www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—I—

 

        Txikitan, dirurik ez eukenetan, mutikoak arpegi ala gurutze egitearen ordez, arri koskor bat artu, zapal samarra, eta txu egiñaz, aoko txistuaz ezotuaz, «iruntz ala legor» esan oi ebela, gogoan darabil Nikanor-ek, eta beretzat oraingoan, bearbada, «legor» urten ete dauan-eta dago.

        Baiña ez dau atzera egiteko erabagirik zertuko. Gaua, osoro baltz biurtu baiño leen, elduko al da lenengo dagoan erritxura. Zeruetako dirdai urdin zidarrezkoak isilik diardue keiñuka.

        Ostatu iski batean eskatu dau gauerako tokia. Alako oe zuririk ez dau mutillak aspaldi luzean ikusi. Ormetan dagozan irudiak ez deutse ezer adierazoten. Bizkletea, logelaraiño jaso dau; etxe kaskarraren lenengo bizitzan datza. Leio txiker bat kanporantz, kristalak arrakalaz beterik, eta paper orituak adabaki antzean ezarriak. Aulki single bat, eta komada zaarra, bazterrean. Kandela argia, eskuan eroiana, gau-mai kolorga baten ganean ipini dau.

        Oiñetakoak kendu, soin-ganekoak erantzi eta sartu da oera. Oarkeak grakada ozena egin dau, mutillak pisu aundirik izan ezarren. putz egin eta iraungi dau kandela-argia.

        Illunak esegi ditu bere oialak inguruko ormetan. Lenengoan, Nikanor-ek, ba darabil zirkiñik naikoa, jira batera, ta bira bestera. Lastai aren biguntasuna larregizkoa da arentzat, oi eza, bere etxekoaz osteangoa. Garbi usaiña dauke izarak, eta ango aize-aroari arrotza ta bestelakoa deritxa. Amaren gomutea yatorko burura.

        Alakoren batean, loak artu dau.

        Bere bizitzan lenengo aldiz, ez ezagun ta ez senide diranen teillatupean datza, gaueko atseden legea bete nairik.

        Eguna zabaldu danean, argi zirrinta motel eta itsak sartu dira aren gelaraiño, leio kaskarretik. Txorien kanta goiztarrak entzun ditu, eta jagiteko nagirik iñoiz izan ez dauanez, jagi da.

        Leiora da, ta zeru-aldera begiratzen dau. ozkarbi dago, goietan odei illaun zirin batzuk baiño ez dira agiri.

        Aurrera jarraitu bear dau, ez atzera. Atzerantz begira dagoana galduta dago. Ez sarerik eda, usoak aldegin ostean.

        Jatsi da gelatik ardandegi aretoraiño. An diardu etxekandreak sua isiotuteko gertakizunak egiten. Kafesnea edango ete leuke mutillak? Bai, ba; ogi zati bat jan dau eta beste zatia, zetu ta katilluratu au. Kafesne mee ta baltza edan dau. Amak, bear ba da, ez deutsa kafe lodirik iñoiz emon izango, baiña esne zuri gizenagoa bai.

        Zenbat ete dan galdetu dauanean, konkortuta geratu da mutilla. Aldean diru-mordoa eukalakoan-eta, andra arek eskatu deutsana emon ondoren, sakela errime zimeldu dala konturatu da.

        Ordaindu ostean, aotik urte deutsa, urten bere:

        —Lapur txarria!...

        Ekin deutsa bere bideari, «zoroburdiaren» ganean. Egoaize zorangea dabil eta bideko autsa edertotxu astinduten dau. Mutillari ao begietara yatorkoz aize parrastadak ezezik, baita arri kiskirriak bere. Beroak zigortuko ditu lur-azal, zugatz, abere ta kristiñauak, batez bere bidaztiak. nekea ta egarria ditu lagun bere bakartadean.

        Joan doiala, bidetik urre urre, osin zabal bat ikusi dau. Geratu da, ta lurrean etzun, zelaitxuan, atseden apurra egiñaz. Osin berde aren azaleko bakeak damua, bekatxa emoten deutsa, ta arritxuak arturik, uretara jaurtiten ditu. Urmaelean ozkak sortu, ta aundituaz ta zabalduaz doaz. Zeruko argi nagusiaren izpiak dirdiraka dabiltz osin aretan, eta zapaburuak, birinboluak egundoko arrapaladak dagiez. Ez dago bide arritsuan toki oberik aintzira ondoan baiño. An egonak, ostera, ez dakartsa Nikanor-eri onurarik.

        —An al dabil onezkero errian gure ugazaba, Lustreputx gaztea, nire galdez. Leku onean dago! Eta bizikleta zaar au falta yakana, susmauko ete dau? Arek beribilla ekarri egianean, txoper ibilteko nintzan ni. Bai! ez dakit noiz...

        Bakarrizketa labur au amaitu, osin alboko egoera atsegingarria urratu, ta an doa barriren barri bere bidean. Orduan aurrera doaz, eta urdailla gurgur asi yaka. Utsaren ezaugarria... ta aldean, eskuartea eskas.

        Basetxe zuriak ikusten ditu an or emen. Lur landuak, zelai eta motak, larrak, basoak... An, urrunago, etxe mordoa lakoa. Gero ta etxe geiago. Erri naikoa asia dirudi. Antxe zerbait eskatuko dau, dituan azken-txanponen orde.

        Erri aretan sartu da. Etxe zaar eta barriak, aundi ta txikiak; kale estuak ugari samar.

        Txiologa bat emen berton, lau kaleen kantoian. Sartu da, bizikletea kanpoan, orma-kontra ipiñirik.

        Salda apur bat eta ogia ta gaztaia jan ditu. Ura zanga-zanga edan dau, eta dagoan lekuan bertan, beso ta ukonduak ezarri, maia euskarritzat dabela, burua ezkerralderantz besaganean etzun, eta lo sumatxua egin dau. Nekez dagolako, ala loaren loaz buruaustea ta durduzia uxatutearren?

        Baiña andik lasterrera, bere aulkitik jagi, zorra garbitu, ta ba doa kanporantz.

        Begira batera, begitu bestera, utzi dauan tokian ez ingurumarian ez da agiri zoroburdia. Tabernariari agertzen deutsa bere sumi eta aserrea. Ezer al dakie, ostera, txiribogiñak kanpoaldekorik, baldin mairen bat edo, an euki ezik?

        Lapur geiago munduan. Pobreari bere, ostu egiten deutse. Txirrinbiko gaisoa, ainbeste urtetan eskuz-esku ibilli ondoren, zaarkildua ta ugerrez betea egon arren, azkenengo jabeagandik indarrez banandua!...

        Esakune gogorrak mindu deutsaz belarriko mintz eta zuloa: «Lapurrari, lapur ta erdi...».

        Alperreko berbak, alperreko erantzunak, alperreko begiradak. Txirrinbikoa garbitu deutse, ta an ez da agiri ez lapurrik, ez iñungo bizikleta aztarrenik bere; ez leengorik ez besterik.

        Zer egingo? Aurrera egin bear. uri aundian izango ditu dirututeko aukera ta eretiak.

        Oiñez egin bearko andik aurrerakoa.

        Bidazti bakarra ez da orain, orraitiño. Txorrotzaille bategaz tope-egin dau. Ibiltaldia joera bardiñean dabe, oraingoz. Gizon sasoikoa da, bibote luzea, ankak luzeago. Alkarregaz doaz, bakartadea austeko.

        Goietan, odei biribillak gero ta lodiago, trumon-buruak. Euri usaiña susmau dau zorrotzailleak. urrengo baserriko elizaldera eldu gura dau. Mutillak ez daukaz txakurrandi batzuk baiño. Ori entzunik, bide-lagunak artez diñotsa Nikanor-eri:

        —Emengo edozein basetxeanutziko deutsue sabaian lo egiten.

        Mutillari begiak poztu yakaz, eta aren esana egingo dau. Alkarreri agur egin orduko, zorrotzaillea bai esan bere:

        —Nora zoazan eta zetan jardungo dozun jakiteke, aldegin al dozu zeure erritik?

        Orrelantxe da, arean.

        Illuntzea da, ta bide zabal idorraren urrean dagoan basetxe batera jo dau, ta gaberako ostatua eskatu.

        Baserri-jentea, geienez baketsua, sarritan goganbeartsu ta errezeluz betea, sabaiko galtzu bedartzea eskeintzeko gertu agertu yaka. Ez ori bakarrik. Itxura txarrekoa ez eritxi-ta, afari iskia bere izango dauala, ba, baldin nai ba leu. Ez nai izan, egun osoan janzar ta nekaturik egonik? Zer da, ba, amasei urteko mutillarentzat egun osoan urdailleratu dauana, janurritasuna ezik?

        Suete zabalean, petroliu-argia dago isioturik, suburuaren koska ganean. Mai luzangearen inguru batu dira etxekoak. Amama zaarra, etxeko jauna, emaztea, seme bi ta iru alaba. Emakumeak eldu yakaz lenengo mutillari bere ondora, ta begira daukaz. Etxekandreak zumitzezko jesarlekua eskiñi deutsa. Eta itauneak bere, egingo deutsez egin, amak eta amamak. Neskatillak barre egiten dabe, mutillaren berbaldi bakotxean. Ezin ulertu dabe baserritarrak, etxetik igesi doanaren esana. Nora doala? Zetan? Eta norengana? Arlotekuntzeari ez deritxe aek ondo, nunbait.

        Gizonezkoak, abelgorriari eguneko azken janaria emoten diardue. Besada bedar gizena, asto-ganean ekarri barria. Murrusak makaltzen doaz eta isilduko dira laster.

        Arto-sopea izan da an mai txaparroan erdi-erdian ipini dabena, morko zabal eta tunturrean. Mutillari katillukadea eskeiñi deutse. Bai gozaro ta aguro barruna bere.

        Morroe geratu nai izango ete leukean galdetzen deutse. neskatoak begi-begira daukaz ostera bere. Mutillak ezetz, erri aundirako asmoak dituala, an dirua errezago irabazten ei dala-ta.

        Amamak, bere atsotitza aitatu bage, ezin itxi ba: An bere, «txakurrak ortozik». Bai baiña, baserrian ez dagoan askatasuna an erri aundian...

        Afal-ostean, Andra Maria-ri otoi luzea opatu deutse baserritarrak, astiro ta neurribaga.

        Sabaiko ateraiño lagundu deutsa etxeko mutil nagosiak, eta zerbait adierazo deutsa. Zera, sabaian beste ostatari bat izango dauala lagun. Eskeko agure bat, bizar zikin, ule uze, ugerdo koipatsu bat, txitean pitean ara eltzen yakena.

        Lo gozoan dago ordurako sabaiko laguna, eskale zaarra. Mutilla sabaian bere tegian etzun dan arte, eskillaretan euki dau etxekoak esku-argia. Jakiña! Ez dago sabaian surik erabilterik, farol egoki sarratua izan ezik. Arrezkero, illun dago, illun eta isil. Agura eskaleak egiten dituan zurrustadak bakarrik entzungarri.

        Bigarren gaua, etxetik aldegiñik. Zenbat aldakuntza ordu laburretan! Eta geroago ta urrunago, eta geroago ta txiroago. Goian zerua, beian lurra... Inguruko barriak egunero; arpegiz ezagutu, eurekaz berba egin labur zurrean, eta...

        Loak artu dau Nikanor oe neurribage ta itxurabako aretan. Ez buruko ez lastamarraga, ez izara ez oarka, dana bardiña.

        Askatasun zelai ederretan bizi da, amesetan. Eguzkiaren epelak gozatzen eta berotzen deutsaz gorputzeko atalak, samea, lepondoa...

        Itzartu da. Iduna eskuaz igurtzi, ta gauza bigunak, labanak aurkitu ditu, kilikili edo egiten deutsenaz. Algotzak ete? bai zera! Agurearen emoiak, esku-erakutsiak dira: zorriak ditu atzamar artean, eskekoak aldean dituan maizterretarik batzuk, zorri gizenduak, zorri mardoak. Aspaldian aazturik izan dituan zorriak...

        Iguiñez lertu ditu atzapar artean.

        Agura urdea, alakoa.

        Askatasunezko txakur-amesak: buztarri guztien igesi, jauntxuengandik urun, eskuarte bage, ondasunez eskas, etorkizuna murritz, eta zorriak ganera, bizi-laguntzat.

        Eskalearen jauntasunak ba dauka, arean bere, akatsik eta lazeriarik lar.

        Ez dau begirik itxi arrezkero, Nikanor-ek. Iñoiz ba zituan etxakide ta barruko, zorri zuri-baltzak, baiña aspaldian ori baiño garbitasun aundiagoz bizi izan da.

        Egun barriak dakarren argitasun apurra igarri dauaneko, gertu ta urduri dago jagiteko. Etxeko gizonezkoak, beiai esnea erasteko zeregiñetan asi dira. An doa Nikanor sabaiko aterantz, agura ugerdoari birao bat botauaz.

        Etxekoai eskerrak emoten diardu, eta ba doala.

        —Oea gogorregia al egoan?

        —Sabaia ez dago gogorra, baiña agura orren zorriak, bigunegiak, nire odolak ase dagizan.

 

        Egun barria dauka aurkez aurke. Bart euria egin dau, ta bidea bustita dago. Basetxetik aldegiñaz batera, lokatza ta basea ugari. Arbidean abarkatek busti yakaz, ta guztiz bizarturik daukaz. Ibilli ta ibilli, oiñak egostu yakaz, eta oinpeetan urbatuak ditu, maskuilluak. Aspaldian oitu bageko ibiltaunari oi yakana.

        Arpegian oi ez lako berotasuna susmauten dau. Sukarra ete? Lau eguneko bizarra, bai. Ta erreteko gogoa bere, zorrozturik. Nun aurkituko tabaku-orririk?

        Urrengo dagoan erritxuan geldituko da. Baserritar batzuk ikusten ditu errirantz, jai-eguneko jantzita. Izan bere! Domekea da-ta.

        Sabelean, gose-egarria. Zarpan, zuloa ba leu ainbat: lauzuriko lamarikoarik ez. Artu ala eskatu, zein burubideri amoremon?

        Zegaitik eskean jardun ez, eske dezentean? Sarri entzunik eukan bere amari, baserriko alabea zan-ta: Etxe errearen eskea. Elburu orrezaz, ta zoritxarraren menpe, ba da oiturea basetxekoak erririk-erri ta baserriz baserri ibilteko; lepoganeraturiko ezbearra zelanbait arinduteko, sorosi ta laguntza billa ibiltea.

        Orixe esanik, ez eben euskaldunak begi makurrez ikusiko, ausaz. Ta eskabide ori, ez da iñoiz izan lotsagarri.

        Etxerik etxe ibilliko da; ateta batetik urten, urrengoan sartu. Kalerik luzeenean diardu orixe egiten. Ate askotan oles egin. Batzuek, ukarra emongo deutse; beste askok, uka, «Jaungoikoa lagun» esan, eta atea itxi. Eskale larregi ezagutzen dituan erria ez ete da?

        Bazkaritarako lain eta geiago bere, eskebatu dau. Jai arratsaldetan ibilten al da eskalerik?

        Jatetxe zurkulu batera sartu da eskeko gaztea. Zokondo batean jesarri da ta lapikokoa eskatu dau. laster daroatsa neska luze batek. Mutillaren jateko gogoa! Ardaua bere, eskatu dau. Emakume batzuk sartu dira, ostera, ardandegian eta mutil eskalea ikusi dabe ta baita ezagutu bere, eskale lez.

        —Eskean dabil, eta ardaua bere edan gura al dau?

        —Batu egingo eban, eta, iñoren diruz...

        Auxe dok ederra! Gose-egarri danak, ez ete yok jan bear eta edan bear?

 

aurrekoa hurrengoa