www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—II—

 

        Biaramonean, goizean goizetik langille ta emutsak euren zeregiñetara abiau ziranean, alpertxuagoak ainbesteko priesa ta iradumin bage urteten eben euren etxe zirkilluetatik eta uriko ardandegi goiztarrenean ate-ondoratuak egozan, ganean eben etorkizun baltza ontzat artu baiño leeon, bearreko yaken kemen eta adoreaz jabetu nairik-edo.

        Mordobikoren ardandegia, txokorik begikoena zan erri zeeko gizonentzat. Antxen batzen zituen eurak erriko kotuen bizar-buztanak, eta bestela baitakoan, Mordobiko gizon mardoak, antxen garbituten eutsezan egarberaa aei, aldean euki egiezan lauko ta txanponak. Txanponon ordez, barri ta albista ernamiñak ezagutu-erazo ta urdaillarentzat berotasuna ta azkua eskeintzen eutsen.

        —Bart bai ikusgarrizko sua, e?

        —Bai, orrelan izan ei zan, seguru bere.

        —Ez al zenduan ikusi?

        —Ez nik —erantzun eutsan Mordobiko gizenak. Zeuk bai ala?

        —Ezta nik bere.

        —Orduan kitu gagoz.

        —Nik bai, barriz, ziñotsen mutiko sostor batek.

        —Umeak ez dabe nagusien autuetan zetan sarturik. Ospa.

        —Eta Txomin Egarriren billa joateko, nori esan eutsan ba,.. Lepomendi jaunak?

        —Ori dok ona! Noiztik arraio zuzendu deutse lepoa orreri, okerraren truke, mendia ipiñiaz?

        —Lepomendi edo Letamendi bardin deust —jardetsi eban ausardiz, mutikoak—. Kontua da, egin bear dana egitea, eta ez barriketan jardutea, noiz eta biaramon goizean.

        —Gero! Esku-artean artzen ba...

        Alperretariko baten esanaldi ori amaitu orduko, Nikanor-ek anka-egin eban ardandegitik. Izan bere, gauzen bigarren zerari itxaroten tentela lez egon barik, beste toki ta arlo barrietarantz alde egiteko joera urdurikoa zan, mutikoa.

        Kalean, mutil taldea aurkitu eban. Oneek gazteak ziran, eta txikizaar baten inguru egozan kontu-entzuten. Etxe zaarrak egin eban berea, uriko uradarrak, bear zan lez, gertu baiño leen. Sua, berez berez, makaldu, alpertu eta itxungi egin zan.

        Ba eben, orraitio gazteok, beste zebait elebidetzat.

        —Egun-sentiak argia ekarri deuskunean, erriko lagunik geienak nik neuk ezagutzen nituelakoan-ta, ainbat eta ainbat ezagutu eziñik ibilli nok —iñoan txikizaarrak.

        —Zelan?

        —Belan ta kapelan! Esangodeuat, ba. Gizonezkoak, umeak eta andra egiñak, oneek bai, errez zertu yoadaz.

        —Eta, orduan, nortzuk izan dituk ba, arpegi gatxok?

        —Nortzuk? Neskatilletarik asko. Aek ez ituan bestetakoak.

        —Zer ba?

        —Jantziak, ortik emendik, tira ba. Baiña aen begitarteak...

        —Loaren faltaz, aurki.

        —Baita zera be! Dendako kolore faltaz yegoazan, mutil, matrailla guztiak zurbil, eta ezpanak tximur ta kolorga.

        —Ik esateko ez dok asko, Burduntzi.

        —Nor da Burduntzi? —galdegin eban Nikanor-ek, autua entzuten isil-isillik egon ta gero.

        —Mustur erre oskilla —deadar egin eutsan bertatik, erre erre, txikizaarrak mutikoari—. Umeak etxera, amagana.

        —Eu baiño umeago nor dok ba, amalau urte ta erdigaz oraindiño oian txiza egiten dok-eta!...

        Oin bizkorrak zituan Nikanor-ek, etu eurei esker, bera baiño andiagoaren zemaiak ustel urten egian, beingoan aldegin eban andik.

        Kale labur eta luzeak iragan ostean, etxe aundi, zabal eta zakar baten aurreraiño eldu zan. Atetako atetzat biak edegita egozan, oi zan lez. Eskolea zan etxe eskerga ori, eta erriko kale bazter eta aldedun batean egoan.

        Ba etozan mutikoak banan banan euren ikastelekurantz. Asko, goiztarrak, orduzale zintzoak, barruan egozan ordurako. Azken txoriak ziran unekada aretan agertuten ziranak, nagiak menpean artuak bai lituan.

        Oneetariko batzuk, Nikanor-en itz erdia, irakaslearen esana baiño errezago artu oi eben gogoan. Nikanor-en agindupean gogozago ekien egoten, maisuaren esanaldi ta jakinbear illun eta nekagarriak ausnartu ta eio eziñik, zazpi alegiñetan jardun baiño.

        —Liburua asmau ebana, oba litzateke inpernuan ba lego.

        Orixe zan Nikanor-en esanetarik bat, bere kide ta gaztetxuago ziran umekondoentzakoa. Umeentzat, eskolazale ez ziranentzat esan nai da, gauza biok ziran alkarren antzekoak, biok bildurgarriak: inpernua ta liburua. Auxe, bear bada, okerrago bestea baiño, urrago ta bertarago eukelako.

        Begien bistakoa zan mutiko urtentxuon alkar-ikuste ondoko egitamua, sarri askotan.Lenengo ta bat, sasi-eskola egin, piper. Izan bere, aen nagi ta astuntasuna, aen larri-usaiña, oin eta belaunak lanean jarri bearrez, eskolako mailletan gora joateko.

        Egotaldi luzea egiten eben atadian, nora joan erabagi baiño leen. Eguraldi zikiña edo bustia baldin ba zan, atetan bertan egotea bere, tira! Orduan, ez egoan errekreo-unerik, eta eskolako jarduna egitaldi osokoa izaten zan, bai goizean, bai arratsaldean. Maisuak, bein barrura ezkero, ez eben urteten arik eta eskolaldia zearo amaitu arte. Une orretan agertzen ziran, etxerantz joateko, umeteri biurri ta jolasgarria aurretik ebela; umekondo geienak eskolatik urten ala, alde guztietara begira, txiza urrunerantz egin ondoren.

        Arriskua eban, ostera, atadian luzaro egoteak. Erriko txiñeletarik batek oitura onak maite zituan, eta beste txiñel nagiagoak egiten ez ebena, egin eroian. Zera, noizean bein eskoletxeko ateta enas ta maskildu aretara agerraldia egin, ikasle baldar ta piper-zaleak ezi ta mendu nairik. Ez zituan begiko ezelan bere, sasi-eskola egiteko edonoiz gertu egon oi ziran neska-mutikoak. Neskatoen ikasgua andik aparte samar egoan, baiña zana zala.

        Goiz aretan, geienetan lez, Nikanor-en gogoa askatasun-miñez egoan. Bakarrik ibiltea gustatzen yakan arren, iñoizka beste asmoa bere izaten eban; gizartekoia bere, aldarteka, ba zalako izan. Lagunak billatu nai zituan, beraz, eta orretarako ondotxu ekian arek, arraiñai amuskia eta txoriai zepoko artagaraua nai lakirioaren lurreko arra erakargarri oi yaken lez, mutikoai bere, zerbait pozgarri, eskintzaria egitea gizaki zuurraren antzera jokatzea zana.

        Gurasoen bildurragaitik baiño ezpa zan bere, asko ziran, naita berandu izan, eskolako atetaraiño beintzat joaten ziranak. Gero, barruna sartzea, ori, bigarren artikulua izan oi zan. Ikasle atzera oneek zituan Nikanor-ek gogoko. Azken-unean ipiñi lakirioa eta orduantxe, geldi ta bare, bertan beera lotzen ziranak aren esanera.

        Batzuetan, opari ta eskain kilikariak egiñaz, zirikatu ta limurtu oi zituan bere jarraitzaille ta menpekogarriak. Zigarro argal eta metxu bat; karameluren batzuk; txikot eta lokarri zatiak; su-arriak; imanen bat... Betun-kutxak, pospolu-atabakak; idazteko luma-muturrak; aizto ta kaiñubetak; berun-zatiak; erloiu zaarren bat, ikusi ta ikusu egiteko bakarrik... Irudidun errebistaren bat, neskak-eta ikusteko; tebea zikin tximurtuak...

        Amaika urte ingururako ez egozan lo.

        Eta batez bere, ez asko baiña, txanponak, zentimu bikoak, txakurtxiki ta aundiak; iñoiz edo bein zidarrezko dirutxuak, erreal biko politak, peseta zuriak. Diruaren dirdaia bai zoragarria! Ez zan ezer, adin aretan, dirua ta askatasuna baiño maitagarriagorik. Ez gordeta eukiteko ain zuzen; esku-aldatuz ainbat eta ainbat gauzaz jabetuteko erdikaririk egokiena ta errezena zalako izan. Orduan, eta arrezkero bere!...

        Goiz aretan, sozio bi zuritu zituan, bere menera jarri. Bata, gogo osoz, eskurakoiagoa zan-ta. Bestea, ortik-emendik, Nikanor-en ganako bildur-usaiñez. Lenengoa, Anton Okaranen semea zan, Matxin Zakatz, eskolan azkenengo ibilten zana; eta beste au, Senentxu, irurotarik gaztena. Nikanor-en argumentuan indarra zala, ala euren ikasteko gogorik eza zala, beingoan jarri ziran aren esanera. Egitamua? Lenengo ta bein, eguna euren esku artu, jarei ta libre, buztarri ta loturarik bage. Bigarren, andik alde egin, alde eskolatik.

        Erriaren bizkarra bai litzan, erriari eutsola egoan mendiska batera igon eben. Antxe eukan Nikanor-ek beretzat zerturik gordelekutxu bat, erdi arpe, erdi aterpe. Berezi sarratu baten egal batean, aitz aundi biri txapeltzat ezarririk, gurbiz-adar moltzoa, teillatua bai litzan. Bazter zulo ori eukan babes antzera; antxe izten zituan bere gauzatxuak, atxaren irrikitu batean.

        Arako Robinson-en entzutea edo, ba eban Nikanor-ek; eta bere moduan, Diego Montes-en irudiaren erraiñu-distirak amesez ezarten zituan, bere asmamen zoranga gaztean.

        Barregarriak izan zeitekezan kozkondua edo agiñak bardindua zan edonorentzat, Nikanor-ek an zokoraturik eukazan zertxuak. Baiña, amar-amaika urteko mutikoak birlora-laiñoz ta sorgin-lanbropean ikusi ta irudipetu oi ditue egunero milla gorabeera, gertakari misteriozko biurturik.

        Lakirio ta zepuak, tiragomak, manopla ugartuak, txakur-ilgarri zan pistolatxua bere bai... Sinistu eraginda eukazan menpeko mutikoak: Nick Carter eta Buffalo Bill-en jazoerak eta! Indioen tomahawk zoragarriak bere, berberak egiten zituala, eta an, egileor aretan gorderik zituala-ta! Anbotoko Damea berbera bere! Irudidun paper zikindu aetan irakurrik, eta baita beste lagunzaarrago batzuei entzuniko kontu garratzak eta... Egia. Ta orduko filme izugarriak, ainbeste domekatan amaitu eziñik erakusten zituenak, West-eko mintz baltz, isil, itzik bakoak, eta beste toki batzuetakoak eta; Karpanta-ta, Rokanbole-ta... Beti arriskuan eta beti onik atara-erazo mutil onak; eta barriro galdu-agiñean utzi neskatillea, mutil gaiztoaren menpe; ta barriren barri, onak egundoko lepokadea emon gaizto guztiai...

        Nikanor-en itzak, orraitio, ez ziran izaten geienbat ugari, etorri aundikoak eta amaitu eziñak; ez zan barritsua, ardailla.

        Baiña, berbazko erasoaldi luzeak aiñako iskillu eragikorrak eta gertuak zituan. Aren arpegi-ziñu ta begi-jokoak, aren eskuen azkartasuna eta ao-inguruko zirkiñak eta ezpan-tximurtzeak, zarrada aundia eragiten eutsen arako biotz bigun eta meneko ziran mutiko beratz eta ikaratiai. Ez zan Nikanor, beti burrukan ibilli oi diranetarikoa. Azeriaren jokaera atsegiñako yakan, txakur zaunkalariarena baiño.

        Matxiñek ikusirik eukan iñoiz Nikanor-en isil-txokoa, onek erakutsia, orixe bai. Ez zan berakautako zera, bazter itzalgarri ta erdi-santu aretara joatea! Nagusiaz batera joan zeitekean. Eta iñoiz, iñoiz, aren baimen berarizkoaz bere bai, baiña beste iñor laguntzat eroan barik. Baimen bage araiño eltzea, oben aundia zan, bear bada, parkatu eziñekoa, Nikanor-ek berberak izan ezik. Baltsakoa edo aldrakoa ez zanik ara eltzea, nai ara urrerantz baimen bage alegiñetan iñor susmautea, toki gurgarria oin zikiñez iraindu ta lerdez laidostutea zan. Ilgarri edo aren batekoa izan zeitekean, ausardikeri ori eginbidean jarritako mutiko biurri ta urtena.

        Bere leku zorapenezko aretara eroan baiño leen, Nikanor-ek, egun aretan neofitutzat artu eban Senentxuri, orrelakoxe gogoetak eragin eutsazan; biotzean, ezarian ezarian, alako laztura etenkorra sortu erasoaz. Isil-zokondo axe, gitxienez Inka ospatsuen altxorraren gordairu edo ez ete zan, siñistuta egoan Senentxu.

        Gorago aitaturiko tresna ta iskilluetaz gain, beste batzuk bere ba ziran an; matraillu, gabi txiki, atxur txiker kirtenik bakoa... burdiña-negarrez beteriko artaziak, giltz ingelez ao bakoa. Ainbat eta ainbat erreminta zaar, mika arrapakariaren antzera, Nikanor-en esku batzailleak bestela baitakoan, asterik aste araxe eroanak.

        Toki ori ikusita gero, entzunikoak entzun ostean, eta gauzarik ugari eskuetan erabilli ondoren, egiaz eta benetan ulertzen eban Senentxuk, eskolarako baiño gogo aundiago izango ebala Nikanor-ek nai edonok, antxe mendi bazterrean ibiltzeko ta egoteko. Etxera, bai, jaten eta lo-egiten. Baiña osterantzean, antxe ederto: gauzak artu, gauzak itxi; eskuetan erabilli, sakelean sartu; gero, atara. Bidekurutzera joan, eta andik igaroaz joan zeintekean edonori, «geldi or ta eskuak gora» dei egiteko gertu, pistolatxua eskuan, bestean kutxilloa, ta begiak ezik arpegia bere, mozorroz edo sudur-zapiaz estaldurik...

        Orrelako zerak entzuteak, Senentxuri, dardara berarizkoa ernerazoten eutsan burutik oiñetara. Ain zuzen aldi aretan, arratsaldeko ozkorri legunaren ostean, neskatoak, an plaza inguruan, soka-jokoan ikotika ziarduan artean, kantau oi eben arako:

 

                «De Zaragoza ha venido

                un valiente bandolero,

                que se llama Florentino

                y se apellida Ballestero.

                Ballestero tiene un hijo

                que se quiere meter fraile

                y su madre le contesta:

                Torero, como tu padre...».

 

        Beste gauza baten jabe egiteko asmoa erabillen Nikanor-ek. Asmoa ta gogoa. Erriko zaldun batek baratz ikusgarria eukan. Eta an, etxe txiker bat egoan, solo-lanak egiteko tramankulu ta lanabesak gordeteko. Orrezaz ganera, zaldun ori, Olarratz jauna bere abizenez, eiztari fiña zanez, eskopeta eder bat eta batez bere, makilla zoragarri baten jabe zan. Makilla ori, kanpotik bardin antzekoa zan, goi-aldean narruzko azalduna; baiña eskuturra edo kirtena zan tokiaren barruan, puñal zorrotz eta meia ei eukan; eta orrelan makilla arrunta eritxi batean agiri arren, barruan ezkutaurik eukan izkillu orren gurari biziaz ebillen Nikanor Zorrizto, kutiziatsu, minberaa, gogatsu.

        Baratz aretan sartzeko gauza, bakarrik bere, ba zala uste eban Nikanor-ek. Laguntzaille batzuk izatea, orraitiño, batzuetan kaltegarri ez dala izaten-ta, bere asmuok egosten ziarduan txapelpean. Orma sendo ta goiti luzeak zituan baratz arek, eta inguruko bidean, bada ezpada, zer gertauko, albomutil erazko eta aiutuak izatea, zuur jokatzen zan.

        Albomutil edo estaltzailleok, ostera, zintzoak bearko eben izan, eta edozein lapikotxiki edo euli. Isilik egoten ekiana. Bildurtia ez zana.

        Orretan, egundoko buruausteak izaten zituan Nikanor-ek, bera ondo ezagutzen ez ebenak orrelakorik uste izan ezarren.

        Iñoiz baiño sarriago lapurretan ibillia ie zan. Orixe iñoen miin zitalak. Zeren giñoko edota zein esteritako lapurretak egin ete zituan Zorriztok? Areri berari entzun ezkero, baiña, beste soiñu zoli ta garbia entzun zeitekean aren aotik: erabilten zituan gauzatxu guztiak... aurkituak izaten ziran.

        Zorionekoa zan, izan bere gero, Nikanor, edonoiz ta edonun pitxi, iskillu ta erreminta politak, eta baita dirua bere, sarri bai sarri topauten ebalako.

        Orra, Senentxuren buruera sakona...

 

aurrekoa hurrengoa