai egunerarte egin deutse alkarreri agur, neskatillea mirabe dagoan etxeko kale-ertzean.

        Koziñari gaztea, emakumea a bere, amesaren birlora bigunak ikuturik dago ta mutillagaz pozarren asi da maitetasun artu-emonetan. Adiskideak igarri deutse Nikanor-eri, ta bai Ezekielek irri gaizto biurriz aitatu bere:

        —Ez al dozu Zizili ori, arako kanta zaarrekoaren antzekoa izango?

        —Zer, gero?

        —Zuk entzun egizu, ta orduan...

                «Etxebarriko Zizili,

                arek emoten dau isi-isillik...».

 

        Nikanor-en ezerako seta barrukoa, gero ta billoizago dago agirian. Gogaikarri yaka bizimodua; argi esan, lan egin baiño ez egin, gurago leuke. Ai, berbetan ondo ba leki, berbea bere, ibilliko litzake «Langilleen Alkartasunezko» buruekin eta izlariekin. Buru eritxia da, ez-ta bazterrean egoteko zale, lan eta lan isillean. ola aundietako beargiñak baiño obeto bizi dira euren artezkari agertzen dira izlariak, burukideak, jauntxu-usaiñekoak oneen artean bere. Nikanor-ek damurik, ezin au ainbeste. Baiña, ai, al ba leu, al.

        Ziziligaz amultsurik diardu, loraketan. Emakume au alper-usain bakoa da, beargin suarra, ekiña, berakatz atala baiño fiñagoa. Zegaitik artu ez ba, laguntzat, onek etxera irabazia ekarteeko aukera ta jasa ta gogoa dauala susmau dau-ta? Ba dira senarrak emaztearen lepotik bizi diranak.

        —Zuk egindako jatekoak, gozoak izango dira ba, Zizili?

        —Etxeko jaun-andrak beintzat, pozarren daukadaz.

        —Urrengo domekan, ezin urten ziñegi-ta, zer deritxazu alako meriendatxu bat ipiñiko ba zeuskit?

        Mutillaren ausarkuntzea aundia da, ta koziñari neskameak ez daki zer erantzun, baietz ala ezetz.

        —Ugazabak etxean egoten al dira beti? —dirautsa mutillak.

        —Geienetan bai. Beste batzuetan, joan egiten dira euren seme-alaben etxeetara-ta; euren batzoki apaiñetara-ta.

        —Orduan, urrutizkiñez ots egingo deutsut eta zuk...

 

aurrekoa hurrengoa