www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—II—

 

        Ez dauka urrun uri nagosia. Baserriren batean lo egin legi, dituan txanpon urriai iraun eragitearren. Lapikoko gozoa ta edaniko ardaua ordaindu ostean, ogi zati aundi bat eta gaztai apurra erosi ditu tabernan bertan. Orra or mutil arlote-kumearen afari gartxua.

        Aterpea nunbaiten idoroko al dau. Arrasti erdian, bideak aurrera doalarik, erriko plaza txikerrean, tanbolin soiñua dantzu. Bere errian lez, gazteak dantzan egingo dab; neska-mutillak alkarren ederra egin gurarik ibilliko dira, alai ta zoranga, gauerako aterpearen ardurarik eta kezkarik bage. Eta Nikanor, barriz...

        Tuntunaren doiñuak belarrietarantz dakartsa kopla zaarra:

 

                «Andra Maria, abe!

                Txakurrak jan bear nabe.

                Goiazan beste errira;

                an bere, txakurrak dira...».

 

        Mundua zabal samarra da, aukeran. Baiña gizonaren almena motxa, sarri askotan.

        Begien aurrean, lau bide dakusaz Nikanor-ek. Eskean ibilli? Lapurretan jardun? Lanean nunbait asi? Ala... errira biurtu, geiago aurrerantz ekiteke?

        Bide ertzean, zelai txiker batean, zalpurdi bi agiri dira; ijito-semeen etxe ibiltariak. Eurei loturik, txakur mardo bana. Zaldiak, an or bedarra jaten. Motzaillak, gizonak lo.

        Emakumeak, lurrean jesarrita, erdian sua dabela; anpor zatiak, mukur estuak, arbazta eta zabar erdi igarrak. Bai dantzan, bai birinbolaka, umeteri zikiña; batzuk gona luzez jantziak; mutiko bat edo beste, narru gorrian.

        Askatasun osoko gizasemeak, lege ta antzeko bageak, erririk bakoak, alkaterik ezagutu ez dabenak, jauntxurik jasan eziñekoak.

        Eurekandik ez urre, ez urrun, geratu da Nikanor.

        Eguzkiak alde dau mendi osteetara, ta arrats-beera betean aize makala dabil orriak gozaro astinduten. Emakume baltzeran aek jateko zerbait preestauten diardue. Nikanor-ek begiratzen deutse ta aen bizi-moduaz egin nai ditu gogoeta labur batzuk.

        Gero, aurrerantz doa, eta aldean daukazan ogi-zatia eta gaztai apurra —katuaren miiña lakoa—, iruntsiko ditu, gosearen aringarri.

        Alde batera ta bestera begira, gabeko lauso illunak artean ikusgarri dana, bere menpean ezereztu orduko, arezti baten barrualdean teillatua dirudiana ikusi dau. Bide nagositik aldegin, eta bedar ta basarteko zidorrean beera, eldu da bertaraiño. Txabola bat da, erdi utsik dagoana; alde batean lur gorria, bestean, ira pilloa dago. Errentarik ez ostaturik ordaindu bear izan ezik, nun beste orrelako abiarik aurkitu, gau epel baterako?

        Teillatu ariñetik atetik, ormako zirrikituetatik agertu yakaz mutillari egun barriaren argi-izpiak. Jagi eta azur nekatuak zerbait atseden egin dauala adierazoten deutse, ta nagiak utziaz, bide nagosiratu da. An zear joan doan baserritar bateri galdetu deutsa, erri aundira eltzeko zenbat bide daukan oraindiño.

        Laster egingo ditu azkenengo amarrak.

        Beribillak, geroago ta geiago susmauten ditu aruntz eta onuntz. Batez bere, onunzkoak. Bai; nunbait bere, urre samar dago, onezkero uri nagosia. Aguro dabiltz Nikanor-en iztarrak eta oiñak. Burua erabilli dau iñoiz ariñago, baiña orain beiñeon, ez daki jakin, an zer aurkituko dauan... eta egia esan, zetarako geiago pentsau?

        Ibilleran asten danak, ez deutsa geroari lar begiratu bear. Ibiltaunak edo ibiltariak, bere oiñetan daroa ibilpidea. Ez deutsa txoriak zor bere igipena lurrari, bere egoai baiño. Al dan artean, egan ba.

 

* * *

 

        Mendiska batzuen ostean, etxeak banaka lez agertzen yakaz. Gero, tximina luzeak eta, keiaren agiri ugariak dagoz aizetan. Olak, lantegiak, olabeak, trenen arnasa baltzak.

        Orixe da uri aundia. Zinean-ta, ikusia. Irakurritako liburu eskasetan ezagutua.

        Urreratu da, eta bideak ugariago dagoz. Beribillentzat, burdientzat; trenentzako lerrobiko burdiñari luzeak, erroak lurrean erdi sartuak, zearka saiets amaitu eziñak bai liran.

        Etxeak, banandurik lenengo, bide ondoetan. Gero, etxadi moltzoak, kale luzeak nunbait. Arrizko basoa dirudian orren inguru batean, ibai naikoa urtsua doa. Ibaiaren beste aldetik agiri dira etxe zapalagoak, zabalagoak, baltzagoak bear bada. Batzuek ba ditue arako tximini luze lerdenak.

        Ibai orrek poza damotsa mutillarik, txikitxu zanean arrankaritan eta, ezkaillutan eta, sarri ibillia dalako, baserrian bizi izan zanean.

        Eldu da lenengo etxe erreskadea asten dan tokiraiño. Bideaz beste aldetik, mendi motza dago, eta bizilekuentzat toki medarra danez, an ez dago etxerik, sail luzean. Bide zabalari deutsala arpegi bataz eta beste arpegi bideska bateri begira, muturreko etxea bai litzan, bere jarraian olezko esi luzea daukan etxe txapar bat dago. Olezko orma orren atzean, barruan, ganezka agiri dira burdiñak eta txatarrak. Esiaren erdi aldean, ate bikotxa edegita dago. Araxe begira jarri da Nikanor.

        Gizon gizen asko ez dauana, puzka, saka orreri ta tira oneri dabil an lanean, burdiñak txatarra zikiñagoetarik banantzen. Izerditan, arterik artu eziñik, lerrenak egiten. Arpegia ez dau bapere polita, begi aundiak ditu, gautxoriaren antzera, talo palea lako arpegi biribillean. Kaiskoan, uleentzako toki galanta bai, baiña arean utsik, burumurri.

        Aren alegiñak eta purrustadak geldi dauke Nikanor, begira. Gizon langillea dirudi, zuurra ta begiratua. lana eskatuko ete deutsa? Zegaitik ez ba?

        Ikusi ditu egun laburrean buruan bear-izana, bakartadea, gose ta egarria, zikiña, eskaleak, ijitoak, askatasuna...

        —A gizon, nai al dozu lagun dagizudan?

        —E?... Nor zaitut? Eskalea, bizar zakar orregaz. Ala lapurra, ala alperra. Irurok bardin antzekoak dira-ta.

        —Ez, jauna. Umezurtza naiz. Aitarik ez daukat, eta ama, geisotegian dago; makalik, eta ez ondo bere. Ez naiz emengoa. Urrunetik nator, lau eguneko bidean gitxienez.

        —Eta, zer gura zenduke?

        Oiñez ta oiñez nabil. Gose naiz ta ez daukat nun gelditu.

        —Txarriaren bizimodua nai al dozu?

        —Lan egingo neuke.

        —Iñoiz egin al dozu?

        —Bai.

        —Zer egiten zenduan, ba?

        —Egunerokoak saldu, eta txiringutsak garbitu eta konpondu. Baraurik nago, ostera.

        —Tira! Jantruke geratu nai baldin ba dozu...

        —Nora ezean eta ezin bestean, ondo dago.

        Barruti orreri deutsala dagoan etxean bizi da, dirudianez, gizon txatarra jabe au. Ots-egin dau, zintzilik daukan burdiña bat, beste troko bategaz jota. kanpaia dau orixe, ausaz, norbaiteri dei egiteko, obretan langilleak eguneko asi-amaitu aldiak adierazoteko oi dabenaren antzera.

        Andra loditona bat agertu da, goialdean, leioan. Aren ondoan, katu baltz bat, buztana tente.

        —Mamer! Jatsi egizu ogi-kopau bat mutil onentzat, eta bart gelditu ziran sardiña bi.

        —Nor dozu ba, ori?

        —Alogerekoa.

        Berealakoan, otzaratxu bat eskegi dau soka mee batetik, andra katudunak. Gizonak, otzara-estalkia jaso, ta ogi-zatia emon deutsa mutillari. Barruan daukaz sardiña mardo bi. ugazabak, jaki bardiña dauka eskuetan.

        Mukit baten ganean jesarri da zaarra eta asi da jaten. Mutillak, beste ainbeste egin dau. Gosez dagoanak, gozo deritxa edozeri.

        Ekin deutsa gero, mutillaren laguntasunaz, burdiña ugertu eta ez ugertuak bananduten, eta luzera bardin samarrekoak alde baten ipinten lurrean. Ezker eskoitara, olabe bi ditu. Orrezaz ganera, etxearen azpi-tokiak bere, bere tegitzat daukaz. Alde batean, baskula aundi bat dago, erdi erdian. Ementxe egingo ditue pixau burdiñak, txatarrak, loroak. Beste gorapean, karru luzea ta beste txikerrago bat dagoz.

        Gizonak, arpegian eta itzez agertu ezarren, pozarren artu dauala dirudi, gaztearen laguntasuna. Erdi bete dabe burdia. Orduan ba dirautsa Nikanor-eri:

        —Or, alde orretan dago zaldi bat lotuta. Gorristea da, ta atzeko iztarrean izpil zuriak ditu. Ekarri egidazu.

        Antxe egon da egon bere, zaldia. Burdiari lotzeko, sartu deutse iduneko narrua, begietako estalkiak eta ugal abarrak. Burdiaren pertikak zertu deutsez eta an doaz gizona ta mutilla uri aundirantz, euren burdiña txatarrak eroateko ustean.

        Joan-etorria egin ostean, bazkaria emon deutse olabe bazterrean, ol legorrez eraturiko mai antzekoan. Senar-emazteak bizi diran arako etxe txikerraren azpi-lekuan dago kortea, zaldientzat. Esaniko gorrizteaz ganera, beste zaldi baltzagoa bere ba dago an. Ukuillu orren beste aldean, olak, kupelak eta lasto garbiagoak dagoz. Ementxe lo egingo dau mutillak, orain beiñeon. Emazteak zirikatuta, utzi deutsaz bizarra egiteko tresnak, txaboe idorra, labain eta ipizki txikia.

        Beste bat dirudi gazteak, arpegiko sasi antzerako bizarra ebagi ostean.

        —Ez dirudi morroe txarra —dirautsa Mamer andra loditoenak bere senarrari.

        —Langillea izatea, orixe da nik bear dodan zer bakarra.

        Logela baldar aretan egonik, ez dago beintzat etxe bage. Jan bere egin dau, emakume batek gertauriko jateko ez lar ugaria.

        Uri aundiko gauzen barriak bere, txit arriturik jarri dau: ango aguro ibill-bearra, ango zaratea, ango kale ugari ta luzeak. Lagunak aruntz, lagunak onuntz; zaldiburdiak, beribillak, tranbiak, oiñezkoak, txirringutsak... Aize, aro, durunda, iradua. Orra mundu barria Nikanor-entzat.

        Ez dago kale gorrian, eta tira! Lo egingo dau nasai, eta egunak joan, egunak etorri.

        Bizi-moduak berak erakutsiko deutsa biziten.

 

aurrekoa hurrengoa