www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VII—

 

        Olarratz jaunak ez eban iñoiz mutiko arezaz buruketan jardun. Ez eban ezagutzen, beraz, Damas ortulauak ainbatean. Egia esan, onek bere, ez eban osoro ezagutzen; eta ori, bear ba da, ezta aren ama zanak bere.

        «Lipar»-ek goizero itxaroten eutsan bere bide-erakusleari, ta pozik egin bere, ara ta ona askatasunez ibilteko.

        Aren tegira urreratu orduko, bidez bide etorrelarik, oles egiten eutsan Nikanor-ek, ao-ezpanetaz txistu-egiñaz. Txakurra adi adi geratzen zan, belarriak zutunik, buru-begiak ara-onaka; eta intzirika asten yakan; pozezko intziriak, edozelan bere.

        Txakurraren billa joan baiño leen saltzen zituan eguneroko paper batzuk bezeru goiztarrai, betiro bidera urteten eutenai, barrien eta albisten egarriz bizi ziranai. Anartean, gitxi ziran errian radioaren bitartez azkenengo gorabeeren jakitun izaten ziranak. «Lipar» lagun ebala joaten zan geroago apurtxu bat urrunago bizi ziranai edo euren lantokiak edo dendak asago zituenai egunkaria emoteko.

        Ibilpidean, euren saldu-arloari ekin ala, ba eben toki bat txakurrak atsegiñez ikusi oi ebana. Egunkariak saldu-urren zituanean, erriaren urteieran egoan abereen iltokirantz joan oi ziran, eta antxe, mataderu aretan azur bat edo beste lortzen eutsan Nikanor-ek bere menpean erabillen erbitxakur gazteari. Azurrok duban izaten zituan, an lanean ziarduen arakiñak bere, batzuek beintzat, mutikoaren bezeruak ziran-eta.

        Arakiñaren lanaz sarri askotan gogotsu egoten zan Nikanor, begira ta begira. Astelenetan —periodikurik ez zan egoten orduan—, antxe, iltokian emoten zituan goizean pare bat ordu.

        Egun orretan, ango lanen joan-etorri ta azi-rraziak ikusi bage ez zan egoten. Txakurra, noizean bein, ate aundi aretatik iges egiteko amurruz lez egoten zan; baiña laster asi zan ango lanaren mailla ta jarraipena egonarriz eroaten, azken-aldera azur bat edo besteren jabe egiteko eretia izan egian-eta.

        Baserritarrak agertuten ziran, zekor, bigantxa edo iñoiz bei zaar nai idi argalen bat ekarrela; adarretatik edota sudur-mitzetatik lotuta; aurretik mutikoren bat edo neskatoren bat, sokea eskuan ebala eta atzetik aren aita, aitita, osaba nai auzoko mutil sendoa. Eriotza-lekura euren oiñez etxe-abere zintzo ta ondasuntsuak, eta ez arrezkero lez, kamioi zabal eta galantetan.

        Baserritarrok eldu barritan, aberetxeko orman bertan estekatzen zituen abereok, orman egozan estun eta burdiña-kakoetan, eta antxe izten zituen zutunik ilgarri errubakoak. Batzuetan, kortan sartzen zituen, ikuillu illun aretan, bideko nekeak arindu egiezan. Ez ekien asko, atseden labur aren ondoren, gizon il-jaleak euretaz egingo zituen sarrakio ta odolustuteak. Abereok, geienik, apal eta otzanak oi ziran.

        Egun atan bere, antxe egoan Nikanor bere txakurra lagun ebala. Idisko baltz mardo bat ekarren. Uzkur ta urduri etorren, antza. Kasta gogorrekoa zirudian eta soka-muturrerakoe dota an zezen-plazan jokoan ibilteko, bear ba da, ez zan makala izango. Epaipetua egoan, ostera, aurretiaz; baldin bizirik iraunerazoteko, norbaitek, aragitarako baiño diru geiago eskeiñi ezik. Jabea,b aserritar txiki samarra zan, txaparra. Semea ta alabea ekazan biderako laguntzaille.

        Idiskoa aragiz bete-betea zan, geiena baltza, kolorez. Buruan eta atzeko iztar aldean zituan zuriune batzuk. Baltza zan, beraz, txapel eta galtza zuriakaz. Aita-semeak txandaka aldatuten zituen eskurik eskura sokak eta akuluak. Amaika zikillada egin bere bai, bidean, idisko iñuskeari, min emonaren emonaz errazoipean jarri nai bai leben. Akulu-ganak atara egin zituen azkenerako, ez jakin bidean urten eutsen ala aberearen narru-mamiñetan trintze sartuta itxi. Lepondo guri biribillean, ule baltzen artean, odol-isuri gorriak dirdira egiten eben eguzkitan. Atzeratxuago etorren alabea, au bere akulu ta guzti.

        Aita-semeak, biak ekarren idiskoa lotuta, txikot bigaz, ta batak ezker-aldera tiratu, besteak eskumaldera, teinkadaz erdi-erdian arteztuten eben aurrera ta aurrera. Aldika, burukada ta astiñaldiak egiten zituan patariak, igesegiteko gertuaz, ala geldi-aldi zitalean bertan-gozo egiteko ziñu ta gogorkerietan jardunaz.

        Orduan, baserritarrok, egundoko erri-letaiña luzean asten ziran, ez gizonezkoak bakarrik; baita neskatilla koloregorria bere.

        Ikuskariori ikusgarria ba zan bere, ta alantxe zan, Nikanor-ek idiskoaren erremuskada, murrusa ta astinkadak baiño beste zerbait erakargarriago eukan aurrean, nunbait.

        Zerbait ori, norbait zan, neskato sendo gurbilla. Gizonezkoak arraioka asten ziranean, aen pariztai ta ziñuai oartzen yakan Nikanor. Baiña baserritar neskatoaren begiak eta begiak ez ziranak bere, deigarri ta ikusgarri zituan.

        Ondo kostauta, sartu eben idiskoa illetxera, aren jabe ta gidariak. An, geiagoko begiramen bagarik, eriotza bazterrean lotu eben, lurrari eutsela egozan anillu sendo batzuetan orapillo ta txibiztin nasteak egiñaz.

        Ez egoan an usain atsegingarririk. Kortetan bere, arakousain erakarkorrak barik naskagarri ta iguiñak egoten diran arren, angoa apartekoa zan. Ta txalak, ango zera ez ezaguna ba eban bere, laster susmau eban zantzu onekoa ez zan zeozer, egoera larri aretan. Odol-usaiña zan, eriotz sundea, illurren ta illondoko kirats zakarra.Eta etsi ta bertan beera epaia ontzat artzeari, ez eritxan bidezko idisko errubageak.

        An inguruan zintzilik eukazan ordurako, begien aurrean, beste iru edo lau, endakoak. Narrua kenduta —billoizik baiño txarrago, zer esan bakoa—, buskantz ta aren lekuak ustuta, anka biak goian zabal, an eta emen burdiñazko kakotxa bietarik dindilizka, goian soka luzea etxe-sabairaiño. Beian, arri lauza zabalak etxearen alderen alde, ta lau aldeetatik erdiko zulora yoiazan erreten eta odolbideak, aldapatxu antzera ezarriak.

        Arakiñak eskuetan eukan gabiaz buru-buruan, garunetan takarreko galanta emon egion baiño leen, idiskoak, dartada izugarrizkoa egiñaz, sokak eten eta zabal zabalik ikusi eban ate-unean zear, sekulako anka-jokoari emon eutsan.

        Aurrean topau eban agure bat jo buruaz, eta an botau eban bazter batean eperdizgora. Ariñak arin soltau ziran baserritar aita-semeak euren ganadu ausart odolberoaren atzetik, deika ta zarataz:

        —Baltxa! Baltxa! Ona Baltxa!...

        Ona bai, ona egoan «Baltxa» barriren barri aen gurari anker ta errukibakoai jaramon egiteko. Ordurako gorriak ikusi ezpalitu bere.

        Nikanor-ek aspaldiko barre karkaixaz artu eban jazokun bitxi ta azkortua. Apur bat aurrerago joan eta botauten ziarduen etxe zaar baten orma ganera igonik, an egon zan unadatxu batean urrunean ikusi ta entzun zeitekeanari adi, idiskoak sortu zituan naasteak jakiten.

        Idiskoak, oiñak libre zituan-ta, bideak bere olantxe aurkitzen zituan. Nok oratuko eutsan patariari? Eta nundik? Alako «soka-mutur» lotu bakorik ez eben erritarrak iñoiz ikusi.

        Sokorru-deiak entzun ala, jenteak lenengo egiten ebana, atetan ezkutau nai kalean zear iges egin, orixe zan, errezoiaz-ta. Nok gura eukean idisko gazte odoldun baten adarkadarik artu, gorputzaren erregalu guri antzean? Bai zera.

        Ez ekian iñok istori polit eta bildurgarri ori zetan amaituko zan. Bapatean, bere senera zan Nikanor zuurra. Idiskoak ez eutsan burukomiñik emoten. Aren ugazabandrea ekusan an bertan bakarrik eta artega. Onexeri lagun egitea otu yakan. Ez ekian zegaitik, baiña neskatoari itzegin gura, ta bapatean mingain bizkorra, trabauta lez susmauten eban Nikanor-ek. Zelan asi neskatoari berba egiten? Au bere, lotsatuta egoan, gertatu zanaz erdi bildurturik edo. Bear bada, lotsorra zan, izan bere. Ala, errira, kalera gitxitan etorria.

        —Zu! Zeuena al da ganadu ori? —esan uetsan alakoren batean, Nikanor-ek.

        —Bai, geurea da idisko ori.

        —Okerra, e?

        —Beti da izan uzkurra ta iñoiz erabatera izuturik jarten dana. Eta or kale-artean bat edo bat ilgo dau-ta... gure aitari ta gure nebeari.

        Eta ori esanaz, inkesaka, negar gurea lez etorkion neskatxa mardoari. Gari elduaren kolorekoa zan aren ulea, ta txorta eder bana euken aren sorbaldak, erakusgarri.

        —Neska, orregaitik ez da negarrik egin bear.

        —Ta orain, zer egingo dot nik emen bakarrik? Ez dot uri onetan iñor ezagutzen.

        —Agertuko dira barriro baserritarrak eta...

        —Gure aita ta...?

        —Bai; nora joango dira ba, zu emen itxita?

        —Ori bere, egia da.

        —Bestela, geure etxera etorri.

        Orduan galdetu izan ba geuntsa mutikoari, etxera iñor eroateko baimenik ala oiturarik ete ebanentz, ez eukean jakingo, ziur asko, zer erantzun. Esan ebana, esan eban, barruan sortu izan yakan sentipena izan zalako. Neskato mazak arek ikutua egin eutsan biozpean, ordurartean iñoiz ez iñoiz sentidu ez eban zarrada edo ikutua.

        Neskatillatxuak, zorabiatuta baiño bere, zearo lotsaturik:

        —Eskerrik asko, mutil —erantzun eutsan aopean, ozta entzuteko bestean.

        Abere-iltokiaren orma-ondora joan zan neskatoa, ta antxe geratu zan gogortuta lez, bizkarra ormearen kontra ebala. Atzera samar ta erdi nagi, mutikoa bere, urreratu yakan, ta astiro ta gozaro itandu bere bai:

        —Zelan yatzu izena?

        —Nekane.

        —Izen polita... Eta ez zara iñoiz ona etorri?

        —Ez. Gaur lenengo aldiz.

        —Orduan, ez dozu gomuta makala izango.

        —Ori esan ba.

        —Ba, nik, gomuta ona izango dot beti.

        —Zegaitik?

        —Zeu ikusi zaitudalako.

        Udabarriko egunetan, azken-aldera, kerixa askok ez dabe kolore ain gorririk izango, neskatoak matrailletaratu zituanak baiño.

        —Ene! —ots-egin eban neskatoak.

        —Nire izena jakin nai al zenduke... Nekane?

        Onek sorbaldak jaso zituan, ta begiak lurrerantz biurtu. Mutikoak, makillatxu bat eskuan artu, eta lurrean, are auts artean lerroak eta marrak egiten ziarduan. Beera begira egoan au bere, baiña noizean bein, bestela baitakoan, bestearen arpegiari so-aldi ederrik egiten eutsan.

        Onelan iragan yakezan lipar gozo, isilta biozkoiak. Une arexen atsegiña! Bai batak eta bai besteak, aldia nare ta bare luzaroan gelditu izan balitz, naiago izango eukeen.

        Baiña munduko eiatasunak euren lenengo ames-aro samurretik erruki bage, barriren barri munduko bizi nastaura eratorri zituan.

        Zurrumurru ta zaratea susmau eben euregandik urrean, ta izan bere, ba etozan lagun batzuk iltegirantz. Burdia etorren euren ondorik, ta etozan lagunen artean, aita ta nebea ikusi zituan Nekanek. Poza ta atsekabea batera sentidu zituan kesato maitagarriak. Izen-ondo au Nikanor minberaak neurtu egian bere kaizu ta esteri egokian.

        Aita eta nebea an agertzean zertu zan arren, ezagutu barri ebanagaz autua ta egote gozoa urratuteari, mingots eretxi eutsan.

        Burdian ekarrena Baltxa zan. Lotuaz ganera, zauriturik ekarren. Eiztari bat izan zan bitarteko, bazterrak baketu eitezan. Idiskoari, jabearen ta arakiñaren eretxiz, dzart, tiro arteza bota eutsan aurreko oiñetara, eta baita, aberea minduta gelditu zan. Orduan, bertatik oratu eutsen ta sokeaz estu loturik, an lenengo topau eben burdian sartu eben. Ondamendira ekarren ostera bere, nora-ezean idisko gizarajo aundia.

        —Oraingoan ez daukazu iges egiterik —iñotsan arakiñak abelgorri bezatuari.

        Ta olantxe zan. Beingoan eratsi eben burditik. Iltoki erdirantz eroan eben, ta esku ta oin loturik, eta adarretatik beste soka bi, egundoko takatekoa emon eutsan arakiñak. Lurrera zan, astun, abere gaixoa. Bereala kutxillo luze andia srtu eutsan samatik, eta odol gorri baltza asi zan erion bizian urteten, bol-bolka. Ostikada bat edo beste, eta andik lasterrean, geiago zirkiñik egiteke, gogortuta gelditu zan idisko sendoa. Beeko arriak eta berbere narrua bere, zikindu zituan bere odolaz. Odolustea aguroago egiteko, arakiñaren lgauntzailleak atzeko anka batetik oratu eutsan idiskoari, ta ara-ona eragin ta erabilli, odolak kanporako bideak lenbailen egiezan.

        Andik lasterrera, azkenengo tantakadak zirala antzemotean, txalaren narrua alik garbien urratu-erazoa izan zan, aragi ta koipeetarik bananduaz. Lau anken azken-zatiak, euren giltzetarik auzi, ebagi ta erauzi eutsazan arakiñak. Narrua, lurrean jarri eban zabal zabal; urrengo, polito polito batu eta tolestu eban, narru-olaetara bialtzeko gertu ipiñiaz.

        Ondoren, aberearen barruak urratzea izan zan. Biriak, eztarri ta esteak, errotea edo librua; biotza, guntzurrunak, gibela... Gibela, baserritarrak eurak artu eben, oi zan lez, eta baita biotza bere. Aitak, zapi bat atara eban sakeletik, eta zapion sartu zituan buzkantz-zatiok, lau muturrak alkarri, biñan lotuaz, orapillo lodiz.

        Burdiña eta kataiak gertu zituen txalaren pixua jakiteko. An jarri eben esegita atzeko iztarretarik. Erraldetan izaten zan aberearen astuntasuna neurtzea. Gero, gelatxu batean sartu ziran, kontuak zurituteko, nunbait. Diru-paperak eta zidarrezko ogerleko zabalak jaso zituan baserritarrak, an uzten eban idiskoaren saria. Zeregiña amaiturik euken nekazariok, geienbat, eta erdi gerturik egozan andik aldegiteko; ez ostera erritik, lenengo ta bein, eguerdiko bazkari legea erriko jatetxeren batean egin bage.

        —Nekane! —deitu eutsan aitak, an ate-ondoan barruko lanari baiño kale-aldeko zerbaiteri jaramon aundiago egiñaz egoanari.

        Zer galdua ete eukan ba, kanpoan, barruko zeregiña amaiturik egoan ezkero? Mutikoak, artean emakumeentzat itxirik eukan leio barrukoan, argi-izpiak dizdizka nabaritu zituan, ziur asko. Baiña, an ez zan agiri Nikanor. Txala barriro ekarri ebenean, euren arteko egoera samurtasunez betea, bertan beera eten izan zan. Zer zala-ta? Damuaren damuz aldegin eban mutikoak, Nekaneren albotik. Zerbait bururatu yakan; puntuan bertan estutu ta joan zan. Nun egoan «Lipar», bere ardurapean eukan txakurra, aundikiaren txakur gaztea?

        Idiskoaren igesaldian, zaparrada ta iskanbilla itzela sortu zanean, gizonezkoak batzuk arantz, besteak orrantz, «Lipar» bere, nonbaitera joan zan. Izututa, ikaraturik, alderdi aretatik anka egin eban, ordurako azur biribil bat agin artean nasai lauskitu ostean. Eta ez jagoleak arezaz ardurarik artu, eta ez txakurrak arengana biurtzerik egin, Likpar kale artean aldendu zan.

        Mutiko errukiorrak izaten dira iñoiz uriko kaleetan; baiña...

        «Lipar», kale zaar batean zear yoiala, mutiko batzuek ziarduen lurrean egoan are-arri batean aiztotxua zorroztuten.

        —Aiko! Begiratu: an txakur bat doa bakarrik, jaberik bage.

        —Ez aldago arririk emen?

        —Bai, an dagoz arriak.

        Eta mutikuok, tximistea baiño azkarrago, gertu egozan arriak artu ala, txakurrari jaurtiteko.

        —Zuek biok, andiko aldetik, eta guk, emendik arrika egin bear deutsagu, gustora ganera.

        —Ta gaiztoa baldin ba da?

        —Tentel alua! Ez al dozu ikusten erbitxakurra dana?

        —Orduan, itxi deigoun baketan.

        —Nori baketan itxi, zelako tiñua daukagun ikusi bage?

        Eta olantxe asi zan goiz baketsu aretan, txakur bakar ta apal aren kaltezko jazarpena.

        —Asi arrika.

        Eta zirti zarta, an yoiazan okerron arriak abere otzanaren kontra. Txakur gaztetxuak zaunka makal batzuk egin zituan, baiña arrikada artean ezekian zer egin, atzerantz ala aurrenratz. Onetan, jo eben jo pataria, ta errukizko ausiak eta intziriak egin zituan.

        Mutikoen erraia zital doillorrak ez ziran bapere minberaa, eta ez eben atertu euren arri-jaurtitea. Azkena izango ete eban «Lipar» gaixoak, ezetariko erru bagarik, arerio zirtzil aen esku?

        Orraitiño, kale artean zear zaldun bat agertu zan, eta begi-aurrean eukana ekusala, deadar egin eutsen:

        —Geldi, txatxuok alakuok.

        Eta laster obeto konturatuaz, besoak jaso, ukabillak estutu ta mutillenganantz ariñeketan asi zan:

        —Bararabasok! Ta neure txakurrari ganera? Zati zati egingo zaituet!... Zati zati.

        Mutikoak, ostera, besoak baizen ariñak zituen oiñak bere, ta beingoan aldegin eben zaldunaren begien bistatik.

        Laztankiro dei egin eutsan «Lipar»-eri, ta onek jabearen aots biguna entzunik, ezagutu ta arin joan yakan, Olarratz jaunari esker onez ta maitetasunez, eskuak igurtzi ta miazkau guraz jardunik.

        —Nun dagola, baiña, zure jagolea? —galdetuten eutsan, erantzuna emon ezin egion txakur apalari.

        Txakur-jagolarik ez zan artean agertu. Beranduegi konturatu zan Nikanor. Ta onek topauteko aukerarik izan orduko, txakurra bere tegian egoan, jabeak eroana. Mutikoak ez zan ausartu Damas-engana aren galdez joaten. Zabarkeriak jo eban bapatean, eta «kor konpon» esanaz, etxerantz abiau zan.

 

aurrekoa hurrengoa