www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VIII—

 

        Lanerako jagi bear ez danean, ez dauka gorputzak ainbeste nagirik. Atzoko egunaren ondorena, gaur, ez da orraitio, bigaramona. Goizetik dabil norbait. Nikanor-ek, lenengo trenean alde dau uritik. Andiagoaren billa doa. Ez doa utsik; ba dau esku-arteko Zorrak bere bai, baiña or konpon esanaz, errez laga ditu garbitutzakotzat.

        Langilleak dakusaz, soiñeko maizturikoz, txapelak buruan, eskuetan zimeratxuak, ola aundietarantz... Egun osoan lanean jardun dagien. Ogiaren billa, jauntxuen menpean, liberalen azpian. Emuts errukarriak, beargin doakabeak.

        Beste modutan bizi dira ugazabak eta... lapurrak. Eta ugazabak eta eukitsuak, zelan eratu dabe ainbeste diru ta ondasun? Lapurretan eginda, geienbat.

        Eguzkia guztientzat agertzen ei da egunero. Nikanor amarrutsuak, ez deritxa orreri zuzen esana danik. Gaurko eguzkia ez dau atzokoa, onek. Munduko gauza asko ez dira zer diranez, nori-ka baiño.

        Ordu batzuk egin ditu trenean, erriska batzuk iraganaz. Andiagoak bere bai. Begien aurrean dituan lurraldeak, apurka apurka aldatuak dira, bardingak, bestelakoak. Aren erriko ezetasuna urrituaz doakio lurrari. Bedar orlegi, landa gizenak gero ta urriago agiri dira. Beste antz bat, beste kuntza ta arpegikerea ta jantzia darakuse zugatzak, mendiak, etxeak, gizaseme ta gizalabak.

        Ibai zabalaren ertz gizenetan zear doa trena, gero ta aguroago. Ona emen eguerdi-aldea, ta bultzia geratu egin da. Geltoki azi ta zabala dago begi-aurrean. Lagun asko jatsi dira. Baita Nikanor bere. An dago kantiña txiker bat; alborago jantoki edatsuagoa. Maitxuak an or emen, erdi gertu. Ederto. Aldean dirua daukanak, ez dau zetan goserik ikusi. Bazkari mamiña eskatu dau Nikanor-ek: salda, lebatz, saiets-okela zati biribilla; ardau ona, ogi zuria. Ta akeita, txola ta txokorra.

 

        Trenaren txiliñak oles-egin dau. Ez da, ostera, mutilla bere jesarlekutik lokatu. Doala. Beste ibilpideren bat lortuko dau.

        Kalean zear doala, saltzaille ibiltaun bat ikusi dau, bere gauzak eskeintzen. Automobil sostor bat dauka onek. Joan egingo ete da uri orretatik?

        —Zera... trena uts egin dot eta, mesedez, norantz joan bear dozu, iparralderantz ala ibaiaren urak ainbatean?

        —Bai, ibaibeerantz joango naiz, ta laster ganera.

        An doa gerotxuago, saltzaillearen beribil tartaiñean Nikanor bere. Bidean alkarri ez deutse jaramon andirik egiten. Orduak ordu, gau leena baiño ez danean, beste uri aundi batera jo dabe. Eskatu deutsana ordaindu deutsa mutillak. Eta banandu dira.

        Txiologa edo ostatu-etxe batean sartu da. Ez dago lagun askorik emen. Gela polita eskeiñi deutse ta afari atsegiña, pipar miña larregi, arean. Egon leiteke emen, diño bere kolkorako; baiña oraindiño «Gabontza»gandik urreegi dagola deritxa.

        Gabaz, ostera, lotarakoan, ez daki dirua nun gorde. Mordoa ekiten oitu eza. Ta galtzeko bildurra, kenduko ete deutseneko kezka urduria. Burkopean sartu dau, sudur-zapian bilduta.

 

        Barriro trenera biaramonean, ta ba doa urrunduaz urrunduaz. Bidean jango dau, jan-organ. Baiña urrengo uri aundira eltzean dagola, geltoki koskor batean jatsi da. Barruko arrak darabil artega ta geraka.

        Geroago, kamioiren bat topau dau, berak nai dauan bidean zear doakena. Ta barriren barri, trenera urrengo erriska batean. Katu-emea orrelantxe ibilli oi da bere kumakaz, Nikanor bere poltsa ostuaz dabillen araura.

        Lur billoiz murritzen ostean, barriro dakus mutillak, lurralde gizenagoa. Zeruan zear, txori sail galantak ikusten ditu. Trenbideak luze ta luze egin dira, mendi txikerren isurki mamiñean. Ango zugatzak, lerroz lerro jarriak dira, bai luze bai zabal. Arbola ez ezagunak mutillarentzat. Bere jaioterrian ikusi bageak.

        Olibadi edatsuak, maasti ta ardantza zabalak; masti-ondo motxak, lurretik eskas jagiak. Trenean arantz onantz biurguneak bide-lerroa aldatukeran, ikusgarri agiri dira arbola erreskadak, marratsaren ariak zuta-zearrak oi dituan antzera.

        Illuntzean, zeru-aldean zuri gorri zoragarriak. Almendra-ondoak, iko orri zabalak, ur erreten bereziak ormatxu estuetan urbideak dituela, gizonaren ezkur sorturiko errekastoak.

        Laster, illuntasun baketsua. izarrak dirdiz zidarrezkoak egiten ditue. Geldiune onetan jatsi da Nikanor. Andik ordu bi ala irura dago uri aundi bikaiña. Erri sostorra, etxe apalak edonun, oinbizitza bakarrekoak geienbat. Ango lagunak baltzez jantzita dagoz, emakume ta gizonezkoak: alkondarak, prakaka, biserak; gonak, jantziak, oiñetakoak. Etxeak, ostera, zuri zuriak dira, ta lurrak gorri antzekoak. Usain berezia dago etxe-artean. Algarroba usaiña. Nikanor-ek atzetasuna erakusten dau. Begiak zabal ibilli da egun zatian, inguruok ikusiaz. Ortze aldea kolore garbiaz dago. Urdin gardena dauka jantzitzat eta eguzkiak alako urre-isuria dau, jarraipena gozoa eskeiñirik.

        Aurrera egin bear dau oraindiño, erri txikietan ikusia ta ezagutua izan leitekela uste daualako. Bera lenengo egon zan inguruetan agirian dagopan ormako armarri bateko esana dauka, nunbait, gomutan: «Kalte dagianak, bizarra lepoan».

        Eta uri aundian sartu ta onelantxe ezkutauko dau bere burua, leenari agur mukerra egiñaz.

 

aurrekoa hurrengoa