www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—V—

 

        Zaletasun artean, eukinaia zan sakonena ta miñena Nikanor-engan. Ez zan bakarra, egia esan, orretan; urrengorik urrengo, gizakien ardurarik zoliena, geienbat, orixe da-ta, izan bere.

        Nikanor-ek, etxe utsa ezagutu eban, seiña ta umetxua izan zanean, adin aretan zer orren sustrarra ta errazoia iñondik iñora susmau ez egian arren. Lau orma zaar zikin izango zituan, aurki, mutikoa txikitan bizi izan zan etxeak. Beste askok, ugaritasuna ta zer gura-ta axe izan oi eben aroan, premiña ta bear gorria sarri bai sarri bular-bizkar, jasan eta iragan zituan. Aita zuur ta langillearen utsunea, ez eban ez egokiro bete aren ama nagiak, eta bai apapuan, aloxuan.

        Gosea ta egarria, txikitako premiña nagusi ta buruak, zelan edo alan zuritu ta arinduaz, emon zituan umetako urteak. Gorputzean ez eban, ziñez, garbitasun lar ezagutu. Aren atzazalak sarri askotan illeta-soiñekoz erakutsi oi zituan, eta eskuko azal enparauak langille esku latzak areago zirudien, mutiko alazokoarenak baiño.

        Nikanor-ek, uda, izaten eban adiskide uraren ezotasuna, erreka sakonean ala itxas-aldean. Neguan, ostera, ez yakan atsegin ez semeari ta ezta amari bere, bustia betitsu otza oi dala-ta edo.

        Belarri ostean, patata-solo ondo ongarritua euakala, eskolara asi baizen laster esan eutsenean, lotsabaga-seta taiuaren aztarrenak igarri zituan, gizon eta idekoen artean. Aren buruko uleak —ez zan guzurra— bien bitartean, ez eben egundaiño orraziagaz alkarregazko tratu edo itunerik egin, esatekorik beintzat. Kirikioaren laztasuna ezpa eban bere, aren buruko uleak artzarena zirudian, auzoko andra barritsuak esaten ekienez.

        Jantzietan ez eukan iñoz bere, ezetariko apaingarririk. Billoiztasuna zelanbait estaldu, ta udako eginbearra ornidurik eukan. Soiñekoen urratu eta tarratadak, gorputzeko narruak aizea artzeko leio askatuak izan oi zituan. Epel-aroa eltzen danean, txiroak eta landerrak zeru txiki baten pozkaria izaten dabe, atso-aguren antzera.

        Neguak ditu alderdi itxusiak, aldikada baltzak, aste zatarrak, egunez dala, gabaz dala. Edateko uraren billa etxetik asago urten bearra izaten eben arren, neguko gau illunbezuetan eskatu bagako ura eskeintzen eutsen oparo zeruak, itoin-irristada ta itusur-tantakaden itxura lorrinduan.

        Ezagutu zituan iñoiz, abendua baiño leen asi ta udabarrirarte, atzamar minduak, azalak astindurik aragi gorrian jartzen eutsezan azkordiñak zirala-ta. Zorioneko ospelak! Ama ez eban, antza, azturu edo sorgin osatzailleen taldekoa; esku minduentzako osagarrien billa iñoiz ez iñoiz asi ez zalako. Buruak emon bere ez orrelako auzolanetan jardun bear ebanik, arako esaera zaarra gogoan ebala, nunbait; «azkordiñak osatuteko zerik onena, babearen bigarren lorea». Jakiña ba! ordurako, udabarriko egun epelberaak elduak izaten diralako.

        Barruko gauzak baiño ormaz kanpoko zerak, izadiaren eguteran egozan gauzak gurago zituan Nikanor-ek, ikusle-entzule askok, etxe-barruko filmeak baiño lekore-gaidunak gogokoago dituen antzera.

        Udabarriak eskeintzen eutsazan bere erakarpen eta enkantu pozgarriak. Mitxirrika ta inguma illaun ta ariñak artzea, zeregin kutuna yakan. Orretarako, Nikanor-ek bai topau bere, laguntzat, adiskide nai ezagun artean, mutiko meneko ta eskurakoiak. Bakartade zale zan arren, sarri askotan bakartade soilla ez yakan txit atsegin. Bakartia zan, bere erara. Bakartiaren senak, gorabeera guztiak norberaren menpe ta barrukotasunean jarten ditu, barruti estuan, ezipean, gorderik, besterengandik isilpean.

        Nikanor-ek entzutearen imurtxia eukan biozpean. Kili-kili egiten eutsan aragian, bere ospe ta izena mutikoen ao-miñetan ezarri naiak.

        Aren ustez naikoa aundia zan jakituria axe, bere baitan, bere kolkoan gordeta isilik euki ezkero, izan bere, nok ezagutu eikean, nok aintzat artu ta goratu Nikanor-en sena, azkartasuna? Zerbait agertu bearreko daudkenak, lekukoak izatea nai izan oi dabe. Izadiko bizidunen izaguerea eban Nikanor-ek, eta beragaz eroaten zituan mutikoai, irakasten eutsezan gorabeerak, eta begien aurrean ipiñi, pizti bakotxaren zerzeladak bizi-biziro. Inguma ta pinpilinpauxen artean, mueta batzuk ziran nabarmen ta jakiñak. Zuriak, Ama Birjiñea euken izentzat. Kolore nabarrekoai, San Roque eritxen. Ta mueta potolo biribillak, ibilkeran egada burrundaratsua egiten ebenak, alanbrezkoak ziran...

        Kirrikirri ta kilkerrak batzea bere, lan aintzagarria izan oio zan. Euren etxazulo biribillean gorde ezkero, iñoiz igespide erazkoa izaten eben, piztitxu kantariok. Buruz aurrera sartu ezkero, orraitio, gogorpide makal, kilkerrentzat. Orduan inguruan eskuar egoan bedar liraiña eten, eta ziri berebizikoa orixe, an ezkutatu zanari ziri-ziri egiteko. Denpora luzea baiño leen, an agertuko zan atzekoz aurrera grillu baltza, bedar meiaren ikutu gilberaak jasan eziñik. Bere zillora atzez-atze sartu izan balitz, ostera, ez zan auntzaren gaberdiko eztula, kilkerra begien bistara agertu-erazotea. Ta olakoetan, urez edo garnuz beteten zituen zulotxuak, eta baita iñoiz, asarrez, ostikopean zapaldu ta urteierea lorrindu bere, lurrezko ataka auskorra itsutu ta lauzkituaz.

        Suangillak eskuratzea izaten zan beste joku polit bat. Eguerdiko kirola, eskolatik urten orduan, udabarrian, eleiz-torreko kanpai astunen durundua entzun arte... Eguzki begitan, orma zaarretan, batzuetan batera bestera, geienetan nagi ta bagi, beroa iruntsi bearrez egoten ziran suangillak udalenean. Nikanor azkarrak, suangillok, eskuaz artzen zituan, antze ta arreta aundiz, ta bapere iguiñik gabe. Zeregin jolaskoi orretan, baldin aren lagunetariko batek edo bestek narda ta enpagua izan ezkero, orduan ta zitalkiroago jartzen zituan lanbide ori ikasten, bere abillidadearen oiñarriak adierazoaz. Ausardia ta erabagi-senaren premiñarik ba zan, antxe egoan Nikanor, ez-ikasiai iguingarri yakena, jolas gustagarri biurtu arteraiño. Naska ori, egia esan, bereala baztertua izan oi zan, ta ikasle barriok eratuten zituan, eskola-maisuak oi dituan baiño errezago.

        Txoriak bere, guztiz gogoko zituan Nikanor-ek. Txori aundien kontu ikaragarriak edonoiz esaten eutsezan mutikotxuai; ori, baiña, ikasia eban, ez berak ikusia. Eiztari jator batengan eukan bere jakituri iturburua. Eiztari au, egunero edo, bizartegi batera joan oi zan, Ubaldoren bizartegira, ta illuntzetako billera baketsu aretan, kursillu arin baiña onuratsuak egiten zituan, beraz, Nikanor ziriñak.

        Eskolako irudi, itz-erro ta zenbakariak baiño kontu geiago esaten eutsen barruan ta buru-argitasunean, gizon elduen itz sakonak, atindunen berba biziz beteak.

        An arturiko jakituri orrezaz baliau egiten zan, orraitio, beste gaztetxu buru-zentzun samurago batzuk iratzartuteko.

        Ez zan, ba, guztia gorde-zale. Bizitzako gertakizunen ta jazoeren barri, urrengoai irakastea, atsegin yakan; bitartekotasun arloaz jarduteak ez eutsan kalterik egiten.

        Baiña txori txikerren zerzeladak, burutik buztanera ekizan. Mueten izen, kolore, neurri; noiz ta nun egiten zituen euren abiak; toki berezienak, janari litxarrenak. Orren barri, ondo baiño obeto ekian, aren adiskidetxuen berba goresmengarriak siñistu ezkero, beintzat. Ao zabalik egoten yakazan entzuten lagun koskorrak. Errikoak, uri aundi-samar aretan jaio ta aziriko mutiko geienak, gauza arrigarritzat artzen zituen Nikanor-ek esanikoak. Izadiazko liburutxu irudiz beteak baiño geiago irakasten eutsen argi ta garbi, sakon ta labur, Nikanor-en ezpan-artetik jasoten zituen berba zoragarriak.

        Biregarro, zozo ta etxetxoriak; txirta, pintxon, zertzetak eta iratxoriak; iperdikara, mingor ta txepetxak; txio, tarin, kalandresak; urrentxindor, pardik, papargorri errukiorrak eta kardantxilloak; enara ta kirrizkaro zaratatsuak; okil, basoillar, kurloi ta egaberak; kuku ta amillotx lotsabagak; mozolo ta gabontz itxusiak, eta ganetiko txori zatarragoak, erroi, mika, eskillaso, gabilloi ta saiarre gaiztoak.

        Erretolika lzuean jarduten eban guztion izen, aztarren, azbegi ta enparauko gorabeerak jarraian azalduaz. Umezaroan, edonor bere, konkortuta eta arriturik, adurretan ezarteko gai bikain miresgarriak.

        Arri zaarrezko orma antziñakoetan, erdilo edota igesika atzemoniko suangillak, ez zituen gero bertan beera jarei ta azke izten. Sarritan, buztan-zatia urratu ondoren ara-onaka mutikoen esku artean eta iñoiz lurrean bere bai, inguruan jagoleen esku-oiñak zituela, euren igesegiteko gogoa jasan bear izaten eben patariok. Beste batzuetan, sugelandarok biurri ta ezkatxak zirala-ta geiagoko barik, Nikanor-ek, agintari zeatz ta esku sendorra bai litzan, eriotzara epaituak izan oi ziran, eta antxe, guztien aurrean eta guztiak borreru izanik, eskuetan arriak artu ta gertu egoten ziran mutikuok, nagusiaren esanera, arek berba gorrora esan ala ziñu aginpideduna egin egianean, guztiak arrika erasoteko. Eta piztiok nai aukera kaxkarrenaz baliauta, zuloren batean edo sasi-larren artean estaldu egien euren burua, nai antxe jausiko ziran esku zirtzil ta biotz zital aen odol-egarripean ilda, begira egokiezanok oraindiño bere, piztien azken-arnasak, pozik eta berba gangar ta barre zorangaz ospatuten zituela.

        Beste suangilla batzuek, ez eben beingo beingoan izaten eriotza-epairik, ez iges-leku erruki bakorik. Oneek, presondegira joan bear eben. Askatsuna galtzen eben lenengo ta bein, ta gero, ez jakin zer. Oneek, eurentzat berengi berengiz egiñiko kartzelak izaten zituen; baiña argiz beteak, egunez beiñipein. Ez eben arako kantariaren ziega baltz bildugarriaz, senidetasun erdia baiño:

 

                «Egunez argi gutxi,

                gauean illun;

                niretzat gozotasunik

                ez dago iñun...».

 

        Nikanor-ek suangillentzat gertuten zituan ziegak, ez ziran sakon-ondarrak izaten. Lur-azalean, leku landu bagean, esaterako mota-aldean nailur gogorrean bere bai, zulogunetxua egin, ta koxka aetan sartzen zituan patari zeiok, bakotxa bere tegian, eta ganean, teillatu gardenak ezarri, kristal-zati luzanga ta biribil antzekoak, leio zaarretan arturiko zatiak.

        Orrelan, argiaren maite dan piztia, Nikanor-ek eta aren jarraitzalle odol-egarberaak, illuntasunik bako kartzelan ipinten eben.

        kartzela txikerrok, ostera, iraupen laburreko ziega leiarrezko izaten ziran. Inguruak ondo landu ta lurrez beterik jarri arren, gaur preso sarturiko suangillea, biaramonean igesegiña izaten zan. Jakiña. Borondatezko illundegi ta esiak maite oi ditue neguko losorro lar luzean, piztiok; iñok ezarririko kate ta eragozpenak, orraitiño, ez ainbeste, gizonak begiko ez dituan ainbatean.

        Ta orrenbeste ezkero, euliai, batez bere, eskolako ordu gogaikarrietan egiten eutsezan ankerkeriak!... Lenengo ego bat kendu, gero, bestea urratu; urrengo, tutuan paper-zati biribildu luzetxuak sartu, ea idiak probalekuan jarduten daben antzean, euli mengel ta buztarri mingarridunok untzeak-untze egiten ete dituen, eskolako mai-ganean marrak eta lerroak lapizez nai igeltsu zuriz markauaz. Bapatean, maisua urreratzea izaten ba zan, eskuartean edota liburu-azpian zapalduta, an geratzen ziran gogortuta, euli bigun azurbako aek. Bestetan, egalak urratu ostean, zezen txikerrak bai liran, mutikoak eskuetan orratz zorrotzak arturik, siki ta dzast, erraminta mutur aen sastakadetan aurkitzen eben euren amaia. Iñoiz, eulien buruak moztutzen zituen, ta liburu ala paper-orriak, azpildu; eta bitartean, euli-buruok gogor zapaldurik, euren odol apurraz, irudi edo zirriborroak agertzen ziran orrialdeetan, eta ori, umekondo aek, kalkomania merketzat esten eben.

        Txoriak, ostera, eriotz-ondoan, gorapen aundiago bere, izan oi eben. Lenengo, biurrikeria izaten zan. Lakirioz, biskaz, zepoz edota tiragomaz izango ziran arrapauak. Iñoiz, uztai zurezkoa estalduaz, sarepean bere bai, makillatxu bateri soka luzeaz tira egiñik. Txori atxillotuok, kaiola zaarren batean, nai sare-artean, kaltzerdi-barruan ala farol ugerdo batean eukiten zituan, aukerea zelan zan.

        Eriotz-ordua eldu ostean, barriz, erritik legoa-erdi bidean, muiñotxuan, bide-ondoko karraskilla edo txoriegur moltzo baten inguru, atx-artean egoan lur-atal garbian eukan egazti-illeria atondurik. Odoldi bigun ta aratza lurraren gain. Antxe jarten zituan, urrengorik urrengo, bere menpean ildako txori guztiak. Iñoiz, Domuru santuren egunez, arratsaldean, an or emen jasoriko kandela-ondakiñak isiotuta ipiñi bere bai, txoritxuen azurrak zetzazen lur-ganean...

        Erbitan, eiztari bizardunak lagun zituala joatea, orixe zan aren buruera atsegiñezko bat, aldi aretan. Eizaketan, artean zaleak ziranak ikustea, euren ibilliak ikastea, lorratzaren susmoa, toki ta inguruen esangurea, gerora bere esku ta bere kabuz ibilli zeitean, jakituriaz, oiturapean. Orretarako nai zituan, zeatz gogoan artu, bizartegiko barriketa gozoak.

 

aurrekoa hurrengoa