Ahapetik
Mikel Ibarguren

Kutxa, 2007

 

 

28

 

Nigana bihurtzen zarenean

beteagoa izaten da zoria,

golkoan hiribildu lokartua duzula etortzen zara

nahi gabe emandako ezbeharrak lerrokatuz,

berantetsita egoteko betazal astunegiak dira nireak

          ordea

azken orduan gehitutako keinadaren bat tarteko

egoten baikara

iragan denaren eta igarotzeko dagoenaren bidartean

biharko asmoak iragartzen,

taupotsen oihartzun luzea indargabetzen,

erantzun ezaren ukoa bilduz

isil-hizketen suminduran babes hartuta.

Hutsuneak iraunkortzen diren urrun hartan baino

maiteago zaitut begiradaren alde honetatik,

hurbil honetatik,

lehen hitza hezurmamitzen hasten den

deslekutik.

 

Ahapetik
Mikel Ibarguren

Kutxa, 2007