www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—IV—

 

        Goiz-erdian errira zan, egunero oi eban lez, bidai-beribilla, korreua ekarren tarranta, zaldi-burdien lenengo jarraitzaille ta ordeazkoa. Arek ekarten zituan urira lagunak, euren lotura eta maletak; jan-edaneko gai batzuk, eta korreu-sakel narruzkoa, zikiña bera, ta baita eguneroko paperen zorro lodi ta latza bere. Erri aretaraiño eltzen ziran egunkariak, eskualdeko uriburukoak soillik, ona emen: «Albistari Barria», «Bakarrekoa», «Barrien ekarlea».

        Egun orretan zan asteko, bere lanpide barrian, Nikanor esku bizkorra. Periodiku-saltzaille izango zan, eta arek salduko ebana, «Bakarrekoa» izango zan.

        Paper orren arduraduna errian, eta aren izenean eltzen zan Bakarrekoaren pakete biribilla, Kosme Tutulu zan, drogerua berau. Drogeruaren dendan saltzen ziran banaka batzuk azken orduan; baiña al izanik, goizean goiz, eldu ala, beste egunkariekin norgeiagokan jardutea, saltzeko bideak zertutea, orixe zan kontua. Azkar ibilten ekianak, beraz, orrexek eukan garaipenaren ezaugarria, ta irabazia geituteko aukera bere bizikoa. Asmo onak ala gurari biurriak erritarren artean zabaltzea, ori ez zan saltzaillearen barruari egokiona. Zenbat eta geiago saldu, eskuartea gizenago.

        Izan bere, batzu batzuk euren opiniño-aldeko paperak artu oi zituen zintzoro eta eutsi estuan. Beste askok, ostera, eskuar lenengo otaputen ebena erosten eben.

        «Bakarrekoa» bere izenak diñona zan, iraizean begiratu ezkero. Bere kabuz ta jarei, iñoren buztarpe jardun bage, asmo askatuen eta burueta zorrotzen jabe zana. Liberalak eta, artzen ebena. Liberal itz orrek, ain zuzen, esangurarik ugari eban, emakumeak milla maratilla oi dituen antzera.

        Eldu zan ba, autobus eskerga ta astuna. Korreu-etxeko atadira eben egunkarien zorro latza. Norbaitek, atadian bertan edegi eban sakutzarra. Jente pillotxua egoan pardel gilbortsuon begira. Letra galantez izentaurik etozan pardelok. Bat-batean, Nikanor-ek, katu azarriak saltu egin oi duan antzera zapart egiñik, artu eutsan edota kendu eutsan ataratzailleari, ari berari egokion pardel biribilla. Begira egozanen artean zalaparta apurra sortu zan, uste-uste bagako zerak ikusirik. Bateri oiña zapaldu eutsan; beste bateri ukondoaz min-egin eutsan buzkantz-aldean. Beste bateri, botoiaren aria urratu bere jake melgeran, eta, asarrearen asarrez, zarataka asi zan.

        Mutillak bere eginbidea ondotxu erabagita eukan: azkar ibilli, zarata-egin, paperaren izena goraki aitatuaz. Alboan egozanak ez ekien nobedade orren barririk, ostera. Eta mutiko esku-biurria paper-pilloa arturik, ara onaka igesi lez yoiala norbaiteri begitandu, eta aots gogorra entzun zan:

        —Kontu orregaz! Ostu egin dau-ta.

        Eta Nikanor-ek, bere kontrarako ziran deadar en sustrairik ez ondorenik susmau orduko, sekulako kankarrekoa artu eban, besotik oratutea lortu ez eban txinel gizon mardo batek, burrundadaz emona.

        An jausi zan luze, zan giñoan, lurrera Nikanor gizajoa. Lurrari gozaro mun-egin ete eutsan aldetu eutsen, an inguruan gertatu ziranetariko gazte mustur erre batek zitalkiro barre algaraka ziarduala. Gizonak, mutillaren alde jarri ez jarri, zalantzan egozan, baiña ango emakume bakarrak egundoko txilio ta oiuak egin zituan mutillaren alde.

        —Zer tratamentu era da ori? Umekondo bat jo ta lurrera erastea? Bai esku modu biguna bere.

        —Ostuta igesi yoian.

        —Zer ostuta? Egunkari pardelak orrelan ostuten al dira, ba? Mundu guztiaren aurrean saldu bear dan gauzea, orrelan ostu? Baita zera bere! Ez al dakizue, mutil ori gaurtik, «Bakarrekoa»ren saltzaille barria dana? Ba... ezpadakizue, jakin.

        —Orra ba! —erantzun eutsan nasai ta begiaerdi itxirik Txomin Egarrik—. Emendik gora, eurea izango dok «Bakarrekoa». Baiña gaur berton, lenengo saritzat, ori bere izan dok, Nikanor: Takarrekoa! Aja, ja, ja, ja, ja!...

        Lurretik jagi-ala, begirakune zital eta amurruz beteak egin zituan Nikanor-ek, bere ondoan eukazanai asarrea ta gorrotoa agertu nairik. Emakume bakar areri, ostera, eskerrak emon eutsazan, murritz eta labur. Gerotxuago, belaun zikinduak zerbait garbitu ostea, Txomini burutik beatzetara begiratu, eta astiro astiro, ortzak lakar joka, bai esan bere:

        —Eure amari esaiozak orrelako tentelkeriak, alper madarikatu orrek.

        —Alperra neu —jardetsi eutsan Egarri ezizenekoak—. Esku-artean artzen ba aut artu!...

        —Emen naukak, gauza ba aiz...

        —Alperra neu...!

        —Ez be! Oraintsumengoan bere, arakoetxe zaarrak su artu yoanean, neu ez al nintzoan ibilli eure billa gabaz, batera bestera, alper alperrik?

        —Ta, ganera, ika diarduk neugaz?

        —Ez, zera! Berorika jardun bear izango dogu, ain zuzen bere, zaragiaren zeregiña egoki egiten baiño ez dakian jaun zaldunaren tratamentuan...!

        An egozanak, iñun diran barre karkaixak egin zituen, uste-uste bagako gertaliski axe ikusita.

        Nikanor, kankarrekoaz bereala aaztu zan, zirudianez, eta asi zan bere ogipide barriaren lenengo urratsak egiten. Paketearen azal lodia beingoan urratu, eta banakoak lekuan bertan etzunik, asi zan oneri ta areri egunkaria eskeintzen deadar egiñaz.

        —«Bakarrekoa»! «Bakarrekoa»!... Erri onetan saltzen danik onena! Egunkari oso ta betea! —bere nausi Kosme Tutuluk agindu eutsan araura.

        Beste saltzaille zaarragoak ez eben oiturarik, albista-paperak oiuka agertzeko, ta jazo zana ikusita gero, an egozanik askok Nikanor-i erosi eutsen egun aretako albistaria.

        Takarrekoa gorabeera, lenengo ekitaldi ori merketariz ugaria izan zan mutikoarentzat, eta garaipentxu orren sariaren epeltasuna susmauaz, ao gozagarri yakan Nikanor-eri goiz aretako lanbidea.

        Inguruan egozanai emon eutsen bakotxari bere egunkaria, eta an saldu al zituanak banandu ostean, kalerik kale joan zan, bizkor joan bere bein eta barriro argi ta garbi esanaz egunkari ospatsuaren izena. Erriaren inguruketan, beingoan jardun eban ekiñalean saltzen. Mutiko txikiagoak, aren ondorik yoiazan. Gauza ikusgarria zan eurentzat, errian lenengoz entzutea, alako asmoaren agerbiderik.

        —Aiba! Paperaren izena esaten dau deadarka.

        —Ta ganera, Nikanor da.

        —Zorrizto?

        —Bai. Goiazan, goiazan aren atzetik! Barre egingo dogu sendo.

        Mutikotxuak barre egingo eben eskolatik urtekeran, eta Nikanor-en ibillera barriak euren adimenak erdi ulerturik izango zituan. Baiña, Nikanor-ek pozik artuko eban aek, uste barik, emongo eutsen ospe ta entzutea jentearen aurrean; alako laguntzaille mordoa bere ondorik erabillirik, errikoak mutiko erneari begira jarriko ziralako. Eskola mutillen artean leenbere entzuteduna baldin ba zan, arrezkero Nikanor mutikoentzako zerago, aundiago izango zan, errira alako era barri ta erakargarriak zertu zitualako. Ez ekien asko mutikoak, Tutulu drogeruak erabagiriko saldu-modua zanik axe, uri aundietan oartuta eukanez. Onek eta Nikanor-ek laukoak jasoteko, ta liberalen gurari ta asmoak jentearen artean esku ta biotz zabal ereiteko.

        Eguerdi-aldea baiño leen, pozik egoan Tutulu dendaria, Nikanor dendara agertu yakanean, besapea utsik eta patrikeran diru-pixua ebala, saldutakoaren garbitasuna egiteko. Egunean eguneango garbitasuna egingo eben. Traturako lenengo berbak egikeran, orixe erakutsi eutsan Kosmek.

        Dendariak, irribarrean egiteko gogotxua ba eukan euki, baiña ez nai ba agertu mutillaren aurrean, euren garaipen ori, mutillari eskerrak izan zanik. Benaz eta erdi betozkoz egoan Tutulu, azeri zaarraren antza, artean galdurik ez ebalako. Azeria beti azeri, uleak ulduta gero bere...

        Lapitz lodi bat eskuan, sudur-ganean antiparra bere moduko batzuk ezarri zituan, eta paper zikin bat arturik, aren mutur koipeztu batean, zenbakiak zirriborrauten asi zan.

        —Tira! —esan eutsan mutikoari, isil-aldiaren ostean.

        —Zer? Txarto ala? —zirautsan Nikanor-ek, arnasea bularrean erdi geldirik.

        —Ez. Gaur, polito saldu dituzu paperak. Iñoiz geiago saldu izan dot. Biartik, geroago ta geiago, entzun?

        —Zegaitik, jauna? —erantzun eutsan mutikoak—. Niretzat aukeratu dituzunak, guztiak zabaldu ditut. Emen gelditu diranak dakustaz nik or geldi, saldu barik.

        —E... bai ba. Orixe esan nai neutsun. Biar, «Bakarreko» guztiak salduko ditugula.

        —Ikusiko dugu.

        —Nai ta nai ez. Ta orduan, geiago eskatuko gendukez, iñoan itzak neurturik eta Nikanor-eri bestela baitakoan, burua makur ebala, betaurrekoen ganetik begiratuaz.

        —Eta laster eskatu bere —geitu eban dendariak berak—. Telefonoz atan bere. Ta zenbat eta geiago saldu, geiago irabazi.

        —Zuk bai. Baiña niretzako irabazia, urrituaz ipiñi dozu, ta ori ez dot ontzat artuko. Paper saldu bakotxeko, onenbestekoa izan bearko da nirentzat bere.

        —Zagoz isilik, mutiko. Zure adiñetan, ea nok irabazi legian orrenbeste diru, eta ain errez. Ganera, guzti ori, ez aaztu neugaitik izan dana.

        —Ba!... Zu denda barruan zagozan artean, Nikanor-ek egin bear dituan ibilliak eta deadarrak, eta urratu bear dituan zapata-azpiak, ez dituzu gogoan asko.

        —Txotxo! Zuk neuk baiño geiago jakitea, ez da bapere onurakorra izango, gero.

        Agureak barre gaiztoa egin ondoren, mutillak eroaniko diruak zeatz kontau, papereko argitasunakaz batera ete egozan begitu, diruok mostradoreko azpi-kutxan sartu, mutillari egokiona erabagi eta alakoren batean, manatan eta bare-bare, emon eutsazan txanpon baltz batzuk, an urduri eta egoneziñik jarri eban Nikanor-eri.

        Onek, bere izerdiz lorturiko txanponak ikusi ta ikertu, banan banan kontau, eta sakelera zituan. Ezpanak estutu, sudur-puntea graziaz okertu, eta eskuak burlezarrean igurtziaz:

        —Biar arte.

        Itzok esan, eta txistuka urten eban Nikanor-ek, nagusi barriaren dendatik. Onek jakituria ta azeri entzutea baldin ba eban, irakasle onak ikasle obea ez ebala faltauko, bere kolkorako esanaz.

 

aurrekoa hurrengoa