www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—III—

 

        Urrengo goizean, ugazabak esaniko arazoetan diarduala, andik igaroaz doazan gizonezko bik, mutillari begira egon, eta batak besteari badirautsa:

        —Orra! «Gabontza», morroiaren jabe egin dala dirudi.

        —Mutil gaztea artu izango eban orrek, merkeago ibiltearren.

        Eta orretarik konturatu da Nikanor, morroe gaztea berbera dala, ta «Gabontza» ugazaba izango dalakoa.

        «Gabontza»! Izan bere, ba dirudi nagusiaren arpegiak; musu biribil, begiak bera betekoak, betozkoz edo betillun, irribarrerik egiten bere ez dakiala.

        Nikanor, «Gabontza»ren menpeko morroia! Barruak zarrada aundia egin deutsa, ta luzarorako ez dala orko egoerea izango, zin egiten deutsa bere buruari.

        Alan bere, «Gabontza»ren emazteak, maratz eta mazala emoten dau. Goizean katillukada esnea emon deutsa, senarra agertu baiño leen, eta gero ogi-erregutada ederra ta ikomelau batzuk.

        Seme-alabarik ez da etxe onetan izan, eta gizona, bere ondasunen ardureak darabil geienbat; iñoiz etxe-ondoan, sarri an eta emen, bere zaldiaz, burdiaz ala tilburiaz. «Asto» burdiñazkoak jagoten oitua egon da Nikanor, bere leengo txirringustegian. Eta orain, zaldi jatorraren zaitzaille bere, izan bearko dau. Galtzu-pilloa dago zaldiaren janari izateko, ta bitartean, mutillaren iñaurria lez da, oe garbiaren ordezkoa.

        Etxekandreak, bere bakarraldiak arinduteko lagungarritzat, arako katu baltz lodia izan oi dau. Egundoko kontuak izaten ditue; obeto, andreak esan eta katuak entzun, lo ez dagoanean, nunbait bere. Berbaroa susmauten dau sarri Nikanor-ek etxaldean, eta adi-adi jarten baldin ba da, betiko jardun luze ta deadarrak bere ba, entzun legiz; katu-jagolearenak ain zuzen.

        Eguberdirarte guztian ez da agertu «Gabontza». Alakoren batean, ba dator etorri, bere zalpurditxuan, eta atzekaldean ba dakar bertan, txatarra geiago bere tegirako; burdiña zaarrak, baserritarai baturiko laia, atxur, golde-zati, uztaiak eta edozer, burdiñazkoa edo izan ezkero. Ugerra ta zikiña izan arren, txanpon garbi dizdizariak ekarriko ditu etxalderantz geroago.

        Arlo orretan asi zanean, txabola batean bizi zan, oraintxe dagoan lekuan bertan. Geroago lurralde ori esparru jarri eban, ta berak izerdiaren izerdiz irabaziriko diruz erosi eban lur-zatian bere barrutia sortu, ta apurka apurka ormak jaso eta etxea osoro iragi. Ta arrezkero, ez da langille lander eta emuts beartsua soillik. Ugazaba da, etxe ta lur jabea; emaztearen senar izanik etxeko jaun, eta oraindanik, bere morroiaren nagusia.

        Apurka ta astiro dirautsaz barruko geiok etxekandre mazalak Nikanor-eri, katuari ainbeste bidar esanak; eta oraingotuaz mutillari berari beste zerok bere bai: soiñean daukanaz bakarrik ara agertu izan dan arren, gizon egiteko aukerea ta eretia, nai izan ezkero, edonok izan oi dituala-ta, lan egiteko nekerik ez dagiala iñoiz izan.

        Nikanor burugiña da izan, eta ez da orain beiñeon, ugazabandreari ezezka ta zerean ibilliko. Esaten deutsan guztia entzun eta or konpon, barruan zer pentsauten dauan besteri agertu ez. Aterpea ba dauka, janaria bere bai, eta aurrera, mutillak!

        Bere amari bialdu nai leuskeo albistaren bat, eta orretarako papera, axota eta lumea eskatuko deutsaz «Gabontza»ri. Ta zegaitik, ez ba? Baita zigarrutxu bat edo beste bere. Iñoiz erabilli izan dau ke ugariago, bedar orreri tenga ta tenga egiñaz, aspaldion baiño.

        Kartagiñen diarduala, begira dagokio ugazaba, ta mutillak, idazteko bizkortasuna dauala susmau. Baita! Morroiak, lanean ezezik, eskola kontuan bere ba daki. Labur esan, eskolea dauka. Eta «Gabontza» ez da tentela. Bere paperak bete eragingo deutsaz, eta orra! zadorlaria izango dau etxean bertan, ta letra ez itxusiaz atan bere; auzoko iñorengana mesede eske joan bearrik bage.

        Gabeko orduak aurrera doaz. Amaitu dau kartea. Seillua ipinteko dirurik ez dauka mutillak; eukantxua, tabakutan eralgi izan ebalako. Egun latzak pasau ditu ostera, ori dala ta eztala. Ain yaka atsegin, aotik eta sudur-zilloetati keia gozaro kanporatzea.

        «Gabontza»k, ostera, ez dau erreten; ez gero gustauten ez yakalako, dirua alperrean ez iraztearren baiño.

        Ain errez irabazten al dira ezkur banakak, keia ta besterik ez dan tabakuaren su-garretan ondatuteko?

        —Izan bere —dirautsa ugazabak—. Amari kartea egiteko ez daukazu dirurik, eta erreteko bai, izan dozu oraintsu?

        Barre muxiña egin deutsa mutillak. Emon begio «Gabontza»k zorko ba da bere, geroko irabazkizunetatik.

 

* * *

 

        Irugarren gauan, afal-ostean, bere etxazpiko tegira lotara joan baiño leen, uri aundiko kaleetarantz urreratu da Nikanor.

        Egaletako kaleetan, kanpo-aldeetakoetan, ez dau apartekorik ezer nabari. Etxe banakak; gero, bata bestearen urrengo, lerrokada luzeetan. Dendak itxiak, edaritegi ta ardandegiak soil-soillik edegita. Eurotan, langille itxurako lagun ugari samar, iñoiz; eta beste batzuetan, erdi utsik, txiribogiña nor sartuko danaren begira, daukana eskeintzeko gertu.

        Uriaren barruko alderantz joan da gero. Eta barruragotu ala, beste bizitasun eta joan-etorria susmau daroa Nikanor-ek. Aruntz-onuntz, ibilli dabiltz tranbiak, euren errailletan zear, karraskada latzak eta errebidetan intziri zoliagoak egiñaz. Noizean bein, glan, glan, joten ditue kanpai nagiak.

        Kale nagusietan argi ugariago dago, besteetan baiño, letra aundiak agiri dira etxe batzuetan, teillatutik lenengo oiñeraiño, letra zuri, gorri, urdin, berdeak. Denda aundien iragarki apaiñak dira. Toki batzuetan, letrak, ibilli dabiltz, mustur batean agertu, bestean ostu; teillatu ganeko egaletan zear, antzez ta egokitasunez ibilli oi diran katu azkarre taiura.

        Dendetako erakus-leioak gauzaz beterik dagoz tontor, argiz josita; errietakoen ikusian guztiz dotore, ta atsegingarri begientzat.

        Aurkitu dauan norbaiteri zigarrotxu bat eskatu deutsa, ta ibiltaun lez diardu ara onaka, jantruke biziten asi dan onek. Jatekoak diran zerak bere, agiri dira esparate zabaletan, eta edariak orobat.

        Zinetxe bikaiñak dagoz lekuan lekuan; sarrera txartelak saltzen, neskatilla liraiñak, koloretez beteak. Eta atezaiñak, sekulako jake luzangak ditue, lebita urdin, nabar ta orlegiak.

        Kaleburu batzuetan, bere errian iñoiz ikusi eza, txiñelak dagoz zutunik, besoak gora, besoak beera ta gurutzetara, urdin-illunez jantziak, eta buruan gela-poto antzeko zuriak, eta bardin zuriak, eskuturretako gogorrak bere.

        Aldean osasuna besterik ez dauka-ta, barriro doa mutilla etxerantz, ikusgarriok begiztau ostean. Bere etzangu beartsuan, galtzutzan, gaua emoteko asmoz.

        Egun guztiak ez dira bardiñak, alanbearrez ta zorionez. Ola aundi batera daroaz Nikanor-ek bigarrenez burdiña txatarrak, ugazaba lagun dauala. Ango gazte batek, begitarte ona egin deutsa, ta orra or, nundik nora egin dauan ezagupidea, lantegi aretako gazte aregaz.

        Ezekiel deritxa mutil oneri. Arpegi zurbilla, sudur kakoa, begi zuriak, belarriak motxak. Ez da ezer ez dakiana. Baiña bai buru eretxia bere. Munduko problema barri, sakon ei daki. Langillea da, esku-langillea; lanbide ori izteko gogoz bizi dana, ostera. Auxe izango da, agian, Nikanor-en maisua erri aundian. Bizimoduaren barri ondotxu daki, ta adiskide barriari munduko jakituriaren albista zeatze emon dagikeo.

        Ba dago mundu zabalean, eta uri onetan ain zuzen, arako liberal eta edu askotako eliza-zaleak baiño geiagorik bere. Gizarte auzia gero ta beroago dator. Ezekielek ba dauka orren ezaguerarik naikoa; aurretikoengandik, belaunik-belaun, gizasemeak euren barruan daroen zuzentasun-egarria, askatasun-joera ta bakotxaren norberatasunaren alde, adoretsu jarduteko gogo ta egokitasuna ernamin ditu beragan. Beti ez da zillegi eta zuzen, amore-emotea. «Erriko Etxe» sozialistara daroa Nikanor, beste egun batean.

        Ezekiel arakatu dau zerbait baiño geiago Marx-ek irakatsi eban arloan. Giza-talde ugariak ez dira, seguru bere, beste mortxaka urri batzuen menpe, ertsi ta eutsi, esan ezin-alak jasateko. Bardintasuna lortu gura da gizonen artean, antzeko samarrak izate, ondasunetan guztiak esku izatea, zelanbaitean; baiña artean baiño sakabanatuago ezarririk, ondasuna sortzeko gai diran izakiak. Orretarako, ostera, bardintasun orretarantz bideak egiteko, burruka taldeaksortu bear dira, eukitsuen aurkez aurke, aberatsen kaltean, aundikien-ala era guztietan jarduteko. Gizon mueten burruka asarrekoia, besteen aurre, morroko ta gorrotope jarriaz.

        Aoa zabalik dagokio Nikanor. Dotriña barriak beretzat, begi belarri gozartu nai ditu. Ezekiel mutil azkarra da nunbait, buru argia eta mingain bizkorra. Erpizia da, uri aundiko semea. Nikanor-en barruan eta buruan laburkiro ta errotsujarri nai ditu ustari indartsuok, lur barri samurrean landra susterrakoi diran antzera.

        Ez dauke beartsu ta emutsak geiago dirutsuen apetapean zetan egon orain artean lez, isillik eta apal-apal aen esanera ta gogara. Aundikien itza onartzea, orixe da joputzea. Buztarri zikiña da, ta besterik ez, aberats eta altsuen onurea zuzentzat izatea. Elizaren irakatsi bigun eta errukitsuak, beti eroapenaren magal makalean kulunkatuak, ez dira emakumeentzakoak baiño. Ikurrin urdiñak-eta, zuriak-eta...? Bai zera! Aundikien seme-alabak ugaritasunean murgil, igari gurian ibilli daitezan euren bizitza osoan, emutsak eta alogerakoak semealabatsuak izan daitezala, aentzako lanak eta arazoak egin dagiezan. Ikurrin gorria izango dabe beartsuak, lauburu gorria, odola ta sua aiñakoa, maitetasuna ainbatean gorroto itz erraibagea adierazoten dauana.

        Batpatean, Olarratz datorkio gogora Nikanor-eri. Aundiki arroa, jauntxu madarikatua... ta aren menpeko adurti ta koipatsuak, bizkar-azur manuak. Gero..., bere errira biurtuko zan, ango jente laua ta erdi-baserritarra, gizarte atzeratu ta buru nagia iratzartuteko; menpeko bizimodua, egoera ta jarduera bakartzat arturik, ainbestean bizi ziran tentel eta buru illunak, gizon barri biurturik jarteko.

        Askatasunak, beste ikuskera, alderdi ta isurkera barri erakarkor ta zoragarriak izan, arranotan! Eta artean, edonok ez jakin.

        Eta Nikanor-ek berberak, artu barri dauan biziera narrats eta guztia bearrekoaz, zer uste ete dau orain beiñean?

 

aurrekoa hurrengoa