Ahapetik
50
Egunaren azken orduan
eskuragaitz egiten zaigun guztia albora genezake
zorigaitz ez izateko arrazoi ulergarria
eskaini ezkero.
Isilpean datozen hitz-gakoei men egingo diegu
atzendutako lagunen izenak gogora ekartzeko
edo abandonatze honen mesedetara makurtu
hareatzan desegindako oinatzak berreskura genitzan,
ezerezaz asebete ez gaitezen
hemendik aurrerako orduetan.
Sar nazakezu zeure berbotsaren epelean,
ezpain gabetuetan,
noragabe egin dezagun are urrunago,
egunsentiak uki daitezkeen zeruertzera,
begizta ditzagun irekitzen diren ateak,
lasterbide oro baztertuz,
astiro,
guregandik urrun hartarako distantzia hausnartzen
behako eroriak hauteman arte.
Ez daukat non erroturik
egunaren azken orduan.
Ahapetik |