www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XI—

 

        Bizimodu barri orretan asi, ta ba diardu egun batzuetan zintzo-gogoz edo. Egunez jaso al dagiana, gaberako zeatu daroa ederto. «Etorri-ala joan, mari-Joan» —antziñakoak. Jan, edan, erre, gonartean ibilli: gizonaren egitamu bikaiña ogei urte inguruan. Beste lotoki zirtzil bat idoro dau, etxe narras batean.

        Beronikek egiz ta benetan aldatu dau bere bizikerea. Burubide zeatza artu dau. Bere aragiaz ez da, gaurdanik, iñor atsegin-berotuko, txanpon ugerdo batzukaitik. Ezta Nikanor bera bere! Maitasarrea deutsa mutil oneri, barruan eder yaka onen irudia, eta aragikeriaz gain dagoan gizabiotzaren alkar-eragiña dauka. Maite-txertu samurrez dago onengana Beronike. Edariak gertuten dituen lantegi batean diardu lanean, ta gurbil antzean jardun bere. Leengo izateaz aaztu, ta mendu barriz orniduko dau bere aiurria ta izakera guztia. Nikanor-ek ez daki orain neskea nun dabillen. Arek iñoizka oles-egiten deutsa Montsenyra urrutizkiñez; nun dagoan esan ez, baiña. Ez dau geiago ikusiko mutillak, ez Montsenyn, ez Katu nabarra kafetxe soiñudunean.

        Aukeran eta eskuar eukanean, ez eutsan bapere ardurarik izan Nikanor-eri, Bero-gaitik. Orduan a bera, beste edozein emakume artuerreza bai litzan esten eban, ta eskurakoi dan edozer gauzaren antzera, gora eskasa emon.

        —Neska barrabana! —diño berekiko—. Neu itxi, ta beste prakadunen baten ondorik ez ete dabil ori? Leen otza ezpa zan, orain bere, leengo einean iraungo dau ba arek berak, alajainkoa.

        Ezin siñistu dau, gizalaba utsegillea bere zeretik jagi, ta egitarau zindoagoan lotu leitekeanik. Eta gizonezkoak? Izan bere, Matxin Zaputzegaz sarriago gomutauten da orain.

        Matxin Zaputz, eskola-denporan azkenengo izaten zan. Dindirria sarri bai sarri egon oi zan aren sudurretatik dindilizka, zintz-egiteko bere, ganora aundirik ez-ta. Berbetan atzera samarra zan, eta enparauko lagunak, burle ta barre egiten eben aren lepo. Eta orain, ez dozu or ikusten itxasgizon eginda, pillotu izentauta? Eta Mari Asun, bertanbeerako itz destaiñezkoak esaten eutsazan neskatillea, aren emaztegei izanik, Tutuluren denda politaren jabe egingo zan Matxin.

        Nikanor, ezerezetik ezerezera dabillean artean, orra or nundik nora aren menpeko izaniko mutil dindirriz betea, gizon andi egingo dan!...

        Nikanor-en egoera its ta illuna! Batetik, ondamuz, bekatxez ta beaztunez Matxin gogoratuaz. Eta beste aldetik, kezkatsu ta zeluz beterik Beronike dala-ta. Orrelako egunak ditu, orain beiñeon, mutil matxur eta alperrak. Ez diru, ez maitasun, ta ezta osasun guztizkorik bere.

 

        Gero ta sartuago ta zerago dago bere adiskide talde barriekin. Anarkista bazkunean ezarri dau bere izena Nikanor-ek. Etorkizunaren jabe egingo ei dira, ta euren esku erabilliko ditue laterriko gorabeera nagosiak...

        Lana gitxitu ta urritu da lantegi batzuetan. Kalera egotzi ditue emuts aldrak. Oneen artean dagoz Nikanor-en gogaideok. Ba ei dira munduan gai batzuen gorabeerak itz onez zuzendu ta arteztuten ez diranak. Orduan, gogorkeria da atarakoena. Pistolak berba egin dagiela. Entzumena gogortua daukenak, berbarik garratzenak baiño obeto entzungo ditue balen txistu zoliak. Eta ipuingille batek, mixiñoiak adakiz emotea egoki zala erakutsi ebanez, oneek bere, euren pistolen bitartez emongo ditue irakatsialdiak.

        Ekarriak ditue uri aundira iskilli motzok. Nunbaiten daukez gordeta eundazak pistolak, atzerritik ekarririkoak. Anarkista bakotxak izango dau berea. Eungilleak oialen zu ta zearra ederto baten iraskiten dauan antzera, ugazaben eta olajaunen bularrak bala zuloz beteteko, gertuko dira langilleen aldeztzaille urtenenok. Baiña langille ta emuts saillen artean ez dago alako batasunik, eta bakotxaren asmo ta elburuak bata besteen kontra jarririk ditue.

        Lanaren seme izan arren, elburu ta eretxi ez bardiñetan diardue; alkarren kalterako, ziur asko. Ori dala-ta, arerio dira, eta beraz, alkarren bildur.

        Arma banatzea izango da gaur gabaz. Lurmenik apalenean, erri-alderik beartsuenean batzen dira gauero lege bako izan nai dabenok. Euren isil-aginduak ditue, isil-itzak. Kale luze ta estu bateko gilbor aldean dagoan etxe zaar ezain aundi batean egingo dabe iskulluen banaketea.

        Batu dira, ugari batu ere, jabe-geiak. An dagoz, kutxa baltzetan, zerraldoetan gordeta, arma bitxiak. Apurka apurka ekarri ditue. Etxe aundia izanik, eriotza ugari izan ezkero... izango dabe ango biztanleak ol-soiñekoa.

        Ziri ederra sartu deutse edonori, ustez.

        Iskillu barriak eta zaarrak, bakotxak berea maitekiro gorde ta aurrerantzean asmoen aldeko mingain zorrotzagoa daukela-ta dagoz. Gau erdirantz, etxe zatar aretarik aldraka urteten asi diranean, bapatean, ustekabe, egundoko trakarrotsa asi da kale luze medarrean. Tirotsa andik eta emendik. Anarkistak euren iskilluen aprobak egiteko ereti ta astirik izan baiño leen, beste begi batzuk egon dira aen zain eta beste esku batzuk asi yakez, koldarkiro ta ankerren antzean, tiro eraso gogorrean, aurreko ta egaleko etxe ta teillatuetatik. Tiroketa asi-barria sarriagotu da. Jabe barriok, era bardiñean erantzun bear etsaiai, euren buruan alde. Batzuk barriro sartu dira etxe zaar aundira; beste batzuk igesi. Ba dagoz banakak lurrean luze, zaurituak nunbait.

        Tirotsa atertu barik, geitu egin da. Leengoak baiño danbada sendoagoak, zaratatsuagoak diardue. Errizaiñak datoz, ta euren beribillen txaranbela entzunerazo ostean, zerurantz jaurti ditue deskarga gogorrak.

        Ezagunean makaldu da sutanpa-otsa. Tiroak, gero ta bakanago, ta azkenean, isiltasun barea dago bazterretan.

 

aurrekoa hurrengoa