www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—IX—

 

        Zerua ta itxasoa urdin urdiñak diran uri aundiraiño eldu da Nikanor. Mediterraneu ertzeko uri aundi, eder, bikaiña! Ementxe bizi nai leuke mutillak, jaun eukisuaren antzean. Ez da asmo ta burubide txarra; baiña ezta erreza bere.

        Txiologa apal batean topau dau beretzat abiatxua. Jan ta lo egiteko alogua. Berrogei ostatari ba dagoz an orretarako. Esan deutse bere gelearen numerua. Ango arduradunak, ostera, goitik beera begiratu deutsa. Ez al dakar mutil gazte onek maletarik ez pardel txikienik bere? Ostatuko nagosia ez dago guztiz erara.

        —Nundik zatoz? Eta, ba al dituzu zeure buruazko agiri ta paperak? Loturarik ala pardelik bapera ez?

        Euki ez dauka, arako zedulea baiño. Orduan, barriro laster biurtuko dala, ta maleta billa doala dirautsa. Kalera danean, pentsiño-etxe areri begirakune errea egin deutsa. Utikan! Ba doa besteren baten billa, uri zabaleko kale medarragoetan zear. Aldean naikoa diru dauan gazteari, izan bere, nok eta txologa bateko arduradunak egin bear ete deutsaz ainbeste itaune? Bere bizialdikoan, lenengoz daki Nikanor ek orrelango konturik. Lapur-usaiña eta dario ba?

        Billa dabillenak idoro oi dau-ta, aurkitu dau nai leukeana. Etxe apala, lo egiteko bakarrik. Senar-emazte naikoa zaarrak dagoz bertan eta seme bat, langillea berau, bizi dira an. Beste gela bi ditue iñori eskeiñiak; besteak, gizon gazte bat eta emakume ez gaztea dira. Etxe orretan lo egingo dau soillik. Emen ez deutse ezer galdetu, ez nora doanik ez zer dakarrenik bere. Orixe nai eban Nikanor-ek.

        Jan, edonun egingo dau. Jan eta edan. Uri erakusmeneko ori ezagutzeko, aukerarik zoragarriena izango dau. Ba dauka patrikeran diru beroa, ta indianuen erara bizi izango da, jan ta ibilli, laukoak amaitu arte. Amaitu daitezanean, ez dago zetan ardurarik izan, zelan zaindu, zelan banandu. Dagonean, bon-bon; ez danean, egon.

        Jentearen azkar ibilli bearra ikusgarri yaka. Leenago bere oarturikoa, bere erritxutik aldegiñik, «Gabontza»renera jo ebanean.

        «Gabontza»! Zelan ete dabil txatarradun zeken au? Artu ete dau erkidea, sozioa? Konturatuko ete da iñoiz, ogei milla erreal gitxiago dituanik Bankuetxean? Ez beste urte-erdian, gauzak artez ta euren senean badabiltz. Ala ta bere...

        Uriaren edertasunak amaibakoak dirudie. Alako giro, epel-aro, nasaitasun, lur naro eta jendaki erne ta eragiñak edonon ondasuna arrotu ta barreatzen dauala esan leiteke. Alderdi lilluragarri ta gogokoa.

        Kale luze luzeak, etxe zabal jasoak, zugazti ikusgarriak, lorategi polit eta txukunak, inguru aberats aitorrak; kai ontziz betea, joan-etorrizko tren ta beribil saillak, tranbien zaparradak, gau-argi dotoreak kale ertzetan. Janaritegiak, kafetxe izugarri edatsuak, antzoki ta zine-aretoak nunai; emakumeen toki erosoak...

        Guztiok bere urrean, alboan, eskuar, aukeran, asa-asa.

 

        Indianu jatorren bizimoduaz jarduteko, etorria bear, ostera. Ta Nikanor-ek etorririk ez euki, ekarria baiño. «Gabontza»ri egin eutsan atximurkadea, besterik ez. Eta kendu bai, ta ez ipini, ez dauka orain burko azpian bere diru-mordoa zetan gordeten ibilli. Zarpa ori ezagunean zimeldu da, zaragi emonkorraren antzean, bere barrukoa muturretik txitean pitean mozkindu ezkero.

        Ozkarbi ederrak urdin urdin dirau, ta itxaso gardenak, zoragarri. Edari fiñak, tabaku gorria, emakume liraiñak izan ditu aukeran. Burpillik ez dabil ondo koipeztu ezik, eta zati baterako zeru gozora eldu zala uste ebanak, aizeetako amesak erreta, goranaiko egoak ausita, jo dau legor idorra, ontzi gobernubakoak atx gogorra legetxe.

        Bizibearra, barriz, eguneroko zera izan-ta, azkenengo laukoak iraungi orduko, erabagiren bat gogartu dau Nikanor-ek, arako «aberats» uste izanikoak. Besteren menpe jartea, azkena izanik, bere kontura asiko da zer edo a, egiten. Ta zegaitik ez saltzaille, kalean, ibiltaun? Bai; iñoren azpian egiten dana, ugazaba gizenduteko baiño ez da. Aspaldion, egia esan, erdi ala oso aazturik izan ditu Ezekielegandik ikasiriko gizarte-dotriñak. Izan bere, ziskuan txanponak bolbol irakiñean diarduenean ez dauka, daukanak, gizarte-auzirik, bakotxa bere ona ta onura leguna baiño.

        Usain gozoa, urrin ta likurta zorabiogarrizkoa bere, erabilten izan dau, ta angoen erara, urrezko erastuna jarri bere atzamar makalean. Ortxe dauka orain ondasun apur bat, ondo ordaindua leen, geroago galduaz salgei jarteko. «Gabontza»ren diruak emoniko jabetasun ta jauntasuna apaldu ta ezereztu bidean dago. Altsuak bere, beia joten al dabe? Dirutsuak iñoiz errekara joan al dira, amillagan beera?

        Egunaren lenengo lan-orduetan, lo egiten izan dau. Eguberdiko argi urretsupean kaleratu, ta leku apaiñetan jan-edanak egin. Illuntzean, ikusgarrietan atsegindu; gaupean, neska julis alai ta daldaxekin joslatu, soiñu eme ta leratsuak entzunaz. Bere lo-gela merkea sarritan utsik egon oi zan egunsentirarte.

        Beste askoren artean, neskatilla bategaz egin dau ezagupide sakonagoa. Aragizko ta itzezko ezagupidea. Emakume gautxoria, gorputza salgei izatekoa dala uste dabenetarikoa. Beronike deritza, ta dan baiño zaarrago emoten dau. Andrakume txaparra da, betea. Nikanor-ek «Bero-Bero» deritxa, ta ba daki onek zegaitik. Gau batean ezagutu eban akeitetxean, alkarregaz afaldu eben, eta baita luzaro bata bestearen ondoan egon bere. Adiskidetasunak iraun dau, bata alde batetik eta bestea bestetik sarri askotan joan arren. Mutillak, arengan, artu ta utzi, bizilagun aldartetsua besterik ez dakus. Bero-Berok, ostera, mutil onenganako joera ta naia agertu dau. Mutillaren garramuraz asi zan lera gori bezau eziña, alkarrenganako gurari ta lokarri zintzoa, ziur ta ez aldakorra izatea nai leuke neskeak. Arinkeriaz asiriko joko eroa ta ezea, gizon-emakume zindotuen alkartasun biurtu gura dau Berok. Nikanor, aren ustez, erdi ordi ta naikoa lizun izan arren, ez da edozelako mutilla. Ba dago zerbait aren biotz ondarrean jasogarri litzakenik. Barre egiten deutsa mutillak, olako esaera zentzunezkoak entzunik... emagaldu batenganik. Dirurik ez dan tokian, emakume dubakorik izan ezin leitekelako, agur egin gura deutsa Nikanor-ek. Azkenengo txanponak kendu nai deutsaz oneri, berak gorde ta ganoraz ainduko deutsazala-ta.

        Zelan? Bere diru apurrak emakume lizun bateri utzi, maite-itzak esan deutsazala ta beste barik? Ezin orrelakorik siñistu bere. Gero, diru ta guzti, beste gizonezkoren bategaz joan daiten?

        Emakumeak samurkiro berba egiten deutsa. Nikanor-en biotza, barriz, ez da orren errezto beraatuko. Andren erostak, belarri batetik sartu, ta bestetik urten... Ta ganera, buruauste barririk gura al dau orain, ain zuzen, beretzako lain euki ez, eta emakume baten ardurarik artzeko? Maitetasuna zer dan ez dakianak, ez dau emazteren premiñarik.

        Sakel biribilla izan bitartean, tokidotoreetan ibilli izan da. Orain asi da beste erri-zati apalagoak ezagutzen. Kale estu ta medarretan gauero, jentea ugari ibilten da. Mutil eta gizon gazteen esanak entzuten ditu barriren barri. Arako gizarte auziak bizirik dirau, leen aiñean. Laster gomutara ditu Ezekielen eretxiak; baiña aek baiño gordiñagoak, zorrotzagoak dira entzun barri dituanak. Gizartearenak, ez bakarrik lurrak eta aberaskizun gaiak ta ondasun-erroak; gizartearenak, gauza guztiak izan bear dabe. Gizartean buru diranak bananduko ditue ondasunak; eta ez jauntxuak eta aundikiak. Are geiago, gizon guztiak bardiñak izango dira, bizitza bat, jateko gogoa, jantzia ta lo egin bearraz ganera, eriotzaren zain dagozanak, guztiak izanik. Azkenen buruan, agintaririk bere, ez dala ezetarako bear, jakin dau. Bakotxa da nagosi ta menpeko; iñor ez goian, edota guztiak. Ez goiko ez beeko; ez aberats ez agintari; guztiak bardin, anarkia zoragarrizko gizarte askatuan.

        Orra or Nikanor-ek, azkenengo ikasle izanik, ikasi barri dauana. Eta izan bere, zer ekian Ezekiel gizaisoak emengoen ikusian? Gizarte-ustariaren guna makala zan, jauntxuak eta agintariak an bere, ba egoazalako, Ezekielek berak bein baiño sarriago adierazo eutsanez. Baiña orain, ez. Ez dago buruzagien premiñarik, eta dagozanak, bere, sobera dagoz. Beraz, il agintariak, il aberatsak, il abadeak-eta, erre komentu ta elizak... Nun egon da oraiñarte Nikanor, orrelako aurrerakizun ustari gordiñak jakin bage?

        Bero-Berok egiten ditu alegiñak Nikanor zurituteko. Ez daitela anarkisten sailleratu, ez daitela aldra orretakoekin adiskide izan. Nikanor-eri argi ta garbi dirautsa, lan egin bear leukela. Onelako gazte bat, zintzotu ezkero, senar maitagarria izan leitekela, eta Bero emazte ber-jasoa, bizimodu errukarri ta likiñaz aazturik. Mutil ona dago Nikanor, orrelako esanai jaramon egiteko.

        Lan egin berak? Egin dagiala Txitxik ala Txamorrok!...

 

aurrekoa hurrengoa