www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—V—

 

        Auzune bateko edanetxe ezagunean batzen dira langille gazteak, Ezekiel-ta, Nikanor-ta. Illuntzetan izan oi da euren bigira edo batzartxua. Lanaren nekea, ugazaben nausikeria ta zekeneria, ordain urria, beartsuen eskubideak eta beargiñen eskabideak, kirolak, neskatilla gazteen autuak... orra eguneroko jardunak mutillen artean.

        Badago edanetxe orretan, samai luzeaz andik, neskatilla polita. Irune da aren izena. Politasunaren araura ez dauka, bear ba da, bere gurbiltasuna eta gogojabetasuna. Aurki, daldaxa da, ariña.

        Atsegiñez begiratzen deutsa Nikanor-ek, eta aregaz, bakarrean, gurari biziz berba egingo leuke. Aren begietan, oi eza dan zerbait susmauten dau. Beronen ames-ernamiñak besterik ez ete dira? Izan bere, Irune dalako orrek, util guztiai bardin samar itz egiten deutse; berba ta begiramen antzekoa eskeintzen deutse gizonezko gazteai. Zaartxuai ez ainbeste.

 

        «Gabontza»ren irabaziak anditzen doaz, negutean ibaiak lez. Eroskaiak, noizean bein izaten daben goraldi ala beeraldia, izan dabe orain bere. Urruneko laterri batzuetan gudu-otsak entzun dira, ta ara-ta-ona dabiltz itxasuntzi aundiak.

        Txatarra kontua ondo jarri da, daukanarentzat. Saltzai mamintsuak egin ditu ta diru gozoak beragandu. Aukera gizena izan dau, ta ez da lo egon, begi erne baiño. Diruaren eiña edo egoerea lokaberea da izan, erreka sakonean arri biribiltxua egoneziña dan antzera.

        Lur-sailla erosi dau, trenbideari deutsala dagoana, sail jasekoa, luze bai zabal. Diru ederrak emon ditu aren orde, baiña ez yaka damutuko, seguru asko. Lurraldeak erosteko eretia ta ara bere dirua aukeran daukenak, ziskua gilbortuteko bidean jarri oi dira, ainbat eta areago, lurraldeok toki eratsuan, uri aundiko etxebarrutian edota alboko alderrietan baldin ba dagoz.

        Ta «Gabontza»k orixe egin dau. Diru-etxean dana gordeta eukiteke, zati mardoa lurretan ezarri.

        Aren emazteak ez ekian iñoiz senarraren atzera-aurrera guztien barri. Jateko lain ataraten eutsan, bai, eta iru baiño ez izan ba, jateko. Senarra, Nikanor eta bera.

        Jazteak ez eutsan ardura aundirik emoten «Mautsa»ri. Izan bere, etxean sartuta egon oi zan ia beti, bere loditasuna zala-ta edo. Auzoko dendatxuetan lortzen eban janaria ta ortuaria, ta senarrak, aparteko jataldia bikaiñik ez eutsan eskatuko. Ba ekian onek, iñoiz edo bein jateko aozuri ta milingen gogorik izan ezkero, nun zuzendu ta aurkitu, aragi illen antzean biziak bere...

 

        Zartzaroan, nafarreria. Olantxe diño erdal-esaera batek. «Gabontza»ren emazteak, bere katu baltza eta etxean daukan mutilla ditu begiko ta ardura gaillen, bere senarraz ganera, jakiña.

        Senar onek, bere aldiko oitura nabarmen baten entzutean dauka, euki. Ta nundik eta nora ez dakiala, aundien edo aundinaien usaiñaz jabeturiko gogoa ez yaka, ba, sortu?

        Labur esan, agurabidean dagoan oneri, bigarren lorako maitakeria erne yaka biotzean. Bigarren lorako aragi-zirikaldia. Maitetasunarena ez, ain zuzen; diruaren almenak eta kilikiliak gizonagan eratzen dauan naikeria ta arrokeria baiño. Emaztearen ondotik aguro ta bizkor iges egiteko dagoanak, geienbat, erakutsi oi dau orrelako jita ta joerea. Auzoko larrera nai solora joan guraz dagoan zekorraren gisa.

        Diruaren soiñua gozoa danez, ate asko edegiteko giltz parebakoa da. Ez daukanak ez daki asko, zelako mundu barria sortzen yakan, ezerez ala gitxi eukirik, goizetik gabera ondasun gizenen jabe egiten danari. Aldakuntza zoragarria, zorri il-biztuarena! Zer gura, ta axe lortzeko aukera bardingabea.

        Ta «Gabontza»k bere, gaztetako urteetan izan eban gorputzaldia sentidu gura eban barriren barri, Fausto berraldatua bai litzan. Gorputzean, zirkin biziagoa. Zanetako odolean, berotasun jasoagoa. Aragiaren bigarren loraldia.

        Katu baltzaren lagun zan aren emaztea, lo egoan orrezaz. Oneri, bestera jazo yakan urte aetan. Zimeldu yaka aragia; bizi-iturria agortu. Ta bare-aldi urdiña dauka bere inguru, odolaren gorriaz azturik.

 

        Uri aundiko kaleetan zear doa Nikanor. Domeka eguberdia da, ta etxerantz doa onezkero, amabiak ondo jota dagoz-ta. Egurastegi apaiñean zear, bera ezezik beste lagun asko bere, ba doa. Ene! Ta bai ikuskari adigarria dakusala an jente artean. Aspaldian aren begiak ikusi ez daben irudi atsegiña agiri da antxe. Ta etorri dator. Ama izango da nunbait, Garbiñeren besondorik datorrena. Bai neskatilla maitagarri ta liraiña, Garbiñe. Ta zelan jantzita, gero! Txairo baiño txairoago.

        Txapeltxu zuria dauka buruan, ta soiñeko berdez estaldua bere gorputz polita. Gizonak eta mutil gazteak, dotoreak oneek bere, urrengorik urrengo, agur txeratsua egiten deutse, kapelea erantziaz.

        Ez daki zer egin mutillak. iges egin, aldendu, lagun artean ostendu, bazterretik iragan ala arek ikusteko moduan, aren aurretik igaro.

        Bai, aurretik begiratuko deutsa, ta agur esango. Or dator, berbertan, neskatxi gustagarria.

        Ta Nikanor-ek, buru txut, soiña lerden, agur motela dirautsa agin artean.

        Neskatilleak, unadatxu txit laburrean begirakune bat egin deutsa, baiña... besterik ez. Ta aurrera doaz, bakotxa bere bidean.

        Ez ete dau ezagutu Garbiñek? Biurtuko ete da Nikanor atzerantz, eta urrats btzuk arrapaladan egin ostean, esan areri, argi ta garbi, bera nor dan, arako erritxuko txirrunguts-erakuslea?

        Atzetik begiraka dagokio Nikanor, neskatilleak burua birauko ete dauanentz. Baiña, bai zera! Ez dau arek ezer galtzekorik utzi atzean, nunbait. Begiratu, baiña nori? Izan bere, ez euki bateri?

        Ta Nikanor, beste bein legetxe, bere buruari begira asi da.

        Zer dauka soiñean? Jantzi maskildu bat, dana maiztua. Alkondara naikoa erabillia, idun bizartsuaz. Oiñetako ez barriak; txapela, iñoiz barria izandakoa, buruan.

        An agurka diardutsen gazteak, barriz, dotore ta kapeladunak izan, aroteri bakoak. Axe da inbidia! Zer amets egin dagike, guraso landerren seme beartsuak, menpeko otseiñen artean azitako andereño bategaz?

        Lotsatu egingo ete da Nikanor, beiñola lez? Orixe ez; mindu bai, benetan bere, mingarri yakalako. Asarratu egin yaka; amurruak jo dau Nikanor. Daukanaren kontrako gorrotoa nabari dau bere erraietan. Ezekielen esanak, egiaren indar betea dauke. Ez dago munduan gizonak neurtzeko bae edo galbai bat baiño: daukana eta ez daukana, uruna ta algotza, emoia eta zikin-autsa. Azkenengoetarikoak ez dabe iñun begiramenik. Beste aek, ostera, edonorako dauke sarpidea, ta jendaki goienekoaren txera ta adiguria.

        Urduritasunak jo dau, eta eskuartean egiten diarduan zigarrotxua ez yaka itxurazkoa moldau. Arterik artu eziñik dago, ta etxerazkoan aurkitzen dituan tasketan ardau zuri drugada itzelak edaten ditu. Erdi zerbeldurik eldu da erri-egaleko bere etxe urrunekora. Zarpan ez dauka txanponik; utsik daukaz sakelak. Putxik dago. Urdailla bete dau, orraitiño, lauzuriko urri aien laiñean.

        Etxera eldu, ta buruko miñez dagoala-ta, ezer bazkaldu bage, bere tegira doa, goiko gela txikerreko oetxura. «Gabontza»k ez deutsa jaramon aundirik egin. Gizonezkoak, barru gogorragokoak dira, iñoren ondoezetan. Aren emaztea, barriz, arduratu da arezaz. Ta zer daukan, eta ezer nai ete leukean itandu deutsa; mutilla oean sartu dala susmau dauanean joan yaka, bere katu baltz potoloa ondorik izanik. Mutillaren berbetatik, lo egiteko gogoa besterik ez daukala, igarri dau. Baiña, barru-miña, asarrea, mukertasuna ta iguiña da aren gaurko makalaldia. Bai bein.

 

        Orduak ordu iragan dira, nunbait, eta Nikanor-ek loak lo egin ditu, bear ba da, amesez bateak, oraindikarren. Itzartu danean, ez da argitasunik nabari, leio ertze-edegiaren zirrikituan zear. Gautu dau, nunbait. An urrean, ez da isiltasuna besterik susmauten.

        Onetan, etxekandreak, bere irribarrea dakartsa arpegian. Jagiko ete da mutilla afaltzeko? Gorputzaldi txarra ei dauka; ezer bere ez egiteko gogoa, ez jateko ez jazteko. Gogoaren makalaldia, ala alperraren griña baldarraren ernamiña ta ikutua?

        Baso bete esne edango leukela, ba...

        Ta baita etxekandreak ekarri bere.

        Gerogarrenean, ez lo bai lo dagoala, alako berbotsa entzun dau mutillak beeko bizitzan. Berbaro ez ezaguna. Etxekandrearen aotsa ta «Gabontza»rena ba dantzu, doi doi. Baiña, beste aotsa garratzagoak eta zakarragoak dira, urrean. Gizonezkoen berbak. Aundia da, domekan, gabeko orduetan, euren etxean iñor erbestekorik egotea, eta autu gogorrez ta erremuskada antzean...

        Nortzuk ete dagoz beian, egon?

        Ta egon eziñik zapart egin dau mutillak oetik. Izan bere, ez dira etxekoen aotsak bakarrik. Nikanor-ek, arako tranpa-ola jaso dau isil-isillik, eta zeozer ikusi ta erdi-susmau egin dau. Erbestekoak, etxera sartu diranak, ez dira ain zuzen eskekoak, billa datozanak baiño; txarrean ala onean billa datozanak, lapurrak berba baten. Atadian dago gizonezko bat, kanpo-aldean, zelatean eta zaindari, nunbait. Zapia dauka arpegia estaltzeko eran, begiak agiri eta bisera urdiña buruan. An, sukaldekoen autua aitu nairik dago.

        —Ez daukat etxean dirurik —dirautsa estu ta larri «Gabontza»k norbaiteri.

        —Gu beargin beartsuak baiño ez gara —geitu dau «Mautsa»k.

        —Dirurik ez etxean? Orixe bere! —diño beste gizonezko batek, esakera garratzez—. Nun daukazuez, ba? Aguro esaidazue, bestela tiro bana sartuko deutsuet epel-epel, gibelean zear.

        Nikanor-eri dart-egin deutsa gorputz osoak. Bertatik berotu yaka odola. Gaizkiñak daukaz teillape aretan; lapurrak, beartsu bizi dan etxean bere, naiz-ta «Gabontza» bera, lauko ugarien jabe eginbarria izan.

        Ugazaba, ta onen emazte manatsu ta baratza, arriskuan dakusaz. Obeto esan, etxeko guztiak dagoz arriskupe, Nikanor berbera alaber.

        Zer egingo? Lapurren alde? Ez, etxe onetan bizi dediño. Lo egin nasai, oera sartu oilloa lez? Ezin ba, bere burua koldartzat jo, edonoren aurrean bere. Zer egingo?

        A!... Izan bere! Ba eban «Gabontza»k an nunbait zer egokia ereti aretarako. Iñoiz erbitan joan oi zan «Gabontza», ta Nikanor-ek ba daki, gitxi gorabeera nun dagoken aren iskillua.

        Ortozik, dagoan lez, isilean dabil Nikanor eskopetearen billa. Eskopetea odi bikoa. Nun? eta erloiu zaar luzearen kaixa zutiñaren barruan gordetan. Ementxe dago! Ta baita su-ornia bere. Ementxe ditu nagosiak, kartutxuak bere, atabaka batean, batzuk utsik, besteak perdigoiez beterik.

        Aufa!... Kartutxuak sartu ditu praketako sakeletan, eta bi, kamaran bertan ipini ditu, su-egiteko gertu.

        Zer egingo dau? Eskilarretan beera jatsi, ta eskillara-burutik eupadea bota? Baiña, zenbat ete dira arerioak? Ala, tranpa-zulotik bertatik tiro-egin, uts ala bete?

        Bai, orixe egingo dau, zuurrago jokatuaz. Berak besteen barri ziurrik ez dauan arren, besteak ez-usteko zerbait aurkituko dabe. Jaungoikoaren egia.

        Eta geiagoko bage...

        Braun!!...

        Atadian egundoko takarradea egin dabe perdigoiak, eta an egon dan argi-bonbillea zazpi zati egiñik, illunpean geratu da etxaleku au.

        —Ik egin al dok tiru ori, kirten orrek? —dirautsa suetean dagoan lapurrak, atadikoari.

        Baiña, onek, erantzuna esateko adorea baiño izu ikarea izan leenago ta beiñago, ta kalera anka egin dau, antza. Iretargi zuria dago zeruan, eta kanpoko atea zabalik dagoalarik, argitasun itsa dator atadira. Nikanor gertu dago bigarren tirua jaurtiduteko, ta barruko lapurrari burutik beera, ganera, orrelan gertau ezkero. Beste kartutxu bat geitu deutsa mutillak, bere iskillu azkarrari.

        —Nok egin dau su? Nor dago besterik etxe onetan? —deadar egin dau sukaldean dagoan morroe zatarrak.

        Eta orduantxe, zoro antzean, bere senetik erdi urtenik, barre karkaixa ozen eta gangarra egiñaz, oiu zakarra egiten deutsa Nikanor-ek:

        —Urte egik oillo orrek sukalde orretatik, osterantzean ikusiko dok eure narrua, ta laster ikusi ber, sator bideak baiño zulo geiagoz!...

        Ta ori esanaz, bigarren tirua jaurti dau Nikanor-ek, lenengoak baiño zarata aundiagoa egin dauana.

        Barruko lapurra, dardaganean jarri da, nunbait. Bere laguna ez da agiri atadian. Il egin ete deutse? Lauko batzuen billa etorri, eta narrua bertan utzi bearko ete dabe? Ta egia izan leiteke, euren pistola tiro bakarrekoaren kontra, an norbaitek perdigoiez zipli-zapla diardu-ta.

        Geiago murtik bere egin bage, an doa arin kanpora suetean egon dan lapurra bere, tximistearen antzera.

        Orduan Nikanor leioratu da, ta iskillua eskuetan, an bide ertzean aurrera, iretargi zuripean doazan morroe bien gerize ingururantz, danba! irugarren zartakoa erantsi dau, kanpoko isiltasunean alako durunda artegatsua sortuaz.

        —Nikanor zaitugu? —dirautsa «Gabontza»k, lauorria astinduaz ta arnasea bakanago ta nasaiago egiñaz, atadi erdian.

        —Bai, ugazaba neurea. Ertsi begi nasai, kanpoko atea, barrutik langa sendoa ezarriaz. Bidean beera joan dira morroe bi.

        —Eskerrik asko, Nikanor —esan deutsa intzirika ta negar-antzean, etxekandreak—. Bestelako ikarea emon deutse gure biotzai morroe zantarrok.

        Auzokoak, egundoko barreak egingo ditue ganeko egunetan, domeka gabean lapurrak ao bete agiñez geratu ziralako.

        Orraitiok, o!... «Gabontza»ren etxera gautxoriak eldu lapurretan, eta aren otseiña egundoko eiztaria izan, barriz!...

 

aurrekoa hurrengoa