www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XIII—

 

        Uriburuko goizeko egunkariak eldu orduko, beste albista bat, eta ez bapere pozgarria, bala bala ebillen errian, aozao. Auteskunde atzetik ala aurretiaz sarri askotan agertu oi dan alorta edo emoia.

        Arako gazte apaiña, Markos ta Ubaldo lagun, Dorregaraiñera gau atan joaten ikusia, Bolinaga bere izenez, kalean aurkitu ebela gau-jagolak, zaurituta, sekulako zartadakoa barruna ondoren. Konorta erdi galdurik ei egoan. Zirudianez, beste alderdikoak —iru ei ziran— emon eutsen lepo betena, eta an utzi eben, kale bazter illunean etzanda, luze.

        Txiñelburua ta osatzaillea eroan ei zituen eguna argitu zaneko aren etxera, eta oneetatik bakotxak bere eretxia argiro azaldu gura ez geroago. Barri tamalgarri au zabal ebillen errian.

        Osatzaillea ez zan ez bataren ez bestearen aldeko, eta txiñel-burua bera bere, zuurra izanik berba ta esanetan, ez zan «belarria» iñori erakusteko zale. Erri osoagaz bizi bear eben, ta beste batzuek oi ebenkemen ta burrukarako odol-giro berorik ez eben agertzen. Zauria egin eutsen Bolinaga gazteari arpegi-arpegian. Eskuaz egiña zan ala ez, zer esan aundiak ebiltzan jente artean. Auteskundeetako lenengo giz-oparia, ta bizia ganera, ba ekien nor zan. Baiña opari orrek, geienen burutapenez, bere ordaiña eskatzen eban, zorra zuritua izan zeitean. Beste aldeko norbaitek barruna bearko eban aren tertzioko lepokadea. Eskubide bardiña egoan alde bientzat.

        Aspaldiko alkar-artuemonetako itxaso barean, urak irakiten asiak egozan eta lendabiziko baga gogorrak, bere itxura ankerraren muturra azladaurik eukan.

        Nikanor-ek, orra ba nundik nora ekusan beste jazoera barria, labatik arakoa, gizarteko gorabeeren artean.

        Elementu barriez konturatu zan. Maitetasuna, almena, indarra, dirua. Oneezaz ba ekian zerbait. Gorrotoa, izter-begia, odola...

        Ez zan bizimodua, benetan bere, olgetan eta txantxetan ibilteko zera. Bideak ez egozan aske; edonun egozan mugarriak, loturak, eragozpenak. Uri baketsuan, goizetik gabera, talde bik ziarduen ikaragarriro alkarren kontra, paperen bitarteko gudua gertauten; baiña paperez ganera, goganbearra ta edena sortu oi dauan eziñikusi ta matasea.

 

        Tutulu-ren dendara zanean, Nikanor-ek barruan mustaurik eroian beazunaren mingotsa. Saldu zituan egunkarien diru-garbiketea egin orduko ikusi ebanak, atsekabea ta egoneziña sortu eutsan biotzean.

        Txirringutsen olabera joan zanaz batera urten eban erritik bidai-beribillak, eta antxe barruan yoiala ikusi eban Garbiñe. Geroago, kalean, Olarratz-en neskamearen zain egon zan, dendaren batera joan zeintekeala-ta. Izan bere, kalean ikusi eban otsein bat. Garbiñe, errian egotekotan zan, luzaroago bere, baiña aren osabeak gabaz agindu eutsan biaramonean bertan joan zeiteala etxera, bere errira. Nikanor-egaitik ete zan erabagi zorrotz ori, an illuntzean, bidean, alkarregaz eskuz-esku edo buruz-buru ikusi zitualako.

        Olarratz-en izenaz ta izanaz birao zikiñak jaurti zituan mutikoak, miiña galanto astinduaz. Sugearen eztena zirudian une aretan.

        Dorregarai-ren taldekoak, bear zan zigorra ta beroaldia emoteko gauza ez baldin ba ziran; odol-zartada axe, modu egokian apenduteko bizarri ezpa eben, naikoa zala Nikanor bera, uste eban, Olarratz jauntxuaren kaltean okerreriaren bat egiteko. Ez eutsan ostera, iñortxuri esango, bere samiña apartekoa ta berezia zalako.

        Egun aetako orduak, bere eskuz zuzentasun-egarria asetzeko era aukerakoa asmauten emongo zituan. Damutuko yakon bai, jauntxu zitalari, gura ebana egiten oitua egotea.

        Beste enparauak ez ete eben eskubide ainbatekoa, naizta gazteago izan ala txiroago, zer askotan norberak gura ebana egiteko?

 

        Luzeretxi eutsen, gogaitaren gogaitan, egun aretako orduai. Txirringutsen arazoak nekagarri izan yakazan. Piñoe batzuk garbitu, frenuak estut, errdioak barriztau...

        Noizean bein, mutiko bat, gazte bat etorren bizikleta eske, ibiltalditxua egiteko. Iñoiz, neskatillaren bat edo beste bere bai. Ostera, ez egoan Garbiñe an ikusterik. Eta zegaitik?

        Illuntzean, bizartegirakoan, ikusi zituan an, atzeko gelan iru-lau gizon lanean, eleziñoetako izenkadak ikusten ta ikasten. Beste egunetan bai, baiña orduan ez egoan an, Bolinaga, buruan takarreko gozoa emon eutsena. Nikanor-en buruak ez eban etsedenik nai. Kalean ibilli zan, baterik bestera, aizetan, alako gogoetak berotasun larregi egin bai leutsen. Ez eban, orraitiño, iñok jakingo aren asmorik aurretiaz. Naikoa ta larregi zan bera soillik, erabagiak artzeko ta betetzeko.

        Mendi bizkarretan eguzkia, goiztar laztan epelak sakabanatuten zituanean, Nikanor-ek, bere egotekoari azken zerzelada ta zeetasunak eratxekiten ziarduan.

        Tutulu-neko dendara sartu zan, bipil ta eragin. Agertu-olesa egin eban, baiña, isiltasuna besterik ez egoan an. Ez egoan iñor. Alde guztietara begira jardun, eta denda-osteko atea zabalik ikusi ta araxe joan zan. Armario aundi bat egoan, goitik beerañokoa. Erdian, mai illun bat, eta inguru, lau silla, egin ziranetik barriztau bakoak.

        Mai-ganean, zamau gorri-illun bat, irudiz ta loraz betea. Eta maiaren albertxioan karpeta baltza,buzkantz lodikoa, izorra bai legoan. Zer ete egoan an? Tutulu-ren irabazien paperak? Nikanor-ek berak egunkariak saldu, eta arek jasoten zituan koipe ta giarrak?

        Jakingurea zolitu yakan, eta ortik, ikusgurea. Karpetaren azala jaso eban malgukiro. paper pilloa ikusi eban. Batzuk alkarri jsoiak, eskudak, txortak, ertzetan marra gorriz eta urdiñez beteak.

        Ezagutzen zituan Nikanor paper aek. Auteskunde izenkada paperak ziran. Itsumustuan artu eban josoriko mordo bat, azpikoa. Ta kolkoan sartu eban, elastikupean. Beste alako asko geratzen ziran karpeta koipeztuan.

        Ariñak arin biurtu zan denda-ostetik, dendara. Barriro otsegin eban. Nun arraio ete egozan Tutulu ta onen alabea? Emaztea nunbait, goian, etxeko sukaldean.

        Orduan, kalera zan mutikoa, beingoan. Eta nora joango? Ta bere ugazabaren aitaren dendaratz joan zan, Peru zapatariaganantz. Au, bere tegian egoan. Ziñu bat egin eutsan mutikoak Lustreputx-eri buru begiekaz, barru-aldera joan nai leukela adierazoaz.

        Barruko gelan, isilik, agirian jarri eutsan elastikupean eroiana.

        —Ezta egia izango?... Baita! Olako mutillik!! Txori fiñon lumak ederto onduko ditugu.

        Paper-txorteari ikustaldi batzuk egiteko, betaurrekoak jarri zutan zapatari maltzurrak. Auteskundeetarako kolegio diralakoen lista guztiak egozan alkarri josiak. Marka urdiñez ertzaturik egozan izenak. liberalen alderakoak ziran, nunbait. Marra gorriz ikutuak, ostera aen areriotzakoenak. Antxe egoan Peruren izena bere, lorratz gorriez apaindua Eta ezetariko seiñale barik agiri ziranak... ez urdin ez gorri... zalantzan jarriak. Marka bageak ziran erosi, irabai ta lortu bear ziran... tentelak. Labankeriz ala indarrez, ezkurez ala zemaiez. Langille eske egozan alor landukak; aize indartsu ala ziriñenak narras eroango zituan orbel ibiltaunak...

        Eta zergaitik ez esan? Arako «bolillak» sartzeko egokienak. orrelantxe bere, agertu oi da alde nagusiaren asmoa, indarra ta gogoa, bakotxa al dauan lapikokoa gantz, sain nai koipez geituta maneau ostean.

        Pozik gorde zituan paperok giltzapean, zaptariak. Kanporantz urten eben biak. Mutillak, zaarraren eskerrak jaso zituan, eta joan zan bere bidean.

        Nikanor, barriren barri, Tutulu-ren dendara sartu zan. Aren emaztea egoan orduan.

        —Ez al dago Kosme jauna?

        Ez egoan etxean, ez errian. Auzoetara, erbestera joana zan, Olarratz jaunagaz, botu-solo ta lurraldeak aurretiaz godatu, atxurtu, saratu ta ongarritu bearrez.

        —Ba, andrea... ezin negi nik geiago egunerokorik saldu.

        —Zer ba...?

        —An lantegian len baino lan aundiago dogu; eta, orregaitik da.

        —Tira ba! Esango deutsat gure gizonari etorri daitenean.

        Tutulu-ren emaztea, andra nasaia zan, eroan aundikoa, iñoren zeregiñak ardura esatekorik emoten ez eutsenetarikoa. Zer ekian arek politika-konturik? Errien gogoa baiño bere, jauntxuen guraria paper baltziturikoetan agertzea zetarako zanik?

        Ta goiz aretan, bidaia eldu ostean, an gelditu zan Bakarrekoaren pardela jabe bage, lurrean etzunda. Beste egunkarien saltzailleak aguro jardun eben euren paperak saltzen eta zabaltzen.

        «Bakarrekoa»ren erosleak galdez ta errenkuraz ebiltzan. Baiña arduradunik agertu ez, ta batzuk euren kontrau banakoak artu, eta besteak ara ona aldendu ta joan ziran, ezer jaso bage. Egun aretan, ainbat eta ainbat aldaki antxe geratu ziran...

        Ori ete zan Nikanor-en jokaera guztia, jauntxuaren kaltez?

        Illunabarrean, Tutulu errira zanean eta karteruak paketea ia osorik an eukala jakin-erazo eutsanean, goiak eta beiak ausi bearren asi zan, emazteari ta alabeari gora goraka. Ta nun arraio ebillela Nikanor mutur zikiña? Erbestean lan eta lan jardun, eta orra, errian bertan, soloak landa eta alorrak larre...

        Edonor sututekoa zan. Eta Tutulu, errezoi aundiagoz.

        Nikanor-ek egingo zituan barreak, Tutuluri ezezik, Olarratz jaunari berari bere sartu eutsan ziri bikotxagaitik...!

 

aurrekoa hurrengoa