www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XIV—

 

        Auteskundeetako gogo-aroa susmauten zan errian, geroago ta erreago. Alde batekoak eta bestekoak gauero batzen ziran an or emen, baiña toki gorenak bi ziran, irakurleak dakianez: batzuk, Tutuluren denda osteko gelan euken bilkura-lekua; besteak, Ubaldoren bizartegian, Peru zapatariaren denda-ostean nai Dorregarairen botika-ondoan.

        Egunkarietan agertu zituen agertu, errietako aukerageiak, kandidatuen izenak, eta ori jakiñik, bai batekoak eta bai bestekoak, bakotxak bere opillari su egiten aleginduten ziran.

        Eliza-kolorez, santubidetasunez ta zintzotasunez jaztenzituen batzuek euren asmoak, eta euren gizon auta-geiak birtute orrekaz ornidurik egozala autortu. Iñoiz euki eben zirkulu edo zurkulua, Mogelek esan eukeanez, batzanduteko baztertxu egoki lez; baiña diruz eldu-eziñik ibili ba beti, eta kontserjetasunaren ardurea duban iñok artu nai ez-ta, porrot egiten eban txitean pitean batzar-leku berezia izate orrek.

        Askatasunaren izenean, aurrerapenen ezaugarriz arako «laissez faire»... al dauanari, orixe zan besteen egitamua. Erregerik izan ala ez, orretarik urrun ebiltzan artalde bietarikorik ugari.

        Koxka ta untzea, agindutea zan. Askorentzat gustagarria dan egitada indarduna. Orixe zan kontua.

        Bataren eta bestearen irudipean, amaika aldeko ta kontrako lagun izan oi zan jentartean. Leengoan bateriko ziranak, urrengo berez-aldietan, gitxi ala asko, bestera joten eban. Barruko errazoiez, biotzeko eragiñez ala sakelaren komenetziaz ziarduen euren urratsetan.

        Ezin-ikusiaren menpe bere, eurrez sortzendira arerioak. Oneen artean egoan Nikanor. Okotzeraiño beteta eukan Olarratzek. Ezin zeintekezan ba, alkarrekin joan mutikoa ta zalduna. Betiko asarrea erne yakan Nikanor-eri bularrean, aren ezespenak eta erdeiñuak zirala-ta.

        Baztarren barragari jarri nai eban Olarratz. Eta orretarako zerbait kalte egingo eutsan egin, aberats ari. Eleziñoiak baiño bederatzi egun leenago, sapatu gabean, iñori ezertxu bere adierazo bage, gerturik eukan zer egin.

 

        Afari iskia jan ostean, ama, ondoezaz egoala-ta, oera goizetik joan zan. Nikanor, gauaren ganera, Olarratz jaunaren baratz ingurura eldu zan. Begira ta begira jardun eban, eta ortu orren ormeari, bidebarri aldeko ormeari, gora samarra eretxi eutsan; eta eraso-aldia, albotik, saietsetik egitea erabagi eban. Auzoko ortuko orma zaarretan zear sartu zan. An, madari-ondo luzera igonik, Olarratzen ortuko orma-ganera eldu zan. Gero, saltu bizkorra egin, ta an egoan ortu barruan.

        Isiltasun aundia. Zaporen batek edo bestek fli-flu... soiñu bakar ta nekagarria entzun-erazoten eban. Iretargiak ez eukan indar esatekorik, bere izpi ta distira larrietan. Zana zala, agiri zan zeozer, eta mutikoa abiau zan aguro, txakurra egon oi zan okuillurantz. Onek, zaunka egiteko gertu egoala, berbere izena ez eban entzun ba?

        —«Lipar»!

        Patariak, ots ezaguna entzunik, intziri samurra egin eban. Oi dalako azur-zati ederra eskeiñi eutsan mutikoak, eta txakurrak laster ekin eutsan agin-jokoan.

        Urrengo, etxola nagusira joan zan. Atea ggor samar egoan ertsita. Ate zaarrari, burdiña luzangatxu baten bitartez, saka ta saka jardunaz, amoremon eragin eutsan. Orduan, Nikanor-ek, sakeletatik bildura koskor batzuk atara zituan. Batean, gari-uruna eukan, urun zuria. An urrean egoan morko zabal batean eskuak busti zituan, eta beian marruskauaz, lurrez zikindu zituan atzamarrak. Urrengo, urun zuriz jantzi zituan atzapar loditu-barriak.

        Gero, oilloen tegiraiño sartu zan, eta beste paketetxuan aentzat eroian janaria zabaldu eban oilloen jan-ontzietan eta lurrean bere bai, parrastadan botauaz. Oparo euken egazti otzanok gozagarri barria; ez zan, ain zuzen, arto-ore onurakorra, eden zitala baiño.

        Antxe egoan areto tatan politean arasa txukuna, Olarratzek eskopetak-eta, gordetzen zituan tokia. Antxe egongo zan, ausaz, arako esku-makilla dotorea bere; umekondo zanean amaika bidar axe ostuteko gogoa izan ebana: makilla narruz jantzia, barruan sastakai fiña eukana.

        Baiña aldi aek joanak ziran. Ez eban nai orduan Nikanor-ek ezetan lapur agertu. Kalte egin gura eutsan, isillik. Eta iraindu bere bai, zaldunaren arrokeri ta almen neurribakoari, zama ta urratu agiria ezarriaz.

        Ta orretarako, esandakoa egin ostean, lotsa galdukoaren egitadea bururatu yakan. Salatxuaren erdi-erdian, asazkaldiaren aundiz, galtzak eratsi eta... korotz morrosko baltza utzi eban, gaizkille ezezagunaren errubrika totolo ezezagunagoa bai litzan.

        Galtza euren tokiratu, eta «Lipar» apalak azurrari azkenengo aginkadak egiten eutsazan bitartean, ateari, bere lekuan sartzeko bultzakada batzuk egin, bere burdiñatxua gorde, ta etorri zan bidetik joan zan.

        Orman gora barriro igoteko, esku-eskillara bat ezarri eban egoki, arresiari eutsala. Goienera zanean, beste ortuko madari-arbole begiztau eban, ta orma-ganean jesarrita, oiñakaz aztamuka ziarduan, adar ironetan bere gorputza ipinteko. Zutundu zan, adar-ganean.

        Sirats biurria, ostera, aurka egon nunbait, eta adarrak, grakada latza egin eban. Beiak beera asi zan Nikanor, eta eskuaz adar-mutur singleari oratu eziñik. Beingoan geratu zan; min artzen eban, barriz. Mutilla, zintzilik geratu zan, esegita, zankoloka. Iztarrartean sarturik eukan adar ausiaren punta zorrotz zozpalduna. Aragian sarturik eukala iruditu yakan, prakak urratu ondoren. Toki minberaan, ain zuzen.

        Ez zan, izan bere, egoera gustagarria, ta al izan eban baizen laster, beso ta eskuen indarrez jagi al izan zan apur bat. Adar ausia katigaturik eukan lotsari-zorroan, kozkoillean. Askatu, eta adarrik adar jatsi zan, samiñez. Ikutu eban alde mindua, eta odolak busti eutsazan esku leen-zikinduak.

        Lurrean jesarri zan apur batean. Miña, ezagunean ibitu yakan, eta jagi, ta asi zan ibilten, errenka ta bildurrez. Erreten eukan, bero bero, zauri egin barria. urrengo ortuko orma apalagoaren ganetik zear igarotea, nekez egin eban.

        Leen bai leen, al eban giñoan, etxeratzea erabagi eban. Urreratu zan erriratz, ta kanpo aldetiko kalean zear, okerreko bidea artu eban, baiña beraizik eta jakiñez. Plaza aldera agertu ordez, bide luzeagoari ekin eutsan, itxurakerizkoagoa izan eiten.

        Etxerako mailletan gora yoiala, neke ta min aundiago susmauten eban Nikanor-ek. Zauriak oztuago-ta. Isilik sartu zan etxera. Eskuak garbitu zituan lenengo, amak kaleko iturritik ekarririko ura, pedarrean arturik. Galtza eratsi, —barrukorik ez eukan— eta lotsari-aldeko azpiko azala urraturik eukala ikusi eban bere begiz. Odola, zorionez, gelditurik egoan, gogortuta, baiña ez osoro. Minberaa eukan, zauria. An, komada zaareko mantar artean, aurkitu eban trapu zuritxu bat, eta bere toki minduan polito polito ezarri.

        Miñondoko makaltasunez ta egiñiko ibillera makurraren nekeaz, oian sartu zanaz batera, loak artu eban.

 

* * *

 

        Lenengo itzartu zanean, min sentiduten eban. Egoeraz aldatu gorputza, ta barriren barri lo.

        Amaren deiak uxatu-erazo eutsan lo asibarria. Oiñazez egoan ama, alboko miñez. Alborengoa ete eukan? Medikuaren billa joan zeiteala, eguna argitu baizen laster, eregu egin eutsan.

        Osatzaillearen billa kaleak-kale iñorentzat, sendagaillu premiñaz berbera egon-ta!... Ala ta bere, nagi bai nagi, jagi zan ta miñaren erraldia, zauriaren alea minsor ebalarik, agiñak estututen zituan, nekari eutsi nairik.

        Zana zala, medikua etxera joango yakan, eta orrelan, bere biziko aukerea izango eban, bere iztarrarteko miña erakusteko.

        Etxean aurkitu eban osatzaillea. Nikanor, aspaldi ezaguna eban. alkarregaz abiau ziran geisoarenganantz. Nikanor, anka zabalik ebillen, eta astiro.

        —Zer daukak ik. orrelan ibilteko? Bizikletan larregi ibilli al aiz, ala zer? Egosturik agoala, dirudi.

        —Bai, jauna, olakoren bat. Etxean esango deutsat isillean, bedorri... abadearen antzekoa da-ta.

        Osatzailleak irribarrez erantzun eutsan.

        —Orain ez dok «Bakarrekoa» saltzen, ezta?

        —Ba!... Tutulu-k zentimu gitxi emoten eustan, eta aspertu nintzan erdi utsean lan egiten.

        Ama ikertu eban medikuak. Eskuturreko tintiña neurtu eutsan. Arpegira begiratu eutsan eta begietara bere bai.

        —Nogaz bizi zaree?

        —Ama ta biok, soillik.

        —Orduan... geisoetxera eroan bearko dogu. Biriak artuak ditu; biak ganera. Alborengoa dauka.

        Sueterantz eroan eban mutillak, osatzaillea. Eta antxe, galtzak erantsi ta erakutsi eutsan bere sarrastakoa, aragi bizi eukana. Ez zan gauza aundia, zorionez, minberea izan arren. Botika nabar bat erosi egiala, sakia igurtzi gibunean jagoteko. Esan bere bai, mutillak, isil isillik, gau aretako ibillera galdu-gordekoa.

        Medikua barreari eutsi eziñik egoan.

        —Ondo egiña!

        Nikanor-en barrua errime nasaitu zan. Ba ekian entzulea, Olarratzen aldekoa ez zana, ta ezta gizon txalua bere. Biak bietara gordeko ebela isileko ori, mundu mundu, izan zan aen egiunea.

        Domeka egun aretan bertan, geisoetxera eroan eutsen ama, Nikanor-eri. Barkartadea, sarri orren zale izan arren, ez eban egundaiño ezagutu ordurarte, bere azurruts eta gabezian. Auzoko andrea eskeiñi yakan, jaten emoteko ta garbitasuna egiteko.

        Iztarrarteko zauria bigarrenez txautu eban, eta osakai barriaz gantzuturiko eun-txaplata bat ezarri eutsan, Dorregarairen dendan erosi ostean. Sendabidean yoiakan ezagun ezagunean, eta kalera joan zan arratsaldean, erriko guzurmendietan ea ezer albista barririk entzuten ebanentz.

        Marta-neko ardandegian egon zan. Geroago, Mordobiko-ren taskan bere bai. Ementxe ekian egoten jai-egunetan Damas ortulauak, eta ziur ekian Nikanor-ek ezbearraren errastua ta aztarrena arek agertuko ebana. Ez egoan an, orraitiño.

        Arik urrengo, kalera zan, eta berpetan ugazaba aurkitu eban, bizikleta jabea. Mutillak, bere aragia min-sor min-sor eukan-ta, arpegi larriaz egoan. Amari jazo yakana adierazo eutsan areri; pasautako gau txarra, geisotegirako amaren joakerea. Ez eukan, beraz, nekea ta oiñazea baiño. Arduraz entzun eutsan ugazabak.

        Bere bakartadean, oker egiñaren kezkea bere ba eban-ta, egun larri ta pozik bakoa eukan aurrean. Gero, aldi bateko bere jarraitzaille Matxin eta Senentxuren billa jardun eban, eta amaren ezbearra jakin-erazo eutsen. Lorik ez ebala egin, eskas baiño; goizetik jagi bear izan ebala... Sendagillearen billa ibilli; amaren joan-etorriak atondu...

        —Ta, mezea noiz entzun dozu, ba? —itandu eutsan Senentxuk.

        —Mezea...?

        Lagunok utzi zituan, eta geisoetxera ageraldi bat egin eban. Baiña, ordua ez zala-ta, ez eutsen sarpiderik emon.

        Erromeri lekutik iragan ostean, barriro bere, Mordobiko-ren ardandegira jo eban. Eta zuzen! Antxen egoan Damas ortulaua, jentea ade guztietatik ebala, berba ta berba. Lagunak, aren ondratu, gelditu, entzun, eta batzuk beingoan alde, besteak inguruan jarri, bein eta barriro entzuten eben gizonaren azalpena.

        Esamesa ta zurrumurrua zabal zan an, zabal. Tabaku-bedarren keia, gizonen berbaroa, argi motelak; orra edaritegi arteako gaiak. Gizarte jatorra zan, eta emakumerik bakar bat bere an agiri ez zan arren, itza ta pitza, autua ta barriketea, eztula ta berbaroa ez zan falta. Gizonezkoen iturri-aldea!!...

        Batzu batzuek arpegi alaiez, barra zabalak egiten zituen. Barre egitekoa zan-ta!... Olarratzen aldekoa izan ezik, jakiña.

        Beste batzuek betozkok egozan, betondo illunez. Oneen artean, Mordobiko bera. Eta ardau baltza ontzitxuetan banandu-ala, edalea eurentarra baldin ba zan, txiribogiñaren aotik entzun eukean zaldun jaunaren oillategian egindako sarraskia ta triskantzea.

        —...eta oillorik geienak, guztiak ez esatearren, gogortuta topau ditu Damas ortulauak.

        —Nok il ete ditu, ba?

        —Nok il!... Eden zitalak, berenuak.

        —Eta zelan ba?

        —Zelan? Gabaz sartu dira ortuan, gabaz; eta oilloentzako jatekoa utzi, baiña jateko pozoitsua, lupua bera bere, ilteko modukoa.

        —Eta ba ete dago gaizkiñen lorratzik?

        —Batek ba daki! Eskuak, zuriak erabilli ei ditue. Aztarren eta markak itxi ditue atean, urun zuriaren lorratzak.

        —Ba, orduan, gabaz eta urun zuria eskuetan... okiñak izan izango ziran.

        —Ez dakit nik. Eta ganerako, ba dakizu zer? urun zuria ez dana bere, utzi dabe an, etxetxu garbiaren erdi erdian.

        —Zer, gero?

        —Zeeer? Mokordo baltz aundia.

        —Ja, ja, ja, ja!... Gizarajoak, estutasuna bere erabilli dau, orretara ezkero.

        —Estutasuna emongo neuskio nik, esku artean ba neuka...!

        —Zuri zer deutsu, ba?

        —Niri zer? Niri neuri, ezer bere ez. Ta, ezta Olarratz jaunari bere, oillo batzuk gorabeera. Egitadea da; egitada doillorra. Makurkeri orrek,ostera, ez dau ezer lortuko. Auteskundeak, geuk irabaziko ditugu.

        —Ori esan ba.

        —Eta ori egin dabenak bere, laster arrapauko ditu Letamendi-ren zigorrak.

        —Zenbat lagun izan dira ba?

        —...

        Geiago entzuteko gogorik ez betarik ez eban izan Nikanor-ek. Andik bizkor urten eta etxeratu zan, auzoko emakumeak aparia emoten ete eutsan. Urrengo domekan izango ziran auteskundeak.

 

        Asteari luze eretxirik egoan Nikanor. Erritarrak urduri ta barritsu ebiltzan; oneek onen alde; besteak aren alde, eta garaitikoak, betiko neutralak, irabai egianarenganatz zanbulu egiteko gertu, garaitzaillearen burdian sartzeko irrikitzen, esan oi danez.

        Ama, bere geisoaren bederatzi egun alabearrekoak iragan arte, ez egoan ez aurrera, ez atzera. Nikanor oituten egoan, geroago ta burukoiago, bakartade latzera.

        Letamendi-k eta txiñelak, urian egozan beste ertzaiñak orobat, egin zituen galde ta azterketak, arnes maltzurrak aurkitu nairik. Ez eben argitasunik ez oker-esanik ez guzurrik jaso panaderuekandik.

        Bere lantegian egoala, sarritan tripalak izaten zituan Nikanor-ek, arako txapelokerren bat ala txiñelaren gerizak susmau ezkero.

        Adu onekoa izan orretan, nunbait, eta asteko azken-egunak txiritxara yoiazan. Iñok ez eban susmau okerreriaren egillea nor zanik, eta illuntzero egiten zituen batzar, mitin eta itzaldietan, errikoak ba eben naikoa zetan jostatu eta zetan arduratu.

        Azken alderantz, dirua bere ibilli zan parra-parra, beartsuen gogo bako ggoa erosteko.

        Maizterrak eta errenteruak, bakotxaren esan ona lenengo, ta oar ta agindu antzekoa geroago, entzun oi eben ugazaben aldetik. Langille ta menpekoak, nagusien eretxia, olajaunen gogoa argiro igarteko, eretia izan eben aurrez ta eurrez.

        Politena, baserri-auzo batekoa izan zan. Txarri aundi bat il eben Olarratzen aginduz, ta auzune edo kofradia aretako baserritarren artean bananduko zituen txarrikiak, euren botuaren truke.

        Txarri ederra odolosturik, buzkantzez gora egoala, azuneko tabernari zimelaren seme maltzurrak, bai bertsu txanbeliña asmau bere. Aitak, isillik egon zeiteala agindu arren, kantau arek bapere lotsa bagarik:

 

                «Txarritxu liberala,

                botuaren sari,

                gogoa merke saltzen

                dabenen janari.

                Txarritxu liberala

                askoren pozgarri,

                amaika tentel ba yauk

                aoa zabalik.

                Olarratz jaunak zuen

                aldean ba yakik».

 

        Eldu zan egun burrukaduna. Zauria osatu yakan geienbat Nikanor-eri. Ez eukan miñik, sendaroan oi dan azkurea besterik. Ama ikusten joateko gogotan egoan, baiña ezinba egunero baiduriarik lortu, eta jai egunean izango eban aukera ori, arratsaldean.

        Kaleetan eta baserrietan ara ta ona ebiltzan arduradunak, bitartekoak, auteskunde-eragilleak. Aurreko egunetan, bizartegian ez eban egiten egotaldi luzerik. Ez eban lenagoko girorik edo zerik igarten. Aen aldekoa zan arren, ez ekian zer jazoten yakan. Amaren geisoaz baliauten zan, etxera aguroago joateko.

        Arako oilloen eriotzeak zer-esan andiak sortu zituan jazo-barritan: baiña geroago, egun gerakak izan bere-ta, bertanbeera isildu ziran esamesak. Eta ori, mutikoarentzat pozgarri izan arren, beste aldetik, alako mingostasuna edo utsa sentiduten eban barruan; zera, berak egiñiko amarrukeriak alperreko, ta batez bere, ezer ondorenik edo irabazirik bakoak izango ete ziran beretzat.

        Bai. Ubaldo ta onen ezpalekoak, Lustreputx eta jarraitzailleak berari, Nikanor-eri, isillean egiñiko azpilanaren sari ez ezaugarririk ezer emoten ez-ta, aekaz aspertuten asita lez egoan.

        Izan bere, nok aintzat artuko eban amasei urteko mutiko bat ezetarako? Orraitio, sapatu arratsaldean esan eutsen, boto-paperak zabaltzen eta emoten ibilli gura ebanentz, domekan kaleetan.

        Ez yakan komeni, ostera, bizi zalea zanez guztien aurrean buru agertzen ibilterik. Gauzak, argi barik, geroago ta lausoago ikusten zituan. Eta paperok bananduten ibilteko ardurarik ez eban leporatu. «Bolillak» sartzen ibilteko, barriz, gazteegia zala esan eutsen. Lustreputxek, bere kabuz, emon euskon eskupeko dezentea, auteskundeetan garai urten ezkeroan, baiña...

        Botu-etxe batzuetan izan ziran errieta ta eztabaidak. Ziriak sartu zituen galanto, zuzenak eta artezak, baltza eta zuriak; an, kristalezko lapikoak esango eben, egia, arratsaldeko lauretatik gora.

        Arteetan, maiko egozanak, eguerdian, antxen, leiarrezko ontien aurrean bertan egin eben bazkaria. Orregaitik, egun orretan, gosekil batzuek sekulako buzkantzaldia egin eben, eta zati baterako gosea arindu. Buruan zer pentsau aundirik ez eben izango, baiña zilbotai betekadarik gozoena eskeiñi bai.

        Letamendi ta, baterik bestera urduri ta artega ebiltzan. Tutulu-neko dendan, atzeko atetik sartu-urtena ba ebillen, atsoak arima fielen egunean elizan oi daben antzera.

        Arratsaldeko iru ta erdietan, Latseta aldeko botu-etxean, maikoak erdi zerbeldurik egozanean, norbaitek kristal-murkua makilla bategaz jo ta ausiaz batera, kandidatura mordoa sakabanatu eban, barruan egozanak naaste jarririk. Ango erabateko zaparradea!... Protestak eta jardespenak egin zituen, arrapaladan eldu ziran almendunak.

        Dorregarairen inguru batu ziran onen asmoetakoak eta bakotxaren komenentziako jarraitzaille ez ain zintzoak. Lendabiziko lanak, beste alderdikoak aiño obeto egin ei zituen eurak. Baiña, arratsalde urduri aretan, andik eta emendik jasoten zituen zerzelada ta zeetasunak, ostera, Olarratzen aldeko usaiña ezarten eutsen burrukeari.

        Tutuluneko dendatik urteten ebenak, alan bearrez, arpegiak argi, buruak gora, arrokeriazko barreak egiten zituen.

        Ta orixe susmauten ziarduan Nikanor-ek.

        —Galdu egin ete yoek ba, neuk paper guztiak eskura emonda gero? Olarratz okitu orren kaltean, eta ez neure onean, egin nebana egin arren?

        Alako batean, Tutuluk berak, kalera urten, eta bota zituan gorantz suziri batzuk, pla-pla!... pla-pla!

        Ez egoan norarik. Eurak irabazi eben.

        Etxabelar maisua gertau zan antxe, kalean, norbaitegaz autuan, eta Nikanor-ek entzun eutsan bere maisu izanikoari:

        —Barriro bere, irabazi yok diru zikiñak.

        Eta bestearen erantzuna:

        —Diru, ez diru, goian dagoana erastea, iñoiz bere ez dok izan lan erreza.

        Nikanor, Tutuluren dendarantz urreratu zan, eta egundoko erdeiñuz ta isekaz, txistua jaurti eutsan kristal aundiari.

 

        Egun izentauak ez eban, beraz, ezer gorabeera barririk urira ekarri. Nikanor-en azpilanak, ez eban nai zan aiñako emoirik burutu.

        Alperreko lana egin, barruan bildurraren kezkea sortu. Orra, obari bagako neke ta alegiña.

        Eta errian, barriro Olarratz jauntxu; Letamendi alkate, eta abar, eta abar.

        Ta ganera, Dorregarai santu-jalearen alabarik zaarrena, Letamendi alargunagaz ezkontzen ete zaneko zurrumurrua. Eta Olarratz bera, eta Ubaldoren arreba ezkongea.

        Nikanor itoten asi zan bere egoterrian. Gogaita, iguiña, asper-usaiña susmaten eban baztarretan. Ez geiago ordurarteko notiñak soillik. Ez geiago zer bardin ta jazoera gogaikarririk.

        Porru-landarak saltzen etorri oi zan gizonagaz, aren tilburian erritik urrunduteko gogoa emon eutsan zanak.

        Baiña, ez. Iñor lekuko eukiteari naskagarri eretxi eutsan. Amari laztan gozo bat egin, eta aren aizta batengana edo, erbestera, ama makal egokean bitartean, izekoarenera joango zala jakiñerazo eutsan. Osatu zedilla polito polito, eta, idatziko eutsala.

        Arrats berandu batean, bizkleta zaar bat artu nai ostu; aren aulkitxuan barruko jantzi aldagarri bat —eukan bakarra— lotu, eta sotau zan, auzoari ez besterik txistik esan barik, iñortxuri agurrik egiteke.

        An yoian, joan, mundu zabaleko aize osasuntsuagoen pozean.

        Aldapa gora, bideko okerrune batetik begiztau eban azkenengoz —maitetasuna eta erabagi zeatza burruka gorrian zituala— bere egoterri aspaldikoa.

        Begiak lausotu yakazan eta arnasea bakandu, meaztu. Malkoak ez urtengo, bai urtengo, nabari izan zituan. Baiña negar-anpuluak urten orduko, urrengo aldatz beeran eroian abiadeaz, aize gogorrak errukizko esku legunez legortu eutsazan.

        Zerbait ikasia zn, artean, amasei urteko mutilla. Alde bitariko lagunak ezagutu zituala uste eban, eta ez egoan, arean, alde aundirik batzuekandik besteengana.

        Baiña eskualde guztiak ez ziran, ausaz, bardiñak izango.

        Ta birlora baten uzian ba yoian, joan, galdu-gordeko ibilleretan jarria, Nikanor, erri batetik bestera.

 

aurrekoa hurrengoa