www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—X—

 

        Lo egiten dauan etxetxuan, astero ordaintzen dau. Jantzi barriak erosi zituan lendabizi, baiña betiko erabilllian, maiztu ta maskildu yakaz. Zozkon oneko mutilla izan arren, aldikada onetan gero ta eskasagoak ditu matorduetako janariak, ta jan-zar dagola bere, edateko beti gertu dabillen ezkero, maskartu ta txatxartu da errime, Nikanor mutil gaztea. Dan baiño zaarrago emoten dau.

        Zerbait egin bear jango ba da, ta korbata sail bat erosi dau bazar batean merke samar, ta maleta zaar baten sarturik, ba doa txiñu-auzora, ta urrengo kai-aldera. Kale ertzetan jarten da, ta oni eta ari, an zear doazanai eskeintzen deutse bere salkaia.

        —Erdiok saldu ba nengiz, nai-ta ain ezerezean emon, ez neuke galduko ta, tira! Neure txanpon ondakiñak, eurok eskuratzeko utzi ditut-eta...

        Lagunak, euren bidean, geldi aldi egiten dabe, ta saltzaille ibiltaunaren errezoiak entzuten geratu, batzuk txakada baten, beste batzuk luzarotxuago. Ikusi, ikutu, atzamar artean igurtzi, burua atzerantz egiñaz barriro begiratu, eta ba dirudi maleta zaarrean eta Nikanor-ek besoetan, asi barritan baiño korbata gitxiago dituala.

        Batzuk doaz, utsik ala erostun, eta erosle barri izan leitekezanak urrera datorkioz. Ontzietako langilleak, itxas-gizonak eta. Kolonen irudi jasoari begiratzen deutsa noizean bein Nikanor-ek. Topau arek, noizbait, billa ebillen bidea. Zer egin bearko ete eban berak, bizimodu erazko baten jabe egiteko?

        Ainbeste itz eta barriketa, alako batean eztulak eraso deutsa ta Nikanor-en biriak nekea daukela dirudi. Amar amabi lagun dagokioz begira ta entzuten; salgai daukazanen gorapenak egin nai ditu baiña berezko etorri ugaririk ez-ta, gogaitu egin dala dirudi, beti berba antzeko ta bardiñak esan eta esan. Barritsua izateko bere, balio egin bear da!...

        Eguzkia goiskoan dago ta tranbiak urduri doaz batera ta bestera, bete beterik. Saltzen diardu tratulari asibarriak, eta dirua itzelean sakeleratuten. Ataza barriztuaz diardu orain. Zorioneko dirua! Aurtemein, iru illabete leenago zaldunkume antza bere buruari arrokiro emon nairik, esku zabalez txiri-mara eralgiten ebana!...

        Entzuleen arpegietara begirakunak egiten ditu, bere esanak zelako ondorena daben jakin nairik. Uri aundietako begitarteak, une oro jente barria, iñor ez ezagunik geienean, ainbeste taiuko gizon, emakume... Onetan, erosleen artean, zerbaitez oartu da. Ene! Gazte ori... bera ete da? Bai, antza. Aren belarri luzeak, aren ezpanak, eta samea...

        Gazte oneri eskeintzen deutsa, beren berengiz:

        —Merkea dozu, ta mueta onekoa. Nai al dozu erosi, Matxin?

        Mutil gazte ezpan lodia konkorturik geratu da, bere izena entzun dauanean. Eta arritasuna zerbait ausitu yakanean, erantzun bere bai, saltzailleari:

        —Niri esan al deust, nai dodanentz?

        —Bai. Ezagutu egiten zaitut. Apurtxu baten itxaron al zinegi?

        —Itxaron? Bai, itxarongo deutsat.

        Korbata batzuk geiago saldu ditu, ta entzuleak ba doaz euren bidean, bazkaritan. Begira begira jarri yako Nikanor beste gazteari.

        —Matxin zara zu; Matxin Zaputz.

        —Eta zu?

        —Ez ezagutzen? Sei urte luze edo iragan dira-ta, ez dogu arrezkero alkar ikusi bein bere. Ba dakit argalako nagona, baiña.

        —Nikanor.

        —Berbera.

        —Bibote orregaz, olako bisera motza buruan, eta kolore ori-baltz orregaz...

        —Zeu bere baltza zagoz, baltz gorria edo.

        —Bai, itxasoko aizeak eta eguzkiak, badakizu ba. Untzian nabil aspaldion. Pillotu egin barria nozu.Gaur satu gara emengo portuan. Itxaso barea au, gurearen aldean. Ala ta bere, ekaitz gogorra iragan genduan araiñegun. Ta zu? Noiztik zagoz uri aundi onetan?

        —Bost illabete eskas.

        —Ta orrelan, kaleko saltzaille?

        Amaika gauza ba dauke alkarreri adierazoteko, zintzo jokatu nai izan ezkero. Euren ibillerak, ezagunenak, erriko jentearen gorabeerak. Matxinek barkuan jan dau, goiz erdian oi daben bazkaria; eta uria ikusten urten dau.

        Ba doaz jantoki batera; bazkari on bat eskeintzen deutsa Matxinek, eta ordaindu, jakiña, gosekil antzean aurkitu dauan txikitako bere adiskide ta laguntzarrari. Mundua txikia da iñoizka!...

        Noizean bein, eztul-aldia izaten dau Nikanor-ek. Jateko gogo aundirik bere, ez dau agertzen. Edan bai, gogozago.

        —Eztul-egiten dozu.

        —Bai. Eta ez yat kentzen eztulgura zital au. Gabetan geiago egiten dot.

        —Jan egizu areago.

        —Ezin.

        —Ta arrastian zer egin bear dozu? Saldu, toki orretan ala beste lekuren batean?

        —Ez dakit.

        —Nun daukazu zeure etxea edo...?

        —Lo egiteko, etxe luze batean, gela sostor bat.

        —Beste ondasunik?

        —Ezer bere ez.

        —Ta soldautzea? Nik itxasotik egin dot. Ba dakizu, gu lakoak, beti askozaz laburrago.

        —Nik orretan, zoria izan dot, alanbearrez. Libre urten dot —diñotsa, guzur polita dotore azalduaz.

        —Nor daukazu emen laguntzaille, ezagun edo zeozer?

        —Lagunik asko ezagutzen dot, arpegiz.

        —Gabaz edota goizaldean sartuko gara barriro itxasora. Gaur arratsaldean zenbat irabazi ziñegi?

        —Irabazi?

        Nikanor-en berbetatik azkar igarri dau Matxinek, arek bizimodua irabazteko dauan ganorea, aundia ez dana. Ez dauka, antza, irabazi ziurrik. Galdu-gordean dabil, beraz; nun zer izango.

        —Zegaitik ez zatoz errirantz? An ez dozu orrelako gose itxuraz iñor bizi, Nikanor.

        —Errirantz? Zer daukat ba nik, an, zer galdurik?

        Bazkaria amaitu dau Nikanor-ek, zelan edo alan. Ez dau betekadarik egin, aukera mamiña izan arren. Lagunak, akeita edan dau, ta txolkadatxuak.

        Ontzira doa Matxin; an jango dau arratsaldeko lauretan. Besteak korbata saltzen jardungo dau, ta gero zortzirak aldean alkar ikusiko dabe. Nun? Leku jakin batean: Montseny Bar dalakoan, ain kaletan.

        Nikanor-en arazoa, bardiña izan da arratsaldean, baiña leengo bestean dago; geienak saltzeke daukaz. Etxera daroaz, biaramonean eskeintzeko an kalean zear dabiltzanai, bere idun-lokarriak.

 

        Beronike negar-zotinka datorkio Montseny edangura. Zer gertatu ete yaka neska garbi izandakoari?

        —Niri ez. Nire adiskide maite bat il da. Margari.

        —Beste urdanga bat? —itandu deutsa mutillak.

        —Nai dozuna, nikanor. Baiña eriotza unkigarria, ederra izan dau; alako biotz-eragiña sortzen dauana.

        —Noiztik da ederra, eriotzea?

        —Aren arimea, garbitua izan da.

        —Zelan?

        —Autorkuntza sakona egin dau. Negar malkoak isuri ditugu an egon gareanok. Andra aberats batzuk bere, antxe egon dira, samurtasunez gonburu.

        —Aberatsen andra aundiak, langilleari, bizitza ona izan dagian lagundu bear leuskioe, ez eriotza ona. Eriotzea, berez etorri oi da, errez etorri bere.

        —Doneen antzean il da.

        —Kontxo! Bear ba da, beste Santa Margari bat egingo dozue beragaz.

        —Santa Madalenarik ez al da, ba, izan?

        Berok, bizitza ariña aldatu gura dau. Margariren azken-itzak ez ditu aaztuko. Nikanor, barriz, barru gogorrekoa da. Onen eztul zekereak ez deutsa usain onik emoten Berori. Mutilla lanean asi ba ledi, eta a abera, bizimodu zikiñari agur-egiñaz, izen onaren jabe egin barriro, eta noizbait, senar-emazte biurtu... Zer ete deutse Nikanor-eri ta berari, munduko gauza goren ta ameslarien jardunak? Idealismuak begoz, biziteko, lanaren izerdiaren bear izanik ez dabenentzat. Txiroa da Nikanor, txiroa Bero. Lotsagarria, ala ezaiña al da iñorentzat lan egitea?

        —Abaderen batek esan al deutsu orrelako ipuin zaarrik?

        —Zuri zer deutsu nok esan deustan?

        —Langillean esanak nai ditut jakin.

        —Dirua euki zenduan bitartean, ez zenduan, txotxo, beargin gizarajoen erruki aundirik izan.

        —Elizarik ez dot aspaldion zapaldu, ta ezta egingo bere.

        —Errukarri ori.

 

        Eztabaida onetan diarduela, eldu da Montseny Bar-era Matxin. Nikanor-ek, arrokeriz lez erakutsi nai deutsa, antxiñako laguntzarrari, ba daukala bere menean, neskatilla zer bat.

        —Txikitako adiskide ta laguna dirautsa —neskeari, Matxineri buruz.

        —Emaztegeia, ala?

        Nikanor-ek ez deutsa beingoan erantzun. Gonadunak, irribarre larria agertu dau arpegian. Onek, mutil zintzoaren usmoa artu deutsa itxas-gizonari, ta ba diñotsa:

        —Zuk ba al dozu emaztegeirik, itaune txarra ez baldin ba da?

        —Bai, ba. Ain zuzen, parkatu Nikanor, ez deutsut leen adierazo-ta. Mari Asun dot bidelaguntzat aukeratu.

        —E... Tutuluren alabea?

        —Berbera.

        —Ezagutzen al dozu? —geitu dau neskeak.

        —Aren aitari saltzen neutsazan nik egunkariak. Zenbat eta geiago saldu, geiago irabazi gura eban arek berak; eta nik, bardin samar. Ez daukazu begia makala, Matxin. Arek ez deutsu bertanbeerako dotea ekarriko.

        —Alkarren gura izatea dala beiñena, deritxat nik.

        —Ori esan ba. Alkar maite izatea —jalki dau gonadunak—. Nikanor ezagutu nebala asteak aste joanak dira, eta alkarregaz sarri egon arren, —ta ze modutan— ez dau gizon onek gogorik nire senargai izateko.

        —Mari Asun beste era bateko emakumea da —diño Nikanor-ek.

        —Ulertzen dot —erantzun dau apal ta itzal, neskeak—. Baiña orretan nigaitik atzerapiderik baldin ba dozu, esan egidazu lenbailen bein betiko, Nikanor. Zeure izakerea ta bizikerea bere, ondotxu dakidaz nik neuk, zorionez ala zoritxarrez.

        —Ez dakit akar ta asarreok zegaitik agertzen dituzun iñoren aurrean, naita berau zer aundikoa izan —amaitu dau Nikanor-ek.

 

        Auzune apal bateko azoka txikerraren alboan diardu Nikanor-ek azkenengo bere korbatak saltzen. Eralgi eban dirua atarauko dau aurki, neke ta alegin ostean. Lortu dauan irabazi motxa ta urria, ez yaka pozeragille, bearleku orretan jarduteko gogo aundirik izan dagian, dirudianez.

        Bitartean, tabaku ta jan-edanean amaitu-urren dau bere txintxiña.

        —Bestelako kapitalista itzela! —esanaz, burle egiten deutsa, an gabero egiten dituen bilkuretan, anarkista gazte batek—. Lan egin orduko, diruz izan, eta gero, lan egin ostean, zer bage gelditu...!

        Egoan ostatu aretatik alde egiteko eskatu deutse. Laubost aste dira, bere gelearen eraen-saria ordaindu ez deutsela. Bere maleta zaarra eskuan, kalean zear doala, norbaitek itzegin deutsa, ta ea maleterua dan galdetu. Arrokeriaz beterik, ezetz esateko dago Nikanor; baiña berba ori agin-artean gorde dau, ta onelan erantzuna emon:

        —Bai, jauna. Ezer nai al dau?

        —Lotura auxe tren-geltokira eroan, eta antxe itxaron, ordu erdi edo, neu joango natxatzu-eta.

        —Bereala, jauna. Ta, zein geltokitara?

        —Sortaldekora.

        —Ondo dago. Gero arte, jauna.

        Loturea Nikanor-en kontura utzi, ta an doa kristiñau uste oneko axe. Ez daki mutillak zer egin maleta orregaz. Ta zintzo bete ezkero, eskupeko politen bat ez ete leuke jasoko, lan andirikbaga? Zegaitik ez maleterutzakoan jardun, lanerrez ta domurik jarteke, ta eguneroko alogera biribildu? Buruera orreri ez deritxa txarto ez zorakeria danik, Nikanor-ek.

        Montseny Bar alaian utzi dau berbere pardela, gero jasoteko. Ta bestea artu ta joan doa geltokirantz. Emen, ba dabil ara ona lagun mordoa. Nikanor-ek ez ditu begiak lo izango. Zain eta zain, azaldu da noizbaitean arako gizona. Pozik datorrela dirudi, ta mutillari, onek uste izan dauan baño sari azitxuagoa utzi deutsa eskupean.

        Diruari begiratu, ta ba diño esan bere:

        —Aspaldion ez yoat nik dirurik onen errez irabazi.

 

aurrekoa hurrengoa