www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VII—

 

        «Gabontza»renean bizi zanean, Nikanor, beartsuago izan zan, jantruke-ta egon zalako lenengoan. Gerorantz, ostera, edozein langille edo alogereko aiña egin danean, eukitsuago da, itxura batean. Jateko ta jazteko irabazten ei dau. Asteak joan, asteak etorri, ez dau, orraitio, diru ganezkakorik izaten beregan. Ostatua oradainduteko, narras ta guztia bearrean ibilten da. Txanponak nekez datorkioz; joan, barriz, errez. Edan bere egin bear da, ta egunero; erre bere bai, tasarri ganera egun bakotxean; zine-teatruak ikusi, ostiko-jokoetara eldu, eta baita ukabilkarien burruketa anketara bere. Eta jaiegun inguruetako gau-txoriketak, eta abar.

        Ostatuko etxekandreari priesa bage ordainduko deutsa, ta ez osoro, bere zorra. Atzeratuak ditu zorrok, eta metatuaz metatuaz doazan ezkero, emakume arduratsu arek ezin ba gogo onez jasan, orrelako ostatari nagirik.

        Izaten dau, bere aldetik Nikanor-ek, atxaki ta akiakula ederrik, luzapideak lortzeko. Gitxi irabazten dauala; laster jasoko ete deutsan lan-saria ugazabak; zapi, alkondara, kaltzerdi eta barrukoak ez dirala astero agertzen garbitu ostean, eta barri barriak erosi bearra izaten duala txitean pitean. Beste ostatu batzuetan, merkeagoan dagozala, gitxiago kentzen deutsela, obeto maneuak izaten direala areetako jatekoak, eta are, ugariagoak. Emen barriz, gosearen musturrak noizean bein agertzen dirala ta etxetik kanpora jan bear izaten dauala askari-iskia, baldin barruko arra apur bat zertuko ba da.

        Etxekandrak moiñoluzeak ez deutsaz aintzat artzen atxakiok, eta aren zorrak arturik nai litukela izan, Nikanor-eri despatxua emoteko...

        Urteen kateak ba ditu bere mailla ta guneak. Muga berezi ta oargarria, ostera, ogei urte ingurukoa. Gizasemeak, gizaldiz gizaldi ta belaunik belaun, jator ta egokitzat etsi dau lotsea. Muga orretan dendunez ta zentzun ikutuz beteko dau. Ala, joera makur ta esan eziñekoaren menpe jarriko dau, gazteak, bere bizitzako aria, jarduan.

        Antziñatik ezaguna izan arren, ez leuke gaur edonok ezagutuko Nikanor. Arako gazte ausart axe, orduan iñoiz ta iñori atsegingarri izana, orain ausardia ganezturik, lotsabaga saillean sartu dala adierazi leiteke. Zintzotasun-ikututxua ba eukan euki leenago; baiña orain ez da leena. Argi ta garbi.

        Berberak bere, ba daki ori, ta edonok entzun legio areri arrokeriaz agertu oi dauana:

        —Ogei urtera urreratu arte edo, egon naiz ni erdi lo; baiña, ori amaitu da, jaunak. Egin dagiela lan tentelak eta lotsadunak edo lotsatiak. Lan egin bage bizitzeko, adorea bear da, motzaillak esan oi dabenez. Adorea ta arpegia, arpegi aundia.

        Mundukoak irakatsi deutse dotriña ori. Aspaldion entzun dituanak entzun eta ikusi dituanak ikusita gero, orra Nikanor azkar ta oillar barriak, bere burubidea azladu.

        «Beartsuak lan egin dagiela... gure gurasoak egin eben legetxe»...

        Eta lanaren igesi asirik, iñorena maiteago dau orain. Sozial-irakatsiaz mamurtu ditu eta ausnartu, ta orrezkero, egiteko baiño bestek egiña batzeko, gertuago dago. Ezagun ezagunean alpertu da, ta alegiña ta nekea auzokoarentzat egokiagoak dirala, norberentzat baiño.

        Jagiteko ordua aguroegi eltzen yaka goizean, eta ostatu sostorreko oeko izarak, aren berbetatik zikin samarrak diran-arren, ederto asko inkauten yakaz egunaren etorreran. Eta era orretan, zelan jagi? Ta zetarako, ganera, gorputza nekatu, jateko lain ozta irabazteko?

        «Gabontza»k beste modutan aituten dau bizi-modua. Burdiña zaarrak eta metal-txatarrak an artu, ona ekarri ta geroago ara sakabanatu edota pillatu, nasai asko gizendu dau bere zarpa leen zimela izana.

        Eta, zegaitik beste ainbeste ez egin norberak? Ori esan ba.

        Goizetan, Nikanor-ek, gauzak argiago dakusaz; baiña gabera ezkero, sakelean txanponik ba dauka, ala ardaua nok pagaua izan ba legi, lausopean jarten yakaz buru ta begiak; eta orduan, atsegiñago ditu irri zoroa ta ardurarik eza, buruauste ta gorabeeren artean bizitea baiño.

        Ardaua beraz gustauten yaka, ta ez edozein ardau, gero! Oba, beti bere, alako edari indartsu ta markakoak; jakiña ba. Langilleak edatea merezi ez baldin ba dau, nok orduan, merezi izango dau? Kapitalistak, ala? Domuak zer egingo leuke ba, langille ta emuts bulartsurik ez baldin ba lego, emuts otsein eta morrontzapetuak?

        Erabagirikoa egitea dagokio.

        Ugazaba, egun osorako kanpora joan dala-ta, burdikada bete txatarra eroan eragin deutsa Nikanor-ek beste morroe gazteari, ain lekutara. Bete dabe burdia, ta joan da. Laster biurtu da utsik. Gero, beste eskari batzuk gertauten jardungo dabe Nikanor-en esanera, morroe biak.

        Lenengo joan dan burkadea, landa baten itxi dabe, trenbidearen ondoan. Andik gerora, artu ditu burdiñakiok beste txatarreru batek eta an daroaz bere tegira. Merke samar eroan dau, baiña orren balioa, Nikanor-en sakelerako izango da. Ondotxu daki ori erosleak; baiña, lapurrak lapurrari laztan.

        Ortik dator mutillaren lenengo irabaziak. Iragazi garbiak, ezer jarri ez, eta guztia jaso... Garatz bitxia, negozio zindoa, arranotan! Erosi bage saldu, gatxik eta galtzairik jasateke.

        Zer egin ete eban «Gabontza»k berak, asieran?

        Eta, orain, beti dabilkio asarreka, lanera berandu eltzen dala, kontuak atzeratu egiten yakazala, Nikanor-ek ez dakiala naikoa, kontuak gero ta ugariagoak jasean eta artez erabilteko, eta alogera erdi ostu egiten ete deutsan, baldankeria ori dala-ta. Ta azkenen buruan, ondasunak —diño «Gabontza»k— ez dira guztienak, mutillak azaltzen dauanez, sortu eta eratuten dituanarenak baiño. Lanari, onenbesteko bat emon ezkero, egoki ordainduta dago ordu eskas batzuetako lana ta jarduan...

        Ugazaba tinki-minki egon arren, bost ardura deutsa Nikanor-eri. Onen zerak, beronen ustez, jo ta kea dabiltz, egunean baiño egunean erosoago.

        Jai arratsalde onetan, bere asmo bat beterazo nai dau. Andikien etxean, askari on bat egitea, jan eta edan dezente, iñoren lepo. Zizili morroskana zintzoari, maite dauala adierazoko deutsa barriro bere, eta...

        Urrutizkiñez deitu deutsanean, Zizili ezetz esateko gauza ez da izan, ta ugazaba jaun-andrak kanpoan dirala ta ortik emendik, Nikanor bere uzia ta apeta zitala, bete-urren dago.

        Ezkongeiak ete diranentz? Oraindaiño ez edo; baiña emakumeak, azkenean sarriegi buru izan oi diran arren, maitakuntza asieran, lenengo urratsetan, andrazkoa bigunago izaten da geienbat, aurkitu barri dauan printze urdiña galtzeko lazturaz edo.

 

        Ta ordu jakiñean, emen dator Nikanor. Neskamearen etxe ondorantz. Arratsalde erdia da. Garaitiko neskamenak ez dagoz etxean, aldeta baiño. Jai arratsaldeko ordu laburretan, amaobstean bein, askatasun apurra alai antzean gozartu nairik.

        Etxe aurrean lorategi txikerra dago ta sartzaierako ate nagusia, burdiñazkoa, dotore egiña, zabalik. Etxearen saiats aldera, beste ate bat, mirabetzen diarduenak sartu-urten egin dagien.

        Zizili artega dago, ta gurago izango eban mutilla ara beintzat, agertu ezpa litzaio.

        Edegi deutsa atea, lenengo oiñean, otseiñen atea, Zizilik; eta barrura da Nikanor.

        Isilik berba egiteko dirausa koziñari mardoak. Barre karkaixak egiteko gogoa dauka, ostera, mutillak. Lotsabagea! Mesedez isil samar ibilteko esan neskameak, eta etxaramon egin maitari-geiak. Iñoren aurrean ez dagozala-ta, ba doakio au areri laztan egin gurarik. Beso ta eskuak luzatu deutsaz Zizilik, eta erdi asarrez, geldi ta bear dan lez egoteko, dirautsa.

        —Ardau usain aundia dozu, Nikanor, ta dagoaneko ez da ori ondo.

        —Zer daukazu ba niri eskeintzeko, laztanik ez dozun ezkero?

        —Zerbait jan guraz ez al zara ba, egon?

        —Jan bakarrik, ala?

        Arrautzore ederra gertu deutsa, arin ariña, ta ogi zuria ipiñi mai ganean, aren lagungarri. Ezagutzen dogunez, markako ardaua eskatu deutsa urrengo, mutillak.

        Edariak, gitzpean dagoz aundiki etxean, eta Nikanor-ek, ganera, naikoa dauka euki aldean, neskatillearen eretxiz. Gerogarrenean zerbait emon bear izan deutsa, ardau arronta, zaragitikoa. Ez dago kontentu mutilla. Ez ardau markakorik, ez laztan gozorik.

        Neskameak daukan eskuturreko erloiua, polita da gero! Orixe diño prakadunak eta ikusi nai leuke eta ikutu. Urregorri apurra ete dauka ganekaldean? Eskuratu dau Nikanor-ek, eta berari begira diardu.

        —Onelako metalik ez dago gure «Gabontza»ren tegian. Baiña auxe da metalik guriena, mardoena, meiena izan arren. Auxe da munduko giltza!

        Askaria jan dau eta edan bere dezente egin dau, neskame mazalaren gogoaz kontra. Barriren barri estutu dau neskatillea beso artean, ta gura ta guraez mosuka jardun izan dau. Alperrik gonadunaren eskari makalak. Bakartadean, gizonezkoa aberekoiago biurtu dala dirudi, ta aldiaz aurretiko zor-eskubidea aitatu nai dau. Indarka antzean doaz arrats leeneko orduak, neska-mutil artean. Ez dago gertu Zizili orren errez amore emoteko, orduaz aurretiko egiuneari buruz. Oraiñarte lortu dau garaipena, baiña.

        Zer? Leiopeko kale-zatian, zarata ezaguna zertu dau Zizilik. Aguro doa leiorantz. Mutilla, ondorik.

        Kalean, ate aurrean, etxeko jaunaren beribilla geratu da. Txoperra bakarrean al dago barruan, ala ugazaba jaun-andrak ete datoz etorri, euren jauregitxura?

        Ene bada-ta! Batera nai bestera izan, neskamea estura gorrian jarri da. Ugazabandrea bildurgarria da, ta ez leuke laketuko, seguru asko, bere etxean neskamea gizonezko kanpotar bategaz bakarrean egin dala jakiterik. Eta txoperra bera, ez da asko obea, lapiko txikia dalako, ikusi-alean azlatzeko, bere biziko txirritolea izan bere-ta.

        —Aguro kanpora, Nikanor! Urrengo domekan alkar ikusiko dogu. Bildur nintzan, eta orra!... Ai ene!

        Bultzadaka eroan dau mutilla serbitzuko ateraiño, eta an egotzi dau malladiko unadan, eta atea arrapaladan itxi.

        Saltari dabilkio biltza bularrean neskame gaisoari, sekulako taupadak egiñaz. Axe izan da ikarea! Nikanor joan da, zorionen batean. Oraintxe konturatu da Zizili, arek eskuturreko erliou urrezkoa daroatsana. Urrengo jai egunean beraganatuko dau neskameak. Bai bein!

 

* * *

 

        Barri ez atsegiña jakin-erazo deutsa ugazabak Nikanor-eri.

        Izan bere, aspaldion eztabaida garratzak izan ditu «Gabontza»gaz. Onen emazte «Mautsa», katu baltzaren jabea, a bere ez dago orain leen ainbatean Nikanor-en alde. Senarraren esanera dago, eta kale gorrian beiñola artu eben mutil umezurtza esker txarrekoa dala autortu dau.

        Albistea ez da besterik auxe baiño, orain beiñeon: «Gabontza»k laster, garazkidea edo sozioa izango dauala.

        Nikanor, ausaz? Bai zera Nikanor! Ba yagok obarik.

        Beste txatarreru bategaz bategingo dau ta bien diru zatia ta beste zerak batu ezkero, aundiagoak izango dira euren jardunak, arlo zabalagoak, sail edatsuagoak, eta orrezkero, mamintsuagoak irabaziak, oiñarrien laingotasuna lortzea baldin egingarri balitz. Langilleak, indarra alkartasunean dagola esan daroe-ta, «Gabontza»k bere, dotriña bardiñaren onurea eskuratu gura leuke. Ta «Gabontza», ez da tentela. «Gabontza» ibilliko da, Nikanor-ek orrenbeste uste izan ez dauan arren.

        Argi dakus gaur mutillak, leenago susmau bere egin ez dauana. Iñoren lepo, mantxunga jorian igari ibilteko txakur-amesak, bapatean izotzak joko deutsaz, urrean. Ortik emendik nagosiari «iru zaku» egiten asi zanik ona, ain polito isillean diru mortxakak eskuratzen eta...

        Emoi gozagarria dakartsan iturburua, agortu egingo ete yaka lasterrean?

 

        Legeak sortutako zera, legepe ta legtsua izan bere-ta, laterriak ba ditu, jakiña, bereak eta bost. Aspaldian gogoan izaniko eguna, egun iguin ta gorrotagarraia, eldu yaka Nikanor-eri. Esan deutsa esan, Ezekiel laguntzarrak, gorabeera zipotea.

        Zera, soldautzarako garbitasunak, zerzeladak, azi-orraziak konpontzen, udaletxera joan bear dauala, arek. Eta Nikanor, jaiotze urtebarru bardiñekoa izanik, nunbait onek bere, dagoan urian agertu bearko dauala bere burua, naita dei berezirik ez jaso, erbestean jaio zan-ta. Osterantzean, oi dan lez, itzuri edo igesletzat joko leukee-ta bildurrari bere jaramon egin bear ba, Ezekielen berbetaz.

        Urte-adin latz eta bapere ez pozgarria mutillarentzat. Gau aretako orduank, ordikeri bage emon ditu, apal, mandoak ilda lez. Buruko garunak urtu aiñean dabil, jo ta su gogoetan, pentsamentuan.

        Goiz batean, ba doa Udaletxera. Emen artu deutsez argitasunak. Beste egun jakin batean biurtu bearko dau barriro, lagun talde ugariaren geigarri. Neurriak bere izentau deutsez, luzera, bular-ingurua edo saiets-uztaia, abelgorriai neurri-kordelaz egiten deutsen antzera. Etenik bere, ez dauka, sarri askotan «Gabontza»k orrelako destaiñak arpegira jaurti arren.

        Gaisorik ez dago, gatxik ez dauka, dirudianez, ardauaz edan-sarri izatea eritzat joten ez dabelako, adin orretan. Sendi gorabeerarik bere ez, umezurtz gordiña; jarei ta bere esku gelditzeko, ez dau agertu ezer indardunik.

 

        Olarratz jaunaren irudi dotorea ikusi dau egunkarietan. Alduna izanaz ganera, kargu aundi bat emon deutse laterri-arazoetan. Begira dagokio Nikanor, ta leen baizen zaldu eta jauntxu deritxa.

        Alan bere, oraingoan arenganik urrun dago, baiña ona emen nundik nora dagoan liberal-kume batean menpean. «Gabontza», zorri il-biztua, liberalen saillean sarturik!

        Gizartea, lur eta sorkari diran zer guztien jabe egitrea, orixe da mutillaren arau-burua. Gizarte-zaletasuna bear dau langilleak, gitxiren menpe dagoana, askoren esku geldi dedin. Baiña esanak esan, liberal izatea dirua izatea baldin ba da, ez leuke, ziur asko, beste ezer izatea gura izango Nikanor-ek, orixe baiño: liberal. Zer esan bakoa.

 

        Bertan beera gelditu zan Ziziligazkoa. Onek, bein eta barriro adiskideta ezagun batzuen bitartez, eskatu deutsa eskuturreko erloiua biurtu dagiola, aspaldion Nikanor aren begien bistara bere, agertu ez dalako.

        —Ankerra ta guzurtia! —diño Zizilik mutillagaitik—. Erloiua ostu deust zantar orrek. Nire begira ebillelakoan nengoan ni, ta orra! Naiago izan dau, arean, nire orduari urrezkoa. Errizaiñari jakin-erazoko ete deutsat? Baiña, nor daukat lekukorik?

        Eta orretan geratu da erloiuaren auzia, eta Zizili, ain barik. Ez orduari apaiñik, ez senargei zatarrik, ainbestean bere, tira.

        Dakianak ba daki jakin, eta baita Nikanor-ek bere, ba dau ezaguerea «Gabontza»ri bere ondasunetan atximurkada txiki bat zelan egin legion.

        Asmo bikotxa agergarri da. Diruaren premiñaz dago mutilla: edan, erre, ara-ona ibilli, neska billoiz arteratu alik sarrien... Eta diru ori, nun aurkitu legian bere badaki.

        Iñor konturatu bage, egin nai leuke azpi-joko ori. Ta egingo dau, okerrik ez-pa da.

        Bankuetxean, «Gabontza»ren kontuan zenbat dagoan badaki. Or dago aska ona, jan-edanaren jabe egiteko; ortxe, eskuarte ugaria, artu al izan ezkero. Lenengo eretiaz balaiuko dala, zin egin deutsa bere buruari. Jaungoikoaren egia!

        Eldu barri dan korreutik artu dau, andik sei illebetero bialdu oi deutsan kontu-zeetasuna. Ta antxe, zenbaki bat aldatu dau; ta ogei milla erreal beerago utzi, «Gabontza»ren alde azken lerroan agertzen dan oiñarri barria. Etxean bertan daukan liburutxuan bere, aldaketa bardiña egin dau, ardura aundiz, ta egiñikoa polito batean erabiauta utzi dau. «Gabontza»k ez dau ezer igarriko. Ez da agiri ezer oargarri.

 

        Ugazaba agertu danean, ezarian, beste kontu batzuekaz naaste, ikusi eragin deutsa areri mutillak, eldubarri dan kontu-bilbea. Eta «Gabontza»k ustekabean, iraizez begiratu eta beste askok lez, Bankuetxeak iñoiz ez dabela okerrik egiten-ta, ainbestean onetsi dau ikusirikoa. Bai ba, meta aundian galburu batzuk gora-beera, igarri bere ez. Bai, orraitio, orain ogei urte izan ba litz! Orduan, «Gabontza»k lurrezko lapikotxuan gordeten bere laukoak...

 

        Ta egunak aurrera... Burdiña txatarrak ba dakarrez, eta ba daroez urtuteko, laba aundietara-ta: oneek saldu arako; ortik ekarri erosiak, urrengoari eskeintzeko. Sal-erosketa jatorra, eta bitartekoz geitu danak, eralgi-bearrak kendu ezkero, orra or irabazia; erdoiez ta ugerrez betea izan arren, garbia amaieran.

        Kanpoan ei dabil, baiña laster etorriko ete dan «Gabontza»ren erkide barria, sozioa. Urrunetan dituan ondasunak diru biurtu ta aregaz batean, biak bietara egundoko garatzak egiteko. Eta norbait ori, dana dalakoa izan, Nikanor-entzat eragozpen itzela izango dana, begien bistakoa argiago ezin.

        —Sasoia dok zeozer egiteko, Nikanor —dirautsa bere buruari.

        Ez dago lo. Soldautza-paperak, zapokeriz emendiauko deutsaz norbaitek; brigada bat artu bitarteko, ta beronegaz itundu da.

Onek atzendu ta erabiauko dau aurtengo soldau-geien lerrokadatik Nikanor-en izena; baiña zerbaiten truke, ez geiagoko barik.

        «Gabontza»-ren txeke-txortatik erauzirik, txeke berdeska bat bete dau, lerro-une utsak orniduaz. Ogei milla erreal izango ditu kobrau-gei. Arako brigada maltzurrari emongo deutsaz milla erreal edo. Sari polita orren errez irabazteko, arean bere.

        Oiñaldean, txeke orrek, «Gabontza»ren fimearen antz-antzekoa dauka, Nikanor-ek arretan ta ikarabage, esku artetsuz egiña. Aspaldian, zenbat ekiñaldi ta aproba, aren taiuko idatz-aztarren berregiña zertu arte! Bardiña dala esan leiteke firma ori. Zelako arrerea egingo ete deutsa Banku-ko leiatillan dagoan ogipeko zuurrak?

        «Aitearen» egin dau Nikanor-ek, aspaldion orrelako gauza santu-usaiñekoetatik urrun erabilli arren bere bizimodua. Sartu da Bankura. Oraindiño lagun gitxi dago, bezeruetarikorik. «Gabontza» bere tegira goizetik ager baledi, esango deutsa ango beste morroiak, Nikanor soldautza-paperak egiten joan dala, orretarako dei egin deutselako.

        Bankuetxean jesarri da, ta ango joan-etorriai aldi dagokie. Norbaiteri itxaroten bai legoan, egunkari bat mai ganean zabaldu ta irakurten diardu, nasai asko. Goiz erdia iraganaz, ba daotr laguna gero ta ugariago, gero ta sarriago.

        —Oraintxe da eretia —diño bere kolkorako.

        Ta ba doa jente-lerroaren musturrera. Bat, bigarrena, urrengoak, enparaukoak... Eta orra, Nikanor leiatilla aurrez aurre.

        Ango gizonak, antiparrakaz begiratu deutsa txekeari. Artu eta ba doa barrurantz.

        —Ene! Igarri egingo ete deutsa, agiri ori egiazkoa ez dana? Sasikoa dana?

        Beste ogipeko gazte bat urreratu yaka leiotxura. Arranoa! Zerbait esango deutsa. Zarragoa, joan doa eta ari begira dagokio Nikanor. Joan doa, baiña ofizinako tokian zear, ingurubira datorrela dirudi. Bizkarretik oratuko ete deutsa? Ala, belarritik, nagosiak mutikoari zigor-antzean oi deutsanez?

        Ate batetik urte dau, ta ba dator onantz. Bai. Oker dabillenaren oiñak, beti makur...

        Ez, orraitio. Ba doa gizona beste ate batetik, eta onetan leiatillako gazteak ba dirautsa otoz otoan:

        —Zelan nai ditu berorrek, bost milla pesetak?

        Zabaldu yaka bularra mutillari eta arnasea nasaitu. Lotsagaldukoak bere, izaten ditue, antza, euren esturak.

        —Ogeikotan.

        Eta taka-taka, emon deutsaz, amarreko mortxakadetan, bost liburutxu. Liburu eder maitagarriak, arako eskona, Etxabelar jaunagaz ibilli zanean baiño geiago irakatsi ez, baiña nunbait bere, Nikanor aziari atsegin aundiagoa eskeintzen deutsenaz!...

        Andik urten, eta beingoan artu ditu zuriko batzuk, estularriaren ondar mingotsa albait lenen gozatuteko.

        Eta orduan, azkar doa lanera, pozik, bekokitik darion izerdiaz arduratu bage. Ez dau ikusi «Gabontza» une aretan, eta nai bere ez, jakiña.

        Arratsaldean, billa abil errekluta-etxean, arako brigada amarruaren bizilekua non ete danentz jakin gurarik. Araxe doa aguro. Berba labanak eta azalpen zeatzak emon deutsaz gudu-gizonak. Egoki geratuko dira zer guztiak. Zer esan bakoa!

        —Zenbat?

        —Esanikoa. Milla errealtxugaz, ainbatean.

        Sakeletik atarau, eta ba damotsaz aitaturiko diruak. Ogeiko bi ta erdi. Eta alderdi biak pozarre, irabazia bientzat dan ezkero.

        Nikanor-ek ez dauka orain astirik galtzeri. Ba doa beste illuntzetan lez, Ezekiel adiskidearengana. Azkenagurra egingo deutsa. Uri onetatik alde egingo dau. Ez dau nai ez soldau joan, ez beragandu-barri dituan txanponak, diru gozoak, arriskuan jarri.

        Tamalez dago Ezekiel, aspaldion lagun eta adiskide izan daualako. Ez dabe lanik alkarregaz egin, baiña ibillaldi atsegiñik bai, arean. Irakatsi deutsazan dotriñak, berberak baiño obeto mamurtu, iruntsi ta eio ditualako. Nikanor-ek bere, ba dau pentxua baiña. Orain ori, mutil umezurtza, egia esan, leena ez dana! Onen biotza, gogor samarra bazan izan;orain, ostera, latza, idorra, samurtasun bagea dala esan bearko. Aierra, etxeramon zalea, minkorra...

        «Gabontza»ri bere, zerbait adierazi bear deutsa, ezer esateke aldegingo ba leu, susmo txarra artzea izan leitekela-ta.

        —Jauna, ba noa ni emendik, eta uri onetatik.

        —Nora? Erbestera zertan?

        —Nire anaia nagosia, anai bakarra, uriburu gorenean ikusi dabela, esan deust ezagun batek. Eta aren billa noa, ganora barik dagoala entzun dot-eta.

        Guzur biribilla da ori izan, baiña «Gabontza»ri ziri ederra sartu nai deutsa.

        —Laster biurtuko zara, ostera.

        —Baietz uste dot. Bada ezpadan, gauzak euren zerean utzi nai ditut. Emen dagoz paperak eta zer guztiak. Zor dagoana; ordaindua; arturenak. Eskabideen erreskadak; eskeintza zaar ta barriak. Eta Bankuan zenbat dagoan, leengo egunean ikusi genduan biok.

        —A, bai. Artez egoala esan genduan, ezta?

        —Bai, jauna.

        —Asteko saria eskuratuko deutsut oraintxe berton. Eta nai ba dozu, etorkizunaren aurreztua... biderako-ta?

        —Tira, ba. Eskerrik asko. Zera... etxekandreari adierazo mesedez.

        —Jakiña ba. Eta zatozan arte. Ba dakizu datorren astetik beste ugazaba bat geiago izango dozuna.

        Urrundu da Nikanor, munduan zear asi zanean, lenengo abetaldu eben etxe apaletik. Amaika gomuta ba datorkioz gogora, baiña eziña onezkero, urratsak atzerantz egiterik.

        —Ugazaba bat geiago, lantoki berberean? Orixe txarra —dirautsa Nikanor-ek bere buruari—. Ez naiok ni geiago arrapauko ez «Gabontza»k, ez aren sozio barri, dana dalako Mozolo orrek!...

 

        Diru preskuaren jabe egin dan zorri il-biztuak, lenengo egitekoa, soiñeko dotoreak erostea izan oi dau. Ez dago astirik, baiña, orain orretarako. Biar goizeko trenean, anka! Bien bitartean okerrik ez baldin ba da, beintzat.

        Agur, Ezekiel laguntzarra! Agur, Zizili martzala, erloiu jabe izan, eta ain barik geratu dana, Nikanor-ek diru-truke saldu daualako.

        «Gabontza» ta Mozoloa alkarregaz atondu daitezala, gura ba dabe. Or konpon! Katu balzdun andreari ez deutsa arpegirik agertu. Txatarradunen menpean egoteko morrontza apala amaitu da, bein eta betiko. Soldata mamintsua beragandu dau, ugazabaren borondatearen kaltez izan arren.

        Ostatuko etxekandreari ez deutsa ezer adierazoko, ez gaur ta ez biar. Dagoala, noizbaitean Nikanor-en zorrak kitutuko dituaneko itxaropen gozoan...!

 

aurrekoa hurrengoa