www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—IV—

 

        «Gabontza»k irabazten dau dirua. Ordaindu bere, egin bearko dau. Gaur berton, erabagirik dauka Nikanor-ek, edegi-erazoko deutsaz begiak «Gabontza»ri. Onek, aspaldi ditu begiak zabalik, beretzat. Eta Nikanor-ek bere, oraindixerik edegiko ditu bereak, eta adimeneko zentzun gazteak, biotzaren griñeaz batean.

        Etxe ta olabe ondotik igaroten da trena. An ba ditu, ganera, bitarte illak, orga eta bagoiak egoten diran lekuak. Antxe ikusten ditu sarri neska-mutil gazteak, atso-agurak bere bai, auts eta sutauts artean, arrikatz apurrak batu gurarik. Bear izana, gabezia illuna.

        Iñoiz ikusi ditu Nikanor-ek, bere errian ez ikusitakoak. Esaterako, zarma-kankarruetan eta olezko kaixetan, zikin-artean al dana bananduten. janariak, ogi-zatiak, eta abar. Txarrientzat eroateko gero; ala, billatzailleak eurak jateko, iñoiz baiño sarriago.

        Ala ta bere,oerik bageko gizasemerik ez eban ezagutu Nikanor-ek bere errialdean; eta orain, barriz, or dago biziten, lasto, bedar eta galtzu artean, mandazaiñen morroe pobreena bai litzan; Errioxatikako mandazain otsein apalena lez, soillik.

        —Ezin negi nik, onelan jarraitu.

        —Zer ba? —dirautsa «Gabontza»k.

        —Irabazi bage, ez dau iñortxuk lanik egin bear. Ta ganera, lastategietan, alperrak lo egin legie. Baiñan ez, lan egiteko dauanak.

        —Orduan...

        —Oea bear dot, lo egiteko.

        —Oea?

        —Bai, zeuk lez, eta edonok lez. Ala sasiko umea ba nintz al naukazu? Oe garbirik izan bakotzat? Eta are geiago. Alogera, dirutan izango dot, eta ez jantruke soillik. Dirua premiñazko yat, edonori lez, jazteko, eskuartea izateko.

        —Jantruke ez al zindudazan artu?

        —Egia. Baiña egunerik egunera nik, geroago ta lan geiago egiten deutsut.

        —Orduan... goiko zerean lo egin ziñegi.

        —Eta alogera?

        —Jai-egunean zerbait emongo deutsut.

        —Emon, ez. Ordaindu egin bear deustazuz nire izerdi-nekeak. Biar arte, ba dozu epe naikoa, erantzuna emon dagidazun. Eta kontuan izan egizu, ba dakidala emen baiño geiago nun irabazi negian.

        Nikanor-ek egi biribillak jaurti deutsaz arpegira. Mando ta zaldia zaindu, burdiñak ekarri, txatarrak eroan, kontuak egin garbi, paperetan... Orra or zenbat arlotan ekiten deutsan mutillak, bere nagusi esku-idor ta zekenaren onerako.

        «Gabontza»k, ostera, gogoan izan, nunbait, arako esana: «emonak, urritzea dauka».

        Lan onuragarria egiten, barriz, mutillak. Eta beragaz oitu danik ona, asti ugariago dauka ugazabak ara ta ona, zetan edo atan jarduteko. Egia esan, mesedegarri izan yaka, mutil ori agertua. Zer aloger jarriko ete deutsa? Nebozio kontuak emazteari adierazotea, geienetan, ez da bapere egoki, gonadunen arloa ori ez dalako.

        —Nikanor-ek, eskabidea egin deust.

        —...?

        —Kristiñauaren antzera, oean lo egin nai leukela-ta.

        —Ez da txarto esana. Bein baño sarriago erabilli dot nik ori gogoan. Zuri, bear bada, olakorik otu bere ez, baiña...

        —Ori, ez da ezer. Alogera bere, eskatu deust.

        —Izan bere, amasei urte aspaldi egindako mutillak, zerbait bear leuke pozgarria, esku-artean.

        —Ori, neure sakelaren kaltean da.

        —Bai, ta zer egingo, ba?

        —Bestela, joan egingo dala; aldegingo dauala emendik.

        Emaztea, penaz beterik gelditu da ori entzunaz. Andra loditoneari «Mautsa» deritxa Nikanor-ek, bere taiuari dagokiola. Zeruak ez deutsa seme-alabarik bialdu, eta emakume askok biotzaren sakonean izan oi daben ama-griñea, amatasun-lera sakona, emaro, baratze baratze azkortuten asia dauka andratxu onek bere erraietan. Eta mutilla begiko yakana, zer esan bakoa da. Guztientzako jatekoa egin arren, iñoiz eskeiñi deutsa zeozer geiago mutillari senarragandik aparte, ta iñoiz baita eskupekoren bat emon bere.

        Aren katu baltzak, iñartziz ta ziñu txarrez ikusi daroa, ugazabandreak mutil eldu-barriari egiten deutsazan adiguri ta txera berarizkoak. Bein batean, katuak, oiaren ganekoa urratu deutsa erpe zorrotzak antxe lauskituaz, mutillarentzat jarri-barri daben ganbarako oean.

        «Gabontza» sarri askoten kanpoan ibilten dan ezkero, «Mautsa»k ba dauka euki nogaz berba egin, nok erantzun; berba batean, nogaz banandu bere bakartadea, katuaz osterantzean, mutillari esker. Zegaitik ez ba, ordaindu, lanaren saria?

        Emakume onek, ordea,pixua gizenetan daukana, ariurrian falta dau, jenioan dau utsa, peitua. Mana-barea, erabagi urrikoa izan ba. Bere egoera erdi unatuak, erbal-joera makurrak menperaturik daukatsaz gorputza ta barruko sua. Ez eukan bildurrik zetan izan «Gabontza»k, emaztea mutil gazteaz bakarrean utzi arren.

 

* * *

 

        «Gabontza» ez da txaldana. Bizigillea da, beargiña aiñean.

        Baietz esan deutsa mutillari, alogera izentauko deutsala. Onenbesteko bat. Amasei urteko mutil batek, opiziua oraindiño ez dakian batek, zenbat irabazi legi? Askorik ez. Baiña dana dala; alogera, izentaua izan bedi. Beste aldetik, «Gabontza» ugazaba da, ta ostatu jabea, mutillari buruz. ostatariak, bearko dau ordaindu janaria, oea, etxean egotea, etxeko ta soiñeko jantzien garbitasuna.

        Ba daki «Gabontza»k, Ezekiel nor dan. Ondotxu jakin bere. Argitasunak eta zeaztasunak batu ditualako. Bere menpekoak uri aundian eginbarri dituan ezagupideak artez zelatau ditualako.

        —Zenbat irabazten dau Ezekielek? Eta, nok emoten deutsa jaten? Etxeaz ta garbitasunaz, zela konponduten da? Bere dirutik egin bearko ditu gorabeera guztiok, ezeukien semeak serbitzari dubakorik ez daukelako.

        Isilik itxi dau Nikanor. Zer erantzun jakiteke. Ugazaba, lenengo lenengoan zelan zirikatu, jakin izan dau; aren erantzun mingotsarentzako osterakorik ez dau, alabaiña, gertau.

        Gogoragarria da mutillari oe garbia eskeiñi deutsenekoa.

        Gau onetan, mutilla etxera afalduteko eldu danean, etxekandre biribillak esan deutsa:

        —Nikanor! Zatoz neugaz gora. Gaurtik ortxe, goian izango dozu zeure gelatxua. Beste aldean, ganbaran bertan, ba dakizu gure gizonaren gauza sko dagozana, tegi aretan utzita.

        Nagi ta bagi igon dau gora, ta arnasestuka andra gizenak; mutilla atzetik. Izan bere, gelatxu polita gertu, gazteari. Oe estu bat, aulki maiztua, leio bat.

        Etxearen lurreko oiñean, ate bakarra dago kanporako. Atadia zabala da, ta ezker-eskui ateak dagoz; bata, sukalderako bidea da, ta orrezaz gañera, ortik barrura dagoz etxeko logelarik onenak eta jantokia eta abar. Beste aldeko atea da gorakoa, mailladi estuaren bitartez, mutillaren gelara ta abar, doana.

        Atadiaren inguruan, eta onen erdian, goiko sapaiak tranpa-zuloa dauka; ta zulo orretan zear igoten ditu gora «Gabontza»k bere txatarra fiñagoak, beste metalezko zatiak eta apurrak, tupiki, berun, estaiñu ta abarreria.

 

        Arro dago bere buruaz Nikanor, aspaldiko partez, bere logela txukun apala ta oe biguna daukazala ikusirik. «Gabontza»ren emazte «Mauts» andereak, ez dirudi txarra. Baiña Ezekiel izan da, geienbat, begiak argitu deutsazana.

        Lo gozoaren ostean itzartu da, eta jaun deritxa bere buruari. Ba dauka nun lan egin, nun jan, nun irabazi, eta lo egiteko oe txukuna. Amari idatziko deutsa, barriren barri, ta argazkia atara, ta bialdu egingo deutsa.

 

        Alabearreko egun goibelez argitua! Erriko bat ikusi dau, ta amaren ilbarria damotsa. Egun pozgarrizkoa, its eta illun biurtu dan, zearo! Biotzean zauri zitala edegi yaka mutil umezurtz osokoari. Argi ta illun, poz ta neke, atsegin eta negar, irribarre ta malkoak: munduko bizitzearen irudi bete betea!

 

* * *

 

        Jai-bezperea eldu da. Zazpiretan itxarongo deutsa Ezekielek Nikanor-eri, uri aundiko toki jakin batean. Jantzi garbia soiñean, langilleak sapatu gabaz asten dau jai-aurrekoa, jaia bera baiño gustagarriagoa, agian.

        Ba dauke zarpan, txanpon bat edo beste, euren lanaren ordaiñari dagokion zati aundiago ala txikerragoa. Ezekielek, amari emon ez deutsantxua; Nikanor-ek, ugazabak eskeiñi deutsan guztia.

        Goialdeko edantokietan ibillaldia egiteko dago au, lenengo aldiz. Ardau ta beste edari artean, kanta-soiñu ta dantzariak bere, ikusiko ditue. Dantzari azkarrak, ez dira mutillak izango, ain zuzen, neskatilla gazte liraiñak eta ain gazte eta ain lirain ez diran emakume ezeberaak baiño.

        Langille ta alogerekoak mordoka eltzen dira edaritegiotara, eta etengabeko sartu-urtenean ikusgarri drai Bako-ren tenplu zirtzillok. Kaleak betean dabiltz ordu batzuetan gizaseme ta gizalabak; gero, aldraka; geroago banaka. Geldi bere bai ateta ondoetan, kafetxe ta ardandegietako ate eta leioetan, kale-ertzetan, kantal-barrenetan; autu isil, barriketa ozen, barre zoro, irri gangar, itz gozo, berbeta eze, mozkor-deadar... Edari-zale ta aragi-griñea, jasangatx, igarian dabil emakume ta gizonezko oneen gorputzetan.

        Gizarte-arloko eztabaidak, amuruzko jardunak. Txiroen artean bere, nagitasunik ez dauken lapur eskubiurriak, bai ar, bai eme lingirdak. Gorrotozko asmoak, odol-eske dagozan begiak eta iskillu zorrotz ala tirogilleak, gogo baldarren agindura...

        Ikusi ditu Nikanor-ek ainbat eta ainbat arpegi barri. Arpegi illun, gazte tximurtu, mingain nabarmen, billoizkeri limurituak. Neskatilla orraztu bageak, ezpain gorri ta kolore zuriak, lotsagalduko talde jausia; etxebazter beartsuak, eskillara baltzak, gela usaintsuak, oe zikiñak, izara garbi izandakoak...

 

        Gau baltzean, etxera biurtzerakoan, egundoko eztabaidea daroa bere barruan. Beste bizitza-sail bat agertu deutsa Ezekielek begien bistara. Munduko ibillaldi laburrean aurkitu barri dauan egongu erdiragarria. Milla pentsamentu datorkioz burura, oeratzean. Etxekandreak gozaro ta maitaro jarri deutsan oe zurian etzun danaz batera, edan dituan txetxuak emon deutse zorabio antza uxatuaz doakio, ta adimenean argiaren izpiak ba darabiltz ara-ona.

        Aurtemein arte, aurreragoko asteetan, lastategi zakarrean egiten izan dau lo. Ez izan konforme orrezaz, eta zorionen batean, lazkiro berba egin daulakao, jadetsi dau bere oe txiker baiña garbia.

        Egia izan bere, oe txiker garbia! Ume ta gaztetxutan bere ama zanak, enasa ta utzi zabarra izan arren, maitakiro gertau oi eutsana. Oetxu bakartia, berarentzakoa soillik. Eta orain, ikusi barri ditu oe baltzak, oe zikiñak, edonorenak, aragi-tratuan jarduteko tresna madarikatuak, ostatari denpora laburrekoak zain dagozan oe lizunak.

        Eta batez bere...

        Ezagutu izan ditu Nikanor-ek, asko ez baiña, barrukotasunez ez baiña, arako neskatilla polit eta atsegingarriak, alaiak, irribarre zindoa egiten ekienak, arpegi legunak, guriak..., garbiak.

        Biotzean alako zarradatxua, zirkin edo zotin kilikaria egin eutsenak: baserriko neskato axe, txalagaz errira etorri zana... Garbiñe ederra, Olarratz jauntxu azeriaren loba txairoa, Tutuluren alaba Mari-Asun bera bere...

        Gau onetan ikusi barri dituanen ikusian, bestelako aldea! Gaurkoak, gizonen aragi-mirabetzarakoak dira soillik; eurekin jolastuteko; garramurra zolitua asetzeko; zorra ordaindu ostean, agur esan eta bertanbeera ta betiko aztuteko...!

        Ez izan emakumeak, danak bardiñak, esanak gora-beera.

        Lekutan egozan bere errian ezaguturiko neskatxa gurbil orbanbakoak eta ikutu-bageak, eta uri aundiko emakume merkeak.

        Gaztearen biotzean burrukan dirauen zuzentasun-egarria, eta adiñak sortzen dauan aragi-gar gunekoa, indarrez betea.

        Eztabaida, ausarkeri, lotsa-joeratxua ta samurraldia, danak batan dituan mutillak loak artu dau, buruan mundu naastauaren irudi lauskitua jira-bira zorapenezkoan dauala.

 

aurrekoa hurrengoa