www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XII—

 

        Egundoko izu-ikarea sentidu ostean, bere gela zarpillean lo ariña egin eta kalera da Nikanor. Gozoa, arma-artzeko gaua, bestela bere! Lan egitea, egia esan, ez da bapere atsegingarri alperrarentzat, eta iñoren menpean egotea beste ainbeste anarkista batentzat. Baiña tiro artean ibiltea ez da, gero, ogiaren ganeko eztia! loa ez da ariña izan nekatua ez dagolako. Sukarra, beroa izan dauala dirudi, izerdi erionez egon dalako gau zati batean.

        Sortaldeko tren geltokian dago Nikanor. Eztulerasoa iñoiz baiño gogorrago dau. Ezer irabazirik lortuko baldin ba dau, maleterukuntzan daragoio. Erosi dau egunkaria. Letraz beterik aurrea, letra aundiz ganera. Barrenean, bekaldean, auzune apalean izaniko tiroketearen aztarren ta zeaztasun batzuk daukaz. Anarkistak jaso ditue illik, gorpu, kale bazterrean; mordo bat, zaurituta; mordo aziagoa, ertzaiñen menpean atxiloturik. Oneen kontra jardun ebenak sindikalistak izan ei ziran, eta batzuk gerizpean ezarri ditue. Errizaiñak zital ta sendo eraso ei eben azkenean. Egundoko garbitasuna egingo dabela auzune inguru orretan, eskeiñi dabe agintariak.

        Bazkaldu dau zeozer, baiña ez bestetako lekuan. Jan dauan tokian, ez ezaguna izan-ta, ez deutse sari beeratzerik egin. Maleta bat bakarra eroan dau goiz osoan eta amaitu yakaz aldean izan dituan txapon apurrak. Ezin bere oiturazko baztertxuetara eldu bat egiteke egon, eta an doa Katu Nabarra taskara. Begira dabil bere ezpalekorik iñori agiri dan. Bat ezagutu dau, ta ba yoako. Onek, itzerdika diñotsa andik aldegin dagiala beingoan. Poliziak ganean dabiltz, eta isillekoak edo zerak, batez bere. Kai-aldeko kafetxe «Alaska»n batuko dira batzuk gabeko bederatzietan. An jakingo ditu egingoaren zeaztasunak.

        Geltoki aurrean ekin deutsa datozan beribil eta zalpurdien ateak idigiten, eskupekoren batzuk barruna guraz. Illuntzean, ez dau adorerik izan «Alaska» kafetxean bere burua agertzeko, urrun egon ez arren.

        Txirringutsen ariñeketak ikusten joatea otu yaka. Bere burua aldendu nai dau, naaste baltzetatik. Tamal aundia, barriz, bere sakelean daukan bene-benetako pistola barria probau eziña, aukeraz! Arako, bere mendiko zokondoetan, gaztetxutan, euki eukan pistolatxu txakur-iltzaillea, dana ugerrak jandakoa, gogoan dau. Zenbat bidar ames egindako galdu-gordeko ibillerak egiteko gogo ta guraria, eta orain, eskuar, bere gain ta inguru izanik aukera bildurgarriok, alako lauorri ta ikara esan eziñekoa nagaitzen dau, polizi-gizonak-eta susmoan eta billa dabiltzala jakitun dagoan ezkero.

        Pozarren dakusaz belodromu jasekoan, txirrindulari gazte ta azkarren ekitaldi jaioak. Orreek bai dakiela «zoroburdia» euren gogara erabilten! Arako ekiñaldi, oiñen joko, dendu ta gorputzaren zaltasuna...! Plaza-txirrindulariak ikusiaz, barruko estutasuna zerbait nasaitu yaka. Gerogarrenean, errikide ziranen txirrinbiko ibillerak eta, datorkioz gomutara. Aldi aretan... amaren gerizpean, etxean, erritxuan, nasai ta alai bizi zan, burukomin aundirik bage. Egunerokoak saldu goizean; gero, «zoroburdiak» zaindu, garbitu, konpondu, ta illunabarrean, eiztarien kontuak eta entzuten, Ubaldoren bizartegian. Zuzen ez ete egoan Matxin Zaputz, erritxuan bizimodu baketsuagoa ta nasaiagoa izan eukeala esaneutsanean?

 

        Biaramonean, goizean goizetik joan da «Katu Nabarra» alderantz eta ango otsein ezagunagaz autuan asi.

        —Kontuz ibilli zaitez.

        —Zer ba?

        —Izen erreskadak artu ei ditue errizaiñak. Batzar etxetik urteieran il ziranak ez eben berbarik egin, jakiña. Baiña beste batzuei, edertotxu «kantau eragin» ei deutse. Atzo bertan, ainbat sartu ditue morroillopean. Eta gaur bere, emen ibilliko dira. Gabaz ez agertu onantz.

        Itzok entzunik, ez dau Nikanor-ek gosaria nasai artzeko astilarregirik izan. Geltokian, an dabiltz goiztarrak, ara ona. Emakume bi eldu dira, ta txartela atarauteko eskatu deutse. Jarri da errenkadan eta bere lantxu ori egin dau. Eskupeko txikerra, bota barruna. Bapere ez baiño, geiago da, arean.

        Gizon bi dabiltz an zerbait itanduten maleteru batzuei. Oneek euren txapak ditue, biseran ala paparrean. Paper batzuek ere, ikertu deutsez aetariko bateri. Orain, Nikanor-engana datoz.

        —Egunon. Zera... zu, emengo maletaria al zara?

        —Bai.

        —Ta, txaparik ez al daukazu? Zein da zure numerua?

        —Nire numerua...

        —Erakutsi egiskuzuz zure paper ta agiriak.

        Ori esanaz batera, solapapeko euren txapa biribilla agertu deutse Nikanor-eri.

        —Ete! —diño onek berekiko—. Galdua nok oraintxe.

        Mutillaren buruan, alako naaste ta erdi illuntasuna sortu da.

        —Ona emen nire zedulea, ta...

        —Nun bizi zara emen? Eta noiztik?

        Batak ori itandu bitartean, beste erri-jagolea Nikanor-en bizkar-aldera joan da, ta atzekaldea marruskau ta igurtzi deutsa. Madarikatua alakoa! Ta antxe, atzeko sakelean euki, egun bi leenago arturiko su-iskillu motxa.

        Bapatean eskuturretan ipiñi deutsez kataiak, eta entzun da esan mingots au:

        —Atxilloturik zagoz oraintxe berton.

        Esturaren esturaz, urduri, eztulka asi da Nikanor. Orrek ez deutsa, arranotan, askatasun pitiñenik ekarriko. Eta an doa mutilla, gizon bien erdian, eskuturretatik kataiez lotua. An aurreko komisaritegian utzi dabe, gela txiki batean, lurraren azala baiño beerago. Bazter illun eta otza, leioetan burdiña sendoak dituala. Leenago ostera, agiria, pistola adelubakoa ta txanpon ondarrak kendu egin deutsez, eta izen-abizenak eta beste zerzelada batzuk esan-erazo.

 

        Andik lasterrean, deitu deutse ta eroan dabe komisari jaunarengana. Ainbat itaune egin deutsaz. Barriro, bere gela illunbezura, ta emen zartakadak emon deutsaz morrosko batek, idizil biur bategaz. Minduak daukaz bizkar, gerri, kuntzurrun aldeak.

        —Egia esango dot osor. Ez nagizue, mesedez, geiago jo.

        Ba daroe barriren barri, ta oraingoan esan ditu esan, atz eta beatz, bere buruazko gorabeerak, eta uri aundi onetan ikusi ta entzuniko zerzelada ta zeetasun banakak. Are geiago. Aztertzaille estuak, gogor eta zorrotz artu dabe.

        Bere gelara ostera bere. Emen emon ditu orduak ordu, ta ez bazkari ez apari, gautu da egun luzea. Azken orduan, kafesnea ta ogia ekarri deutsez. Lurrean dauka oerik zabalena, lurreko arri otzaren ganean, soiñean soiñekoak eta besterik ezer ez. Etorkizuna makala, begien aurrean! Izan bere, ez ete dagoz errezoiez beterik aren azken-aldiko gogaideak, agintaririk ez menpekorik bear ez dala dabenean?

 

        Illunpe aretara, eguna zabaltzean argitasun itsa eldu da. Egun barria, zerbait ikusteko beintzat, gau osoan begiak izteko aukerarik eskas izan daualako. Eztulak gogor jo dau Nikanor, ta dana nekatuta ta goseturik dago.

        Goiz beranduan, opil txiki bat emon deutse.

        Arrastian, nagosiaren aurrera barririk. Onen aotik entzun dauanak, bestelako laztasuna sartuerazo deutsa azurretaraiño.

        —Atzo zegaitik autortu ez zenduan, zure ugazabaren kaltez txeke aizuna egin zenduala, eta bost milla peseta jasorik aldegin?

        Ez daki mutillak zer erantzun. Berak aiña dakian gizon garratzari, zer esan legio esan, egia dala baiño?

        Beste gela batera sartu dabe. Emen iraula zikin bat dago alboan, eta egundoko usain zakarra artzeko aukerako tokia.

        Gogoeta ta pentsamentu larrietan dabil. Nok egin legike ezer bere alde? Dirua eukanean, izen oneko gizon bat ez baten ezaupiderik ez eban egin, jan ta batera bestera ibilli baiño. Emakume batzuk bai ezagutu zituan; ez izen onekoak, ostera, emagaldu batzuk baiño. Ta azken-aldi onetan, artu-emona izan baldin ba dau, langille beartsu eta emuts beargiñakaz izan dau; eurotarik, premiñaz bizi diranik asko, beste batzuek ameslari ta barruko indarpean dabiltzanak, eta garaitikoak, bada-ezpadakoak edo, ez gitxi.

        Eta Beronike? Nun ete dago, ta nogaz ete dabil? Egia da neskatilla egalausi onek sarritan argi ta garbi esana: orrelako asmoetatik aldegin egiala, uri aundi onetan egundo lanik egin ez eban ezkero, emen ezer aldeztu bearrik ez eukala-ta.

        Gautu danean, atarau dabe etxe onetatik eta beste morroe bi, lagun dituala, guztiok lotuta eroan ditue kartzela aundira, espetxe itzalera. Afari ariña emon deutse ta sartu ditue gela zabal batera. Emen dagoz leenagotik, beste ogeitik gora bai, gizonezkoak guztiak. Begirakune zorrotzak egin deutsez alkarreri, an dagozanak eta eldu barriak. Isil samar dagoz, ta ba dirudi lo egiteko gogoz dagozala ango «maizterrak». Luze luze dagoz beiaren ganean eta gorputzak alkar joten, eta oiñak oiñakaz bere bai. Batzuk besteai ostikadak emoten deutsez, loa galerazoten deutselako. Nikanor-ek eztulka diardu.

        —Akerrandi madarikatu ori! —dirautsa aetariko batek—. Zetan arraio ekarri zaitue ona? Lorik egiten ez izteko? Ala, zeure bularren estul orregaz geu bere, kutsuturik jarteko? Aker txarri ori! Ardiseme, emaki ori...!

        Nikanor-en zanetan suzko odola dabil, baiña ez daki nortzuen tartean dagoan, eta bildurraren bildurrez ta sukar antzaren oiñazepean, agiñak estututen ditu, amurruaren amurruz.

        Au gauaren luzea, ta iguingarriaren iguingarria!...

 

aurrekoa hurrengoa