www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XII—

 

        Dorregarai botikarioak alaba bi zituan. Ezkongei eukazan biak. Gaztenaren ondotik, ba ei ebillen norbait, ikusi ei ebenak esana zan ezkero. Alaba zaarrenak bere, norbaitengandik zaletasuna ebala jakin zan errian; egun aetan ain zuzen. Onen uzian ebillena, aspaldi batean kanpoan egona zan, baiña arrezkoroko urteetan antxe, ta moduetan ganera, bizi zana.

        Nikanor-ek lenengoz entzun ebanean, zurrumurru ori egia izan ete zeitekean, bere buruari galde eta itaune ibilli zan.

        Auteskundeetako gertakizunak aurrera yoiazan, alde bakotxetik, eta egunak iragan, aitaturik epe ori, askok urduritasunez itxaroten ebena, bertarago egoan, urreago.

        Gau batean, bizartegian entzun eban, liberalen aldetik nor izango zan alkate-gei.

        Ain zuzen, leengoa bera: Letamendi.

        Erria, aregaz poz larregian ezpa egoan bere; erritarrai, katillukada ori gozagarri ezpa yaken bere, katillu ta erdi edan bearrean egozan, baldin ostera bere, Olarratztarrak nagusi urten ezkero.

        Olarratz bera zegaitik ez zan alkate, galdetu eban bein, an bizartegian, Nikanor-ek.

        —A, kankaillua! —erantzun eutsen—. Ez al dakizu, orrek, erritxu bateko alkate izateari gitxi deritxana? Ganera ori, urrengoetarako gertauten dabil; aldun izateko, diputau.

        —Eta aldunak, zertarako bear dira ba?

        —Aldunak al dabena egiteko, euren arloetan. Erritxu bateko alkateak, indar urri dauka. Aldunak, ostera, ionguragi aundiagoa, barruti zabalagoa, eremu edatuagoa artzen dau. Aldunak dira, erri-aldeetan; eta beste aldun batzuek, uriburu gorenean, korteetan, legegintza-tokietan.

        Entzuten zituanak sillik beregantzen zituan Nikanor-ek, lur egarrituak euri mamiñaren ezo gozoa atsegiñez irusten dauan antzera.

        Ta alantxe zan. Norbere jaioterria nai bizi zan uritxuaren mugaz aruntz, beste erri, beste eskualde ta atzerriak egozan, urteetan Nikanor-ek bere buru-irudimenean aintzat bere artu ez zituanak.

        Beste eragin eta zartada barria nabaritu ta sentidu eban bere kolkoan.

        Beste aldetik, aurtemein entzuniko zurrumurrua ez zan atetako aizearen intziri utsa. Dorregarai-ren alabeaz jabetu nairik ebillena, alaba zaarrenaz esan nai da, ez zan besterik «Lepoker» baiño, Letamendi alkate jaun berbera.

        Eta Dorregarai botikario zintzo ta gizon jatorrak, zer egin bear ete eban bere alaba zaarrenaz? Galerazo, etxetik egotzi, ala amore-emon arek eukan maite-eskariari?

        Letamendi, Argentiñan egona zan urte luzeetan, eta errira biurtu zanetik, moldegintza ed irargoa jarri eban, eta ba zituan iru gizon lan orretan jarduten ebenak jarraian.

        Naaste ta saltsa artean ibilteko beti gertu egoten zanaz, arezaz ederto baliauten zan Olarratz erri aretan, bere esaneko taiututeko; beste errietan ganerantzeko buztan-gizon eta menpekoak orniduten zituan antzera.

        Dirudunak, geienbat, politika goitarra egiten eben; goitar itz orrek sarri askotan, zerutar kutsu urri baiño izan ez arren.

        Diruaren, maitetasunaren eta politikearen arteko zerikusia eta osterakoa, noiz ta zelako jokabidez maneauten diran, ez ekian ziur Nikanor-ek. Eta ez zan arritzekoa aren adiñean orrelako zerak ez ulertutea; geroag bere, edonoiz ta edonun, buztartu ta banandu, burrukan jardun eta adiskidetu, iraiñak alkarri jaurti ta laztan bigunez alkar igurtzi ibilli oi diralako, iru indarrok.

        Besteen aldetik, eztabaida askoren ondorenik, autetsi eben azkenen buruan, euren alkate-geia. Nor, eta Ubaldo bizargillea, beste iñok nai ez ebalako edo...

 

        Txirringutsen tokian egoala, aldi-pozgarria izan eben Nikanor-en begi-biotzak. Merketari bere bizikoa agertu zan ate-ondora, bizikleta baten eske. Garbiñe zan.

        Egoanik dotoreena aukeratu eutsan mutikoak, neskatilla ederrari. Lantegiko maiaren apal-ganean egoan erloiu zarrari begitu eutsan, eta ol-baltzean, egokion lerroan idatzi eban bezeruak ibilkaia artzen eban orduan.

        Artu eban neskatilleak «zoroburdia». Ganean jarri ta abiau zan polito, bidean gorantz. Nikanor begira ta begira egokion, eta alakoren batean, ugazabaren baimenaz, aren jarraian urten eban beste txirringuts batean.

        Laster eldu zan neskatillearen parera, baiña aren atzetxutik joatea erabagi eban, arenmaisutzat ta jagoletzat etsirik bere burua.

        Garbiñek aurrerapen aundia egin eban txirringutsean ibilten. Sugearen antzeko zanbuluak egiten zituan noizean beiñean, baiña osterantzean egoki yoian pedalai azkar samar eragiñaz, ta gorputza lerden asko eukiaz.

        Aldapearen goenera eldu ziran eta an egoan lautada ezagunean gero ta aguroago yoiazan, leenago esandako eran.

        Garbiñe-k ez zirudian asarre. Ta Nikanor, arro ta eztitan egoan, neskatilla ederrari txirringutsean ibilten berberak irakatsi eutsala-ta.

        Orduko bideak, arri koskorrez beteak egozan. Bitartean, ez eben emengo bide ta kamiñu zaar ez barriak asfalturik iñoiz ez iñoiz ezagutu, bizikletak eurak bere, tubularrik oindio ez euken aiñean.

        Arrikoskor areetan gain, saltu ta urtika, noiztik noizera, ai! txilio egiten eban neskatoak, ikoti arek mokorpean egiten eutsoen atximurkaden samina agertuaz. Orduan, Nikanor-ek, barren egiten eban gogoz.

        Ainbat bidar egin zituen lautada aetako bide zatian, atzera ta aurrerako osterat. Bein, kataiak urten eutsan neskearen txirringutsari eta axe konpontzeko, kataliñan ezarteko, jatsi zan Nikanor bere. Onen begiak ez egozan lo. Aurrean eukan irudi sotillak, arnasea eten ala bakanduerazoten eutsan mutillari.

        Kataia bere lekura ebanean, eskuak koipe baltzez loiturik eukazan.

        —Eskuak zikindu dozuz.

        —Ez deutsa ardurarik. Barriro bere, loituko nituke, olako usain gozoa artzearren.

        —Kolonia-ko ur arrunta da —jardetsi eutsan Garbiñe-k.

        Mutillak praka barrenean igurtzi zituan eskuak, garbitu nairik. Urrengo, tabakua sakeletik atara, ta zigarroa egiten asi zan, egoera bakartian baretasuna agertu-erazoteko.

        Onetan egozala, «Fiat» txiker bat etorren bidean beera errirantz, eta oi zalako soiñu durunditsua jo eban, arako gomazko puxika biribillari, gidariak marruskaldi latza egiñaz.

        Gazteak bide ertzera ziran, alkarren ondoan. Mutillak isiotu eban bere erregaia, ezpanetan jarria.

        Madari madaria! Burdiñots zakarra entzun-erazo ostean, euren paretik igarota al eban baizen aguro, gelditu egin zan automobil tartaiña.

        Illuntzeak, bere izara baltzeranak zabaltzen ziarduan zeru ta lurrean, eta gazteak, beribillean yoiazanak ezagutu ez arren, aretatik kanpora urten eban gizonezkoaren aotsa ezagutu eben, laster eta damuz, gazteok, ain zakarkiro agertua atan bere:

        —Garbiñe! Etxera geure aurretik.

        Neskatillea, agurrik esateko astirik ez adorerik bage, bizikleta ganera igon eta bideak beera ezkutau zan beribil kankarruaren aurretik joanaz.

        Nikanor bakarrik geratu zan, eta apal ta asarre, errira zan. Barriren barri, Olarratz jauntxua zan aren zoritxarren ekarle.

        Artizarra zeruan kiñukari agiri zan, artean; mutillak agiñak eta ortzak estutu, ta gizasemeen artean egozan traba eta alde bardindu eziñak ikusten zituan, etorkizunaren oztopo bakar ta sakonak lez.

        Koloniako urak eukan doaia ala emakumearen berezko usaiña, bata nai bestea edota biak batean, usain egingarri ta sentigarri zirala uste eban Nikanor-ek buru-belarri.

        Noiz izango ete eban barriro eretia Garbiñe-ren ondoan egoteko, aregaz berbetan, areri erion usain atsegin ta erakarkorra sumauten? Biaramonean, ausaz, arako lorategiko arboladi gerizpetsuan?

 

aurrekoa hurrengoa