www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—VI—

 

        Irakasle zaarrak, beiñola, asperturik eukan-ta, etxera bialdu eban Nikanor. Gogaiteraginda eukan alako ikasle txarrak. Ganera, amurru geien ta damu geien emoten eutsana Etxabelar-eri Nikanor-ezaz, au iñozoa ta buru tentelekoa ez izan, eta mutillak, eukan baiño ganora andiago ez izatea, orixe zan. Penagarria edozein modutan bere; ostera, ezin ba, egonarria nuerririk bakoa izan.

        Nikanor-ek bere aldetik, damu apurra izan eban. Etxabelar-en eskolaldia atsegin yakan noizean bein joatekotan. Gizon a, zaarra zanez, ez ebillen bere sasoirik oneneko aldia lez, jakiña ba. Ta mutiko guztiai batean jaramon egokia egin eziñik, eskolan zituan aurrenengo iru-lau gaztetxuak, oneek jartzen zituan txikiagoen maisu txikertzat, bakotxak bere inguruan, aldra biribilduak ezarriaz, eskoletxeko bazterretan.

        Aldi aretan, buruz ikaste lanak ziran nagusi. Iñoiz edo bein prolema gatx nai gramatikako ikertzeren bat, zitala bera, egiten eben; baiña ganerakoan, ainbeste ta ainbeste esanaldi ta beremoduko itz arrotz ta arimabakoak buruan sartu ta gogoan artu eziñik, sekulako lor ta elorrioa izan oi zan umekondo aentzat.

        Zaletasun iturria, beste zer batzuetan egoan, Nikanor-en eskolara noizean bein joateako guraria. Maisuak, eskola-gaiez ganera, beste gauzatxu batzuk, ugari samar atan bere, izan oi zituan bere kutxetan. Esaterako, tabaku zorrotxuak, mistu-kajak dozenaka; puru txikiak; suarri ta metxa zatiak; imanak, burdiñakaz ta galtzeruakaz olgetan ibilteko; labur esan, estanku txiki bat zan a, mutikoen eretxian. Eta Nikanor-ek ez eban, arranotan, tabaku-orria arerio. Baiña batez bere, artea, eukitea, topautea..., ori zan, mutiko orren gogoa ta zaletasuna. Nikanor aiñako zoridunik ez zan, iñortxu, aldi aretan.

        Aspaldian buruan erabillen asmoa beteteko aukera baten begira egoan.

        Goiz arre ta baltzeran aretan joan zan joan, beste egunetan lez, bere zeregin barrira. Elastiku illun bat soiñean, ganekotzat. Praka nabar batzuk, belaunak baiño beeratxuago, zankabea estalduaz eta barrenaldean zuzen eta polito egon barirk, oker ta kako antzean jita eukenak. Erriko mutiko ederzaleagoak, globodun galtzak eukazala burla egiten eutsen, baiña... urrunetik. Oiñetakoak, egin zituenean izan ziran garbiak; arrezkeroko guztian ez eben aek betunik ezagutu, naita Peru Lustreputx izenekoa arenganik ez urrun egon.

        Olarratz jaunaren baratzean ibilteko gogoa, orixe zan aren buru-gunetan irakiten ibilten zan guraria. Eta, uste uste barik, sarritan oi dan lez, abagune bitxia eldu yakan. Zaldun jaun aren etxera joan zan, beste batzuetan lez, bere eguneroko papera eroaten. Ara eldu baizen laster, neskameak, arren, ortura eroan egiola ugazabari, Olarratz jaunari, eskatu eutsan. Beste egunen batean, ez eban, bear ba da, ontzat artuko mutikoak, egunkari bat izteko ainbeste neke ta ibillaldi bikorrik. Neskameak galdetu bere bai, orraitiño, baratza nun egoan ete ekian.

        —Bai, bai, baietz ba —erantzun eutsan mutiko saltzailleak.

        Ez ekian asko etxeko serbitzari eme arek, mutikoaren asmo-lapikoan egosi nairik eukana. Aren zaldunaren ortura sartzeko aukera mamiña! Ez zan auntzaren gaberdiko eztula, arek ikusi gurarik eukana, bapatean, otoz-otuan ikusi al izatea.

        Olarratz zaldunaren baratza, ormaz inguratua egoan lur zati apainkiro landua zan. Ate bakarra eukan, gorri illunez pintaua, bide erreal edo kamiñu zabal nagusiaren eglean. Ezker-eskuma, beste oru batzuk zituan, sarratuak oneek bere; arresiak, ormak inguruetan. Aspaldietan era bardiñean egozan, karamasa ta arri zatiz, manposteria merkez orniduak, eta urteen urteez, zelan edo alan alkarri atxikiak eta lotuak.

        Zerbait apaiñagoa zan, ain zuzen auzokoak baiño, Olarratz jaunarena. Albokoen ormak baiño beteagoak, zirrikitu gitxiagokoak, leunago ta bardiñagoak ziran zaldunaren baratzekoak. Atearen ertzetan arlandu ederrakzituan, ta egunak joan egunak etorri, arako urre kolore txanbeliñez jantziak agiri ziran.

        Orma-bedarrak, inguma-lorak eta orio-bedarrak alan bere, zital ta burugin ta bizinai izanik, lekuan lekuan erne ta ormetan euretan erro bigunak sakonduaz, politasuna ta bizitzako ederberaatasuna ezarten eutsen esi gogor ta itxusi samar aei.

        Baratz orren ormak,e guzki begitan egozan egon bere-ta, antxe sarritan ibillia zan Nikanor, bere suangillak artzen. Ondo ekian bai, nun egoan eta zein zan, Olarratz-en ortu txairoa. Ez eban gitxitan entzun solo esitu orren alabantza ta goresmenik!... Edozer ei egoan ortu aretan, arako frantsesaren ortuan lez, aurki.

        Eguneroko paper txortea besapean ebala, geienak saldu ostean, goiz aretan, euria goitik beera ordurako, buruan txapel zuloduna, bustiaren bustiz, ur tantakada mamiñak sorbaldetan beera isurtzen eutsazala; iduneko solapak gorantz igonda, bear ba da bere samondo zikiña uraren igurtzi gozoak garbiegi utzi ez egion-edo, ba yoian joan aguro ta pozik. Olarratz jaunaren neskame liraiñak agindu eutsanez, zaldun a, bere baratz landuan idoroteko asmoz.

        Bide zabalean gora, errenka ta puzka, Faun automobil gilbortsu biribilla etorren, lagunez erdi beterik, atzeko ate bakarra ondo itxi bage, dingilizka ta dantzari eroiala.

        Nikanor, bide erditatik joan bere-ta, txoperrak, umore ez onez, sekulako txaranbel durundua entzun erazo eutsan, gomazko madari antzeko zera esku-artean bein eta barriro estutuaz ta erdi biotuaz.

        —Kankarru zaar ori baiño aguroago ez al noa ba ni neu, zuk ainbeste arrantza ta zaparrada egiteko, zeure txaranbel motel orregaz? —deadar egin eutsan, arro arro, Nikanor-ek txoperrari.

        —Kendu adi ortik kendu, kirten ori, zapaldu ez agidan —erantzun bere, erabiltzailleak.

        —Errementariak izango ditu txokoren batean zer obeak...!

        —Tarratau utsik ba neroia, oraintxe berton lurrera salto egin, ta belarrondoko ederra barrurako eunkek, ba.

        Gidariak esaten ziarduana, ez zan egin eziñeko autu edo barriketea. Aldapa aretan, ta aldi aretan, iñoiz gertatu izan zan, txoperra martxan lurreratzea. Ta motorrari ziri edo ikuturen bat edo beste egiñik, barriro bere tokira igon ta beribil aundi astuna, tipirri taparra, beste nobedade barik, bere bidean artez ta nasai, Jaungoikoa ba, aurrera joatea.

        Ez zan ausartu orduan gidaria, ori egiten. Eta bere bideari ekin eutsan, tramankulu aundiaren motorrak puzka ta arnasestuka ziarduan bitartean. Damu izan eban, mutiko lotsabageari matraillondoko guri bat emon eza, baiña aren asmoa zelabait, egiztau egin zan. Eta izan bere, artean burlezar egitearren aren paretik aurrerantz joan barri zala, tarrant urdin baltzari atzealdean ukutu egin gura eutsanean, uste ez eban isopo-arrada zikiña artu eban Nikanor-ek arpegi-arpegian.

        Orduko automobillen burpillak aterpe eskasa eukan ba, lupetzearen gordegarri, ta atzekaldean jarri zan mutiko zuurrari, buruak ez emon orduan basaz beteteko arriskurik ebanik.

        Esku-ganeaz, igurtzi eban arpegia, lupetza zikiña zelanbait kentzeko, ta loi moltzo geiena arindu ebanean, jakearen besoaz, elastiku garratzagaz marruskatu ta erakori eban, arpegiko azalean kiri ta ikutuera minberea sentiduaz.

        —Zikiña ta zaratea besterik ez daukan burdi astun orretan joan baiño, oba da astoganean joan bere.

        Eta kontuak kontu, anartean, Nikanor ordurarte ez zan bein bere iñora joan automobillean, ibilli zan lekuetan oiñez ibilli izan zalako.

        Bere arazora biurtuaz, Olarratz-eneko baratzaren ate gorriraiño eldu zan. Zer egingo? Diadar? Ez eritxan Nikanor-ek, egoki, zaldun jaun bateri diadarrez deitutea. Ukabilla estutu, eta atzamarren konkorrakaz kax-kax jo eban ate gorria. Une aretan bertan, atearen aztarrenak ikusten eta ikertzen asi zan. Ate arek ez eukan orduan geinak euken lako serrailla-zulo aundirik. Orrezkero, giltz aundirik bere, ez eban eukiko, ta lapur-giltzik erabiltea alperrik izango zan ate aregaz.

        Bigarrenez jo eban atea.

        —Nor da? —entzun eban alako batean, barru aldean.

        —Nor? Neu, neu naiz!

        —Baita neu bere, neu nok! —erantzun eutsan ormaganetik, aots lodidun gizonezko batek.

        Ez zan nunbait, Olarratz jauna, onen aotsa biguna ta dotorea zalako. Beste norbait zan. Ain zuzen, Damas ortulaua. Olarratz jaunagaz ziarduan onek, are esanera madari-landara batzuk sartzen, eta orregaitik egoan an.

        Beeko bidetik, ormea, luzea ta jagia zan; baiña baratz barruan ez zan ainbestekoa, eta orregaitik, atea edegiteko armailla batzuk jatsi bear izan zituan Damas ortulauak.

        —Olarratz jaunarentzat, beronen neskamearen izenean dakartsat gaurko egunkari au. Ez al dago bera emen?

        —Bai, or dago baratz-guenean.

        —Orduan... igongo dot beraganaiño?

        —Ez daukazu zetan igon. Neuk eroan negio. Ordaindu egin bear aldeutsu?

        —Ez, baiña...

        Nikanor-en «ez baiña» onek, esangura sakona eukan arentzat. Ala ta bere, ezin ba garbi esan. Barruko bideak, ormen neurriak, baratzeko etxetxu ospatsuaren ate-leioak, an barruko armario ta gordailluak; erabat esan, lapurretan ganoraz egiteko zerzelada ta azbegiak eratsu ta aurretiaz jakiteko alegiñak egitea. Orra ba, orduan beiñeko egikizuna.

        Eskutik eskura artu gura izan eutsan ba, Damas ortulauak albistaria, ta ate-ondoko ikustaldiari gitxi eritxirik, Nikanor burutsuak bere garunak eio nai zituan, ea atxaki edo akiakularen bat asmauten eban, ortulauaren setakeria gorabeera, Olarratz jaunaganaiño eltzeko eretia izan egian.

        —Zaldun jaunarentzat beste mandatu bat bere, ba neban ba...

        —Emotekoa al da?

        —Ez ba; au ez da emotekoa, esatekoa da.

        —Ori bere egin negio: esan.

        —Bai; eta erantzuna? Barriro etorri bear izango zenduke mailletan beera.

        —Kontre! Isilleko konturen bat al da?

        —Neure garatz eta irabazpideari dagokiona da-ta...

        Eta Damas zaarra aurretik, Ninakor atzetik, biok joan yoiazan armailletan gora, eta gero, bidetxu-erditatik ortuaren goenera, Olarratz jauna antxen egoan-eta.

        Etxetxua ostera, ez egoan alde aretan. Nikanor-en gogoa, ango nagusia etxola barruan egon eta ango zeetasunak bereganduteko aukera ederra izatea zan. Baiña, zirudianez, onen gogara osoz ez zan gertatuko, antza.

        Eskuratu eutsan Olarratzeri egunerokoa. Orduan zan eretia jaun areri berba egiteko, ta Damas ortulaua irakiten egoan, jakingura ziriña kolkoan irakiten ebilkiolako.

        —Jauna, nik bedorri mesedetxu bat eskatuko neuskio ba.

        —Mesedea? Egingarria balitz, zegaitik egingo ez deuat ba?

        —Ba, jauna... Bedorrek txakur gaztea daukana ba dakit. Eta nik neuk, ordu batzuetan erabilli negi neure ardurapean ara ta ona, txarto ezpa deritxa berorrek, beintzat; or geienean lotuta eukiteke...

        Irribarreka artu eban zaldunak, mutiko zuurraren esaerea. Egia zan txakur gaztea eukana, erbi-txakurra bera. Olarratzen zeregin bat, arazu atsedentsuen artean, eizan ibiltea zan. Zorionez, ez eukan egunero lan egin bearrik, gurasoak utziriko ondaretik bizi zalako, geienbat. Lurralde batzuk zituan Araba ta Naparroako landetan. Orrez ganera ondasun-agerkai jabe zan, ta bankuetxeetan eukazan gorderik agerkaiok. Or euken iturria aren etorri aitorrak.

        Gizon ederra zan, bizkarrez ondo betea. Ez zan gartxua, jatuna baiño. Ala ta guzti bere, ibiltauna zan, eta erritarrak iñoenez, suezitarren araura gorputz-zirkin azkar ta neurtuak egiten ei zituan goizero, eotik jagiterakoan. Sarri askotan, ostera, etxetik urten barik egoten zan orduetan eta orduetan, liburu zaarretan ta antziñako paperetan, iraganiko denporetako jazokun-ariak eunduten. Idazlerako jaio ei zan, baiña orriak orri tinta baltzez ta gorriz bete izan arren, arek ez eban artean, libururik argitaratu ez iñok irakurri aren orririk. Onduten ei eukazan onduten, bere idazgelako zurezko apal txairoetan; liburu jator asko, ardaua lez, egonak eta urte iraganak ontzen ei ditu-ta.

        —Orduan, txakurraren maisuizan nai al adok?

        —Bai, jauna; leen bere, baserriko txakurrak erabilli izan ditut sarri neugaz.

        —Eta, noiz erabilliko dok ba?

        —Goizean goizean, jauna, jai ta aste. Oraintxe lez, egunkariak saltzen nabillen bitartean neugaz kalerik-kale erabilli negi, ta gero, iñoiz astirik dodanean, mendira-ta, basora-ta, txori-abiatan joaten naizenetan.

        —Zenbat urte dituk?

        —Amalau.

        —Ta eskolara, noiz joaten aiz?

        —Eskolara... arratsaldetan eta gabekora, neguan. Egia esan, ez deutsat guzurrik agertuko, baiña, liburuak-eta nekatu eta buruko miña egiten deuste-ta.

        Barreari eutsi eziñik egoan Olarratz jauna.

        —Zer deritxazu zuk, Damas, orrek diñoanari?

        —Zer esan? Nik neuk ere, eskolarik ez neban ikasi-ta. Firmauten ozta ozta.

        —Tira ba! Txakurrari «Lipar» deritxa, bizkorra ta ariña dalako. Goizetan erabilliko dok. Ta, ik euk, zelan dok izena?

        —Niri Nikanor deritxat, bedorreri serbiduteko.

        —Ederto ba. Damas ortulau auxe nun bizi dan jakingo dok, ezta? Ba, beroneri eskatu giltza goizero ta geroago, biurtu. Eta ea eiza-susmuan nai bazterrak ezagutzen irakasten deuan ik «Lipar»-eri. Urrengorarte ba.

        —Bai, jauna.

 

aurrekoa hurrengoa