www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XI—

 

        Nikanor etxera zanean, gurari barrien kili-kilia kolkoan ebala, zerbait esan bearren edo, egoan.

        —Ama: aldean daukadazan soiñekoak, zaar samarrak dagoz.

        Goitik-beera begitu eutsan amak:

        —Erabatera zaartu ete yatsuz ba?

        Ez egoan soiñekoa erabatera, goizetik gabera maiztuterik. Ori, ba ekian Zenonek, mutikoaren amak. Andratxu onek ez ekiana, —seme-alabai buruz gurasoai ainbat bidar gertatua—, bere semea, seme gaztena, gizartean sartzen asia egoala zan.

        Gizartean sartzea, gizaseme ta emakume artean sartzea da, umeen taldetik aldegiñik.

        Eta egia zan. Nikanor-ek utzirik eukan ordurako geienbat, txikiago zanean ain maite eban mendi-bizkarreko etxetxu ta bazter zoragarria, ganerako beste zerekaz batean. Senentxu bere adiskide txikerrari emon eutsan, ezerezean, duban. Arrezkeroko trapasu mamintsurik orduan ez zan ezagutzen.

        Leenagoko atx, arbola ta bide-bakartiak ordurarte esangura maitagarria baldin ba eben, egunak joan, egunak etorri, bide bakarti, arbola eta atxak gauza otz eta animabakotzat joten zituan Nikanor-ek, eta aen ordez, gauza biziak eta bizigarriak egiten eutsen oles eta dei, biozpean.

        Notiñak, pertsonak batetik. Eta bestetik, beti naien izan ebana: dirua. Zaletasun biok yoiazan kozkonduten eta mardotuten aren barruan. Bakartadeak utziaz, iñuska ta izutia izateari uka egiñaz, Nikanor gizartean erabagi sendoz ta urrats astunez barruratzen zala, esan zeitekean.

        Bere buruaren apainduriari egokion. Obeto azaldu bearra, soiñeko purtzil eta jantzi baldarrak utziaz, beretzat erropa erakusgarri ta dezenteak izateari, zuzen eritxan mutiko errimeak.

        —Ene! Gure mutil au burugin biurtu ete yaku, biurtu? jaurti eutsan arpegira amak, esanaldi ozpinberaa ta destaiñezkoa.

        Baiña, mutikoa ez isillik geratu:

        —Zeure seme kutuna, zeure eguzkia, edozelan eta ganora bage ikusi nai al zenduke?

        Ama, gantz aundikoa ezpa zan bere, ama zan-ta, minberaa jarri zan, semetxuaren illetak entzunik.

        —Tira, ba. Zeuk agertuko deustazu zer nai zendukean. Badakizu dendan eskatzea erreza dana. Ezkurra bear, ostera, esku-artekoa, ene seme ori.

        —Zorioneko dirua! orain, ba dakizu egunean biño egunean geiago ekarten deutsudana.

        —Bai, ez da guzurra berba ori.

 

        Bizartegian, illuntzean, oi zan billera egin eben, ezagutzen ditugun batzuk. Gai ernagarri ta bero-beroa euken ao-miiñetan. Erritar geienak, auteskundeen azken-asterarte lo nasaian eta manatan egon oi diran arren; gai orrek zeregin egikorra ta ausarta eskatzen dauanez, norbaitzuek adionez ta aurretiaz asten dira arloan, lanean, lenengo zerzeladak atonduten.

 

        Ubaldo bizargillea, bitarteko onuratsua ei zan eleziñoietan. Ardatz ibilkoia; gizon erakargarria; pieza jatorra, erabat esan. Artu-emon ugariko gizona zan, tratu aundikoa, gizonezkoen artean, eta... bestelakoen artean bere, ez zan txoria makala.

        Txomin Egarri, iturri-zain nagia bere, antxe egoan. Markos, eiztari azkarra, erriko zadorlaria, egun askotan Olarratzegaz batean, sekulako erbi mordoa, edota eper-sailla etxeratzen ebana. Araxe agertu zan geroago beste gazte bat bere; arako batean, Tutuluren dendan sartzen ikusi genduana, aren alaba mardoari zerbait adierazo bearrez edo. Gazte au, azkarra zan garatzetan.

        Nikanor-en jakituria, mundu-jakituria gizarte onetan elikatu ta joritu oi zan, apurka janari-edari onuragarriak bereganduaz. Antxen jakin eban auteskundeak zirala-ta ezirala, anteko eretietan sortu oi ziran lez, errian zeintzuk alderdi atondu, mamindu ta gorpuztu zituen.

        Alderdi bataren buruzagi —oba ez—, Olarratz jauna izango zan. Eta, bestearen aurrenengo ta otsemoille, Dorregarai botikarioa.

        Bakotxaren gertaleku ta abiak bere, asterakoan beintzat, alkarrizkatu ta oiñarriak ipinteko, baztertxu bi, denda bi, ziurrago esateko: lenengoena, Tutuluren dendako barrukaldea; eta besteena, Dorregaraik, bere botika alboan erdiutsik eukiten eban leku zabal eta egokia.

        Ubaldo-ren bizartegian batzen ziranak bere, Dorregarairen aldekoak ziran, geienik. Leen aitaturikoetaz gain, beste lagun bi ziran eragin eta indar aundikoak alde onetan: Peru Lustreputx zapataria eta Etxabelar maisua. Irakasle jator au, errian ainbeste ta ainbeste ikasle izanikoa, erriko seme askok maitatua ta arretaz entzuna izan oi zan.

        Beste saillerantz jo ezkero, angoak dira Olarratzen diruaren soiñuak eta indarrak dantza-dantzari bildurikoak: Letamendi alkatea, erriak ezin bestean aintzat artzen ebana; Mordobiko, errian ardaurik geien saltzen eban txiribogin morroskoa; Anton Okaran, argiña eta bonberuen buru zana, eta Kosme Tutulu, botikarioak errian eukanik leiakiderik zitalena, konpetentziakorik txarrena, estuena.

        Errian, garaitiko jenteak, ordua eltzen zanean, geienbat onen ala aren alde emoten ekian botua. Osterantzean, zaldun nai erdi-egoerako gizonik asko nare ta bare bizi oi ziran euren zeregiñai lotuak, naita auteskunde-aroa ganean izan.

        Emakumeak bere, izaten ziran geroago, guzur-botuak eta indar-tratuak, onen nai aren alde eratuten ta moldauten ibilten ekienak.

 

        Gau-leenean bertan, bizartegitik etxerako bidean jarri zanean, Nikanor, Tutulu-ren dendarantz urreratu zan, an zer ikusten ete eban.

        Atea, itxita egoan arren, barruko argiak, an txoriak ba zirala adierazoten eutsan. Zerbait entzun guraz, ateko olari belarria etutsola jarri zan. Alperrik, ostera. Gizonezkoen zurrumurrua ta noizean beingo eztulen bat entzun zeitekean, baiña ez ezer ulertu.

        Bere experientzia aberastu ta joritu nairik, urrengo, Dorregarairen botika ondorantz joan zan; eta une aretan bertan, aruntz yoiazan iru gizonak ezagutu zituan. Botikan sartu ziran irurok. Bizartegian leentxuago egon ziranak, ain zuzen: Markos, Ubaldo eta arako gaztea.

        Txomin Egarri, gau aretan, sarritan lez, Mordobikoren ardandegi txeratsura joan zan, eztarri legorrari egunaren amaitzat ezotasuna ta busti-antz gozagarria eskiñiaz batean, bestela baitakoan barriketak entzunaz ta erritarren esamesak batuaz, azpiak jaten, sator-lanean jarduteko asmoz.

 

* * *

 

        Aize ozkirriak, uriko kaleak goizeko arnasaldi biztugarriaz beteteko bere ipizki ikus-eziña astindu ebanean, an ebillen Nikanor, geroago ta nekagarriago egiten yakan lanbidean: goizeko egunkariak bananduten eta saltzen. Noizean bein, deadar bat edo beste egiten eban, baiña ez zeregin ori artu ebanean lez. Asi-barritako garrak makaltzen eta aultzen yoakiozan.

        Iparraldeko lorategi ta arboladian zear yoiala, txakur bat ikusi eban, zugatz batean alboan, bere autorkuntza sarri barriztaua egiten...

        Nikanor geldi lotu zan txakurrari begira. Eta baita txistu egiten bere, beingoan. Txistu, eta gero, aren izena aitatuaz, oles-egin.

        —«Lipar»!

        Eta txakurra, aspaldiko laguntzarraz gomutau, ta ariñeketan urreratu yakan, ikotika ta jauzika, usainka eta igurtzi guraz; arpegia bere, miazkatuteko alegiñak egiñaz.

        Mutillak, bizkar, sama eta buruan,e ta saiets-aldeetan sekulako joak eta igortziak egiten eutsazan, samur esanaz:

        —«Lipar»! «Lipartxu»!... Ire jabe zitala baiño obea aiz i, mundua mundu. Arek banatuak gaituk, arek alkar-urrunduak, «Lipartxu»...

        Onetan, zugaztian emakume aotsa entzungarri egin zan; txakurrari dei-egiten eutsan; onen billa etorren.

        Olarratz jauna ez zala igarri eban Nikanor-ek, baiña besterik ezekian. Iges egiteko gertu jarri zan, baldin aren irudia agertzea zeitekean gauzea zan-eta.

        —«Lipar»!

        Emakume deia zan, argi ta garbi.

        Txakurraren galde etorrena, ez zan besterik Garbiñe baiño. Mutillaren alboan pataria saltoka ikusi ebanean, bigunago deitu eutsan txakurrari.

        —Aldenduko ete dan bildurrez jardun izan dot orreri deika. Dirudianez, ezagutzen zaitu.

        —Ezagutu ez, ostera? Ez da atzo goizeko adiskidetasuna. Zure osaba jaunak ekarri-barria zanean, neugaz ibilten zan goizetan kalerik-kale.

        —...?

        —Geroago, bein batean, abereen iltokira eroan nebanean, sarritan lez, ango azur gozoak beroneri jaten emotearren, idisko bat, izututa, igesi joan zan urian zear; zaparrada ta iskanbilla artean, aldendu egin yatan ba, txakurra; ta gero jakin nebanez, mutil oker batzuek arrika eraso eutsenean ain zuzen, zuen osabeak intzirika topau eban, neu, zaintzaille nintzan au bage; eta urrengo batean, ostikadea emn eustan uzkian Olarratz jaunak, kalean, mundu osoaren aurrean.

        —Eta... txirringutsen lekuan, noiz egoten zara?

        —Arratsaldetan.

 

aurrekoa hurrengoa