www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VII—

 

        Damutuko ete yakan, ostera, Nikanor-eri, txakurraren billa alegin aundiagorik ez egiña ta aren azkenengo barria jakiteko urratsik egiñ eza?

        Etxera zanean, aren amak ez eukan ezer berorik gertaurik, semearentzat ez beretzat. Ango subil-ondoak ez ekian sua egunero ta ordu jakiñetan ikusten. Sarri askotan ogia ta jaki apurren bat, eta gero, sagarren bat edota intxaur pare bat edo, izaten zituan mutillak nanari gozatsuak. Porru-saldea nai berakatz-sopea egoanean, orduan, ama-semeen urdaillak sutatik arako gaiaz berotzen ziran. Askotan, ardau apurra nai pitxar bete sagardau eroan oi eban amak, gorputzari zerbait piztugarri emon nairik.

        Egun aretako bazkariaz, zer kontau andirik ez eban izan Nikanor-ek. Baiña onek, bitartean, opil gozoa ta txistor-muturra erosi ta jan zituan, amaiketakoa bai litzan. Onek, arako Mari, Peruren emazte zuurraren antzeko maiñak zituan artuak, nunbait. Matordua elduko ez elduko begira egon barik, bitartean zerbait gozagarriz barau ariña orniduta ipiñi.

        Bazkal-ostean, aize fiña ebillen kaleetan zear. Nikanor-ek lenbailen bizartegirako asmoa artu eban. Bere bidean yoiala, beti itxita egoten zan denda edo gorape bat zabalik egoala ikusi eban. Zer ete zan ori egiteko zio? Ikusguratxua izan bere-ta, an joan zan bertaraiño. Barruan ez egoan ezer, lau ormak izan ezik. Baiña beingoan agertu ziran gizonezko batzuk, ol zabalak-eta ekarrezala.

        An nagusi lez agiri zana, Peru Lustreputxen seme Moises zan, errementaria berau. Eldu barri ziran gizonai berba egin eutsen eta oneek beingoan asi ziran euren lana egiten. Mutikoa, zer egiñik bere ez-ta, an egoan begira ta begira.

        Ol zabal luzeok zetarako ziran, laster antzemon eutsan. Etxabe artean mai luze bat, sendoa bera, ipiñi gura eben. Gizonen autuari adi adi egon zan. Entzun ebanez, tornu bi jarriko zituen mai orretan, eta zerbait geiago bere bai. Beste aldean, olak an bere, ormearen kontra, eta unean unean, untzeak untze.

        Ezin ba, Nikanor luzaroagoan isilik egon, eta itandu eutsan arotzari:

        —Gizona, zetarako dira orreek zerok?

        —Ardurea al yak ba, iri?

        —Bai, jauna; ardurea yat. Niri atsegin yataz erremintak eta olako gauzak.

        —Ba... biar jakingo dok. Or daukak, bestela, toki onen jabea. Orren aita, Peru zapataria dok.

        —Lustreputx?

        —Berbera.

        —Bai, baiña... arek ez deust niri egunerokorik erosten.

        —Ez, e? —jardetsi eutsan lantegi-jabeak. Zein saltzen dok ba ik, eta zein erosten ete yok ba, gure aitak?

        —Nik «Bakarrekoa» saltzen dot. Zera... zer ipiñiko dozu emen?

        —Emen? Errian oraiñarte ez daukaguzanak.

        —Zertzuk?

        —Bizikletak. Akuran, alkillerrean, edonok ikasteko ta erabilteko.

        Eta olantxe zan, izan bere. Bien bitartean, ez egoan uri aretan, inguruko beste askotan lez, mende onen lenengo laurenean, bizikletarik saltzen ez diru-truke erabilterik bere. Indianu baten semeak eta udan agertzen zan dendari aundi baten semeak zituen bakarrik txirringutsak errian. Olarratz jaunak bere bai, egia esateko, erosi barria eukan. Aitaturiko orreezaz ganera, edonok ez eukan alako aukerarik.

        Nikanor-ek bere bizitzaldian izango zituan biotz-zaztada edo ikutuetarik bat auxen izan zan. Txirrinbikoak errian, edonor ibilteko, edonok ikasteko... Berak bere, laster arin ikasiko eban ibilten. Bai orixe.

        —Mutillik bear ba zendu emen egoteko-ta, neure burua eskeintzen deutsut, goizetan egunerokoa bein saldu ezkero.

        —Ez da txarto esana —erantzun eutsan errementariak—. Orduan, biar eguberdi-aurrean emen ikusiko al aut?

        —Bai, jauna.

        Bizimodu barriaren joan-etorria argiro ekusan mutikoak.Bizikletan ibilten ikastea... erritik aldenduteko era bat zan. Dirua esku-artean erabiltea, barriren barri, berea ala iñorena. Ta ganera, gaiak, gauzak, erremintak.

        Urrengo goizean, bestetan lez, periodiku-loturea artuta, an agiri ziran irakurleai egunerokoa bananduten asi baizen laster, noiz nasaien eta alaien egoanean, aren epertxuntxurrak sekulako miña artu eben. Nikanor-ek, izparringiak lurrera bota eta atzerantz begiratu eban, ostikada zolia nok emon ete eutsan.

        An, jentearen aurrean ostiko-muturraz atzekaldea mindu eutsana, ez zan besterik Olarratz jauna baiño.

        —Urrengoan, iñoren txakurra obeto zaintzen ikasi dagian!...

        Orixe esan, irribarre gaizto ta destaiñezkoa egin eta aldegin eban andik zaldun aberatsak.

        Gorri-gorri jarri zan beingoan mutikoa, baiña andik lasterrera zuri-berde aldatu yakan arpegiko narrua. Ingurukoak irribarretxua egin, eta ezetariko azalpenik eskatu bage, bakotxak bere egunkaria artu, aren saria ordaindu, eta euren bideari ekiten eutsen.

        Matxin eta Senentxu, egun aretan bere, sasi-eskola egindakoak, antxe bere ondoan agertu yakazan.

        —Jo egin zaitu gizon orrek, eta zegaitik?

        —Lengo egunean, berari zainduten neuntsan txakurra, ez dakizu «Lipar», aldendu egin yatalako, eta...

        —Nora joan zan ba?

        —Ez dakit nik... Ez neintela txakur-billa geiago joan, esan eutsan ortulauak. Asarratu egin ei yakan Olarratz jaunari... baiña ostikopunteaz leku «santu» onetan jotea! Ez da zorra nik emon bage itxiko deutsadana. Komai.

        —Jaungoikoaren egia?

        —Bai. Jaungoikorako.

        Ekin eutsan lanean betiko antzean; ta bai Senentxuk eta bai Matxinek lagundu eutsen goiz aretan, etxe batzuetara ta ardandegi ta dendetara paperak eroaten. Laster arin egin eban erri osoan ibillaldia. Olarratz-enera eroan ebanean, ango neskameak bai esan bere, geoagorik ez eroateko eurenera «Bakarrekoa» paperik.

        —Zegaitik?

        —Tutuluk berak bialduko deuskulako.

        Barruan barruan zerbait pentsauten ari zan Nikanor. Zirudianez, Olarratzek Tutulu drogeruari zerbait esan izango eutsan orrezaz, nunbait bere. Kezka errenkuratsuaren eztenak zulatu ta zulatu ziardutsan areri barruan, bere sentimentu mintzetan. Tutulu eta Olarratz zalduna alderdi batekoak ziran, eta Olarratz, erriko jauntxua zan. Kendu-erazoko ete eutsan irabazpidea, mutikoari? Entzutea zanez, «Olarratzen asmoa, bete bearrekoa» izaten ei zan. Eta Nikanor-ek susmo txarraren usaiña jaso eban, zaldunaren otseiñaren berbetatik.

        Eldu zan, mutikoak lagun zituala, Kosme Tutuluren dendara. Besapean, bizpairu egunkari besterik ez zituan.

        —Abe Maria.

        Sartu ziran, baiña ango jauna ez zan agiri. Eskuan eukazan txanpon-ertzakaz ots-egin eban mostrador-ganean.

        Barru-aldeko atea ertzedegi egoan, eta osorik zabalduaz agertu zana ez zan Tutulu, aren alaba lodia baiño. neskato onek, Nikanor-ek baiño urte gegiago zituan, eta iñoiz alkarregaz berbetan egonak ziran, orduko.

        —Aita ez dago orain etxean.

        —Nun dago ba?

        —Erbestera joan da, baiñan...

        —Baiñak udan.

        —Neuri esan deust gaurko kontua egiteko, eta aurrerantzean... ikusiko dauala berak, nok salduko dauan «Bakarrekoa».

        —Zelan?

        —Entzun dozuna. Aita, zugaz ez ei dago konforme.

        —Oraiñarte egon da, ba.

        —Ez dakit besterik ezer.

        —Ondo da. Badakit nik, emen nor dabillen bazterrak nastauten. Damutuko yaka, barriz.

        Tutuluren alaba gizenak egin zituan diru-kontuak, eta mutikoari emon eutsazan egokiozan laukoak.

        —Biar, orduan, emen egongo al da zuen aita?

        —...

        —Biar ikusiko dogu, ba.

        Andik urten eben, ta mutiko lagunak kokilduta ikusirik; bai Nikanor-ek geitu bere:

        —Ez dot bear nik, ez Tutuluren laukorik eta ezta Olarratzen erbi-txakurrik bere. Goiazan beste egunkariak saltzen dituanagana. Areri eskeiñiko natxako. Peru Lustreputxeri, aren semea bere, neure adiskidea da-ta. Naiago ganera! Orrelan, Perugaz ta aren semeagaz konponduko naiz obeto. Badakit neuk!...

        Zer ekiala Nikanor-ek? Laguntxuak ao bete agiñegaz geratu ziran, arek ezer agertu ez-ta.

        Txirringutsen toki barrira bai joan zan, eta an jardun eban egun aretan, isilik, ibilkiñon zerzeladak eta zatiak ikusten.

 

        Biaramonean, goiz berandu baiño leen, egunkariak errira ziranaz batera, Tutulu dendaria Nikanor-en zain egoan, Bidari-etxe ondoan. Nikanor-en saltzailletzea bazterrera egiteko asmoa izan eban beingoan, baiña, goiz aretan beintzat, mutikoak egunkari asko saldu agiala, orixe gura eban dendariak. Izan bere, barri jakingarria, albista benetakoa ekarren egunkariak.

        Tutulu ez egoan, beraz, tontomonto lo. Aren nagusiak adierazo uetsan, garaiz adierazo bere. Nikanor kenduko eukean laster asko, saltzailletzatik, nagusiaren esana egitearren. Tutuluren nagusia, politikan, ez zan besterik Olarratz zaldun jauna baiño.

        Euren sareak, polito-polito zalbadu ta zertu bear zituen, sarritan lez.

        Zer zala-ta?

        Goizeko egunkariak, letra aundiz agertzen eben eguneko albista azkor ta ernagarria, eta eskuetan artu baizen aguro asia zan Nikanor, barri zirikalaria aots zaratatsuz ta ozenkiro jakin-erazoten.

        —Auteskundeak! Laster ditugu boto-egunak!...

        Batzuentzat, barri ardurabakoa izan zan. Ez ostera geiagorentzat. Erriak bake ta bare irauten daben arren; luzaroan azaletik eta guztien agirian gauzarik asko estaldu ta okerreri ugari gorderik edo erdi-isilik iraun-erazoak izan arren, auteskundeak, batean onerako, urrengoan txarrerako, iñoiz oberako, euren barruko gar, indar eta eragiña, guztiz bereziak, azalean eta bor-bor ibilten dira erri ta baserrietan gorabeerarik naikoa argituteko, ta zuzenbagekeri franku mordoka ta eskudaka erritarren aurrean astinduteko ta aizatuteko.

        Ta orduan bere, izan zeitekean aitaturiko esamesen bat osagarri izatea errikoen aurrean.

        —Auteskundeak!

        —Ostera bere? —jardetsi eutsan bake-zale batek, ustez.

        —Ostera bere diñozu? —geitu eutsan aurrean eukan beste norbaitek, lenengo erosleari—. Sasoia da onezkero, goian dagozan lapur zantarrok eratsi dagiguzan!...

        Eta izan bere, askoren eretxian, sarri askotan goian dagozanak, beti izan oi dira lapurrak, zekenak, zakarrak, jauntxuak eta biurriak. Erriaren senak, ostera, iñoiz uts-emon arren, betiro ez dau ustel-egiten...

        Eguneroko diru garbiketea egitean, Tutulu azeritzarrak, esan bere bai Nikanor-eri:

        —Gaurtik, zu, lanbide orretatik bialtzekotan egon naiz; baiña langillea zarealako euki egingo zaitut.

        —Eta, zer dala-ta bialduko ninduzun etxera...? Ez al dot ziur, egoki ta azkar egiten neure lan au?

        —Ori bai, baiña...

        —Orduan, zer? Lanbide au, oraindiño bere aloger eskasagoz egin bear izango ete neuke?

        —Ez da, egia esan, orregaitik.

        —Nai ba dozu...

        —Ez, ez. Ez daukat geiago azalpenik zuri zetan emon. Zuk. Olarratz jaunari ganorabako zeren bat egin deutsazu, teta ia erbi-txaku gaztea bage gelditu izan da.

        —Bestelako eiza-txakurra, oindiño txakurkume otzana besterik ez dana. Ta ori dala-ta egin nai izan al da nigaz orrelako kakazkeria?

        —Naikoa da berbarik ume batentzat.

        —Umea... diru eskas ta aloger motxa emoteko; baiña ez ostera, lanbidea labur ta bizkor egiteko. Ondo dago. Bakotxak bere onari begiratu oi deutsa... ta jakin egizu Nikanor ez dagola, gero, iñoren komenentziak bakarrik egiteko.

        —Aukeran ordaindurik zagoz, ta ez daukazu zetan erostarik jo.

 

        Arrastian bizikleta-tokian, orduak artzen, koipeztauten, frenuai oiñetako barriak-eta jarten jardun ostean, illuntze aretan Nikanor-ek, sarritan oi eban lez, Ubaldoren bizartegira jo ebanean, ango tertulizaleak ba eben zer esanik eta zer agerturik.

        Auteskundeak etozan errikoentzat. Eta ez zan lo egoteko aldia. Alderdi bakotxak bere opillari egingo eutsan su, seguru bere. Buruzagiak laster asiko ziran ara ta ona, menpeko ta azeri laguntzailleen billa. Betikoa zan.

        Nortzuk ziran erriko nagusitxuak? Nortzuk, geienbat, asmoren bat edo gurariren bat, besteenen gain ezarri nai ebenak? Nortzuk, batzuk aragirako daben garramurea lez, agintarigoa maite dabenak? Noiznai bere, jauntxu odola eurengan ebenak?

        Bizartegian batu ziranak bere, ba ekien goizeko egunkarietan agertu zana baiño geigo. Egun orretan, an eta emen, onegandik eta arengandik entzun zituen erriko alderditarren gurari ta asmoai buruzko esamesak.

        Letamendik ez ei eukan bere alkatetzea izteko gogorik. Bai zera itxi! Artean erriak jasan baldin ba eban, aurrerantzean bere, jasan bearko eban. Eta ganera, nor egoan egon bere, kargu ori obeto bete eukeanik? Ori esan ba! Itzok, ostera, ez ziran errikoseme ta biztanle guztienak. Berbok, Letamendik berberak esanak ei ziran, egun aretan bertan ain zuzen.

        —Oraiñartekoa bere ez ete da izan naikoa, Letamendi ta baltzok jasan bearra? —iñoan bizartegiko taldetar batek.

        —Zuk ori diñozu, baiña diruak, beti egin oi ditu, gero, bide luzeak laburtu; eta motzak zorroztu.

        —Noren diruak? —itandu eban isilik ta apalkiro Nikanor-ek.

        —I gaztea izan oraindiño, mutil —erantzun eutsan orduan Ubaldo bizargilleak—. Emen, gure errion bein baiño sarriago ikusi ditugu ogerleko zabalak eskurik eskura, botua saltzearen truke.

        —Botua saldu, e?

        —Bai, ta batzuk merke ganera. Bazkari bategaitik, ogerleko batzukaitik, edota makillau pilloa nai txarrikumearen «jan tropea»gaitik bere bai iñoiz.

        —Eta orain bere, zerbait erabilliko dabe beste aldekuok —geitu eban norbaitek.

        —Zeintzuk dira ba, beste aldekuok?

        —Ez al dakik oraindiño? Emen batzen gareanok, ez gaituk zorionez bata bere, «Lepoker»-en aldekoak.

        —Barrerik egin barik!... Bein «Lepoker» esan neutsalako, ez eustan erremuskada makala egin alkateak.

        —Eta euk bere, «Lepoker» esango euntsan ba?

        —Ta zer esan neuskeon, aren izena olantxe zala nengoan-ta?

        Ori entzutean, egundoko barre algarak egin zituen bizartegian egozanak, eta gozaro egin bere.

        Geroago, diruen etorbidea ta iturburua nuntarra ete zan jakiteko aukerea izan eban Nikanor-ek.

        Artean, bere adiña zala-ta, ez eban iñoiz jakin ez entzun, ekiala beintzat, auteskundeetako gorabeerarik. Ainbat gitxiago susmau ta ikusi, aldi orretan angoak eta emengoak erabilten dituen joan-etorriak, sortzen dituen naasteak, asmauten dituen guzurrak, iñori ezarten deutsezan iraiñak, arerioen kaltez eratuten dituen ziriak, lakirioak ta saldukeriak, bai itzez, bai esan gaiztoz, nai zemaiez nai bildurpean; eta baita buruenik, diruaren erdoi zikin baiña kutsu pozgarriaren bitartez bere.

        Nikanor-ek ordurarte ez ekizan zeetasun ta zerzeladarik ugari.

        Beste aldekoen nagusi, dirudun jauntxua erabat esan, Olarratz jauna izan oi zan.

 

aurrekoa hurrengoa