www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—III—

 

        Bizi zan erri aretan ez zan jaio. Erbestetik eldu zan Nikanor, bederatzi urtekoa zala. Alarguna zan aren ama; beste anai bat bere, ba eban mutikoak, etxetik antziña aldegiña, eta aspaldian ez eben aren barririk. Atzerrira, estranjeri aldera joana ete zan; baiña beste aztarrenik eta argitasunik bage egozan ama-semeak.

        Umezurtza zan ba aitaren aldetik, eta ume bakarra lez zan bere amarentzat. Andra oni Zenone eritxan.Andra beartsua edozein esanguratan. Buruz ariña, zentzun aundibakoa; gogoa ta kemena, guztia bearrekoak; ondasunetan, ez eukia; gorputzez, itsusi samarra, eta bizitzaldiko gorabeeretan, doakabea. Ogia, an or emen irabazten eban; beretzat eta semetxuarentzat, gosea zuritu eta ibituteko lain batzen eban, erdi lanean, erdi eskean.

        Ama baiño argiago zan, ardura barik, Nikanor gaztetxua. Begiak ez zituan ederrak, eta arpegi zurbillaren ganealdean ule gorristea. Sudurra zapal zamarra eukan, eta euretako zilloak agertu nairik lez, matrailla pekatsu bien erdian.

        Pelotaka, leberra ta azkarra zan, bere adiñean gitxi lakoa. Jokoaldi laburrak egitea gustauten yakan, ostera, eta al izanik, beste iñor begira ez egoala. Eztabaidetan, eta, iñoren lagutnasuna arerioaren alde makurtzeko arriskurik gertau ez zeiten.

        Diru-jokoan bere, ez zan azkena. Txanpan eta parretean, puntura eta arpegi-gurutzetara jakituri aundiz jarduten eban; eta lauko mamiñak —guztira bere, zenbat ba?— errezto bereganduten zituan. Baiña, bera baiño gazteagoekin jokatzen eban gustoren, asarrera ezkero, burrukazale ziranekin alkar-joten eta muturka ibiltea, aren gogoko ez zan-ta.

        Lagun artera agerraldiak eta ezkutaldiak, tximistearen antzekoak izaten zituan sarri askotan. Aldikadetan, egunak egun iragaten eben Nikanor-en irudiaren gerizerik ikusi barik aren laguntxuak eta eskola-maisuak.

        Jokaera orreri ez eritxan egoki ta erazkoa Etxabelar maisu jaunak, eta aren amari esanak-esan eta deiak-dei egitea alperrekoa zala igarririk, Auzoetxean jakiñerazo eban, sasi-eskolakoen artean, Nikanor Zumala puntarengotzat ezarriaz.

        Alkateari ez eutsan bapere begia argitu bere menpekoen semeak eskolara zale ez zirala jakiteak. Ortik ba, maitabidea ta aolku bigunen erasoa deusezak diranean, jagoleen arreta ta ardura zolia astindu ta erne bear zala otu yakan agintari nagusiari. Eta orra ba, nundik nora erriko almameru zaarra ebillen geiago bere, gertu ta begi zorrotz, Nikanor eta aren antzekoen atzean.

        Noizean bein, ostera, onu ta esan gomutagarriren bat adierazoten eutsan amak. Gatz aundi bage, egia esan. Eskolea ikastea ta, kartak egiteko ta, soldautzara joan zeitenean amari idazteko... Guztiz itzala zala eskolarik ez jakitea.

        Nikanor-ek orraitiño, gudari-aroaren gorabeerarik bat bakarra baiño ez eukan gogoan. Arako bere osaba batek egin ebana, soldau ez joatearren. Ori egin ezkeroan, berak bere, ez eukean, ziur asko, letrarik ikasi bearrean zetan jardun, larregian beintzat, eta ain zuzen soldautzea zala ta ez zala.

        Aren osaba ori, mutiko zanean, okerra baiño okerragoa izan zan. Txikiena izan be-ta, uzkarrumeak geienetan ondu ta gozartu oi dituen bigunkeri ta parkatute ugariegi ezagutu zituan. Bein baiño sarriago, etxekoak euren zeregiñetan ziarduelarik, goiz erdian nai goiz beranduan, etxeko sukaldera eltzen zan, amaren alde-unadak zelatean zainduaz. Eta orduan, lapikoan egon zeitekean ongrria atara —okela, urdai, makillau eta abar—, eta zatitxu mardoak bere ao gozagarritzat beingoan urdailleratuaz, barriro isil-isillik eta ardura aundiz utzi oi zituan, lapikoen eta enparaukoen estalkiak, barruko janarien batzar usaintsuak bake-baketan bai lirauan. Amaren begietan, batzuetan, jaki ongarriok murritzak eta meaztuak zirudien, baiña suaren lanak egiñiko urritzea izango zalakoan egoten zan.

        Gazunaskako aragia, zeziña, orixe yakan atsegiñen Nikanor-en osabeari. Beiñola, lobeak osabeari berari entzuna, zezin-zati batzuk jan ostean, aen ordezko ta truke, berak apartean gerturiko zezin-aizuna edo sasi-zeziña, merkeago beti bere, sartu ei eban lapikoan, eta ezetariko kezkarik bage, egin bere: sagua, aurretiaz il eta narru gorrian gatz emonda jarria.

        Osaba aren bizitza-lerroaren zati onexek, lorratz sakona egin eutsan biotzean eta kolkoaren ondarretan, eta aren buruak argiro gorde oi eban, batez bere, umezaroko urte sail luzean. Auxe zan: soldau joan bearreko ordua eldu yakan osaba areri, artean euskaldunak aren laterriko lege nagusi orren azpian buztarripetu barriak izan ziralako. Bizimodu noraezeko orren zaletasun erbatzik bere, ez izan, ba, aren osaba zuurrak! Bildurra eutsan aldikada areri, gosez ornidua geienbat, garbitasunez eskasa, etxetik urrundua, amaren gonapetik asago aldegin bear mingotsa.

        Eta zer egingo, zer ez egingo, dapa, erabagi zeatz eta sustarrekoa artu eban.

        Mingarria izango zan, arean. Itxusperaa jarri bearra izango eban, aurki... Erabagi gogor eta errea zan: ortz agiñak, guztiak tutarrez atara, bat bakarra bere, oietan egonean utzi barik. Eta esan, eta egin. Ogetabat urte mugara eldu zanean, agintarien mezu ta deia jasoteko unea orduko, eta lasterrekoa zan, aren aoak egundoko sarraskia izan eban; eta agiñak eta ortzak banan banan eta urrengorik urrengo erauziaz, egun gitxiren buruan aren matrailla-azurretako oiak, patata ereiteko gertu dagon soloaren itxurea artu eben, lerroz-lerro zuloz edo potxiz beterik.

        Osabearen jazoera garai ori, Nikanor-ek amaika bidar kontaua bere adiskide ta jarratzailletxu bakartiai, oneek ao zabalik, isil eta konkortuta egozalarik...

        Ez zan, orraitio, osoro ez jakiña Nikanor. Bederatzi-amar urte zituanean eskolara zintzoago ibilli zanez, ta berez argi samarra bere bai, aurrerakada ezagun ezaguna egin eban, eta bai orixe abertidu bere, Etxabelar irakasle errimeak. Ori zala-ta, garbaiz ta errukiz ikusten eban maisuak, mutikoaren zabarkeria, berezko doai aitorren jabe izanik.

        Mutikoaren gogoa ta maisuaren ustea, ez etozan bat, beraz.

        Beste zerbait egoan burutan artua, alarguaren seme txikerra. Zera, eskolarik naikoa ei ekian. Zertarako geiago? Etxean, ostera, liburuen orriak baiño diru-txaponak premiñazkoago ziran, eta, Nikanor-en aparteko sakelean, zer esan bere ez.

        Eta agertu eutsan agertu, bere burubidea amari. Letrak buruan larregian sartzen jardun baiño, andik aurrerantzean ortik emendik lauko batzuk nundi irabazi, onuragarriago izan zeitekeala ama-semeentzat. Ama buruzaleak, aintzat eta ontzat artu eban semearen asmo argia.

        Andik gora...

        Andik gora, egunkari-saltzaille izango zan goizetan. Amak, goizero orraztuko eutsan burua arrezkero, eta anartean, bartzen toki, zorri-abia ta noiznai zaiez betea izaniko buru orrek, sekulako aldakuntza ikusgarria izaneukean, seguru. Arrastian, ogipideren bat izango eban ikasgai: zapatari, bizarregille edo... Ori, geroak esatekoa zan.

        Eskolea, ganera, ez zan blaust, bertan beera utziko eban arloa. Gabeko eskolara joan zeitekan... neguan, mutil nagusiagoekin batean.

        Orrelan, langille arduratsu ta beargiña izango zan. Etxera, egunero bere alogera zintzo eroango ebana, gosea ibituteko, premiñak emendiauteko, amari laguntzeko. Orra semeak amari goza-gozaro idaroki eutsana.

        Eta ganera, gabeko eskolara joango zan, eta ikasle errime izango zan, geroago ta geiago jakiteko, amurru ta arreta aundiz liburuai ekiteko... zinera edo beste nunbaitera ez joianetan.

 

aurrekoa hurrengoa